Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

11

 

Buruhandi iratzartu ginen goiz hartan. Ez nuen lasterka egitera jaisteko kalipurik ere. Ordez, eki izpiek mahai gaineko errautsak nola distirarazten zituzten beha nengoen sukaldean. Nolwen seietan joana zen lanera. Ahoa idor. Wittig tabernan hurrupatu genuen riesling ardo maitagarria loriatzen zen kopetaren atzealdean ostikoka biharamunetan. Alta, bezperan, ahantzirik Jana Elgebeltz gaixoaren destino petrala —hauxe, hauxe duk/n hauxe—, solasean higatu ginen Preziosekin eta Zokorekin, Bokaleko lesbian speed dating entzutetsutik lagun banarekin etorri zirelako. Preziosen andraidea informatikan erregindutako neska mehakoila zen eta Zokorena, aldiz, Hollywood Boulevard ospetsuan gurutza zitekeen bularralde eta ezpain silikonatuekiko pin-up haietarik: gutxitan uztartzen ginen gure antzekoarekin; alderantziz, beti ezberdinera bulkatzen gintuen amodioak.

        Gaua baino beltzago adelatu nuen kafea. Irratia pizturik neukan. Lau egun zaharreko Berria hostokatzen nuen nagiki. Krisi ekonomikoaren larritasuna, Merkelen lasaitasunerako deia, Siriako sarraskia, presoen egoera larria aipatzen ziren; eta iritzien orrialdera punpatzean, Laurinda Etxeberriren artikulua begimendu nuen: Euskal Herria utopia bat zenez eskatzen zebilen izenaren azpian idazlea eta euskaltzain osoa zela berretsiz. Euskaltzain erdia edo laurdena edo herena izaten ahal bailitzan... marmaratu eta irriz lehertzear nengoela inarrosi ninduen telefonoak. Anaia zen.

        — Piarres Harrizperen ehortzetara jinen hiz araiz?

        — Hil baita?

        — Bai eta nola. Lanean. Ez baitzen gelditzekoa, bihotzaren akuilatzeko pila ezarri ziotenetik. Arratsaldeko hiruretan dun. Ez dezanala ttantta Joanarena bezala huts egin gero!

        — Hor nukek. Ttanko. Baditiat gauza zonbait egiteko artean. Ez hadila inkieta. Sarridio.

        Ez nuen beste beharrik.

        Tormenta altxatu zitzaidan kasko zokoan. Aspirina urtuarazi nuen kafea aitzin edateko. Betezpalak ninikei itsasten zihoazkidan, begiak bilgorrez astunduz. Torratzen nituen arraiki. Azkorri neketsua nuen benetan eta, gainera, nehor ez aldamenean. Galderak salbu: zergatik ez ninduen anaiak lehenago abisatu? Ez zukeen denborarik ukan edo, egiatiagoa zena, ez ninduen etxean atzeman. Zintzurrean beherako kafearen isuriak jabaldu zizkidan zainak. Piarres Harrizpez oroitzen saiatu nintzen: langile amorratua zen, gerla handiak eginak zituen, haurrak zuhurki altxatuak, emaztearekin ederki konpondu zen berrogeita hamar urtez eta auzoei esku ukaldi baten emateko plazera ez zuen sekula ukatzen. Aski zen deitzea eta etortzen zitzaizun, salda eta arraileria partida on baten trukean. Igande euritsuetan herrian korrika nenbilenetan bere Dyane kotxe urdin-arinarekin gelditzen zitzaidan saihetsean:

        — Bustiko hiz! Etxeat emain hut. Haui!

        — Ez... milesker Piarres, presatua nuzu gaur...

        Beti ihardespen berdina hegaldarazten nion. Ikusten nuen gero arrasemeak garrazki makatu zion beribila bidean sigi-saga ausartzen. Banekien orduan nahiago nuela hezurretaraino txipatu, ezen ez eta Zernaitzeko arroiletan bizitza egundainokoz xahutu. Piarresen ohorez kafe tilika bat irentsi nuen eta Nolwenek mahaian pausatutako Jean Lavigne jaunari buruzko txostenean iltzatu zitzaidan soa.

