Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

6

 

Eguerdi pasatuxean, dutxatik lekora, ordenagailuaren aitzinean plantatu nintzen. Elgebeltzen Moura villa erraldoia nonbait begietsia nuen. Memoria inarrosi eta inarrosi, ez nintzen ezertara heltzen. Parisko enpresa publiko ospetsuan garbitzaile lana aurkitu nuen urteko istorioa zen alabaina. Boble bilatzaileari esker, orduko Egin egunkariaren orrialdera hupatu nintzen: Angeluko hondartza hegiko etxe horretan ETAren arma gordagia bazen, sotoetan hain zuzen, ate hidraulikoz irekitzen eta zerratzen zena. Argazki batean ageri ziren polizia antiterroristak harrapatu gerra tresnak, paper faltsuak, frankoak eta pezetak trumilka. Paristik etorri jujeak erran zuen, atzeman zen zulorik emankorrena zela. Mouraren jabea eraman zuten burdinez loturik; bai eta olde berean erakunde armatuko bosgarren, laugarren eta bigarren postuan zeuden nagusiak kostaldean atxilotu ere. Haiek aterpetzen zituzten herritarrak barne.

        Ondoko artikuluak arakatu nituen. Daniel Elgebeltz ezagutu nuen argazkietan. Anitzez gazteagoa, bistan dena. Bizarrarekin. Herria salbu ikusi arte... Arestiren poemaren arabera egiten baitzuten abertzale fidagarrienek. Irri egin nuen: gaurkoan islamista fundamentalistak zebiltzan bizarrarekin karriketan, agian helburu berdinarekin.

        Robber ostatuan bildu ginenean ez zidan Elgebeltz kokinak deus salatu. Bost larrazken pasatu zituen kartzelan. Baina ez zuen Jana arrebaren desagertzearekin lotura izpirik. Edo bai? Beharbada soto zizkolatsu hartan zetxikan preso. Egitura hidraulikoak betirako balio zuen. Zer gertatu zitzaion Janari? Nor zen hain sanoa, plantakoa eta gisakoa ematen zuen Elgebeltz jauna? Ongi olioztatuzko zilar distiratsuzko besoen zurrungek sehaska kanta eskaini zidaten eta, bazkaldu gabe, loak hartu ninduen ordenagailuaren teklatu gainean.

        Hirurak aldera joaldi xeheak igarri nituen apartamentuko atean. Betondoak torratu, kanpora begiratu —euria ari zen tai gabe— eta Mekara joateko beztitua zen Zokori zabaldu nion borta.

        — Trabatzen zaitut?

        — Oraino ez.

        — Igandeak zailak ditugu, ez? Aho sabaia idor esnatu naiz. Alta ez dut zuek gazura bailitzan milikalapatu duzuen ardo zuri hartarik edan.

        — Rieslingetik?

        — Erlijioak debekatzen didalako. Bestela...

        — Gogoratzen naiz burka ezarri aitzineko uneetan ez zinela arrailtzeko azkenetarik.

        — Nola aldatzen diren gauzak kamaraaada!

        — Uste duzu erraza dela guretzat burutik oinetara trapu beltzez setiatua den batekin ateratzea? Wittig tabernan bakarra zara. Ez gaude bonbaketa amerikarrek zitzifrikatu Kabulen arauz!

        — Ez dugu aske bizitzeko deretxorik? Islama fedetzat daukaten lesbianez zer?

        Isiltasuna hedatu zen gure artean. Zuloa neukan zerebroaren tronaduran. Kafearen berotzera presatu nintzen. Trinkili-trankalaz. Amama zenaren mantalet eta kapeleta zirudien oihal iluneko jantzian igeriz, Zokok telebistaren managailua kitzikatzen zuen. Euskaldunontzat beltza doluaren kolorea zen. Adin kanoniko beraztuarena. Zoko gurutzatzen nuen aldi oroz Otsabideko atso saindua figuratu nezakeen: meza bidean gora zihoan matorekin, arroiletarik jaukitzen zitzaizkion nahar abar bihurrikariak trenkatzeko.

        — Badakizu Bokaleko Kausa elkartetxean badela lesbian speed dating saio bat gaur? Etorriko zara?

        — Lanean naiz bostak eta erdietarik hamarrak arte.

        — Preziosekin noa.

        — Hauxe parea! Agian lortuko duzue. Zazpi minutu elkar ezagutzeko ez da asko. Segur naiz epe labur horretan espantu zenbait sakatuko dituzula...

