Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

14

 

Altzairuzko soarekiko neskatxon eder batek gidatu Porsche gris aterkigabea gelditua zen Kaiser Friedricheko su gorrian, Wilhelmstrasse panpoxera bihurtzeko. Berdea zartatu zenean abiatu zen errotak karrankaraziz, atzetik eroanez gizon ttattardunez emokatu BMW, Audi, Ferrari eta Mercedes lerroak. Autoen zaldietan zetzan sedukzioaren indarra. Hain maite nuen Janis Joplinek Mercedes Benz bat eros ziezaion otoizten zion Jainko Jaunari, lagun guztiek Porscheak zeuzkatelako eta bizitzan gogor lan egiten zuelako; ez zuen aski iraun gaixoak erregua egiaztatua ikusteko. RIP.

        Oihu larriaren oiharrak iratzarrarazi ninduen. Trenean nintzen. Begiak ireki nituen. Irudi arraroz betea zen nire burumuina. Aho zokoa idor nabaritzen nuen. Ezkerraldera begiratu eta lotan zegoen Nolwen. Leihotik Frantzia erditsutako zelaiak ageri ziren. Lainoak zeru sakonetan dilingo eta estanka batetik bestera biribilkatzen zihoazen hari elektrikoen kurba uhergarriek gatibatzen zidaten arreta. TGVko jargia hertsiaren kantoira eskapatu zitzaidan Frankfurteko geltokian erosi liburuarekin tematzen nintzen. Michael Kumpfmüller idazleak tuberkulosia antzeman zioten Franz Kafka zoriontsu moldatu zuen azken amodiozko istorioa kontatzen zidan eta, naski, muga zehargiak eta kez setiatu industrialdeak zeharkatu arau, Dora Diamantez maitemintzen ari nintzen nihaur ere. Doraren besoetan zendu zen Kafka gizagaixoa. Malkoa perlatzen sentitzen nuen begi hegian.

        Kontrolatzaileak bagoiaren loeria astindu zuen. Ahots zakarrez billeteak eskatu zizkigun. Punpaz esnatu zen Nolwen:

        — Non gaude?

        — Ez dakit. Tours eta Poitiers artean, nonbait.

        — Eta zu? Kafkarekin beti?

        — Amets lakarrak dagizkit abiadura handiko trenetan. Janis Joplin begietsi dut Mercedes Benz baten bolantean. Ezinezkoa zitzaidana. Eta galdera zaharrak muina urratzen dit: warum Wiesbaden? Orduan Kafkaren maitasun izugarriaren hatzetarik nabil bulta honetan. Ez al duzu uste ikerketa nahikoa kafkatarra daramagula?

        — Kilometro parrasta batera gaztigatzen gaitu eta itolarria eragiten digu bederen. Garaiz eta gorputzez aldatzeko makinarik balitz, gogotik itzuliko nintzateke 1985eko Baionako Besten hondar gaueko ordu txikietara.

        — Bi lekuko geratzen zaizkigu galdekatzeko. Dupont de la Cuna eta, Donostian, Txatxo Landaburu.

        — Argizaiolak piztuko dizkigute. Jimmy halaber aiduru dugu Basusarrin. Lavignek kontatuak kezkatzen nau. Oihu bat hauteman zuen: norena zen?

        — Emazte edo gizon batena. Ez zezakeen erran.

        — Aberearena izan zitekeela zioen.

        Ele handirik gabe bukatu genuen bidaia. Lavignek oparitu riesling ardoz hantu poltsak ahurrean eta zakuak bizkarrean atera ginen Baionako geltokitik, pausatuak bezain airos: etxeko airea kilikagarria zen birikentzat, itsasoaren gazitasun hurbila usnatu genuen sudur zuloak zabal-zabalik, eta euro bat utzi nuen berinazko borta automatikoari berme zegoen eskalearen plastikozko basoan. Europan ez zen besterik entzuten berrogeita zazpi hizkuntzatan marmaratua: euro bat jateko otoi, un euro per mangiare per favore, un euro pour manger s'il vous plait, ein euro um zu essen bitte, un euro para comer por favor, ena euro parakalo, um euro para comer... manipulazio bekaitzen inaurkina aberasten zuen pobreziaren letania etengabea zen, apaletsien miseria zelako hamarkada hauetan munduaren azalean hobekien banaturiko ontasuna, ez Descartesen zentzu ona. Europan halaber, NDFa belaunikarazi Afrikako edo Hego Ameriketako herrialdeetan bezala, kaleko euro soilarekin iraun behar zen.