        1985eko larrazkenean Poliziak bortxaketa sailetik lekora galdekatu lau lekukoetarik zen Lavigne hau. Bizirik zirauen bakarra. Wiesbadenen kokatzen zela erakusten zidaten Nolwenen paperek; ezkondua zen ardo ekoizle handios baten alabarekin eta bazituen lau ondorengo. Ez nuen ulertzen zerk eraman zuen Baionatik hain urrun. Funtsean ez nezakeen gehiago konprenitu nola iraun zitekeen Baionatik kanpo. Eta ez nintzen soilik Aviron Bayonnais taldea sustatu beharraz mintzo. Baizik eta zeruaz. Santizpiritu zubiaren erdigune geodesikoaz. Itsasoaren hurbilaz. Aturriko uholde buztintsuez. Ortzaiz uherretako mendi lerroen presentziaz. Barnealdeko harpe eta gordagi sekretuez. Erreka zikinduez. Pannecau eta Tonneliers arteko mozkorti trauskilez. Isiltasunaz. ZUPetik autobusez jaisten ziren DC zigiluko diamante faltsuzko gerrikoekiko mutiko eta neska zuri-beltz-beur zaratatsuez. Heriotzaz. Aski erosten ez genuelako mutur zerbitzatzen gintuzten dendetako langileez... ezinbesteko Baionaz, hots.

        Ordenagailua piztu nuen Boble bilatzailearen haiatzeko. Benetako zakur ihiztorra zen. Lau segundoren buruan Wiesbadengo ziberrostoan nintzen sukaldetik kantitu gabe. Herzliche Willkommen. Hesse eskualdeko hiri nagusia zen. Baratze, eliza eta termaz hornitua. Azpimarragarriak ziren pare bat gauza idatzi nituen Jean Lavigneren txostenaren azalean: erreumatismoa sendatzeko ura hurrupa zitekeen, Nero puntara igo indar hidrauliko soilaz bultzatu trenarekin, eta Biebrich gazteluko parkeko tekno-gaualdi izerditsuetan zotükatü (Zuberoan generrakeen moduan). Henkell xanpaina eta Riesling trocken edaten ahal zen halaber Rhin ibaiaren hegietako ttattoletan. Donostiarekin birazkatua zen. Gustatzen zitzaidan. Zena zelakoa, Nolwenek billeteak manatuak zituen osteguneko. Frankfurtetik agudo elkartuko ginen Wiesbadenen, ordu eta hizkuntz aldaketen jetlag gogorra digeritzen.

        Mugitzekoa nintzen. Nolwen deitu nuen arratsaldean Piarresen ehortzetengatik, ez ninduela etxean harrapatuko jakinarazteko eta, oldean, nagusiarekiko hitzordua finkatu hamar egunen buruan zetorren Pazkorainoko oporrak pausatzeko. Hartzeak nituen. Egitekoak ere bai: dirua derrigor ateratzea, adibidez. Ez noski bankuan neukan diru guztia. Ez nintzen Eric Cantona. Nire guzti hori ez zen hain segur nahikoa CAC40 edo DAX burtsako seinaleak lerrabide izutuan jartzeko. Irakurle, lasai. Txantxetako jaidura alferrak baztertuz ernatzea baizik ez zitzaidan geratzen. Okindegia. Posta. Lantokia. Libre nintzen pazko bezpera arte. Karimek preseski eskola-oporrak behar zituen. Zuzendariak apirileko azken hamabost egunetan laneko iragarri ninduen goiz, arrats eta eguerditan: angelusa kantatua zen meza eman baino lehen.

        Ekiak euriaren meneko abandonatu zuen ortziaren zabalera Nolwenen autoa erabiliz herriratu nintzenerako. Konkorreraino betea zen plaza. Eliza umilaren sabeletik jazarri intsentsu usaina uharraren gristasun tematsuarekin ezkontzen zen. Jendez tinketz zeuden kalostrapea eta barnea. Galerietara lehiatu nintzen, saihetsetako ezagunen behako harrituetarik ihesi. Behingoz, nioen nirekiko, gizonen ikuspuntutik segituko nuen Piarresen ohorezko ofizioa: gainetik eskola-lagun ohiak eta nor falta zen zehazten saiatzen nintzen. Haur denboran gurutzatu eta ene mundua antolatzen zuten zahar konkortuak, matolariak, zirtolariak, pataskalariak, haize azkarrek akoteak aldrebesten zizkieten amatxiak oro harren hazkurri ziren engoitik. Apezak —hortzetatik minez zitekeen— Piarresen on-gaitzak totelkatu zituen. Guretzat, txikitatik, momenturik estimatuena zen predikuarena. Debaldeko euskaldunak ez ginen arras, alajainkoa!

        — Jakizue, norbaiteneko norbait zela Harrizpe. Fedezko urratsei atxikia. Laborari abila. Irri egitea maite zuen. Laguntzea, bistan dena. 1967ko Aretten lurra ikaratu zenean, Piarres sokorritzaile taldeen emendatzera joan zela ikasiko duzue. Ez dezagun ahantz pilotari bezain muslari trebea genuela. Bihotzean pila jarri ziotenean, medikuek bizitza berria eskaini ziotela errepikatzen zuen. Bost aldiz gehiagoko kemena gastatzen zuen eguneroko zereginetan. Lukasen liburuko hitzak berretsiko zituen gurekin batera: «zergatik biharrera albora gaur bertan konpli dezakeguna?». Isiltasun bulta bat orain Piarresez gogoratzeko.

