Hezurren erretura
Hezurren erretura
2019, narrazioa
240 orrialde
978-84-17051-30-3
Azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2013, nobela
2010, poesia
2000, poesia
 

 

Karitatearen alabatxoa

 

 

Pixontziak egoten ziren ohe guztien azpian. Gorputzen sunda hedatzen zen logeletatik korridoreetara.

      Zaharren artean, nik baneukan neure faboritoa. Atso makur bat zen, melenatxoa belarrien parean moztuta eta diademaz apainduta. Ikusten ninduenerako mihia molde barik astintzen hasten zen, jaiotzatik gorra zelako. Eskolan egiten genituen eskulanak zertzen irakasten nion, edo lorategiko jarleku bateraino eramaten nuen eguzkitara.

      Florak errafiazko zorrotxoak eta betaurrekoentzako azalak ehuntzen zituen gakorratzez, eta neure inizialak josten zizkien. Haren begiek, berarekin egoten nintzenean, pozaren bristadatik malenkoniaren gurmetara egiten zuten, neure aldartearekin bat. Uste dut adi egoteko zeukan moduagatik hautatu nuela gainerakoen artetik: Floraren isiltasuna munduaren alderdi absurdoa aparte uzten zuen gontz baten modukoa zen, errutinazko ahotsetatik salbu gordetzen ninduen parentesi bat.

      Hospizioaren atzealdean landare luzexkak hazten ziren. Umeok oso gogoko genuen zelai horretan buelta-bueltaka ibiltzea besoak zabalik eta itsumustuka, zorabiatu eta lurrera bigun jausi arte. Atso-agureek txalo egiten ziguten kristalen ostetik. Akaso gomutapen gozatsuak ekarriko zizkien belar mailatuak.

      Baziren gaixoak, elbarrituak eta taradunak, emakume burusoilak eta gizonezko orbaindunak, beste lau hormarik sekula ezagutu gabeko aspaldiko sasikumeak, gure erruki-senari arnasa eman eta higuinez bezainbateko errespetuz artatzen genuen urrijendea. Bisitan joaten hasi gintzaizkien bertako kapilauari otu zitzaiolako bere aznahi artistikoari forma ematea umeen abesbatza sortuz.

      Kapilaua organo-jotzailea zen, trumoia halako eztarria zeukan, eta gabon-kanten lehiaketa bat irabaztea zuen amets, berak sortutako piezak aurkeztuta. Gure maisu-maistrek onartu egin zioten proposamena, beharbada baietz esateko estutasunean jarri zituelako, baina baliteke pentsatu izana ekimen hark sosegatuko zuela gure pubertate abiatu berria. Halandaze, jolas-orduak kendu zizkiguten errepertorioa prestatzeko.

      Entseguak hamaiketatik hamaika eta erdietara izaten zirenez, eskolatik hospiziora antxintxiketan joan, kaperan ilaratan paratu, eta ahotsak afinatzen genituen hainbat berba ulergaitz esateko, hala nola ludi eta txadon. Rafaela Arroyok —izenarekin okertzen ez banaiz— Huelvatik etorria zenez, jozu ahoskatzen zuen Josuren ordez. Lanak izan genituen Josu hori Jesus umea zela konturatzeko. Kapilaua gerraostean erbestean egona zen abertzalea izateagatik, eta grina jeltzaleak hizkuntzaren garbitasuna galdatzen zion zenbateraino eta euskarazko hiztegi jatorra agortzeraino.

      Bigarren geratu ginen kantu-lehiaketan eta sariarekin gozoki-poltsakadak erosi genituen hospizioan banatzeko, aho haginbakoak eta ahanzturak pobreturiko bihotzak goxatu guran. Halaxe, entseguen obligazioa amaitu arren, bisitan joateko konpromisoa geureganatu genuen.

 

 

Inork maite ez duen jendea dago hemen. Horixe zen gure arteko uste zabala.

      Hospizioko logelak nasaiak ziren, bakoitzean sei-zortzi ohe burdinazko. Atsoen motots horixkek espartzuzko mostratxak ematen zuten eta esku hezurtsuak atxiki egiten zitzaizkien gure eskuei diosal egitera hurreratzen ginenean. Erakarri egiten gintuen hospizioak: hormen kontra jarritako makuluek bazuten zer edo zer heroikoa, epikoa, profetikoa.

