Hezurren erretura
Hezurren erretura
2019, narrazioak
240 orrialde
978-84-17051-30-3
Azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2013, nobela
2010, poesia
2000, poesia
 

 

Teselak

 

 

Eta memoriaren tokiek diz-diz egiten zuten

mosaiko urrekara batetik erauzitako teselen antzera.

Martin Lopez Vega

 

 

Etxe dotore baten alboko petrilean jesarrita gaude, Karraspioko bidean. Ama galtzorratzekin eta amabitxi liburu bati orri-pasaka. Landare bati hostoak kendu eta zabal-zabal paratu ditut harrian, oihalkiak mostradorean bezala. Zuloak egiten ari natzaie galtzorratz batekin. Kontuz, laztana. Hostoan bordatu nahi dut, grabatu, idatzi. Eguzkiaren islak platanoetan.

 

 

Kontuz bizikletan garbosoegi ibili eta emamintza urratu barik. Kontuz koadernoa galdu eta baten batek barruan pentsamenduren bat aurkitu barik. Kontuz otsoarekin eta haren forma ugariekin: marihuanarekin, txanpon-makinekin, neska-mutil askojakinekin. Kontuz legenarra harrapatu barik, Ben Hurren arrebak bezala. Kontuz hegan goregi egiteagatik hegalak urtu barik. Kontuz txoriek ogi-papurrak jan eta zu itzulerako bidea topatu ezinik geratu barik, kale gorrian.

 

 

Kalean izaten dira gure olgetak, denda aurreko iturri ondoan eta inguruko kantoietan. Neguan antzerkia egiten dugu, berokiak aurpegi-bueltan lotuta, tunikak eta mantuak irudikatzeko. Zu artzaina, hori aingerua, zuok astoa eta idia. Portala portaletan. Nik Maria izan nahi dut, baina horretarako pezeta bat ordaindu behar zaie neska handiei. Haiek, ordea, musutruk hartzen didate andrakila, Jesus umearena egiteko.

 

 

Andrakila bat agertzen zen aurpegia erreta, zinean, Bizitzaren zuhaitza. Elizabeth Taylorrek, burutik eginda, sua eman dio etxeari. Amuma eskua ezpainetan ipinita hasi da berbetan. Gure ahizpa ere erre egin zen. Besteok amarekin geunden soroan, eta txikiena utzi zuen laratzaren kargu. Gonak su hartu zion. Auzokoak ikusi, eta putzura sakatu zion. Lehenengo erre, eta gero egosi egin zen, gizaja. Neskatxo bat irudikatzen dut nire ohe ondoan gauero. Begiak irekitzen ditudanean, su hartzen du.

 

 

Andre taldeak sanjuan sua piztu du uren depositoaren gainaldean. Biribilketan gabiltza. Jausi egin naiz, eta T.k gaseosa apur batez garbitu dit belaunburua. Su gainetik salto egin ahal bagenu, nora joango zinateke? Berari soinekoa lohitu zaio eta gaseosaz garbitu diot neuk ere. Zerura. Eta zu? Lagunaren begiak ipurtargiak dira ilunsentian. Bambiren basora, zurekin. Eta ez dugu mutilik eroango.

 

 

Mutilek hankak kentzen dizkiete karramarroei. Mutilek arratoiak ehizatzen dituzte txinberekin. Mutilek sutara jaurtitzen dituzte barraskiloak. Mutilek plazako usoak akabatzen dituzte tiragomekin. Mutilek labanaz mozten diete buztana sugandilei. Karramarroak, arratoiak, barraskiloak, usoak, sugandilak gara mutilentzat. Haiengandik ihesi, amaren dendan hartzen dugu aterpe.

 

 

Amak esaten du gizabidezkoa dela oihala erosten duenari zentimetro batzuk debalde ematea. Andre adinekoek mantelina beltzak erosten dituzte, mezatarako; andre gazteek, trapu zuriak. Halako trapuak etxeko harraskan ikusten ditut noizbehinka, lixiba-uretan beratzen. Ura gorriztaturik egoten da, bertara ardoa edo odola jausi izan balira bezala.

 

 

Amuma eta tia mantelinak jantzita atera dira, baina atzera datoz ikara batean. Errezoan hasi dira ezkaratzean. Aitak kontraleihoak itxi ditu. Amak partxisa atera, eta gela batean ipini gaitu neba eta biok. Egon hemen eta ez egin zaratarik. Tiroak. Setio luzea. Arrastian odola ikusi dugu gure kaleko atari baten aurrean, zuloak hormetan.

 

 

Horma-papereko loreak elur artean dabiltza flotean. Amabitxiren berbak ere malutak dira, ia desegitear ahoskatu baino lehen. Alboan etzaten naiz kolegiotik natorrenean, irakurtzen ari dena entzuteko. Pasarte batzuk leituarazten dizkit. Ekarri bitxiontzia. Belarritako perladunak, kristalezko arrosarioa, domina bat idazkun batekin: octubre, fidelidad. Eraztun bat ipini dit, amatista gardena. Zuretzat. Morea izango da aurrerantzean nire kolorea.

 

 

Morea da Dasharen maillota, eskotea perleriaz apaindua. Kosakoen printzesa zaldiari uhaletik helduta agertu da pistara, Doctor Zhivagoren doinuan. Tarteka zaldiari zer edo zer belarrira xuxurlatu, eta tarteka irrintzi egiten du, zamalketan. Estankora bidali gaitu Piper erostera. Propina, zigarro mentolduna. Gaur presaz gabiltza, ez diogu Maritxuri utzi begiak pintatzen. Astilleroko arrapalan erre dugu zigarroa, zeru izarratuaren azpian.

