Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

8

 

Ostiko batez inurritegia harrotu nuela banekien eta, dominoen efektuaren arabera, orain gauzak argiago suertatuko ziren. Segurtasunik ez neukan, bistan dena. Erabaki nuen oinez Baionaratzea Aturriren hegiak aztalkatuz. Digaren gainetik orekaren baldintza frogatu nuen, Brise-Lamesko ontzitxoen burdinkiak karranka eta urrunago Lazaretako oihanean gerizatzean kukua kantari hauteman nituen: sos pilistarik ez nuen sakelan, ez nintzen alabaina aberasteko bidean. Parean ADAko altzairutegia su eta ke zebilen edozein egunez, igandeetan halaber. Baionako portuko azpiegitura guztia miretsi nezakeen. Euripean eta laino zurbilak troxatzen zuela, herdoilaren erresuma biribiltzen zuen. Malenkonia mikatzak akuilatu ninduen ibai ertzeko txirrindularien xendratik desertu antzera bihikatzen zihoan hiri erdiraino.

        Indar sobera galdu nuen Moura villa zirrimarratzen. Akitua nintzen. Biluzi, garbitu eta oheratzeaz beste aukerarik ez nuen. Salbu, agian, telebista piztu eta Dr. House sailaren ale baten begimentzea. H1N1 sukarraren pandemiaren garaian osasunean atxiki ninduen eskualdeko mediku bakarra izan zela erraten nien arraileriaz Prezios eta Zokori, haiek ministro panpalinak bidali paperekin txertatzera ernatu zirela. Ezpainak burla kokinez plegatuz, naski, loak eraman ninduen urrutizkinaren dei ozenak iratzarrarazi arte:

        — Etorri da.

        — Nor? Nor zara?

        — Elgebeltz. Komisaldegira. Apeuak funtzionatu du.

        — Nolwen... zure burua aurkezten ahal zenuke telefonatzen didazunean! Lehenbizian ez dut ezer ulertu. Pozten naiz. Ez dut deus atzeman han errautsaz aparte. Egiazko euskaldunek pintatzen dituzten lemetarik bat zizelkatu dut gizonaren sotoko atarian.

        — Badakit. Eta jakizu samur dela... Zortzietan bukatzen dut. Zurera joango naiz?

        Algara arinaren partekatzeak ederki erakutsi zidan berea erantzun beharrik ez zuen galdera zela. Ez nintzen berriz morfeoren besoetan kukubilkatuko. Sukaldeko mahaian, ogi purrusken eta goizeko gosariaren hondarretan ihalozka zeuden txostenetara zuzendu nintzen.

        Elgebeltzek zioenez, Janaren adiskideetan oraindik zoharki mintzatu ez zen lekuko bat bazen. Ikerketa ofizialak ahantzi zuena. Balichoneko etxebizitza gorakoietan plantatua zen Janaren behialako eskolako laguna. Julieta Iks anderearen zenbakia utzia zidan Daniel Elgebeltzek. Afera garrantzitsu baten bipiltzeko berehala pasatuko nintzela ahoskatu bezain laster berriz karrikan nenbilen.

        Katedralaren aldamenetik urratu nuen Place des Basques-etik Harispe marexalaren etorbideraino. Dirua usnatzen zitzaion Baionako aldean nengoen: baratze ingeles zainduak, kodigoekiko bortak, erakunde entzutetsuen egoitzak eta izkinan, nahasketa sozialaren ikurrak bailiran, Balichoneko dorre herrikoiak. Julietak gaztetxearen saihetseko jargi orlegian igurikatzen ninduen. Begietsi nuen, pipa eta pipa, zainetan.

        Julietaren oinetan alimaleko zakur astun eta lasaia tapalakatua zen. Emazteak sokatik zetxikan eta noiztenka balakatzen zuen eztiki.

        — Aspaldiko istorioak dira. Janarekin nintzen Uztaritzeko seroren ikastetxean. Ostegun arratsaldeetan, debekatuagatik, Baionara etortzen ginen garagardoak edatera, erretzera eta mutikoekin ausatzera. Jada ageri ez den kasernako soldadu gazteak ziren gehienak edo gazteleraz ari zitzaizkigun Hegoaldetik haizatu errefuxiatuak. Hautua bagenuen. Gertakari horiek adiskidantza bat zigilatzen dute, ez?

