Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

URRIAREN 7a

 

Neure urtebetetzea da. Berrogeita bederatzi.

        Semeak deitu dit, zorionak emateko. Hamasei urte egingo ditu datorren hilean. Gogotsu geratu da aitarekin ohikoa baino aldi luzeago baterako. Mutil jatorra da, gauzak errazten ditu, ez da ia ezertaz kexatzen. Erraza izan da bera haztea. Txikitatik iruditu zait eredugarria haren jasa. Zenbat aldiz ez zidan esango: «Zu lasai, ama». Ama onarena zatekeen «ezer ez» edo «ez kezkatu, nekatuta nago, besterik ez» erantzutea, galdetzen zidanean ea zer gertatzen zitzaidan. Alabaina, malko-distira erakutsi izan diot sarri, nahita edo nahi gabe, beti izan naizelako neska handi mainatia. Kontatu dit Ertzaintzak Kukutza gaztetxea indarrez hustu zuela pasa den astean. Bestelako albisteei ez diet arreta-zipitzik eskaini. Musika-taldea antolatu nahirik omen dabil ikaskide batzuekin. Ondo dabilela jakitearekin aski daukat.

        Lagunek nahiago izan dute emailez zoriondu. Udan etxera etorri zitzaizkidan, bakoitza bere ofrendarekin, alargun batengana dolu-opariekin bezala. Batak jateko kutixiaren bat, besteak atzazalak pintatzekoa, hirugarrenak pijama, beste batek liburuak. Bosgarren batek Larraineko pastorala ikustera eraman ninduen (zertarako eta asteburu osoa hotzikaraz eta burua belaun artean emateko). Seigarrenak luzatu zidan antidepresiboen errezeta. Donostiatik eta Gasteiztik hots egin zidaten beste bik, giroa aldatzeko gonbita eginez. Ean ere izan nuen pausalekua. Esaten zidaten: «Aterako diozu honi probetxua, ikusiko duzu». Ahal izan balute, ume bihurtu eta sehaskan jarriko ninduten, txandaka zaintzeko, euren Mitxu. Egun-pasa etortzeko prest agertu da bat baino gehiago, baina lanpetuta nagoela esanda, sinistu didate (hori beti sinisten dute).

        Exajeratua naiz emozionalki, badakit. Ezinezkoa zait sentimenduak ostentzea, batzuetan neure interesei kalte egiten diedala jakinik ere. Baina ajea kroniko bilakatzen denean, gaiztu egiten da lagunen egonarria atxikitzea. Dagoeneko agortu zaie arnasa niri urazalean iraunarazteko, eta apenas deitzen didate. Ez daukat behar adinako tenplerik kopla barik aurrera egiteko, eta sobera sentiarazi diet ez direla gai, nahiz eta beren borondaterik onena jarri, ni beste alde batera begira ipintzeko. Hala ere, ezingo nuke hau pasatu haiek gabe, Maitagura Gozoaren Ahizpen belarri eroapentsu eta arima zangarren laguntzarik gabe.

        Hauspo kaskarregia erakutsi dut gauzak trabeska datozenean minari buru egiteko. Adibide barregarria naiz bipiltasunari dagokionez. Oraingoan, euskal poesiaren larrosa ez doa urrunago igeri. Txistua jo diezaiotela merezi du.

        Horregatik ere egin dut ihes hona, elizjendeak bakartegietara nola, aldez edo moldez porrot ideologikoa ere baden gertakari hau digeritzera (porrota iruditzen baitzait neure estiloan maitatua ez izateak sortu didan erorialdia). Doluan dolu, aterako ote naiz indartsuago eta jakintsuago ataka honetatik? Sinistu behar ote dut itzulezintasunean?

        Utzikeriak sustraiak bota ditu nire oinen inguruan, erro gero eta mamitsuagoak, ezaxolak elikatzen dituelako. Ezin naiz mugitu, hamaika urrakada sentitu arren. Eta ez dut mugitu nahi, erretiro honetaz idatzi nahi dudalako: neure sasitzan endredaturik, salbu sentitzen naiz.

 

 

Remy ikusi dut herrian. Kafe bat hartzera gonbidatu nau. Ezezkoa nik, presaz nabilela.

        Edozein gizoni begiratzen diodanean, pentsatzen dut ezeinek ezingo didala sekula eman M.k ematen zidan plazer betea.

        Merkadilloan izan naiz. Animalien saltokia zegoen (dortokak, hamsterrak eta abar). Gaitzirizten diot txoriak kaioletan duen jendeari. Alabaina, kardantxilo bat erosi dut. Saltzaileak abisatu dit muda-sasoian dagoela eta ez duela kantatuko oraindik. Behar bezala. Janis ipini diot izena.

        M.k gauean hots egin dit, soinu-erdiko deia. Ez dit astirik eman telefonoa hartzeko.