DENA
Niri dagokidanez,
gera gintezkeen medusatan
Gottfried Benn
Dena nahiko nahasia izan zen,
sotila eta potentziala hasieran,
ikaragarria eta erreala gero.
Pixka bat denetarik jazo zen,
denak hartu zuen denaren forma
eta denetarik zabaldu zen denean.
Bizitzarekin gertatu bezala,
antzera hedatu zen heriotza ere,
gureaz beste zirrararik gabe, baina
tartean konkrezio deigarriak utziz.
Gehiegikeriak ziren, baliteke, eta
aski zitekeen dena bi medusa haien
lehen laztanean amaitu izan balitz.
Akaso errepikapenak, bertsioak,
besterik ez gara izan gerora.
Haragi zauritua baino ez, eta
maiz, ezta haragia ere, baina
gu izan gara, dena den. Gu
hemen eta orain, behin eta berriz.
Ezer ez kasik, eta hala ere zerbait.
© cc-by-sa Iņigo Astiz