        — Pentsatzen dut baietz. Ukan duzu zuk Janaren berririk ahitu zenez geroztik?

        — Ez eta pena dut. Eskuko bost erien antzera elkarri atxikiak ginela sinesten nuen. Jana, Daniel, Marti eta laurok genbiltzan bandan. Desagertu zen Baionako Besta haietan berdin. Daniel eta Marti herriko etxerantz joan bitartean Jana eta biok Santizpiritura arteztu ginen. Reduit plazan bereizi ginela erran dizu Danielek?

        — Ez dirudi sekretua.

        — Zubia trabeskatu genuen. Hein bat edanak ginen. Erdigunean begiz ezagutzen nuen mutil batekin atzean gelditu zitzaidan Jana, eleka. Inguratu eta ohartu nintzen Jana gizon harekin urtu zela gauaren minean.

        — Ez zinen arranguratu?

        — Zergatik? Ez ginen adin txikikoak. Hogei urteak ederki digerituak genituen. Gainera potiko plaxent hura ez zitzaidan arrotz. Zergatik axolatuko nintzen? Ez ginen orduan beldurrez txirikordatuak. Beharko genukeelarik alta...

        — Oroitzen zara norekin joan zen?

        — Amesgaiztoek itzulipurdika jartzen nautelarik begitarte bat dakusat. Zehatz. Esnatzean, hargatik, deus ez. Saiatzen naiz. Jana desagertua da eta ni desesperatua.

        Julieta Iksek samurtasunez bezain bere baitako mamuak jabaltzeko, hortz higatuekiko zakur melengaren ahoan kokatu zituen hatzak. Zigarreta piztu eta bere baitatik segitzen zuen:

        — Zenbait minutu lehenago trukatu genituen solasez ere ez naiz gogoratzen. Janaren ahotsa dantzut, baina debaldetan. Agian norekin zihoan erran zidan... izen bat eman. Aski nuke sosegatzeko.

        — Hipnosiaren teknika zer den badakizu?

        — Amaia, aukerarik baldin baduzu prest nago. Sekula ez diot nire buruari Janaz hain axola gutxi eduki izana barkatu, bereziki 1985eko Baionako Bestak bukatzean. Deprimituta nago, erremedioz hordi. Ordutik ez dut ezer onik obratu.

        — Antolatuko dut. Bihar edo etzi.

        — Ahalik lasterren. Jakin nahi dut. Ez dut aparentziarik ere onetsi bortxatzailearen tesia. Dupont de la Cuna auzitegian zelatatu nuenean, pista faltsua zela susmatu nuen. Aski garratz ordaindu du gizagaixoak egin ez duen krimen batentzat. Eta... mutikoaren izena... mihi puntan daukat.

        Julietaren zenbakiak notatu nituen azal leun eta beltzeko karnet urrian. Zakurrari musurika ari zitzaion jada, sutsu, mutiko horren izena mihi puntan daukat errepikatuz, behin, bitan... Anartean RDVa finkatu nuen Ilse Traumberg psikologoarekin. Denbora batez, ez hain aspaldi, harremanaren mihisea bastatu genuen. Orokorrean ongi konpontzen ginen, baina luzera nire cap bourrut izaera patologikoaren patitzea zaila zitzaion.

        — Errientsek ez ote zieten zure gurasoei eskolako medikuarengana jotzea aholkatu hiperaktibitate nazkagarri horren sendatzeko?

        — Ez dun hoberik... —irriz lehertu nintzaion: bi zaflako ozenez eta arto jorratzera bulkatuz kalmatzen gintuzten.

        Salbai hutsak ginen mende haietan ez zen psikologo premiarik. Hamaika koloretako pilulen eta elektrodo hezeen ildotik burumuin pilpiratsuak lobotomizatzera plegatuko zitzaizkigun; betikoa erranen ziguten gero: zuen onerako ari gara. Gure onerako, baserritar umeak apalesten zituzten, herriko hizkuntza ezabatzen zuten ezpain isiotuetarik, auherrak ginela zioten, gure onerako, neska sortu izanaz ahalketzen gintuzten, gure onerako, eta azkenik, gure onerako, kasko zokoak sinapsirik gabe gelditzekoak ziren.

        — Amaia!!!

        — Arren zoaza, bai, bena berehala...

        — Lagunak gara, ezta?

        Orbe karrikako laugarren estaiko apartamentuan aterpeturiko Ilse Traumbergek atea gogotik ireki zidan. Behialako ments-bulta ahantzia genuen biek.

