Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

4

 

Lauretarik hamarrak arte lanean ari izan nintzen. Dede pausuko zen. Karimen eta Suleimanen konpainian higatu nituen beraz orduak, karrikaz karrika mondoinatu zakarrak biltzen. Euriteen ondotikako beroengatik urrin tzarra hedatzen zen ezaxolatiek kanpoan abandonatu poltsetarik. Haietarik zenbait zakur gosetiek edo kuriosek irekirik lur hasean husten ziren eta beste batzuek deus ez zeukaten hiritarren bisitak ukaiten zituzten. Beti bazen zerbait errekuperatzeko epea iraungitzear zuen janariaz aparte. Baiona Txikian ez zen zaborren bilketa selektiborik egiten. Halatan, oheko matalazak, arropa hertsiegiak, informatikako materiala, hozkailuak, telebista zaharrak bermatzen ziren are berriagoaren premia zuen kontsumo gizartearen aztarna xifrituak bailiran: erradazu zer aurtikitzen duzun, erranen dizut nor zaren...

        Dutxapean egon nintzen luzaz. Iruditzen zitzaidan zaborraren epel zizkolatsua larruari josirik neramala. Biloak idortzean sukaldeko sofa erosoan pausatu Daniel Elgebeltzen txostenei behakoa bota nien: bitxia zen hainbeste denboraren buruan norbaiten hatzik ez edukitzea... Elgebeltzez mesfidatu behar nuela nionean, Preziosen telefono-deia hartu nuen:

        — Wittig-en gaude. Zure aiduru. Etorri! Badugu lagun bat gehiago gure taldean. Aurkeztuko dizugu.

        — Banoa. Segidan.

        Giltzak hartu nituen. Elgebeltzek biharamunera arte igurikatuko zuela iritzi nion. Lanaren saria besta zela errepikatu nuen aski gora. Behereko auzoaren eskaileretara zeraman leihoko erridaua mugitu zen. Hemen ez zen urrats bakar bat egiten ahal kukuxkatua izan gabe. Dena jakiten zen. Arrazoia zuen alabaina Elgebeltz jaunak: dena jakiten zen eta ez zegoen ezberdin bizitzeko ihesbiderik. Besondoa sudur zuloetara hurbildu nuen kamioi zaratatsuetara arraiki kargatu genituen lertzoen urrina arras desagertua zela baimentzeko.

        Herriko Etxeko ttattolan igurikatu nuen A2 lineako Chronoplus autobusa. Gauekoa zen. Argitsua. Gozoki agurtu ninduen txoferrak. NY idatziekiko kapeluak atzekoz aurrera zeuzkaten mutiko gazteez mukuru zen: ZUPetik Angeluko McDo jatetxera zihoazen, goraki mintzo ziren eta Shakiraz edo Rihannaz apaindu neskek prestuki urrutizkin Xtralauak manipulatzen zituzten. Union geltokitik landa, ordea, garraio publikoa hantu zuen harramantza jabaldu egin zen. Hurbileko itsasoko uhinen marmarrak hauteman nitzakeen. Miarritzeko udaletxean utzi ninduen. Hortik berrehun metro oinez eta Wittig Bar kuttunean nintzatekeen larunbat sorgindua adiskideekin ohoratzen.

        Ostatuan sartzean, eskas nituen Miarritzeko hondartza nagusitik zetozen haize zafladak. Oteizaren burdina-tailua balakatu nuen pasatzean eta ukitzean hatz puntetan barreiatu zitzaidan herdoilak sosegatzen ninduela aitor dut: huts euskalduna ez baldin banintzen, euskaldun hutsa nintzen bederen. Gogoetaren ildo latza. Debaldearen funtsa. Kontzientzia lehertzean jada tabernako atarian nintzen. Butx erako zaindariak goitik behera aztertu ninduen:

        — Aitzina...

        — Mertzi biziki.

        — Lagunak hor dituzu naski.

        — Bai. Behingoz.

        — Gau zoroa iragan ezazu.

