Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

ANBULANTZIAK

 

euriak janzten zituen adatsak

Victor Greyson kalean

berandu zebiltzanek soilik

egiten zuten korrika trumoipean

tanten amaiera itxaroten ari nintzen horretan

ez zintudan busti nahi balkoitik behera begira

 

anbulantziak dira maitale finenak

beti bueltatzen dira zauriturik

sendatuko dituen larrialdi-tunelera

 

eta eserita nintzela

belarria loratu zenidan

eta bizkarra inurritu

nola untxiek eraldatzen dituzten lokatz-bideak

 

nola isurtzen diren malkoak

ninitik barnera

esnatzen gaitu gauak:

bi ilargidunak

zerurik ez duenak

gameluen gatazkan

lau mendi nahasi

Tokioko azokan salgai

bizigailur

bizimutur

lau tontor

eta aterperik ez

 

agian behar genuke

erizaina eta ez olerkaria

edo labana zainean

eta ez kamamila mahai gainean

edo soka lepoan

eta ez lagunen besarkadak

edo antzutzea

eta ez ohe-mendietan galtzea

 

anbulantziak dira maitale fidelenak

gasolindegietara doazenean

eta helmuga urrunetan daudela ere

beti bueltatzen dira

 

anbulantziak dira

izarretako zinemak

gazela nekaezinak

neguan ere lorik egin gabe ehizan dabiltzan hartzak

itxaropen argiak

 

anbulantziak dira

haizeak adar guztiak zartatzen dituenean ere

eta garabiek ehun eta hiru metroko

berogailuak eraikitzean ere

anbulantziak dira

gauero gonapetik datozen bidaiari itsuak

 

 

 

© Hedoi Etxarte

 


www.susa-literatura.eus