        — Zure beharra daukat, Ilse.

        — Amaia... badakizu zuretzat nagoela osoki. Zure barne-piztiekin baketzeko tenorea datorkizu ala?

        — Hipnosi saioa egiten ahal duzu bihar azkorrian?

        — Bai, bistan dena. Kabinetea zabalduko dudanean. Zurekin?

        — Zorigaitzez, ez. Jinen naiz... lasai... nire aldian. Izen bat mihi puntan daukan andere batekin. Bizitza damuz malgortu zaio. Hormatu nahi baduzu.

        — Erraiozu zortzietan etortzeko. Faltarik gabe.

        Alison Krauss country abeslariaren ahotsak Ilseren egongela firingolatzen zuen. Larruzko jargia erosoan kuzkurtu nintzen. Motozerraz ere nekez moztuko zen ekialde erditsuko bixkotxa ekarri zuen maitale ohiak, te beltzez arradatu kikara birekin. Pastelari nakako ederrak ematen genizkiola mintzo ginen honetaz eta hartaz, eta astelehen papertsuan Ilsek entzuten zuen irratiko soinu bandatik Dolly Parton, April Martin, Gillian Welch, Nancy Griffith, Iris DeMent, Lucinda Williams, Patti Casey, The Wailin' Jennys eta Emmylou Harris pasatzen ziren, aingeru begirale. Gitarra apalaxiarren intimitateak gustatzen zitzaizkidan Ilseri bezainbat, Minessotta, Vermont edo Ohioko belardietan kulunkatu bozak eta Arizonako navajoen basamortuetako intziriak.

        Elkarri begiratu genion. Daniel Elgebeltzen istorioa kontatu nion. Dena ez azalduagatik, Nolwen Kergelenen ezagutza egin nuela eta polizia kapitaina zela aitortu nionean, haize-eihera zaharraren pare higitu zituen besoak:

        — Segur naiz Nolwenekin egunerokoak dakarren anbiguitate zamaz jabetuko zarela. On dagikezu ikastea askotan ez dela egoera beltz edo zuri. Maitasuna bezalakorik ez da gure zoko-gune minberenetan labana landatu eta aurpegia odolez blai Edipo gizagaixoaren antzera oihuz galdezka plazara bultzatzeko. Larrua jotzen duzun oroz zerbait mugitzen da munduaren sabelean, ukimena, urrikalmena eta ulermena biderkatuz. Ordura arte irudika ezina zitzaizuna egiten duzu eta ohartzen zara hori dela jendetasunaren zutarria. Aitzina goaz gure baitako etsaia, arrotza, arerioa eta ezberdina onartuz. Mugarik ez altxatuz. Saalburgeko limes ukigarria argiki ez da bizi garenontzat eraikia...

        — Bukatu da?

        — Zer?

        — Asteleheneko moral irakasgaiaren orena...

        — Bai, bukatu da. Eta bozkariatzen naiz zuregatik.

        Errespetatzen ziren lesbiana leinuen ohituren arabera musukatu ginen, ezpainak ezpainei. Pozten nintzen: Ilse Traumbergekiko biharamuneko tratua izenpetua nuen. Julietari deitu nion etxeratzean. Pozik eta harro nintzen nitaz. Aipatzeak balio zuen, ez baitzitzaidan anitzetan horrelakorik agitzen. Ordenagailuaren tapakia altxatu nuen, espazio barra zapaldu eta nire emailtegira lerratu nintzen mezuak irakurtzeko. Elgebeltzen bat bazetorren: bego... Kanape higatuan etzan nintzen. Egun bakoitzari berea zegokiola marmaratu eta hegaldaz eraman ninduen lo arinak. Kisketan giltza urduriaren hotsa zehaztu nuen. Atx!

        Jargiaren atzealdera jauzi negien. Izuak gatibatu ninduen. Ez nuen nehor igurikatzen. Bokaleko lesbian speed dating saioan zeuden Prezios eta Zoko. Borta karrankalariaren bultzatzea lortu zuen itzal mehatxagarriak:

        — Bada norbait?

        — Nolwen!

        — Zer ari zinen gorderik? Ez al zara eguerditan giltzen doblea eman zenidalakoaz akordatzen?

        — Zahartzen ari naiz. Zatoz niregana.

        — Ez nuen gutxiago espero.