 

 

Tristezia eragiten dit zirkuak. Mutilek katuak ehizatzen dituzte patata-zakuak koipez igurtzita, edo txitxin lauskituak kristal-birrinez nahastuta. Katu bat, hiru sarrera. Tigreek grauskada batean irensten dituzte, artean bizirik daudela. Kaioletako lastoa gorritu egiten da, eta hesian gordetako zaldiek begiak zuri ipini eta ostikoz jotzen dute airea. Niri osabak oparitzen dizkit sarrerak. Zirku-jabeek ematen dizkiote sarrerak, eta fitxak barrakeroek, udaletxean lan egiten duelako, Impuestos y tarifas.

 

 

Osaba paperak erretzen ari da txapan. Lehengoan aldaba jo zuen Guardia Zibilak. Okerreko tokira etorri ziren gazte baten bila. Osabak egunak eman zituen burumakur. Salako gortinen artean disimulaturik ikurrina daukagu, baita pala bat ere, ezpata-dantzariak pintatuta. Miarritzetik osabak ekarritako zilarrezko eskumuturrekoak zazpi katebegi ditu, bakoitza armarri bat. Eskutitzak ere erreko ditut, badaezpada.

 

 

Amak eskutitzak idazten ditu dendan. Beti egiten du gurutzetxo bat goiburuan, data jarri baino lehen. Idatziak idatzita geratzen dira, umea. Nik debereak egiten ditut. Idazlana baldin bada, izenburuaren gainean gurutzetxo bat marrazten dut neuk ere, amaren ohitura antzeratuz. Amak, ez dituenean benetako izenak idatzi nahi, inizialak ipintzen ditu gutunetan.

 

 

Errekorteek ere inizialak dauzkate grabatuta: J H S. Aititari eskatzen dizkiogu tripa-zorriak entretenitzeko. Paperezko kukurutxoetan ematen dizkigu. Hogeita bost ostia ateratzen ei ditu galirinezko plantxa bakoitzetik, zulagailuarekin banan-banan ebakita. Soberakinak jateko, parkeko magnoliaren azpian jartzen gara ilaran, baina mutilek kendu egiten digute merienda, ukondoa bihurrituta.

 

 

Batzuetan, merienda lortzeko, ura eramaten diogu txurreroari. Binaka joaten gara elizosteko gasolindegira, baldea mangerarekin betetzera. Kostata itzultzen diogu baldea, uretan kakalardoen antzeko milioika zomorro iletsu imajinatzen ditugula. Zorionez, txurrerian ez daukate mikroskopiorik. Lehen txurro biribila ematen ziguten, barraskilo antzekoa, azukre barik. Orain ez, Koittaduaren erruz.

 

 

Gure atzetik etortzen da toki guztietara. Mutikote kankailua da. Bebarru batean bizi dira ama eta bera. Leiho bakarra daukate kalera, tapak beti zabalik. Leihotik hara gela bat ikusten da, ezkaratza eta lotokia, dena bat. Amak kadiran ematen du eguna, kanporako josten. Ez dauka gure amen antzik: arrakada damaskinatuak erabiltzen ditu, eta peinetak. Koittaduak txiza egin zuen txurreriako baldean, mutil handiek derrigortuta; bestela, mundu guztiari esango zioten “sekretua”.

 

 

Sekretua zera da, kanpaia jotzen harrapatu zutela komentuko zerkan. Guk ez genuen ikusi, eta eskerrak. Horrexegatik egin behar izan zuen pixa baldean eta horrexegatik amaitu ziren debaldeko txurroak. Orain hospizioan dago. Mutil handiek Arropaingo ortu batera bialdu zuten oilo-lapurretan: oilo bat, sarrera bi. Ortulauak txakurra bota zion eta atezuan agertu zen plazan, berna-hezurra bistan eta txita bat kolkoan itota. Ez ei da ohetik jaikitzen.

 

 

Ohe bakarrean egiten dugu lo tiak eta biok. Ohazala loreduna da. Tiaren gorputzaren kontra estutzen naiz. Kanela arnasten dut haren ilean, Sultana untura. Goizetan sagarra ekartzen dit ohera. Ez jagi oraindik, lupua baino hotzago dago. Zaratak ezkaratzean. Sekretu bat esan behar dizut, tia. Ez dut nahi zapatua heltzerik, nebak ozpina edanarazten dit kuarto ilunean. Barre-algara egin du, ez dit ulertu.

 

 

Tia berba gutxikoa da. Ipuin bat bakarrik daki, azeriak otsoari tranpa egin zionekoa: osineko ura edanarazi zion, bertan islaturiko iletargia taloa zela-eta. Ahotsa hanpatzen du azeriak otsoari popatik kortxoa atera ziola kontatzean. Handik irten zen uraren urak gari guztiak hondatu zituen. Ez dut inoiz garirik ikusi. Alabaina, uholdea ikusten dut Lumentzan behera, hango piku-arbolak eta porruak eta ziazerbak jo eta alferrik galtzen.

 

 

Uholdeak zerbait ekarri du. Arin-aringa goaz Isuntzara. Izurde batek hondarra jo du. Euliak dabilzkio muturrean eta begietan. Azal berunkara dauka, orbanak tarteka. Nekez hartzen du arnasa. Ezetz ukitu. Atzamarrarekin ukitu dut lehenengo; ondoren, eskua pasatu diot bizkar partetik. Usaina geratu zait itsatsita. Eta izurdearen begi-ninia neurean, gero eta gero etxean hiltzen ikusiko ditudanen agonian iltzatuko zaidan nini berbera.