Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

ATERAKO NAUTE GAITZETIK

 

M. utzi dut.

        Ordutik, lauzpabost ordu egiten dut lo guztira. Gauaren zati handiena koltxoiaren ertzei helduta ematen dut, besoak gurutziltzatuen gisan. «Ez, hori ez da hildakoen jitea» esaten dut neure artean, «hildakoak eskuak altzoan egoten dira normalean». Inbidia ematen didate hildakoek.

        Tarteka, ezin izaten dut arnasarik hartu. Iduri zait M.ren oinek bularra zapaltzen didatela.

        Ordu erdi inguru behar dut janzteko.

        Sigi-saga nabil, mozkorren antzean; edo haztamuka, eskuak paretetan bermatuz, zorua hondoratzear balego lez.

        Saihetseko mina ernatu zait berriro (kiste bat daukat giltzurrun batean, aldika zolitu egiten zaidana). Bistakoa da agurrak eta ondoezak txikot bakarrean kordatzen zaizkidala norbaiti (edo zerbaiti) erriatzeko orduan.

        Uztailetik hona derrigorrean baino ez naiz kalera atera, errekaduren batera edo etxeko zaharrei bisita laburrak egitera.

 

 

Etxe bat utzi didate Landetan. Herenegun iluntzean heldu nintzen. Lehenago ere etorri izan naiz paraje hauetara Aste Santuko oporretan, familian. Oraingoan isilka, irailaren hasieretan, arduretatik ihesi aldi baterako. «Ezin dut gehiago» esan nien jabeei, bikote lagun bati.

        Hemengo herriak bata bestearen antzekoak dira: udaletxeko plaza, erdian porlanezko iturria, okindegia, estankoa, bistrot kristaleztatua eta marmolezko plaka elizaren saihets batean, Morts pour la patrie. Erdigunetik irten ahala hasten dira etxe solteak, zein bere belardiarekin, eta tartean pinudiak.

        Duna baten gainaldean eraikita dago Le Rayon Vert. Ozeanoa braustaka aditzen da, zientoka maskorrek elkar igurztean egiten duten hots latza. Bitsezko mendela ageri da hondartzan. Han-hemen ezpata-belarrak, zilarrezko zurden antzeko. Kalatxori bat topatu nuen lurrean hilda, tripaz gora, begiak dilista horixkak bihurtuta. Hanka bat katigaturik zeukan autoa uzteko saila mugatzen duen sare metalikoan.

        Ate aurrean pilaturiko hondar-tontorra kendu behar izan nuen etxera sartzeko. Aldarte eskasa nuen halako zereginari ekiteko, baina egin egin nuen, negar-muzinak gorabehera. Paraje honetan haizea hain da zakarra, harea sarrailetatik ere barneratzen da. Pala bat behar da eskura, beste toki batzuetan eskularruak edo eltxoen aurkako ukendua behar izaten diren moduan.

        Argiak piztu, eta poltsan ekarritako mokadu bat marruskatu nuen nire puskak antolatu bitartean.

        Idaztera etorri naiz. Boligrafoa pikotxa bihurtu zait baina.

        Idatzi egingo dut, kontakizun dudana idatziz jartzeak nolabaiteko hilezkortasun-sentipena emango didalako (sentipen erabat erridikulua, bestalde). Haatik, oraingoan ere paperek aterako naute gaitzetik. Orrialde bat egunero. Neurri hori ezarri diot neure buruari.

        Mahaian paratu ditut koadernoa, hiztegia, erlojua, telefonoa eta infusioa (mendafin, melisa eta ezki-lore egoski lasaigarria). Dozena-erdi bat hartzen dut egunero; gauetan, deprax. Ez dago mina arintzerik.