Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

1

 

Argi zurbilek iraitzi soroaren orlegitasunak ilusitu ninduela aitor dut. Zuriz, gorriz eta urdinez apaindu deabruek hegaldarazten zuten baloia. Mukuru zen kirol zelaia eta apirileko haize hotzak ez zituen ikusleak haur mukizuen antzera mugitzetik trabatzen. Oihuz eta laidoz errausten zituzten Miarritzeko jokalariak ekintza eder baten garatzera zihoazen oroz. Yachvilik zigor ostikoa Baionako hagen artera luzatu zuenean, aho batez kantari zebilen populua: «huts eginen du!, huts eginen du!». Yachvilik ez zuen dudatu alabaina.

        Baionako Aviron taldearen alde nintzen. Derrigor. Batetik, Lapurdum ohiko izen gabeko klinika batean sortua nintzelako eta, bestetik, Zilia adiskideak sarrera oparitu zidalako ez dakit zeren karietara. Peña Baiona sustatzaile saldokoa zen Zilia, eta aldi berean partida hasi aitzineko ikusgarriaren euskarazko ahotsa. Pottokarekin ederki berotzen zituen kirol zehatzarentzat baino gehiago Jean Dauger estadioan laurogeita hamar minutuz sortzen zen giroarentzat etorri hiritar bipilak. Miarriztarren Geronimo indioaren balentriak dastagarriak ziren halaber. Kamioi zaratatsuan hupaturik, hiria trabeskatua zuen goizean, harro, merkatuaren tenorean, baionarrak probokatzen.

        Pasioa bihikatzen zuen ehun urteko ekipak. Lehiaketa abiatzear zegoela, urtea eskas, Avirongo zuzendaritzak bideratu psikodrama ahantzia zen: betaurreko beltzekiko mafioso itxurako enpresaburuak eta udalak diruz erosi zuten baionarren ohorea. Jokalariak, trebatzaileak eta arduradunak baltsari miretsi eta legendaz troxatu herenegungo errugbilarien oharrak entzun genituen, zazpigarren zerutik zetozen boz sakratuak bailiran. Baina hori bost axola: derbi egunetan betidaniko sinbiosi misteriotsuaren hegala hedatzen zen Baionako lantokietan, karriketan, ostatuetan eta berdetasun ilusikorra zeukan belardian.

        Bandera zuri-urdin bat eman zidan Ziliak. Avironen himnoaren hitzak eta, orriaren atzealdean, errugbiari zegozkion euskarazko eleen zerrenda. Ama bat bezala zaintzen ninduen. Bazekien, argi azkorriko sei kilometroko lasterrez gain, ez nintzela baitezpada kirolari atxikia, are gutxiago errugbiari: euskaldun zintzo anitzen pare salbai eta frantses jostailutzat neukan, nire euskalduntasunaren erabateko zintzotasuna frogatzeko geratuagatik. Baina hau beste istorio bat zen.

        Baionarrek multzoa hautsarazi zuten zelaiaren erdian. Bat-batean lerro zuri-urdina osatu zen. Uhin larderiatsuaren moduan miarriztarren marrara hurbildu eta Remik entsegua markatu zuen. Gizon bakar, bozkariotsu zutitu zen jendaldea, auzoa txalotzen eta besarkatzen. Erran gabe doa ni ere txaloz zinpurtu nintzela.

        — Hauxe, hauxe...

        — Irabaziko dute?

        — Zergatik dute? Etsaietarik zara ala?

        Saihetsean nuen tripatsu satisfosak besterik ez zidan ahoskatu begietara beha. Ez zen edonorekin kexatzeko ordua oizu! Marea zuri-urdinaren abestiak itolarrian harrapatu ninduen: allez allez les bleus et blancs de l'Aviron Bayonnais... Euskarazko bertsioa altxatu zen handik laster, katedralaren oinarriak inarrosiz: agur agur Aviron Baionako ekipari gure herriko xuri-urdinei biltzen gaituen Jean Dauger zelaiari... Besaitzina oilo larruz ttakatzen sentitu nuen, ninika busti zitzaidan eta bihotzaren hondoan hazi zorion zozoz hantu nintzen. Handiosa zen. Erraldoia. Anartean miarriztarren indioak ipularretan bermatu zuri-gorriz apaindu zaleak akuilatzen zituen. Ez baitzen partida oraindik bukatua.

        Denbora erditan aldameneko gizonkotea aurkeztu zitzaidan deblauki:

        — Matias nauzu, Santizpiritukoa. Eta zu?

        — Amaia, Baiona Txikikoa.

        — Lehen aldia duzu?

        — Bai. Ageri du ala?

        — Noski... Ni segitzaile suharra naiz. Etxean eta kanpoan sostengatzen ditut. Harpide txartela daukat. Aitarekin etortzen nintzen Maurice Zelai eta antzeko piztia jenialen haiatzera. Ikusiz egungo egoera nahasia, zoriontsu nago oroitzapen argitsuak bederen edukitzeaz.

