Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

MAMOGRAFIA BATEK
NOLA ERAGIN ZUEN
KALEAREN ALEGORIA

 

Plakaren arabera, bi orban neuzkan eskuin bularrean, bi hur ilun.

        Argiak bat-batean amatatu eta piztean sentitzen den itsutasuna sentitu nuen ginekologoaren kontsultan. Kristalaren bestaldeko zuhaitzari zutik jarritako hezurdura baten antza hartu nion. Mahaiko errezetei eta latexezko bildukiz beteriko ontziari begiratu nien negargura disimulatzearren.

        Probak errepikatzekotan geratu ginen. Ados. Hori ez da ezer, titiak bexamela lez zabaltzea metakrilatozko plantxen artean. Bota atzerago lepoa, hurbildu enborra, altxatu apur bat besoa. Oso ondo. Agoantatu pixka bat. Erlaxatu, ez lotsatu zure bular eroriez. Beste pixka bat. Horrela, oso ondo. Erradiografiaren hots metalikoa. Min-putzadak. Eutsi.

        Eta titia kendu beharra baletor? Edo zerbait okerragoa? Nola kalkulatu zenbat fereka geratzen zaizkigun? Inon ez da agertzen heriotzaren data aurretiaz.

        Senarrari kontatu nionean, besarkatu egin ninduen. Berba abilak esan zizkidan, kontsolagarriak hunkitzeraino. Gurata ere ezingo nuen erantzun hoberik itxaron. Baina ez zidan balio izan. Ez nuen nahi izan balio izaterik.

        Ordurako, kale baten moduan ikusten hasia nintzen gure historia, hainbat ate eta ate bakoitzean data bat grabatuta zeukan kale bat (zeuk ere izango duzu gertaera seinalatuen zerrenda, zoragarriena nahiz traumatikoena: elkar ezagutu zenuten eguna; lehenbiziko asteburu-pasa; seme-alaben jaiotza; etxez aldatzea, igual; opor haiek; haserre hura familia-bazkari madarikatu hartan; zure lankide bat orain bai eta gero ere bai aipatu behar txatxu hori, haren izena ahoskatzean epeltasuna sumatzen duzulako bihotzean; tutorearen aurrean elkarri destainaz hitz egin zenioten egun estrainioa; zure andrearen dantza zoranga parrandetan, eta mendeku gisa kaletik etxeko almohadara eramandako tabako-kerua arnasten hasi behar izan zenuen gaua; edo zure mutilaren eta kamarera baten arteko irribarrea harrapatu eta «Dena kontrolatu behar al duzu?» amorratu bat txupatu behar izan duzunekoa, aurpegira jaurtitako kerrua lez).

        Egun txar solteak ohiko giro biziatua bihurtzen direnean, itzalpean jarduten du borborka malaletxeak, eta edozergatik ateratzen da, txitean-pitean, egonezinaren askabidea delako. Desorekaren mehatxua ere hor ari da zelatan, batak bere bizitza bete antzean ikusi arren, besteak hustear nabaritzen duelako. Eta bestelako gauza korriente baina durduzagarri horiek guztiak —urruntzeak dakartzanak eta urruntzea dakartenak— ere harramazka aritzen dira, lan isilean. Adiezintasunak deformatu egiten baikaitu bestearen begietara, eta alderantziz: Munstroak ugaritzen dira nonahi.

        Ez dago jada bereizterik hurbiltze-maniobrak egiterakoan zer izaten ari garen, sendoago ala makalago. Eta ez dakigunez, nora ezean ibiltzen gara bata bestearen itsu-makila entzuten. Baina pauso zalantzatien hotsak bonba baten durundia izaten du kale isilean (isiltasunaren gudaldia bortitza da) eta, luze gabe, akidurak azpiratzen gaitu.

        Zirkuluaren itxia: higuinduta gaudenean, urruti egon nahi genuke; eta akituta gaudenean, dena urruti dagoela iruditzen zaigu. Badelako urruntasun bat, gure izaera materialaren ezintasunen konpendio moduko bat dena. Beste gorputz horrekin korapilatu garelarik, parean dugun aurpegia laztantzen dugu atzamar aztertzailez, inoiz osotara bateratu ezingo diren taupaden kontzientzia berretsiz. Baliteke bera loak hartu izana dagoeneko, edo bere pentsamenduetan beste norabait joan izana, akaso errekaduen lista hutsal batera, kezkatzekoa ez den gairen batera, besterik gabe. Deszifratu gabeko isiltasun horretan jabetzen da gutaz urruntasuna, amildegi baten alde banatan sentiarazten gaituela, begiek ez badute zubi bat luzatzen izateak hurbilarazteko. Ez dago azalaren koderik jela urtuko duenik sentimendu inkonpatibleenak —erruduntasuna eta abandonua— kukutzen direnean biren artean.

 

 

Biren kalean izaten dira biok batera zeharkatutako ateak eta elkarrengandik banantzekoak. Eta izaten dira horma-tramuak ur likin batez bustiak, urruntasuna likatsua da-eta, barraskilo-adurraren antzekoa. Bildu egiten zaitu osorik, eta enpaguari amore ez emateko borrokan, hauxe baino ez duzu eskatzen: normal antzean jarraitu ahal izatea lanean, normal antzean eramatea etxeko kontuak, normal antzean bizitzea teilape berean. Laburrean: ez diezazula eragin, eguneroko antzezlanean, jasan dezakezuna baino zama handiagorik. Halako izua ematen du, hasieran, hain hauskor sentiarazten zaituen urruntasunaren sentipen horrek.

        Urruntasunak errun baditu desamodioaren arrabak zure baitan, bi aukeratatik baten alde egitea besterik ez daukazu: edo adur hotza ignoratu, senperrenak eginez etenkako zorionak berriz bere bidea zabal dezan zuon kalean (horixe da bizimodu konbentzional bati konsubstantziala zaion zerga: «kristo guztiari gertatzen zaio, zaila da bizikidetza» eta antzeko berediktuak nork bere buruari behin eta berriz errepikatuz aurrera egitea); edo zugandik espero dena bazter utzi eta bizitzaren kale alegorikoan ikusten ari zaren ate berri hori, zure urratsei tenk egiten dien ate arriskutsua ireki eta zeure kabuz zeharkatzea.

        Sentitu baduzu denbora ihes egiten ari zaizula hozkailuetako lurrunak ihes egiten duen antsiarekin, orduan mozorro bat erantzi eta beste bat janztea ebazten duzu, zeure artean esanez: «Emakume bat naiz», esaldi hori bere esanahi osoarekin lurbiran ahoskatzen den lehen aldia balitz bezala.

        Barkatzea eta barka eskatzea tatarrez eroan beharreko katea izaten hasten bada, zeuretzat jokatzeari ekiten diozu, tristuraren, erdeinuaren, asperduraren, amore ematearen, beldurraren, erresuminaren eta deskontentuaren trokatik altxatuko zaituen zerbaiten bila (izan liteke gizon baten eskua).

        Nago zortea izan genuela gure itsu-makilak gurmatzan elkarri topeka hasi zirenean, etenunea adostu baikenuen, gure iragan politaren errautsak salbatzeko: «Merezi duzu, merezi dut». Maitasunaren tokia ongi-nahiak ordezkatu zuen.

        Voilà neure buruari kontatzen diodan ipuina. Ipuinaren justifikazioa, bizitza zukutzeko premia. Gaixotzeko arriskuan edo krisialdian dauden guztiek gauza bera egingo balute, zer litzateke planeta hau, kaosa.