        — Prezios biziki ona da. Gezur galantak biribilkatzen ditu. Hargatik arrakasta gutxi du. Neskek ez dituzte lodiak begiko, bereziki larruz beltzak direnean.

        — Prezios izugarri ederra da. Ez al dio nehork erran?

        — Zuk...

        — Baina ez du nirekin oheratu nahi.

        — Badakizu zergatik? Ezin egona duzulako, ezin egona zarelako. Borobilduen lasaitasuna maite du oroz gainetik Preziosek. Zirkuluaren nasaia eta haragizko labirintoen itzal-argi intimoa. Zain-birla sutsua baino ez zara. Inork ez zaitzake maite.

        Hartu ezan hori haginetan... ezkerreko hatzez matela torratu nuen uppercut gaitza bildu bainuen. Funtsean nire kontura egiak entzutea ez zitzaidan laket. Kexatu gabe onartzen nituen ohar mikatzez mozorrotu gaiztakeriak, besterik egokitzen ez zitzaidala pentsatzera iritsia nintzelako hondarrean. Banuen blingbling aire bat, aitor dut, beso muturrean Rolex karioaren ordez Amnesty Internationaleko kideek behin oparitu ordularia neraman arren. Zoko altxatu zen sofatik falbalak oro hegaldaz:

        — Ez zatoz gurekin?

        — Karim eta Dede nire aiduru daude.

        — Eta... hortxe armairu izkinan dagoen bandana zuri-urdin hori... ez ote dut barda Nolwen lagun berriaren lepoan begimendu?

        — Baliteke.

        Xederan harrapatua nintzen, kurkuiz herabearen maneran. Ez nuen Zoko engainatuko. Abilegia zen. Kikizaika jalgi zen apartamentutik. Berrogeita hamar urteak gainean genituen eta herriko eskoletako aterpeetan jostatzen ziren neskatilen izpirituak geneuzkan. Bizitza gibelekoz aitzin balihoakigu bezala. Gizonek mende erdiz ustiatu andreak abandonatzen zituzten anitzez gazteagoekin itzul-ipurdika zinpurtzeko. Emazteek beraiek sinesten zuten adin horretan birziklatzerik merezi ez zuten zabor bilakatzen zirela: larrua gorriduraz zimurtua, bularren erorketa latza, sabelen hantze iragarria, aluen ezinezko lehorreria... bakartasun tristez azpatu egunerokoa zeramaten, bakartasunaren errudunak zirela ustez, eta hitzordua finkatzen zuten psikologoarekin, depresio hasiera baten sendatzeko erremedioak erdiesteko. Bukla buklatua zen.

        Palto eta galtza hori-berde fluoreszenteak jantzi nituen. Estralurtarra nintzen. Kuxkandel larrua baizik ez zitzaidan falta. Maite nuen garbitasunaren aingeru begirale bat nintzela asmatzea. Erratza eta arkatza, biak ziren nire bizirauteko arnes baliotsuenak. Inguruaren xahutasun apurra zor zitzaien jendeei, pentsamendua lokaztua zeukatelako hainbeste eskandalu, gezur, mutukeria behartu, manipulazio eta samin irensten zutelarik pantaila bakunetik isuri ele-jauzi beilegien bitartez. Lanaren zein harremanen alorrak zikintzen zitzaizkien arraiki. Zikintzen eta merkatalizatzen. Denak zuen prezio bat. Prezioaren arabera epaitzen zen burkidea. Bazterren garbitasunak, adiskidantzak, amodioak edo gurbil jarduteko tentazioek preziorik ez zeukaten. Estima gaitzak ziren alta.

        Giltza sarrailan sakatzear nengoela jo zuen telefonoak. Nolwen zen. Elaire. Boza amiñi bat erlats:

        — Interesatuko zaizun zerbait aurkitu dut komisaldegiko artxiboetan.

        — Bahaia? Abian naiz. Ez dezagun urrutizkinez deus aipa. Big Brotherren belarriak aza-hostoak dira.

        — Ongi plazatua naiz jakiteko zer agitzen den lurpeko linea horietan. Hoteletik pasatuko naiz eta banoa.

        — Egizu etxean etxeko. Gauaren erdian itzuliko naiz. Afaldu zaitez, telebista piztu edo DBD bat paratu ezazu.

        — Lo eskasez nago. Kanapearen gainean hedatuko naiz. Mintzatuko gara.

