Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

9

 

Su birlak ziren astearte azkorriko zeruaren zazpi izkinak. Baionako Unibertsitateko murruen gainetik ekia ausartzen nekusan. Neanderthal sendikoa nintzen orduan: mirakulua zitzaidan dena irentsiko zuela zirudien gau mehatxagarriaren ondotik. Amodioa egin genuen eta Nolwen oraindik lo zegoen mihise meta zinpurtuen eskuineko aldean. Ni beti ezkerrean jartzen nintzelako. Kafea egin nuen. Irratia piztu. Bezperako Berria hostokatu horoskopoaren bila. Goizetako keinu arruntenak hots. Hasperen sakona hauteman nuen ganbaratik. Eta orro bat.

        — Non zaude, bihotz?

        Ez nintzen urrun. Bihotz deitzen ninduen. Urtzera nindoan beroketa klimatikoaren eraginez ipar poloko hormamendien antzera. Jada gerizarik ez zuen hartz zuria nintzen edo Siberiako otso emea.

        — Etorri! Gosaldu gaitezen. Ilse aiduru daukagu eta Julieta bus geltokian.

        — Banoa.

        — Edo nahiago duzu kafesnea ohera eramatea frantses film burges erromantikoetan legez?

        — Zergatik ez...

        Gelaratzean KD irakurgailuaren maldan Nolwenen zerbitzuko pistola —segurtasunarekin— eta bere hiru koloreko marraz zeharkatu kartak begimendu nituen: nork erranen zuen bizitzak horrelako ezustea eskainiko zidala? Etsaia etsaia zen alabaina eta gure kulturan zurubirik ez zen zilegitzen. Gaizkileak ginen, mendeetan biribilkatu zen jokoan. Salbu, naski, erromatarren garaietan: izugarri ongi konpondu ginen bestalde odoltsu adina abilak ziren caesar zerrendekin. Bakean utzi gintuztela ez dut erratearen beharrik, urrea, zilarra, burdina eta kobre urdina hemendik eramatearen truke. Hondar berrehun urteetan hargatik egoera laztu zitzaigun auzo herrietako buruzagi distiratsuek, ondasunak gatibatzeaz gain, izpirituz eta mihiz berenganatu nahi gintuztelako. Eta hor zetzan Nolwen. Denborak bestelakotzen ote ziren? Gaizkile arima zeukana ofizioz polizia zen batez maitemintzen ahal zena?

        — Zer duzu so beltz hori, Amaia?

        Ez nion arraposturik eman. Nire hausnarrak nahiko barregarriak ziren mundu globalizatuan. Krisian zeuden burtsak eta bankuak, biharamun larriak zituen euroak, gobernariek salbatu hitza ahoskatzen zuten oroz hiritarren parte apalenak zuen pekatzen, eta nik, Nolwenez maitemintzen ari nintzenean, amodioaren izenean printzipiozko galderak neuzkan kasko zokoan ziztari. Musurikatu ginen:

        — Noizbait azalduko didazu zure gogoeten funtsa, ez?

        — Imilitzak dira. Ez dute baliorik. Ez bizitzeko bederen. Zurekin bizitzeko diot.

        — Kafearen kemen iluna gustatzen zait.

        Zerbait murmuratzear geratu nintzen. Ez zen berazteko unea. Arrapaladaz apailatu eta karrikan geunden. Julieta xifritua harrapatu genuen aipaturiko autobustegian. Libertate plazatik Orberako bidea hapataka kunplitu genuen. Ilse, egia zen, aiduru zetzan. Caligari medikuaren kabinetea zirudien tokira gidatu gintuen. Freuden potreta, errautsez estali liburuak eta Courbeten Munduaren jatorria margo ukigarriaren kopia zehaztu nituen. Sobera ontsa ezagutzen nuen Ilserekin larrurako erabiltzen genuen lekua. Divan malguan eratzan zuen Julieta eta hatsa hartzeko ariketa xeheekin emaztea lasaitu. Begiak hertsi zituen eta handik bost minuturen buruan ageri zen errealitate ezberdin batean zegoela.

