Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

ORBAINAK ETA BESTE

 

Beharrezkoa da denborak memoria usteltzea iraganari buruz hitz egin ahal izateko. Oroitzapenak hartzitzen direnean hartzen dute distira (aipatzeko pisua) pasadizo arruntek.

        Arropa-denda geneukan Goikokalean. Denda ilun eta luzanga zen, zurezko arasaz hornitua. Aurrean iturri bat zegoen, data idatzita zeukana: 1888. Hantxe edaten genuen umeok gure joan-etorrien atsedenaldietan.

        Umetan lilura sentiarazten zidaten hortzetako aparatuek eta txertoen markek. Orbainak izan nahi nituen azalean. Bizipen gomutagarriren bat pairatu duenaren seinaletzat nituen, norberak esku-hartzerik izan ez duen abentura basatien lekukotzak zirelakoan. Miraz begiratzen nion, kasurako, lagun batek belaunean zeukan marka zatarrari.

        — Gaseosa-botila bat lehertu zitzaidan —azaltzen zuen berak, harro.

        Amari eta beste emakume batzuei udan beso biluzietan ikusten nizkien txertoen orbain biribilei haragizko ilbete nanoak edo talo txikiak irizten nien. Erizainaren papera hartuta, neure panpina kutunenari egiten nizkion markak bekokian eta besoetan, boligrafoz. Marrazturiko orbain haiei esker nagusiagoa begitantzen zitzaidan. Pentsatu gabe, haren azalean inprimatu nituen munduak arestian niri sortu gabeko arraildurak, gerora nire nahas-mahas literarioetarako aitzakia gertatu direnak.

        Behin batean botikin bat oparitu zidaten, skayzko maletatxo bat, tapan gurutze gorria zuena. Jostailu hark geu bilakarazi gintuen jakinguraren jostailu: artazitxo zilarkarak, fonendoskopio beltza, bendak, pilula-konfiteen kaxatxoa, gomazko orratzak, ezin kilikagarriago gertatu zitzaizkigun gure gorputzak aztertzen hasteko. Gure lehen sexu-esperientzien parte izan zen botikin hura (beharbada horri zor zaio gaur egun ere nire fantasia erotikoetako bat, azterketa medikoa). Dendaostean jolasten ginen, biltegian, uniforme urdin eta galtzerdi zuridun neska koskorrak. Eskolatik irten eta batera, amari musua eman eta mostradorepetik merienda hartuta, denda zeharkatu eta atzealdera joaten ginen. Atea ixte hutsak areto pribatu bilakatzen zuen gelatxo zaharra. Bezeroak zebiltzanean amak ezin zigunez kasu handirik egin, eta bestela ere izaten zuelako lanen bat esku artean, baketan egoten ginen han.

        Behegainean pilatuta ehunak egoten ziren, metroka saltzen zirenetakoak, kartoizko xafla laukizuzenetan bilduta. Serioak ziren gehienak, mahoizkoak edo dolu-jantzietarako estanpatu soilak, baina bazen bat bereziagoa, koltxoi-zorroak josteko oihal bat, lore zuri-gorriduna, alde batak bestearen negatiboa egiten zuena. Huraxe erabiltzen genuen angarilatzat gure jolasetan. Akorduan ditut eskolakidearen eskuak paparrean gora eta behera eta titi-puntetan geratzen, oraindik tontorrik ez zeukan bular lauan. Gogo onez obeditzen nien aginduei: «Atera mihia» edo «Zabaldu hankak» edo «Ukitu nire zilborra». Gogoan ditut, baita ere, plastikozko artazitxo puntamotzak ipurtzuloan sartuta, edo gazatxoa izter artean sakatzen, zauri bat sendatu nahian bezala, artean ezinezkoa zen umeltasunen bat lehortzeko gisan.

 

 

Esanekoa nintzen arren, banintzen, tarteka, marimaistra; harroputza ez, buru-iritzia; apetatsua ez, petrala bai; mainontzia izan gabe, pupu samarra. Nago apaltasun-lezioa izan nuela begiaren endekatzea. Hamahiru urte bete zituenetik, neska txiki politak onartu behar izan zuen bazuela inori atzera eragin ziezaiokeen zerbait aldean. Ilunaldietan ahapeka errepikatzen nuen esaldia («arrunta banaiz ere, berezia ere banaiz») jakulatoria bat zen nire psikearentzat, orbainak haragiarentzat minaren berrespena diren bestean.

 

 

Norberari dagokio izorragarri zaiona kudeatzeko trikimailuak garatzea.

        Amabitxi zendu zenean, apiril hartan, bederatzi urte nituela, etxeko salan eduki zuten hilkutxa, lau zuziren erdian. Senide guztien isilean, berak sarritan altzoan izaten zuen Ama Birjinaren alabastrozko irudi bati kandela-negarra isuri nion begietan, tak eta tak. Bi argizari-tanta haiek, begiak estaliz amabitxiren begi itxiekin bat etor zitezen, agur esateko modua izan nituen.

        Gaztetxotan, lagun bati aitortu nion zein mutil nuen gustuko. Hurrengo berbenan, laguna moldatu zen harekin zirrika amaitzeko. Ahoan metxa sartuta leherrarazten duten katakumea legez sentitu nintzen. Begiak zulatu nizkion lagunari argazki batean, orratz batekin. Gaur egun ere, inoiz kalean topo egiten badugu, ez nau ikusten, eta neuk ere ez dut ikusten bera.

        Duela hilabete inguru, giltzarekin zanpatu dizkiot begiak autoaren ispilutik zintzilik neraman pelutxezko marraxoari. Krak eta krak, begitxoak caput. Makarroi zanpatuen hotsa egin zuten. M.ren alter ego horrek orain ez du ezer ikusten, eta ez du dantzan egiten bidean. Behar duen moduan dago egon ere, neu bezala.

        Horiek izan dira, besteak beste, begia begi truk egiteko nire modu sekretuak. Erritu txoroak aitortzera animatu naizen unetik, pentsatzekoa da balio izan didatela abandonuaren angustia, traizioaren amorrua edota ezintasunaren mendretasuna sublimatzeko. Trantze gaiztoak gailendu izanaren seinalea da zauriei zarakarra altxatu eta aire zabalean orbaintzen uztea; kasu honetan, hitzetan ematea.