Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

MONOFTALMIA ETA
EGUNEROKO BIZIMODUA

 

Lan-araudiak ez du debekurik jasotzen begibakarrak ezein lanbidetan jarduteko, behar besteko gaitasuna frogatuz gero.

        Tartalo eta Polifemo. Christian IV.a Danimarkako erregea. Ana Mendoza, Eboliko printzesa (esgrima-ariketa batean galdu zuen begia, edo keratitis sifilitikoaren kausaz, iturrien arabera). Gregorio Alexandrovitx, Potiomkin kondea. Anibal Barca, Kinto Sertorio, Wenceslao II.a Bohemiako erregea, Horatius Nelson eta Blas Lezokoa (guztiek batailetan). Luis de Camoes, Os Luisiadas epopeiaren egilea. Nicolas Jacques Conte fisikaria (hidrogeno-leherketa batek eraman zion, esperimentu batean). Marconi (auto-istripu batean). Peter Falk eta Rex Harrison aktoreak. Raoul Walsh eta John Ford zine-zuzendariak (lehenengoari erbi bat atera zitzaion errepidera, film baterako kokalekuen bila zebilela; bigarrenarena ez dago garbi: partxea begi batean nahiz bestean erabiltzen omen zuen, nabarmenkeria hutsagatik, mihi gaiztoen esanetan). Sammy Davis Jr. musikaria. Moshe Dayan israeldar ministroa. Zenbait artelanetako modeloak (esaterako, Picassoren Atsoa eta Frantziako eskolako Flauta-jolea, 1566koa). Garfio. Zonbi batzuk. Maria de Villota, bat formulako pilotua (lasterketa batean). Padilla toreroa (zezenak atera zion). Daril Hannah Kill Bill-en. Helen Parker, Haar, Solidus Snake eta Demoman, bideo-jokoetako pertsonaiak. Tuerta de Luxe, Facebookeko puta bat.

        Begi bakarra izatea defizit bat da, bistan da (harira dator hitz-jokoa, barkatu errazkeria). Horregatik, begi bakar batek halako bi balio ditu (harira dator esamoldea).

        Erdi Aroan uste zabala zen edozein jakintzaren sarbidea zentzumenak zirela. Hortaz, izan ziren goi-mailako eztabaidak, ea gorrak ala itsuak, nor ziren dohakabeago. Begibakarrei dagokienez, ez zituzten izaki baliogabetzat hartzen, baina ezta guztiz normaltzat ere (eta superstizioak tartean, zorte txarraren ekarletzat ere jotzen zituzten). Nolanahi ere, kasuan kasu eta egokitze-aldi baten ondoren, begibakarrok bizimodu normala egin dezakegu. Muga fisikoak eragindako oztopo batzuk garaitu behar horretarako.

        Esaterako, aparkatzea. Garajeko atetzarra ireki, pare bat solairu erdipurdiko argitasunarekin jaitsi, zutaberen bat alboz ukitu ez eta autoa arraiatu gabe bere tokian uzteko maniobrak solturaz egiten ez da ikasten gauetik goizera. Distantziak kalkulatzeak badu bere zera, metro bat dagoen tokian erdi ikusten baitu begibakarrak. Hori dela-eta, gidabaimena bi urterik behin berritzera behartuta egon gara, arau hori oraintsu aldatu badute ere.

        Beste adibide bat, likidoak zerbitzatzea. Gizalegeak gaitzetsi arren, gure taktika izan ohi da botila-muturrarekin kopa ukitzea, ardoa barrura doala segurtatzeko; osterantzean, hasierako zorrotadak mahai-zapia zikinduko du ehunetik laurogeita hemeretzian.

        Arrazoi beragatik, begibakarroi zaila egiten zaigu palan jokatzea; eta lursail harkaiztsuetan behera jaistean, makurtu eta harriak haztatu beharra izaten dugu, oinak kokatzeko. Halaber, 3D formatuko filmek ez dizkigute publikoak txalotzen dituen sentsazioak eragiten.

        Gerta liteke limitazio fisikotik limitazio psikologikoak sortzea: batetik, esandako moduan, orotara ikusteko urritasunaren ondorioz psikomotrizitatea trakesten denez, jokoan sartzen da norberaren izaera, zailtasunekin koldartzekoa ala proban jartzekoa den; bestetik, nahiz eta begibakarra eta betokerra gauza bera ez izan, begibakarra betoker bihurtzen delarik, ez da milagro pertsonaren autoestimua flakotzea.

        Egon al zara inoiz kristalezko begidun baten aurrean? Edo begian akatsen bat duen norbaiten aurrean, derrame txiki bat edo estrabismoa? Urdurigarria da. Jendeak beti hitz egiten dizu begiari begira; nahi gabe ere, begiak begira jotzen du. Eta zeu bazara harantzago dagoen norbaiti hitz egiten ari zaiona, burua jiratuko du, ea berarekin ari zaren ala norekin.

        Kristalezko begia duenak ezin ditu begi bien ardatzak puntu berera zuzendu.