        — Baionak eramanen du gaurkoa?

        — Baliteke, baina ez gara alor guztietan hardit eta adret. Ostikolari jeinutsu baten premia genuke naski. Horretan Yachvili gaitza da. Miarriztarren onak ezagutzen badakigu, zer uste duzu? Kontatuko dizut zerbait.

        Hatsa sakon hartu zuen kapelua, lepokoa, atorra, soinekoa, zapatak, ordularia, etxeko giltzen soka, menturaz galtzoinak ere zuri-urdin zituen Matiasek.

        — Duela bi udaberri Miarritzeko Aguilera estadioko sarrerako BO Pays Basque izenak zekarren burdinazko Y-a desagertu zen eta Pas Basque egiten zuen. Miarriztarrak haserre gorrian urtu ziren eta ebasketa baionarren bizkar jarri zuten. Hara non itzulerako derbian zoritxarreko Y hura berrazaldu zen, alimalea, Baionako tribuna nagusiaren gainean. Horrelakoak ehunka baditut.

        — Kasu... miarriztarrak kalipuz daude.

        — Iruditzen zait gureak egin duela.

        Ezpainak zimurtu zitzaizkion. Betazalak apaldu zituen. Errugbian ni baino jakintsuagoa zen batengana inguratu zen. Zortzi minutu gelditzen dira. Baionak aski zukeen entsegu transformatu bat partidaren eramateko. Matiasek entzun ninduen:

        — Sostengatzaile berezia zara zu. Miarriztarren joko tximista galantak goresten dituzu eta nahi zenuke Baionak irabaztea...

        — Ene kontradikzioak dira... Begira jauna! Zertan dabiltza orain pataskan? Denbora badutela uste dute ala? Eta nor da jokalarien bereizteko belardira jauzi egin duen zahar hori? Sinestezina da!

        — Hariñordokiren aita da! Bazauzu! Semearen laguntzera doa, ukabilka zenbait ereinez han eta hemen!

        Txapela kopetan ezkel zeukala, zaindari gihartsuek garaztar izarraren etxekoa trapua bailitzan jalgi zuten eremutik. Behatzaileek ez zuten sekula horrelakorik begimendu eta derbiekiko ipuin harrigarrien zerrendan geratuko zen distiraz. Matias hargatik irriz urratzen zihoan on est cuit on est cuit errepikaz. Ikuslegoaren ezinegona palpagarria zen, ukigarria, klaskak, txaloak, hustuak, irainak gehitzen zitzaizkiola.

        Espero genuen entsegurik ez zetorren. Behereko jargietan euskaldun zahar bat artega ageri zen:

        — Jokoz kanpo dago... arbitro koskoila!

        Koskoila hitza orroatzean zutitu egin zen afruntatua, horrelakorik emazteen aurrean ahoskatzen ez bailitzan. Kopeta makurtu nuen, ohitua nintzen, eta zer? ihardesteko moldean ahurra zabalduz. Funtsean, euskaraz izan arren ele pornografikoek ez ninduten izutzen, are gutxiago ahalketzen, ekintzek eta jaidurek baizik. Haurtzarotikako minberatasun larrutzaile batek ninderaman beti umezurtz antzera. Sumindura ziztak baztertu eta harmailetan jauzika jarraitu nuen partidan zehar auzo eta gidaria suertatu zitzaidan gizon plaxenta. Etsitua zen:

        — Baionar malestrukek eskuak sobera herabe dituzte eta irudimenik gabe ari izan dira. Astean hamar entrenamendu dauzkate omen eta benetan besterik igurikatu genezake ongi ordainduriko profesionalen partetik. Badakizu Ekis jostalaria egun ikusi dugula lehen aldiz zinez korrika eta ikasi ere beso biak erabiltzen ahal zituela! Oporretan daudela uste dute ala? Eta erranen dizut zerbait: ez du zalduna aldatzeak zamari nagia hobea egiten...

        Matias mutu ezina bihurtzen zuen baionarren deboilak. Ikurrinak eta bandera zuri-urdinak plegatu ziren. Ateka hertsietarik trinko jalgitzean, adin kanonikoko andereak afruntuz amiltzeko gai zitezkeen laido zorrotz bezain garratzak trukatzen zituzten miarriztarrek eta baionarrek. Baina ondoriorik gabe, txiste memorableak salbu, hondarrean guztiak munduko adiskiderik hurbilenak baitziren eta derbietan kirolak munta handirik ez baitzuen.

        Ogiz, zirkuz eta garagardoz ase populua oldeka barreiatu zen estadio ondoko ttattoletan, lantzer eztiaren azpian, elkarri desafioz, Baiona Txikiko ostatuetan hirugarren denbora harilkatzeko prest. Jean Dauger ferblankezko tupinaren pare betetzen eta husten zela hausnartzean, pasaia murritza tapatzen zidan abere puska bat bulkatu nuen:

        — Ez diezu mezuei ihardesten?