        Jatetxearen parean mutiko talde bat pataskan zebilen goraki. Kasko pelatuak zituzten modaren arabera. Galtza beltzekin gizon bihurrien zapata zuriak zeramatzaten. Kulunkaz ibiltzen ziren eta besoak eihera antzera itzulikaz. Emazterik ez zen ageri. Ilunak troxatu Santizpiritu zubirantz zuzendu ginen. Zein aldeetarik jazarri zen orroa? Gambetta plazatik ala Santa Ursulatik? Lavignek ez zezakeen zehazki azaldu. Nolweni eskatu nion artxiboetan begiratu zezan, biharamunean laneko zelako. Odol tatxak edo harriaren memorian finkaturiko garrasiaren aztarnak harrapatzea espero bainuan, riesling poltsak andraideari eman nizkion eta zubiaren azpian aurkitu nintzen. Santizpiritu auzoa Baionari handizki lotzen zuen eraikinaren lehen zutoina ferekatu nuen. Noski, ezer ez zegoen. Inozentea behar zen, nire maneran, hainbeste denboraren buruan zerbait atzemanen nuela sinesteko.

        Oinezkoei debekatua zitzaien tunelaren petik abiatzear nengoela, eskularru beltzez apaindu ahurra sentitu nuen ahoan eta bi ukondo salbaiek gerritik amarratu ninduten. Nolwen deitu nuen. Erantzunik ez. Tinkatzen ninduen basaren besartean higitzen nintzen xarbo sotila amuaren puntan bezainbat, ostikari eta marrumaz. Setiatzen ninduten hiru izakiek Darth Vaderren maskarak zituzten eta urdailean ukabilkatzen ninduten aldizka. Hortzetarik isurtzen zihoakidan odolarekin nahasten zitzaidan behazuna. Jario likitsa aurtikitzen nuen eztulka. Bekaina urratu zidan zanpatzaile horietarik baten zilarrezko eraztunak. Indar eta ezagutzarik gabe hedailo nintzenean, Grezia zaharreko gorgona itsusi aurpegia mirets nezakeen. «Xahu hiz» izan zen nire azken pentsamendu arrazoitua.

        Warum Wiesbaden?

        Sugeak botatzen zituen zotinez. Lepotik hertsatu ninduen. Hats eskasez zurbiltzen nindoala, konturatu nintzen begietarik ttantta berdeak limurtzen zitzaizkidala. Aluminio hidrikoaren gustua zuten malkoak lapatu nituen mihiarekin. Mamua zazpi zangoen eta erdian zeukan buztanaren gainean zutitu zen:

        — Zer duzu beti Warum Wiesbaden marmaraz...

        — Jakin nahi dut —erantzuten ausartu nintzaion— zergatik 1970eko Eguberri egun hartan ETAk Donostian bahituriko Eugen Beilh kontsula Wiesbadenen azaldu zen sano eta salbu.

        — Ez duzu hemen deus ikasiko. Infernuko ateetan zaude. Deabruaren zakur zaunkariarekin solasean. Laster hilko zara, Amaia Ezpeldoi urguilutsua! Burua debaldeko perpausez, aditzez eta deklinabidez hanpatua duzu. Eta galdera zozoz. Zertarako nahasi behar duzu euskal jendailaren iragan mitifikatua? Ez al duzu dakizkizun xehetasunekin aski? Zuk halaber abestu dukezu ostatuetan, zintzurrak eman ahala Basabürüan Montori famatu hura? Barkamendurik gabe zenduko zara eta nehor ez da zutaz oroituko.