      Bazen botikinaren gela ere, eta bertan kristalezko poteak. Noiz edo noiz Flora eta biok barrura sartzen ginen isilka-misilka, flaskoetako alkohola eta beste likido batzuk usaintzeko. Ezkutuko ostera haietan harrapatzen genituen lurrin-mozkorrek fermuago elkarganatu gintuzten.

      Beheko korridorean lau gurpileko orgatxo bat egoten zen, goitibehera antzeko bat, gidari eta guzti, Tomas, gerran hanka biak galdutakoa. Orga hura zen gure fetitxea, arriskuaren, ezbeharraren eta kemenaren sintesi perfektua. Alabaina, gudari beteranoak, bagentozela sumatzen zuenerako, txispan egiten zuen ospa gurpilei eskuekin eraginda.

      — Aingeru guardakoak, horixe besterik ez genuen behar —esaten zuen purrustaka.

      Hasieran, gure etxeetan gogo onez hartu zuten ohitura sozialgurako hura, baina geroago kezkatu egin ziren hospizioan sartuta egotea ez zela-eta gure adinerako afizioa. Hori gorabehera, astero joaten jarraitu genuen banaka batzuek.

      Behin batean gizon batek keinuak egin zizkidan hurbil nendin. Pijama berdea zeukan, eta aurpegiko azalari ere berdekara iritzi nion, bizar txarto eginagatik segurutik. Begiak arranpalo, galdetu zidan ea ezagutzen nuen Menganita.

      — Zeure urteak izango ditu.

      Bai, batera gabiltza eskolan.

      Gizona mainaka paratu zen.

      — Neure alaba da. Ez dut hiru urtetik hona ikusi…

      Azaldu nion abila zela gimnasian eta preteknologian, hala zelako. Aitzitik, gizona mukia zeriola zegoenez, beste egoiliarrak urduritu egin ziren.

      — Hasi gara! —esan zuen erretxinduta, batoian tigreen estanpatua zeukan agure batek—. Isildu, koņo, por los huevos de Buda!

      Orduan moja bat etorri zen erretilu batekin eta eskatu zidan mesedez irteteko eta gaixo bakoitzarekin denbora gutxiago emateko, jeloskortu egiten zirela bestela. Geratu nahi banuen, laguntzeko merienda ematen, ikuste hutsarekin botalarria ematen zuen ahia.

      Egia esanda, Menganita ez zen inoiz hospiziora joaten. Amak debekatua omen zion, mikrobioengatik, baina T.k azaldu zidan gurasoak banatuta zeudela. Aitak edan egiten du. Ez nion muntako motiboa iritzi gizona etxetzar hartara kondenatzeko: amak barrugogorra behar zuen, nabari zitzaion, bai, beti bekozko.

      Menganitari esatekotan egon nintzen aitarena, baina atzera egin nuen ondorioak neurtu ezinda. Handik zati batera eskela ikusi nuen okindegian. Azalaren kolore bitxian ezagutu nuen gizona. Neure buruari galdetu nion ea ama-alabak hiletara joan ote zitzaizkion eta ea hori eginda lotsaizunik urritu ote zioten gure ustetan inork maite ez zituztenak bizi ziren tokian bizi izandako gizaseme hari.

 

 

Ikasturtearen erdian neska berri bat etorri zen eskolara. Mira-mira utzi gintuen gauza guztietan gu baino gorago zegoelako. Lotsatia bazen ere haren trebetasunek orekatu egiten zuten batetik bestera dabilen jendeak garraiatu ohi duen gabezien fardelaren pisua.

      Olio-pinturekin margotzen zuen —pailazo bat egin zuen niretzat, hain delikatua non seņoritak hamar bat ipini zidan plastikan—; azkar jokatzen zuen eskubaloian —ez nik legez, baloikadei eskapaka ibiltzen bainintzen—; eta notarik onenak ateratzen zituen kontroletan —neure notekin errezelorik gabe lehiatuz—. Izena zuen zer zatar bakarra, baina laburduratik deituta gainditu genuen oztopoa. Ana esango diot. Adimena eta adeitasuna isurtzen zituen, eta berehalaxe piztu zidan leialtasun sentimendu sakona.