        — Ez zaitut ezagutzen.

        — Daniel Elgebeltz naiz. E-mail bat bidali dizut duela sei aste. Samintzen nauzu arras.

        — Nik?

        — Bai... Gu bezalako jendaila apalari kasurik ez eginez egokiro biziko zarela uste duzu? Ez zaizu merezi?

        Xifritua nintzen bat-batean. Horrelako gorroto oldea nondik zetorkidan ulertzen ez nuelako bereziki. Baionarren kostuz hiru oren eder gozatu nituen Matiasen konpainian, eta hara zakurrek ere nahiko ez zuketen hezur batekin tematu behar nuela Genieko zubiraino.

        — Arrebaren berririk ez dut. Badu hogeita bost urte.

        — Aspaldiko istorioa da.

        — Baionako bestetako argi-zirrinta batez galdu nuen Janaren hatza. Bilatu dut denetan, hiltokietan berdin haren gorputza, zer gerta ere. Baina ezer ez.

        — Ameriketan da menturaz...

        Danielek mesprezioz hantu buhako bat askatu zuen Amerika murmuratu nuenean. Ihesi joan behar banu, ni lehen-lehenik Ameriketara abiatuko nintzen bistan dena, edo Malira, edo Greziara. Nire arrapostuan ez zen den mendreneko gaiztakeriarik. Baina gizona erreus zen, zainetan, aditz bakoitzarekin ozpina aurtikitzen zidala begietara. Sorbaldetarik hartu eta luma-zaku zorritsuaren maneran inarrosi ninduen:

        — Hastio zaitut dagoeneko.

        — Ez dut zure amodioaren premiarik.

        — Zein aldetan zaren ere ez dakizu.

        — ...

        — Gauza eta egoera argiak gustatzen zaizkit.

        — Zuretzat ilunena, beraz, bizitza mutxitzen dizun Jana arrebaren desagertzearen afera da.

        — Ez zaitezela nitaz trufa.

        — Horrelakorik ez da nire egitekoetan sartzen.

        Gogoetatsu borobildu zen Daniel Elgebeltz. Intziri beltzuria askatu zuen. Etsirik so zegokidan. Errudun sentiarazi nahi ninduen. Baina ez nintzen munduratu lagun proximo ezezagunen hoben eta min guztien garraiatzeko. Mihi haguntsuaz busti zituen ezpainak:

        — Ezin dut gehiago. Gurutzatu ditudanak oro asper egotzi ditut. Familia kideak. Herritarrak. Mende laurden honetan hirira etorri polizia arduradunak. Debaldetan. Jakin egin behar dut.

        — Ni naiz orduan zure azken aukera?

        — Zoritxarrez.

        Daniel Elgebeltzen oharrak erraiak labaindu zizkidan. Izpiritua dilindatu nuen zubia saldoan hain alegeraki zeharkatzen zuten Baionako zein Miarritzeko sostengatzaile lerro zoharretan, argizaiolen uhargietan perlatzen zihoan lantzer malko bakoitzean eta apirileko gau samurraren baitan. Zergatik kezkatu? Ez nuen maitatua izateko ohiturarik, ez eta horretarako eskaera zehatzik. Leinuz leinu merezitutako zerbait zen amodioa alabaina, ederra, aberatsa eta boteretsua izanez gero. Elgebeltzen begietan nigan ezaugarri horien falta nuen irakurtzen. Baina baneukan ederrek, aberatsek eta boteretsuek ez zuten altxor bat: erraz bihozkatzen nintzen, urrikaltzen eta urrezko aldareak uka nitzakeen jendeen arteko harremanik biluzienaren izenean. Eraz, trakaz, zakuaz edo zorroaz axolarik ez nuen. Daniel ez zen konturatzen zuen zorte onaz. Atzemanen nion arreba... bizirik edo hilik.

        — Baduzu Janaren argazkirik?

        Cordeliers karrikaren juntara heltzean utzi zidan karta:

        — Elkar gaitezen bihar Robber tabernan. Bederatzietan. Kaferako. Txostenak ekarriko dizkizut. Arren, zoaz orain zure urrixarengana... hau eta hura galdekatuz dena jakiten baita hemen.

        — Salbu zure arrebari dagokiona.

        — Eiki.

        Tua zintzurrean korapilatu zitzaiola zirudien. Danielen bisita-txartela purtzilikatu nuen hatzetan. Garagardo epela burrustan edatera gonbidatzen ninduen Matiasek urrunetik, algaraz eta tximinokeriaz. Etxera nindoala ulertarazi nion. Nire lehen derbiarekin batera erbia jazarri zitzaidan lurraren sabelalde hirotik.

        — Zoritxarrez... galdu egin du Baionak.