        — Bai, kantatu dut, hori eta antzeko beste anitz melodia txistukatu, Etxamendi-Larralde bikoteak hegaldaratzen zuen gora jauzi ta düzü erori iuplala... adibidez.

        — Ikusten? Hobe zenuke isiltzea.

        — Baina zergatik Wiesbaden? Beilh jauna ez zen horkoa sortzez. Gobernu alemanak norbait izendatu zuen Madrilekin negoziatzeko? Bordeleko kontsula? Zerbitzu sekretu amerikarrak tarteko ziren? ZDF telekateko kazetariek trukeko txanpon gisa erabiliak izatea nola onartu zuten?

        — Gudariek kazetariak atxilo eduki zituzten Mainzen, Beilhek Rhin ibaia zeharkatu bitartean Wiesbadenera heltzeko. Hogeita bost egun igaro zituen herri kartzela batean, bost gutun idatzi zizkion bere familiari. Haren bizitza zalantzan zegoen ETAren baitako nazionalisten eta marxista-leninisten arteko gatazka ideologikoengatik.

        — Irakurri nuen aspaldi Saint Petersburg Times-eko artikulu bat. Hiruzpalau egunetarik behin tokiz aldatzen zuten, batzuetan bortizki eta besteetan eztikiago tratatua zen, zaindariak ardura urduri sentitzen zituelarik. Wiesbadengo prentsaurrekoan negarrez amildu zen. Eta...

        — Ez duzu dena jakitearen beharrik...

        — Bai, orain gure lurretara bakea etorri delarik, dena jakitea komeni zaigu, aitortu ezinena barne!

        Warum nicht Wiesbaden?

        Warum nicht Wiesbaden?

        Su txinpartak, garrasiak eta ahapezko eleak hauteman nituen. Suge gorriz emokatua neukan zintzurra. Begiak zabaltzen saiatu nintzen. Bat zerraturik geratu zen. Eskuinekoa. Sorbalda mugitu nuen. Minez larrantzi nintzen. Ohe aldean zeuden mutur luzeak oro arranguraz hurbildu zitzaizkidan. Non nengoen? Purgatorioko ateetan ala? Zer zen harri-buru mehatxulari hura? Uher nekuskien paradisuaren atarian ongi etorria zegidaten aingeru begiraleak. Hila nintzen eta ez nuen gehiago berbaro trinkoen beldurrik. Ez zen gauza txarra funtsean. Bizitzan lagunak eta andraideak aspertu nituen nire ezinegon nardagarriarekin. Tanpis. Hargatik norbait falta zen linboetan. Antzara gris eraldatuaren karranka mutua libratu nuen:

        — Nolwen...

        — Hemen nago, bihotz. Lasai. Ubelduraz estalia zara.

        — Bizirik naiz orduan?

        — Bai eta nola! Kolpe galantak bildu dituzu. Beranduegi iritsi naiz zure salbatzeko.

        — Aaai...

        Batek eriaz balakatu ninduen. Prezios Marlenekin zen, amoros. Zoko eta Deborah harriturik ziren. Xanpari loriatzen zen Scully kanixea. Preziosen ezpainak higitu ziren:

        — Izutu gaituzu. Nolwenek helatu gaitu. Trenpu txarrean zinen. Suhiltzaileek ospitalera eraman nahi zintuzten, baina «etxera etxera» mailukatzen zenuen tai gabe. Bosgarren solairu honetara igo zaituztete andetan.

        — Argi gorriak, tuta lanzinanteak, aho zabal kalakaria, sugeak eztarrian. Orratzaren zizta eta makina elektroniko koloretsuen tzika-tzika jarraikiak.

        — Sokorriak laster etorri dira. Eskerrak. Zer da daramazun hitz isuri melenga hori?

