Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

GUTUNA

 

Vieux Boucau, 2011ko urriaren 14a

        M. aspaldiko eta betikoa:

        Denbora hil egin da, eta berpiztu. Oraintxe ulertuko didazu.

        Gaur lurrean agertu da sarrerako erlojua. Atzeko kakoa lokatu, jausi eta orratzetako bat apurtu zaio. Aurrerantzean, erloju ez-osoak ezingo du ordurik eman: inexaktoa da betierean. Ustekabe horrek iratzarri nau anestesiatik, eta begiei klisk eragin dit. Nire esnaera gutun hau idaztean datza.

        Azken egunotan eguraldi txakurra egin du. Egongo zinen talan olatuei begira. Igeri ere egingo zenuen igual. Esaten zenuen jakin egin behar dela neurtzen olatuari zenbat eutsi ahal zaion. Erresakak, lehenengo, sakada bat ematen dizula, kanpora aterako zarelakoan suspertzen zarela, baina olatuak beherantz egiten duenean, bahitu egiten zaituela arto-lastoz eginiko txotxongiloa lez. Hirugarren olatuarekin, ito egiten zarela.

        Denboraleak adarrak ekarri ditu hondartzara. Batzuk garraiatu ditut etxeraino, trastelekuan zegoen kristalezko ontzitzar bati hautsak kendu, eta bertan sartu ditut lixa-paperez garbitu eta gero. Hondakinak apaingarri bihurtu ditut. Horretan dihardut, hondartzak eta halabeharrak eskueran jartzen didatena baliatu nahian.

        Gure historiak hondartzan dauka hasiera, lehenbiziko hitzak urri hartan, ia urte bi. Maskor-kixkirriz beteta zegoen Isuntza. Hurbildu zinenean, zure altuera, hortzeria eta atzazalak ebaluatu nituen. Ez zintudan antzeman arriskutsua, sexualki esan nahi dut (eta hara zer diren amodioaren apetak gero). Konfiantzaz egin zenidan berba, eta samurtu egin nintzen zure kontuekin (arazo haiek, betiko karga hori). Horra emakume bihozberen ogena.

        Geroago esan zenidan lehenagotik erreparatu zenidala zuk bainua hartzen, irakurtzen edo paperen bat zirriborratzen. Galdetua zeniola zeure buruari ea zer litzatekeen ni bezalako emakume batekin amodioa egitea. Zer zen «ni bezalako emakume bat»? Adin arriskutsuan dagoen emakume bat esan nahi zenuen. Bakarrik egoten dakien emakume bat. Zer kontatua baduen emakume bat. Horixe esan nahi zenuen.

        Portulano bat dago etxe honetako salan, koloreak, markak eta ikurrak hierarkia baten arabera antolatuta dituena. Zure akordua ematen dit. Elkarren ondoan etzanda egoten ginenean, «Hauxe da nire lurraldea» esaten nizun, oreztak hatz-puntarekin seinalatu ahala, dozenaka uharte nabar txiki. Musuz betetzen nizun bizkarra, zure bihotza ezpainekin kolonizatzeko kapaz izango nintzelakoan (zuk nirea bokatibo errepikaezinen eta sabelean emandako musuen bitartez egin zenuen). Giharren arteko distantzia, lepoaren eta sorbaldaren arteko angelua, bizkarrezurraren luzera eta ipur-masailen azalera terra cognita nituen; hortik barruragoko eremuei buruz ezin gauza bera esan. Eta orain naufragoa baltsan bezala geratu naiz izaren artean, nora ezean eta iparrorratzik gabe, zu zinen maparen faltan nire bidearen balio-ordena ere galdu delakoan.

        Badakizu zein den hemengo turismo-eslogana? «Une autre saison». Egia bada, kartografiaren arabera, etengabe aurkitzen direla barruti berriak unibertsoan, barneratu zaitez berriz nire unibertsoko landetan, eta zatoz hona, Landetara: emakume bat aurkituko duzu hondartzan. «Une femme à l´autre saison» nauzu.

Meibi

 

 

Gutunontziaren aurrean zalantza egin eta azkenean ez dut eskutitza bota. Higuina eman didate lirismo txatxuak, sasisantaren poseak, adorazioaren enpaguak, errealitate laua balio sinbolikoz hornitzeko bizioak, hitz-joko merkeek.

        Nola ahaztu zait mugak zeharkatzen dituzten igerilari zoroen gorpuak, batzuetan, ez direla agertzen?

        Nire ahuldade malatsak faltsutu egiten du nire borondatea.

        Baina zein da nire benetako nahia? Zergatik, bestela, gutuneko erretolika? Zeinek izan behar du nire ordain-saria: lotsak ala damuak?

        Erre egin dut gutuna. Ez kopiatu baino lehen: neure tintaren madarikazioak mendean nauka.