Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

ANIMATION GASCONNE

 

Adrenaline parc bat dago Molietsen. Eskuorriaren arabera, arriskurik gabeko dibertsioa eskaintzen dute: quad, body-board, paint-ball eta skate. Enpresa-ekitaldiak, urteurrenak edota agur-afariak ospatzeko gune ezin hobea, egunero ordu bietatik zazpietara, apiriletik irailera bitartean. Gutxieneko adina, 14 urte. Zabalik balego, M.k primeran pasatuko luke hemen. Ume samarra da eta.

        Helduentzat gaitzesgarria izaten den apreziazio hori (ume samarra izatea) nasai onartuko luke berak. «Jakin egin behar da ume izaten, heldua izan arren» esango luke, «zergatik ez?».

 

 

Ia egunero ikusten ditut alga-biltzaileak. Hossegor aldetik etortzen da talde bat oinez, aldamenean traktorea. Esperimentazio-zentro bat dago ez dakit non, bisitak antolatzen dituena. Hemengo artisauek xaboiak egiteko ere erabiltzen dituzte itsas belarrak, olio eta esentzia naturalekin batera. Baten batzuk lortu behar nituzke, itzultzen naizenean lagunen artean banatzeko.

 

 

Mediatekara eginiko sartu-irten batean ikusi dut afixa bat, kostalde atlantikoko fauna eta landaretzari buruzkoa. Pausoka erakusten du nola eraldatu diren Aturriren ingurumariak baso eta dunazko paisaia hau eratu arte. Ondotik etorri dira bizibide nagusiak: zurgintza, antzarakien merkataritza eta turismoa (surf-kontuak barne).

        Paradisua M.rentzat, surflari zahar betigaztearentzat. Olatuei gaina hartzea munduan egoteko modu bat da berarentzat. Ez da denbora luzea horretan hasi zenik, berrogeiak ondo aurreratuta. Bizitzak botatako enbidoei erantzuteko era sanoagoa beste batzuk baino. Honelako zerbait adierazten dio bere buruari itsaso gandortua jarkitzen zaionero: «Urezko horma hauek jaten ez banaute, hain gutxi lehorreko trangoek». Horregatik deitzen diot marraxo M.ri: marraxoak ez diolako inoiz uzten igeri egiteari, hilko ez bada; eta, zafraturikoen azal latza duelarik, kolko handiko gizona delako.

 

 

Leongo lakuraino heldu naiz bizikletaz, hamar bat kilometro. Haizea zebilenez, gogor eragin diet pedalei. Ortozik ibili naiz ur-hegian. Hondarra eta pinu-orratzak oin bustietan itsastea atsegin dut. M. nirekin balego, piragua bat alokatuko genuke, seguru, urmaela zeharkatzeko.

        Hotel txiki bat dago, abegikorra. Betidanik gustatu zait, lehen aldiz ikusi nuenetik. Nire poema batez oroitu naiz. Poema horretan esaten dut inizial batzuk markatuko nituzkeela hondartzan, edo nire telefono-zenbakia auto baten kristalean. Hori idatzi nuenean, antzina batean, hotel honetaz pentsatzen ari nintzen hain justu ere: zita enigmatikoa egin, eta gela batetik ilunabar bat eta egunsenti bat ikusteko aukeraz, uraren izurrak more aurrena, eta gorri gero. Kolonia-iragarkietako neskaren tokia hartu izan dut gehienetan neure fantasietan.