Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

LURRAZ ETA AIREAZ

 

Ezin dut telefonoa aparte eduki. Konketan ipintzen dut dutxatu bitartean; mesillan, lotarako orduan. Ez dut inoiz amatatzen. Mezuren baten zain nago beti. Baten bat sartzen denean, asaldatu egiten naiz, M.rena delakoan; jarraian, amorratu, soinua entzutean aztoratu egin naizela onartu beharragatik.

        Udan, loezak jota, halda-maldaka jaikitzen nintzen gauerdian. Inoiz edo behin, botilari heldu eta zurrut egiten nuen muturretik. Kamisoi hutsean eta tximak airean, Lana Turner edo Lee Remick film haietan bezala. Alkoholak inarrosi egiten ninduen, neuk neure baitan eraikitako gordelekua biguntzeraino, eta ihes egiten laguntzen zion hitz-jarioari arrakala beratzenetatik (sormena omen deritzo horri, defentsarik gabe geratzen zarenean azaltzen duzun etorriari).

        Orduantxe idatzi nituen testu honen hasikinak, apunte-mataza bat, karpeta batean ekarri dudana hona. Ez ditut ohar guztiak ulertzen, letra nagiz idatzi nituelako; beste batzuei ez diet zentzurik hartzen, honako hauei, kasurako: «Ezin dut entzun txori hitza» edo «Sulem herriko neskatxa hura naiz ni». Alabaina, bada baten bat guztiz gardena egiten zaidana: «Zergatik ez da klarionezkoa nire bihotza?»

        Balkoia eta azulejuak garbitzeari ekiten nion. Armairuak eta kaxoiak ordenatzen nituen, zaratarik egin barik, auzokoak ez esnatzeko. M.ren opariak ere bota nituen: oskolak, nire ilearekin ondo zetozen eskularruak, poltsa morea (neure kolore kutuna da morea), beraren argazki bi, Pirinioetatik ekarritako basaloreak, eta enkajezko gerruntze beltza, ligekin jartzekoa.

        Ezinezkoa zen, hala ere, guztiaz gabetzea: urtean zehar Bilbotik Lekeitiora bitarteko kilometroak egiteko behar gorriaz; edo M.ren gaiek gure solasei ekarritako berritasun aberatsaz; edo haren ezpainen tinkak nire azalari ezagutarazitako erredentzio-sentimenduaz. Egin duzu sekula negar ohean, plazeraren plazerez? Hori ezin liteke part jaurti zaramara, ezta ordenagailuaren paperontzira arrastatu ere. Halakoentzat ez dago zaborrontzirik, denboraren zuloa izan ezik. Eta bitartean, paper hauek.

        Beste inoiz, ortura joan eta belar txarrak ateratzeari lotzen nintzaion, belauniko, gau berandua izan arren. Sekula-belarra eteten nuen, zoroaren pare, eta sakabanatuta utzi. Azazkalak lurrez bete ahala berdintzen zitzaidan sabeleko putzua.

        Egunez gainezkaldiak izaten nituen. Edozer irensten nuen, akaburik gabe. Goiz batean, hondartzako santzei begira egotetik bueltan (haien ibilera aihergaren ondamuz), harategitik pasatu eta, etxera heltzeko astirik gabe, atari batean sartu eta urdai zati bat haginkadaka lauskitu nuen, gordinik. Grinaz egin nion hozka gantzaren kailuari, hagin artean geratzen zitzaizkidan haragiaren zain gorrixkak. Gomutatzen naiz atariko kristal zeharrargian euriak jotzen zuela, eta eskaileran pausoak sumatzean suspertu nintzela handik alde egiteko lain.

        Soka horren beste muturrean baraua zegoen. Irakindako berakatz eta perrexil salda izaten nuen jaki bakarra. Haatik, ez nintzen ahul sentitzen: logabe eta jangartxu zaudenean, Bobilis-bobilis izpiritua sartzen zaizu zilborretik, eta altxatu egiten zaitu lurretik hazbetera. Eta zeure zorigaiztoaren lokatzetan plisti-plasta bazabiltza ere, lertxun sentitzen zara lur mortuen goiti hegan, maite duzun baina maite ez zaituen hori jadanik ez dagoen eskualde baterantz urrutiratzen.