        Emaztez, neskatilez eta anderez plei-plei ziren hegiak. Izerdi usaina perfume karioenekin nahasten susmatu nuen. Nire entrebaleko umore ona emendatu zen honenbestez. Kontuarraren gibelean betiko mirailaren partez Monika Wittigen potret erraldoia hedatzen zen. Irriz ageri zen gure izarra, kasketa kaskoan, eskuak eskari... aterkirik gabe, alabaina, argazkia hartu zen egunean ekitoltzean zelako. Preziosek Wittigen obra azaldu zidan arren, ez nekien zuzen nor zen. Zena zelakoa Carmenekin lesbiana iluminatu gisa Bilbon plazaratuz geroztik nabaritzen nuen Wittig bereziki garrantzitsua zela niretzat. Maite nuen mende osoa gordean ihardukirik, hondarrean lesbiana naiz ahoskatzea, harro eta aldi berean oraindik pixka bat herabe. Maijan, Madonna, Marlen, Maria Merçez osaturiko nire panteoi andrakoiari Monikaren itxura gehitu nion.

        Barraren zilarrak gatibatu ninduen. Prezios eta Zoko ikusi nituen urrutian ezagutzen ez nuen hirugarren emakume batekin solasean. Atsedenerako unea zen. Erdi biluzik zebilen zerbitzariari riesling ardo zuri basoa amoinatu nion:

        — Idorra, otoi.

        Hausnarrean tematu nintzen: bizitza zinez aldatu zitzaidan lesbiana naiz errateko lotsa gainditu nuenetik. Oinak lurrean erro eta burua zeruetarik txilintxau banitu bezala zen, egiazkotasun berri bezain finkoaren sentsazioa. Ez nintzen ez perpaus mirakulutsua net eta tink aldarrikatzeko gai oraino, batez ere lantokian eta familiako bazkarietan. Hargatik konturatzen nintzen, lanean zeuden hamar kideetarik hiru nitaz gain, sekretuan, genero alorrean mugalari zirela. Begi-keinuz hitz hartzen ginen besteak gouinak eta pedeak ahoak eman ahala iraintzen zebiltzan bitartean, laneko barne-agiriek sexuarekiko, larru kolorearekiko zein erlijioekiko laidoak edo bazterketak gaztigagarri zirela zioten arren. Zer edo zer ikasten baldin bazuten xahu ginen. Ala on zuten haiek ere munduaren neurri bakarrak ez zirela ikastea?

        — Zure rieslinga...

        Joan As Police Woman taldearen Chemmie abestiaren erritmoan dantzan ari zen neska-saltsaren minetik urratu nuen Preziosengana eta Zokorengana. Saldoko abeslari tenebrosa ageri zen pantaila kliskatsuan, nuklear zartaketatik salbatu kotxe kaskarraren hegatsean base-ball makilaz asaldatzera zihoazkienei erasotzen. Irudi bortitzak ziren, baina benetako biolentziarekiko loturarik ez zeukaten. Mundua, eman dezagun, A Clockwork Orange filma edo Roma telesail odoltsua baino anitzez salbaiagoa zen. Tximistaren abiaduran jazarri zitzaidan Daniel Elgebeltzen begitarteak ikararazi zizkidan sinapsiak: komunioa kofesatu gabe eman geniezaiokeen gizon plaxentaren barne-indar itsuaz zer?

        — Bego dioenak...

        — ...ego dio!

        Preziosen ahotsa zen. Kikizaia askatu nuen. Doi-doia ukan nuen riesling godaletaren salbatzeko astia. Paradisuan nintzen. Eta ez nuen Virgilioren premiarik. Preziosek bere bularralde oparoan tinkatu eta lepotik harrapatu ninduen musu hezea ezpainetan pausatzeko. Besoen artean kolokan geratu nintzen eternitatea zirudien une batez. Haren berotasuna maite nuen, iji eta aja gordina, izterren balantza telurikoa, sabelaren hantze-hertze lasaia, papoaren sosegua eta ororen gainetik hura halaber nire antzera arriskuan zegoela zekien lesbiana zoriontsua zelakoa. Alabaina hazi orduko Euskal Herrian berean, argizaiola itotzekoa zen moralaren onerako. Literatura-pentsalari zuhurren arabera lesbianatasunak zirkunstantzia bat baizik ez zukeen behar, azpimarrarik merezi ez zuen istorioaren iruteko funtsezko zioa bederen ez. Preziosek eta biok alderantzizkoa irizten genion: lesbiana izaera, bere itzal-argiekin, aipatzekoa zen, ikertzekoa, kritikatzekoa, gorestekoa, garatzekoa mila moldez. Jende soberak, herioraino noiztenka, sufritzen zuen bere norabide sexuala aukeratu eta onartzeko debeku subliminalaz mihian zeraman hizkuntzaren baitako eredu faltaz, euskarak borroka armatuaren errealitateaz aparteko ezer erran ezin bailuen.

