DENBORA NEURTZEKO
Erlojua eta oinetakoak kendu
eta herriko etxeko erosotasun
urbanoez biluzturik, hasieran
min pixka batez oinazpietan,
egin lorategi erdirainoko bidea
eta eseri hurritzaren gerizpean.
Pasatu eskua belar fresko artean
harri egoki samar bat aurkitzea
beste desirarik gabe eta
hura baliatuta gozatu gero
mekanikaren edertasun xeheaz:
apuntatu, jo, hautatu, jan,
eta etxean sentitu aspaldiko
oso aspaldiko zerbaiti erantzunez.
Bete ahoa iazko hurrekin —goxo
eta oretsu— eta mehatxu kutsurik gabe
sumatu zuhaitza zure bizitza
denbora unitatetzat hartzen.
© cc-by-sa Iņigo Astiz