        — 1985eko Baionako Besten azken gauean zaude. Jana Elgebeltzekin zabiltza Santizpiritu zubian.

        — Bai. Badakust.

        — Jabaldu zaitez... Erradazu ikusten duzuna. Norekin mintzo da Jana?

        — Irudia ez da argia. Biak bakarrik ginen. Aitzinean nenbilen. Atzean Janak erraiak korapilatzeraino bota zituen... Gizon bat... Gizon bat hurbildu zitzaion... Badakit nor den... Ez naiz kezkatzen... Edan dugu harekin...

        — Izena. Erraguzu izena.

        Eztia zen Ilseren ahotsa:

        — Santizpiritu zubiaren puntan nago. Ez dut gehiago Janaren hatzik sumatzen. Ez naiz kezkatzen. Gizon hura gureetarik zen. Badakit nor den. Arrangura gutxi dut. Ezin asea zen Jana. Bestari jarraitzea zuen xede. Jack Nicholson eta Peter Fonda New Orleansko hilerrian nola, hala ginen, hordi, baporos, zerebroko meandroetan agerinde bitxiak igerika. Ez naiz kezkatzen. Badakit nor den.

        — Izena behar dugu. Errateak askatuko zaitu. Arren, Julieta.

        Hipnosiatua negarrez lehertu zen. Malkoz malko agian hogeita bost urteotan opildu damua isurtzen zukeen. Nolwenen eskua nirean netxikan. Julietaren boza entzun genuen amiñi bat nahasia:

        — Badakit nor den. Mihi puntan daukat.

        — Izena ahoskatzen baldin baduzu, Julieta, berriz sortuko zara. Bizi nahi duzu. Ez orain arte nola zainak errausturik. Ez zarelako kezkatu. Easy Rider berezia jolasten zenutelako Baionako Bestetan. Ez zineten Dennis Hopperren trakakoak. Harrapariek zitzika zitzaketen neska gazteak baino. Ez zara Janaren desagertzearen errudun. Oroitzen zara gizon haren izenaz?

        — Badut. Badut. Badut...

        — Eta?

        — Txatxo zen.

        — Zerbait gehiago badakizu Txatxo horretaz?

        Bat-batean lo-komatik jazarri zen Julieta. Izutua zirudien. Betezpal astunak altxatu zituen.

        — Mintzatu naiz?

        — Bai eta nola... Nor zen Txatxo? Zuen taldeko norbait?

        — Txatxo erran dut? Baaai... Baina aspaldian ez dut lurralde hauetan gurutzatu.

        — Nolakoa zen?

        Julieta galdekatzen nerraikan. Hatsanka, ez zela deusez jabetzen errepikatzen zidan. Txatxo marmaratuz misterioa pisuagoa baizik ez zen. Orratza belar pulo baten sabelean xerkatzea zen. Edo arraina itsasoan. Edo itaxura Isturitzeko harpearen hegatsean. Ezinezkoa asmatzea.

        — Barkatu.

        — Txatxotik abiatuz zerbaitera helduko gara menturaz. Orain osagarri mentala berreskuratzeaz baino ez zaitezela arranguratu, Julieta. Guk aurkituko dugu Jana, bizirik edo hilik.

        — Hilik?

        — Hipotesia ez dugu baztertzen ahal.

        — Bistan da. Nolaz ez nintzen orduan kezkatu. Eromena da pentsatzea nolaz ez nintzen orduan kezkatu!

        Julieta harro bezain triste zen. Harri orlegia pausatu zuen Jana harrapatzeko bidean. Arinago sentitzen bide zen. Bizitzea trabatzen zion karga bat gutxiago bailuen soinean. Ilseren kabinete sekretuko potretak aztertu zituen eta banaka besarkatu gintuen estuki.

        — Zepotik jalgi behar dut.

        — Hara zuretzat hitzordua: datorren asteartean bederatzietan. Halaz zure egunak bihurtuko dira astearteak.

        Ilsek ez zuen parerik jendeen arimaraino sigisagatzeko. Julieta irten eta begi keinuz zutundu ninduen. Nolwen erakusten zidan buruaz. Baiezkoa hegaldarazi nion kopetaz. Hitzez biluzi gure solasaldiaz ohartu zen Nolwen. Paltoko sakelatik bere karta jalgi eta Ilserenarekin mutatu zuen.