        — Non daukan burua?

        — Janis Joplinen maneran bezti etorri naun.

        Cry baby...

        Riesling botila erregina baten pare zetzan lagunen mahaitxoaren erdian. Brustaz hustu nuen basoa. Arradarazi nion edaria banatzen zuen Zokori. Hormako pantailan jada Minneapolisko Sick of Sarah-ko lau neskatilak harro zebiltzan giving up beraien hit gitarratsu ozenarekin. Piercingak zilborrean, tatuaiak sorbaldetan, punk eran ebaki biloak eta diamantez hornitu belarritakoak zeuzkaten. Ikusgarriak zinez.

        — Lanean hintzen?

        — Bai. Leher egina naun. Jargian tapalakatzea amets dinat, Prezios. Benetan.

        — Begiak beltz hituen sartzean. Arazoren bat?

        — Izpiritua alha ninan. Goiz honetan inkesta berri bati baiezkoa eman zionat.

        — Bahaia... Konta iezagun berehala.

        Zokoren eta ezezagunaren artekan plantatu nintzen. Prezios konturatu zen ez gintuela aurkeztu.

        — Nolwen... Nolwen Kergelen kapitaina. Duela bi egun Baionako komisaldegira izendatua.

        — Baina...?

        — Amaia —erasiatu ninduen Zokok—, ahantz itzan hire gaztaroko errebelde fantasmak eta balia hadi oparitzen zainan adiskidetasunaz.

        — Polizietarik dun ordea.

        — Ez gaitun klandestinoak ere. Jendea jende dun arauz.

        — Bai horixe.

        Zokok baimendu zuen aita zenari askotan errepikatzen entzun nion Preziosen zuhurritza. Gure zaharrak, zuhurritza erabiltzen zuen batez ere ehizan, musean, bost ehortzetan eta bi ezteietan gogoko ez zuen norbaitekin uztartua izatea agitzen zitzaiolarik. Ez zen beraz markarik hoberena. Hargatik fortuna gaitzaren aurka bihotz zabaltasunez jokatu nuen, Nolwenen ahurra samurki tinkatuz.

        — Amaia Ezpeldoi naiz, hiriko zikin biltzaile funtzionariotua eta dagoeneko metropoliaren erraietan ekiten duen detektibe rurala. Wittig tabernan baldin bazaude, ezpal berekoak garelako seinalerik argiena da: honki jin gure honky tonkera!

        — Ja... Good... zure ikerketetan lagun zaitzaket noizbehinka. Polizia izanagatik gogoko ez banauzu, berdin zait. Gurasoek ere hedexuriak partida zituzten Plogoffeko nukleartegiaren kontrako borroken garaietan, eta hara non alaba bakuna Polizian bihurtzen zaiela. Kontraerran garratzekin moldatzekoak gara guztiak. Horrela da mundua bizigarriagoa.

        Okey. Dantzut.

        JenRo raplari emearen bozak trenkatu zuen Wittig Bar honen hondoa. Itsasoko olatuen neurrikoa zen mugimendua. Kergelen kapitainak riesling botila bat gehiago eskatu zuen. Daniel Elgebeltzen afera bihikatu nion, aitortu zidan Ilbarritz Hotelean zegoela apartamentu baten aiduru, anartean Preziosen espaldetan jabaltzen zuela herri-mina eta Baionakoa, zuzendari lehen lanpostua zeukala, miau-miau, txin-txin, riau-riau... Zokoren kasketaldi berriaz trufari gentozen azkenean: tunisiarrek urtarrilean Ben Ali haizatu zuten, libre ziren eta libertatearen izenean martxo bukaeratik Zokok burka janzten zuen. Eta segur izan zaitez, irakurle, ez zuela gizon larderiatzailerik bere ganbara itsuan... Zokoz burlatzen ginen baina bere aske sentitzeko era soila zen.

        Iragar ezina zen gaua.