AURKIKUNTZA
konpas ezagunak dira nire hatzak
baina galtzen naizelako hala ere
maite dut zure gorputz analogikoa
igande arratsaldeetan emana
ordenagailuan edozeri arduragabe begira
infinitutik ezin urrunago eta beraz
baita inoiz baino ederrago ere
zarata kolore eta mugimendu
hainbeste zilipurdiz nazkatuta
pasio nagi eta muxu nekatuon
zetaz oheratzen dugu elkar
eta aspertuta jotzen dugu larrua
etsipen nolabait domestikatuaz
gure gorputzen uneko egiaz
egia handiagoa sumatuz eta ezkutatuz:
aspertuago geundeke hori gabe
baina denak guztiz errendituta
dirudienean zerbait diozu nitaz
eta egunerokoen artean ahaztutzat
nuen arren deskubritzen dut nire burua
zure ahotsean aukera guztien aurka
irribarrez harrigarriki eder
© cc-by-sa Iņigo Astiz