        Hilkutxan ponpolinaturik eta igandeko arropez bezti zetzanaren doluz negarrez hipaka hautematen ziren alarguna, haurrak eta arrahaurrak. Askaziak. Lore sorta erraldoiak metatzen ziren aldarearen maldan. Zetor putarlarien irudiz edertu oroigailuak zenbatu nituen. Orga karrankalariaren timoia traktoreari lotzean zendu zen hain zuzen, gure gurasoen antzera sekula hil ez zitekeen Piarres. Piano-joleak erraiak korapilatzen zituen betiereko zoriona hil honi eman otoi jauna abestiaren ahaidearekin tematu zen. Gizonak elkor eta emazteak mikatz, ahots zainartez sartu ziren musika dudatsuaren urrakoan. Ur benedikatua ttanttakatu zuen apezak lau haizeetara, bereter mozkoteak intsentsua barreiatu bitartean. Fededunak oro gizon bakar —edo emazte, gustuen arabera— bermatu ziren, aulkiak herresta eta galerietako egurreria zaharrak klaskaraziz. Bost auzoek zilarrezko gurutzea eta hilkutxa jalgi zuten, jendalde bilduak zerua zerua zerua saritzat abesten zerraikala.

        Zerua beltzurdina zen kanpoan. Atertu zuen hargatik. Azken otoitz bat marmaratu genuen eta pika beleen maneran presatu ginen zein gure tribuetara.

        Anaia solastatu nuen:

        — Ehortzeta ederrak, ez?

        — Bai. Zinez. Pasa hadi etxetik...

        — Ez diat denborarik.

        — Kolazionera gonbidatuko hau Martxelinak.

        — Emazkiok agurrak ene partez.

        Ele samurrak trukatu nituen koinatekin eta desagertu nintzen, inguma. Ez nuen gutiziarik lekuko ama-oldeekin geratzeko. Mende erdia bihikatuagatik, beti galdekizun berdinak zeuzkaten nirekiko:

        — Ez hiza ezkonduko? Norbait badukeen, bistan dena...

        — Eta, lanean hasi hintzen dohaikabe?

        — Parisen, ez?

        — Haurrik baduna?

        — Ez, Elixabet —zerrakeen Mamaik—, ez bada ezkondua, ez din haurrik ukaiten ahal.

        — Gaurko mendean gertatzen dena bahaki, Elixabet...

        Irriz purruskatuko ziren biak. Eta ni, erran zitezkeenaren muga suntsitzeko oldar gaziak ezpainetan, balizko aitortzaren limes haren kontra aurtikia suertatuko nintzen. Ez zen zaila hitz egitea. Bazitekeen herrian nitaz beste argamaxarik! Baina ez, mutu nengoen. Bitxiki. Ez nekien zeren beldurrez. Ez gintuen halatan jainko bekaitzak ausart hezi.

        Janak nire aldean, orain arte nekienaz bederen, ez zuen bihotzeko hotzarekiko izurik: hausnarrean nenbilen, bizitza labur hiltzea segur salmokatuz, Janaz jakina mentalki zerrendatzen, Daniel eta Martiren lekukotasunak sailkatzen, Marieta zein Julietaren gontzetako herdoilak kontsideratzen, eta laster Wiesbadenen ohaturiko Jean Lavigneren ezagutzea irudikatzen. Bi pista banituen: serial killer monomaniatikoarena eta erakunde armatuarena. Ondorioen mailan biak batera zetozen eta Jana nonbait urtua zen. Gurutzunearen aurkitzeko ordaintzen zidaten Danielek eta Martik.

        Glaineko eremuan aparkatu nuen Nolwenen ontasuna. Euri ezkelak begitartea zafratzen zidala, zanpa-zanpa itzuli nintzen Baiona Txikira. Harrotasun ukitu uhinak eroan ninduen Errobiren hegietan: herabea nintzen, baina ez nuen nehoiz aukerarik galdu, lana maite nuen, Pep Guardiolak Kataluniako parlamentuaren urrezko domina papoan dilindatu ziotenean, mailukatu zuena errepika nezakeen: estimo el meu ofici, l'adoro... egiaz lau bider begietsi nuen Barçako trebatzailearen mintzaldia TV3.cat gunean:

        Si ens posem a pencar... som un pais imparable.

        Wittig eta Madonnaren haritik Pep Guardiola.