Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

KRISTALEZKO BEGI BAT
METAFORA BAT ERE BADA

 

Zergatik hitz egiten dut honetaz guztiaz? Desafioa jarri diot neure buruari, editore batek bota zidalako amua aspaldi. Barregura eman zidan.

        — Adarra jotzen ari zara? Ez zabiltza benetan.

        — Pentsatu... Ea kristalezko begia edukitzeak zerbait inspiratzen dizun.

        — Detaile horrek idazle egingo banindu, tira, baina... A! Metaforikoki ari zara, ezta?

        — Ez, ez. Ez al du zure egunerokoan inolako eraginik begi bakarra izateak? Hitz egin ezazu horretaz, baina bizar-xafla bat erabiliko bazenu bezala.

        — Enpagosoa naizela diostazu?

        Gero, Castelaoren ipuina aipatu zidan, Kristalezko begia. Narratzaileak kontatzen du begi bat galdu zuela oilar batek mokoka egin ziolako.

        Eta atzerago joanda, Jonathan Swiften poema satiriko bat, non Corinnari, merkatura zihoan neska panpoxa bati, bidean begia erori zitzaion eta lurretik batu behar izan zuen (horixe ulertzen dut nire ingeles-maila oinarrizkoan).

        Beste egun batean mezu bat bidali zidan, Curzio Malaparteren Kaputt gomendatuz. Lehen Mundu Gerrako bizipenen artean, aipatzen du presoei ateratako otzara bete begi erakutsi ziotela behinola ostatu batean.

        Koldo Izagirreren Sua nahi Mr. Churchill? liburuaz gogoratu nintzen, Aitzolen pasadizoaz, fusilamenduaren bezperan Hidalgok begia lehertzen dionekoa giltza ingeles batekin zartakoa jota.

        Geroago deskubritu dut Henri, Bonaparteren karismak harrapatu eta haren armadan danbor-jole izan nahi baina sukaldari izaniko nekazari gaztetxoa, Austerlitz inguruko estepa izoztuetan, bihotzaz aparte, begia galdu zuena. Jeanette Winterson da pertsonaia horren sortzailea (eta, bide batez esanda, honelako esaldi zuhurrak aurki litezke Pasioa izeneko bere nobelan: «Pasioa gustatzen zait niri, etsituen artean egotea gustatzen zait»).

        Hor konpon galdutako begi literarioen adibide errealista horiek guztiak. Nire kasuan, kristalezko begiak dimentsio bikoitza du: bata erreala, neure identitate-marka delako (ez esan konturatu ez zarenik igartzen zaidala zerbait, ezker begia normalean itxixeago daukat-eta); bestea, metaforikoa, nire bizitzako galera guztien adierazle orokorra izateko hautatu dudalako.

        Ez dakit nora eramango nauen 2011ko irailaren 9an hasitako esperimentu honek. Ez dakit, ezta ere, zer epetara arte luzatuko den eta zer beste kontagai bilduko dituen. Urriaren erdietan gaude dagoeneko.

 

 

Kontuan hartzeko datu bat: Editore horrekin mintzatu naiz lehentxeago. Azaletik esplikatu diot gaia: «Pasio hautsi bat da ardatza, eta kristalezko begia, sinbolo bat. Badakizu, neure ezaugarri bat da, bizi izandako erauzketak adieraziko dituena. Adinaren kontuak-eta txertatu ditut».

        Zapuztuta geratu naiz erantzunarekin: «Beraz, emakume zahar bati buruz idatzi duzu?». Pikutara bidaltzeko gogoa sentitu dut, hain neke izugarria eragin dit bere ikuspegiaren estutasunak. Ez zebilen ironiaz, edo zirikatu guran, ohi duenez. Aurrejuzgu espontaneo batekin debaluatu ditu nire pertsonaiaren ustezko prozesua eta gatazkak.

        Akaso kaxoi bat izango du helmuga testu honek. Edo zaborrontzia: zaborra delako eliminatu beharreko materiala, gure jardunaren emaitza, zeinaren balioa hutsa den.

        Hala ere, jarraia emango diot hasitakoari.