        — Ez duzu zerbait ahanzten?

        Bi-bi-bi-bi-bi... amildegi hotsa.

        Eskaileretan behera ernatu nintzen. Karim eta Dede peskizan neuzkan depotean. Igandeko lanaz ez ziren sobera kexu. Aste hasiera libre edukiko genuen hirurok. Elgebeltzek eskatu ikerketa aurreratzen ahalko nuen, karrikako zaharren sarkasmoaz jasan arren:

        — Beti bakantzetan! Auher eder higatzen zirezte ba zuek hiriko funtzionario horiek... guk ordaindurik.

        — Gauez egiten dut lan...

        — Au boulot! Et viste heit...

        Jendartearen erdia baino haboro langabetuz eta erretretatuz osatzen zen. Arrotz zitzaien lanaren mundua. Lanak, haien kostuz, alfer andanatzat zeuzkaten proletario urguilutsuei esklabotasunaren gaztigua eskaintzekoa zukeen. Bulego uhargietako suizidatuen berriak irriz hartzen zituzten: ikas bezate funtsean zer den lana redios! Halatan ordurik, egun librerik eta ahalaz soldatarik gabe aritzea hobesten zuten. Norbera ez besteentzat. Noski. Pantaila distiratsuetan jaun eta jabe bermatzen ziren kronikari politikarien oharrak barneratuak zituzten, eta oharretan noski, askatzailea suertatzeko partez, bortxatzailea zen lana, egoerarekiko ukimenik ez zeukan populuarentzat lehendakari neoliberal fanfarroiak lan gehiago irabazi gehiago leloaren basta-hariz josi fikzioa baizik ez baitzen.

        Baiona Handiko karrika izkinetako zaborrak bildu genituen. Azkenik hustu genuen Katedralaren maldako zakartegia, poltsak mirazkatzen ari baitziren Thierry eta Madalena eskaleak. Hortz ustelduekiko irriaz agurtu gintuzten. Pobreziaren urrina zerbait zen! Karimek zioen moduan, zakarrarena baino garratzagoa zen onartzeko ontasunen pilaketa garapenaren ikurtzat zeukan gizartean. Dedek gidatzen zuen kamioi burrunbaria gelditu eta gabeziaren ilunabarretik jazarri bi siluetekin solastatzeko astia azarkatu genuen:

        — Uzta polita dugu. Aurtikitzen denarekin badugu aste osoko janaria.

        — Bereiztea da zailena.... —erantsi zuen Madalenak—. Zerbait asmatu behar liteke iraungitze epea gainditua eta oraindik kontsumigarri diren elikadurentzat. Kontainer gerizatu bat adibidez...

        — Aipatuko diogu auzapezari! —oihukatu eta, kopeta goratuz, Karimek partitzeko baimena eman zion Dederi.

        Inguratzetik geratzen ez zen kamioiaren sabeleko danborrak bizitza kondotsak zitzikatzen zituen, usain izugarria barreiatuz. Karim eta biok burdinazko haga bati uztartzen gintzaizkion hurrengo zakartegi seinalaturaino. Bizkitartean hiritarrek, gauaren anonimotasunaz balia, nolanahi aurtiki eta zakur deslaiek urratu poltsak lurretik atzamarrez idokitzen genituen, belaunak doi-doia plegatuz, kamioiaren plataformatik jaitsi gabe. Trebeak ginen arras. Eta zoriontsu, bistan dena.

        Zikinak zikintzen ninduen ni ere.

        Elgebeltzen afera burutik joan zitzaidan.

        Etxeratzean bainutegira jo nuen. Amodioaren muskila ito zezakeen kiratsak. Egongelatik Lili Rushen ahotsa entzun eta Nolwen telebistaren maldan zegoela imajinatzen nuen. Sekula argitu ez zen Annie Mae Aquashen hilketa zen Cold Case haren ardatza. Denise Pictouk deituko banindu, bere amari zer gertatu zitzaion ikertzera gogotik kokatuko nintzateke Ipar Dakotarako lehen hegazkinean. Bego erranik! nioen nirekiko gorputzeko zokomokoak kementsuki arakatuz. Sortu berriaren antzera prest nahi nuen izan.

        Afaria zerbitzatua zen sukaldean: arrautza, irrisa eta entsalada. Isiltasun hezea zen. Nolwen umeki zetzan. Zuzenen loaz hordi. Tua irentsi nuen: ez bide zen gaurko.