        Zokok zapia eta djellaba brodatua ozkan jarriz, Deborah-ren soa bilatzen zuen. Herioaz harainditik itzuli Scullyren zaunka bipilak ninduen orobat zoratzen. Iharduki nazan desiratzen zuen garbiki. Burua plegatu eta pikura, pilula, banda meta eta erremedio ezberdinen azpian Nolwenen zerbitzuko pistola ikusten nuen, beltz bezain mehatxagarri. Egarri nintzen. Marlenek sabaia hezetu zidan ozonoaren zuloarentzat egokia bide ez zen lanbrogailuarekin. Mintzamena trabatzen zidaten hanturek eta matelako zauriek. Adiskideak estereo moduan zetozkidan:

        — Ohean zaren arren, ttantto bat irabazten doa gure jokoa. Süper da guretzat.

        — Ahaaiaiaa...

        — Isil zaitez. Eta ez mugitu, merde! Darth Vader itxurako erasotzaileek ihes egitean gutunaz hornitu dute zure gorpuzki zaurituaren saihetsa.

        Scullyren harat-honatek zorabiatu egin ninduten. Preziosek bere besape oparoan tinkatu zuen aberetxoa Deborah-ren afruntua sustatuz. Ile motots kardari hasiko zirena? Bali nuen ezkerra altxatu nuen tregoa deiez. Nolwenek azal gorriarekiko letra zabaldu zuen:

        — Zehatz ez dezakedan egunkari baten hizkiak erabiliz osatu testua dago paperean etzana. Kalitate eskaseko kola zuriarekin itsatsi dituzte zatiak. Sukalde zabarretan landua da, gurin eta kafe tatxak lekuko. Ogi pikorrak aurkituko nituzkeela segur naiz...

        — ...eta zer dio paper madarikatuak? —Zokoren ahotsak Nolwenen zerrendatzea ebaki zuen.

        Scully okerrez zinpurtzen zen. Andraideak kidearen ikara nabaritu zuen:

        — Bai... Gutunean datzana. Lau ele, zero frankorekiko zenbakia eta eskakizun bat: NON DIRA 400.000 FRANKOAK? Zer? Nor? Nondik? Nora? Norekin? Misterioz bete aho geratzen gara. Urrats bi aurrera eta sei atzera Ziburuko kaskarot alegeren pare. Amaia, sarea bota duzu itsaso uhertuaren uhinetara. Uzta meharra da, baina radarrek iragartzen duten arrain saldoarengana goaz zuzen...

        — Hau bai dela poliki errana... —erantsi zuen Zokok, Scully Deborah-ri pasatzen ziola zorri-zaku arrunta bailitzan.

        Hauteman ez nuen Marlen herabearekin begi-keinua trukatu eta Zokoren berrestea interesatua zen. Hatz potolo beltzaranaz Wiesbadendik ekarri riesling poltsak erakusten zituen. Basoak koskatuz, Alemaniarako bidaiaren bilduma egin zien Nolwenek. Prezios eta Zokok Angeluko Moura villaren zelatatzearen emaitzak agertu zituzten. Mintzatu gai nintzelako, ohe gainean bermatu eta berriz gorde nintzen mihiseen erdian, zazpi burudun piztiarekiko elkarrizketa niretzat atxikiz: bost axola Beilh kontsula eta Wiesbaden. Segundoan aldameneko ahurrak sentitu nituen, soinean geldirik egotea gomendatuz. Pairamenaren lur lehorrak udalantzen zituen hausnarraren goldeak. Janaren oihuaren oiharra entzun ote nuen Santizpirituko zubiaren lehen zutoinean? Nire dolorearena zen soilik? Irudipena hatsanka zerabilkidan minaren eraginez.

        Adio erran zigun Nolwenek. Lanera zihoan. Kontatu zidanez, pistola eta komisario txartela ateraz zirt-zart haizatu zituen atakatzen ninduten Darth Vadertarrak. Nehork ez zekien nondik jazarri zitzaizkidan. Komando zital eran bazterretan izua barreiatzen ote zebiltzan ala Jana Elgebeltzen desagertzearen aferarekin zinez lotuak ziren? Noren panpinak ziren? Eta orokorrean nola ez nazakeen maitatu, laztandu eta ohoratu hain ausartuki salbatu ninduen emakumea? Eztarri karraka etsituaz hizketan jarrai zezatela ulertarazi nien lagunei: pika belearen piu-piua zuten hasten zirenean.