        — Zoragarria izan da, misterioa bete-betean geratzen zaigun arren. Premian, telefonatu diezazuket?

        — Bai. Horretarako nago. Nire adiskideen adiskide minak nire adiskideak dira.

        — Menderatzen ez dudan zerbait badago perpaus horren gibelean. Menturaz Amaia Ezpeldoi detektibe ruralak afera hau ere argituko dit bere burdinazko barroteekiko kofoinean zerratu beharrik gabe.

        Karkazail uhargiz urratu ginen hirurak.

        Kafe espresso zainartaren haia nabaritu genuen urdailaren hurrean. Teatroko ostatuan aizolbetu ginen uhar ezkela ari zuelako. Denbora zinez laster kanbiatzen zen apirilean. Lau urtaroak egun bakarrean garatzen ziren Euskal Herrian zirautenen zorionerako. Kanpotarrek, ordea, ez zituzten maite mudantza iragarriak. Kaliforniako bero eta ortzi urdin etengabeaz ametsetan zebilenak ez zezakeen Euskal Herriko arokakofonia hobetsi.

        — Sordei da Bretainiakoa.

        — Diotenez.

        — Euria euriaren euritik euritzen doa.

        — Zureak ikusi eta ninikak kolorez husteraino.

        — Ukitzen nauzu, Amaia. Zedarri miliarraren oinetan...

        — RDVa dugu gaur Wittig-enean gure andereekin.

        Holtzaren hegiaren orekan geldotu nintzela ziruditan. Nolweni ez ote nion maitesarerik sekula aitortuko Carmenek seguritate distantzia mantentzea aholkatu zidalako behin? Amodioa autobide bat zen frankorentzat. Nolwenen saihetsean Irautik pentokaren bizkar zorrotza segituz jaisteko xendra hertsiegia zen niretzat. Igurikatzea erabaki nuen. Lanerako zen agudo.

        — Nor da Txatxo? Nondik dabil? Nola irun harekiko haria? Zergatik ez zidan Elgebeltzek Txatxo aipatu?

        — Eskakizun ugari dauzkazu, Amaia. Elgebeltzek zerbait badakiela segur naiz. Eta mende laurden honetan norbait estaltzen ariko balitz, jakin edo nahi gabe?

        — Elgebeltz inarrosiko dut telefonoz etxetik.

        — Ez duzu eskukorik ala? Berrogeita hamar urte pasatzean, mugikorrik ez eramatea edo, diotenez, Tiffanyko ordulari kariorik ez edukitzea bizitza huts egin duzulako seinalea da.

        — Zu behintzat ez zaitut huts egin.

        — Ooo... zoinen pollitta dden.

        Elgebeltz atxiki nuen linean. Noski bazekiela Txatxo nor zen. Donostia aldeko errefuxiatua zen. Famatua erakunde armatuaren ideologoa zelako. Txatxok zituen adibidez gaur hainbat arrotz zaizkigun euskal nazio borroka edo klase borroka tematika bateratu ezinen alorreko eztabaidak kudeatzen. Marxismo ikasgaiak antolatzen zituen Baiona, Maule, Garazi edo Uztaritzeko militanteentzat. Bai eta self defense sailekoak ere Landetako oihaneko pinudietan. GALeko mertzenario odoltsuak etorri zirenean gorde zen. Erraten da Hego Ameriketako herrialde isildu batean dagoela izen eta aurpegi faltsu batekin.

        — Garrantzia zuela susmatu izan banu, Txatxoz mintzatuko nintzaizun lehen bilkuran berean. Ilbarritzen datzan Marti Izoztak nik baino hobe ezagutu zuen. Janarekin ibiltzen zen. Nola atzeman duzu Txatxoren hatza?

        — Julieta Iksek hitz egin digu. Izena mihi puntan zeukan eta hipnosiari esker erori zaio.

        — Hogeita bost urteren buruan?

        — Bai, ahanzten, deus ez baita ahanzten.