      Orduko Aste Santuetan ohiturazkoa zen arropak estreinatzea. Guk biok bikiak ematen genuen: gona eskoziarra, borladun leotardoak, mokasinak, denak berdinak. Yoyo berdina, ile-orratz berdina, karpeta berdina. Bikiak, nahiz eta bera beltzarana izan eta ni larzuria.

      — Lagunak baino gehiago gara, ahizpak ia-ia —esaten genuen, gure kidetasunaren gradua adierazteko.

      Batera egiten genituen debereak, bataren edo bestearen etxean. Batera joaten ginen estankora kromoak erostera. Bertako Maritxuk azazkalak pintatzen zizkigun dendaostean eta hori eta gero, umemokoak izanagatik, atsegin genuen moilan pantxitotan egoten ziren mutikoen paretik pasatzea. Eskutik helduta konpartitzen genituen haien txistadek eragiten zizkiguten kili-kiliak.

      Gure lotura usteltzen hasi zen Anarekiko debozioa tripetatik ahora igo eta mikaztu zitzaidanean. Neuretzat nahi nuen Mocedadesen eta Serraten kantak idazteko erabiltzen zituen folioak ez ezik, baita kaligrafia ere. Neuretzat bere pentsamenduen laburpena. Neuretzat Ana.

      — Besteekin ere ibili nahi dut —esan zidan halako batean—. Taldean ere ondo pasatzen dut.

      Amak askotan esaten zidan hobe zela lagun asko izatea, ez bat bakarra, horrek fallo egingo balu ere. Goizegi zen jakiteko ez dela milagro izaten adiskideek huts egitea, bai kondiziorik gabekotzat ditugunek, bai erdipurdikoek, bai zirtzilek. Konfiantzaren ifrentzua krudela izaten da beti.

      Anak niretzat pintaturiko pailazoa sanjuan suan erre nuen, eta uda osoa eman nuen maiseaketan haren kontra, edonori esanez bandera espainolez beteta zeukatela etxea eta Francoren argazkia telebista gainean. Berak ez zidan ihes egiten, baina arestian bezala ere ez ninduen hartzen.

      Hurrengo ikasturtean alde egin zuten, aita guardia zibila zelako, karguduna. Idatziko zidala agindu zidan. Luzaroan egon nintzen gutun baten zain, baina albiste faltak ekarritako zaputzaldia aurrekoari gehitu zitzaion, eta halaxe ikasi nuen afektuen tamaina ez dela izaten norberaren legekoa. Urteetan pentsatu nahi izan nuen haren mututasuna, beharbada, nahitaezkoa zela aitaren destinoaren berri ez zabaltzeko. Arinbidea topatu nuen hipotesi horretan, inozokeria izan arren.

 

 

Berriz ekin nien hospizioko bisitei. Tomasen orgatxoa ez zen inon ageri. Ikuskariaren gomendioz erretiratu omen zuten, tramankulu hark egoitzari irudi eskasa ematen ziolakoan. Egongelara igo nintzen Floraren bila.

      Hantxe zegoen, tximeletak egiten egunkari-paperez. Alboan jesarri nintzaionean ez zidan jaramonik egin. Aurreko hilabeteetan joan ez izanagatik mendekua hartzen ari zela pentsatu nuen, eta hoztasunari aurka egiteko Vida y color albuma eta pegamentoa atera, eta kromo eskukada bat eman nion bion artean itsasteko. Florak begiak igurtzi zituen eta zutundu egin zen salatik taka-taka irteteko, norbaitek deitu izan balio legez. Orduan erizain batek besotik heldu, jarlekura ekarri eta lotu egin zuen, gerri-bueltan uhal bat estututa. Niri begiratu gabe, Florak biribilak egiteari ekin zion hatz erakuslearekin mahai koipetsuan eta aurrerantzean ezer ere ez zen izan lehenago bezala.