Hezurren erretura
Hezurren erretura
2019, narrazioa
240 orrialde
978-84-17051-30-3
Azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2013, nobela
2010, poesia
2000, poesia
 

 

Atzoko neska

 

 

Memoria toki antzeko bat da, behinola bizi izan ginena. Iraganaren ausazko laburpenak beti kokatzen dira gertaleku jakinetan, gertaleku horiek lausoak izan arren.

      “Oroitzapenak bere antzinako erretorika gordetzen du, zuhaitz baten edo zutabe doriko baten moduan jaikitzen da, normalean gure ametsen barruan egoten da lo eta haren jabe bakarrak gara” idatzi zuen Silvina Ocampok.

      Ez dago lekukorik hau edo beste honetara edo horretara izan zen egiaztatu edo gezurtatzeko.

 

 

Hamazazpi urte genituela, D., institutuko lagun mina nuena, umedun geratu zen. Autobusez joan nintzen ezkontzara apirileko zapatu batean. Une solteak gogoratzen ditut. Brusa hippya daukat jantzita, kobre-harizko joskuraduna, praka bakeroak eta melena laburra. Begia itsusi daukat, oraindik ebakuntzarik egin gabe. Argazki batean, eskua begi gainean ipinita agertzen naiz, nahita edo kasualitatez ez dakit. Neska gehienek janzki urdin elektrikoak estreinatu dituzte, udaberriko moda. Orrazkera, bisuteria eta boutiqueko osagarri horiekin ez dute nerabeak ematen, exekutiboak baizik. Neska horietako bat Barakaldo inguruetako orube batean agertu zen hilda institutua amaitu eta ez oso luzera, gasolinaz erreta. Sekula ez zen heriotzaren zioa argitu. Ez naiz haren izen-abizenez gogoratzen.

      Ahaztu egiten zaizkigu xehetasunak. Hala ere, aldian-aldian —kointzidentzia batean, estatistika batean, elkarretaratze batean— esnatu egiten dira gure barne-hilobian lotan egondako hondarrak, txanbelinak nahiz karkailak.

      D. makillatuegi zegoen eta irribarreka aritu zen denbora guztian. Alarguna zuen ama. Kafetegiak garbitzetik ateratzen zuen bizimodua.

      — Institutuan jarraituko dut umea jaio arte —esan zidan belarrira tarta zatitu eta gero, ezkontza-egunaren data grabaturik zeukan poxpolo-kaxa ematerakoan.

      Nobioa ez nuen ia ezagutzen; D.k ere ez asko.

      Fabrika batean lan egiten zuenez, bazeukaten bizibiderik. Dena den, umea jaio eta laster kartzelan sartu zuten mutila. Gogoan dut bisitan joan nintzaiola D.ri bere herrira eta emakume bat hurbildu zitzaigula errekadua ematera, presoen senideak halako egunetan biltzen zirela. D.k ikasketak utzi eta arrandegi batean topatu zuen lana.

      — Kargurik gabe atera da —jakinarazi zidan telefonoz aurrerago—. Urte bi lapurtu dizkigute kabroiek, baina bizitza osoa daukagu aurretik.

 

 

Astelehenetan, neskok asteburua kontatzen genion elkarri patioan. Urliak kontatzen zuen kuleroak gardingaz zikindu zitzaizkiola halako diskotekaren zelaian. Sandiak, dantzan pega-pega egin zuela halakorekin eta azken orduan atzamarrak zuloan sartzen utzi ziola.

      Guk bestetara irudikatzen genuen agerkundea: Berarekin topo egin eta batera —Victor Jararen Amandak kale bustian bezala— gure arimak bat eginda aireratuko zirela gu hara eta haratago eramateko, beti-betiko, epifania konparaezin batean. Halaxe, itxaropenak iradokitzen zigun pazientzia izateko, akaso litxarreria-dendan, akaso udako berbenaren batean, edozein egunetan edozein lekutan aurkituko genuela-eta benetako amodioa.

      Horrek ez du esan nahi zainetan odolik ez genuenik. Pelikuletako eszenak errepasatzen nituen ohean. Lehenbizikoa oso goiztiarra da, Topaz filmekoa. Protagonistak argilunetan, zutunik. Mutilak azpikogonaren tirantea jaitsi dio neskari. Besterik ez dut gogoratzen, ez bada militarrek basaki hiltzen zituztela nekazari batzuk. Harrezkero, tirantearen kontuak orratz imanduaren funtzioa izan zuen nire sexu-esperientzietan.

      Beste eszena aztoragarri bat —azala piper-hautsez mazkildu eta espartzuz igurtzi izan balidate bezala— erdi-merdiko pelikula batekoa zen: Victor Frankenstein doktoreak zerbitzari bat limurtzen zuen, batere begiramendurik gabe, gerruntzeko lokarriak askatuz.

      Horra hor pantaila handitik norberaren fantasietara ekarritako fikzioetako batzuk.

      Guk egiazko uztatik kontatzekorik ez bagenuen ere, espabilatuagoen konfidentzien klubeko partaide ginen, honako edo halako merezimendua tartean. Nik baneukan D.ren lagunen oniritzia: ia inork ez zituen latina eta greziera aukeratzen, eta beste asignaturetarako egiten nituen eskemak eskurik esku ibiltzen ziren. Rousseau, bere peluka irineztatu eta guzti, jarraibide intelektualen sorburutzat neukan. Gizonen arteko desberdintasunen jatorriari buruzko arrazoibidea. Hain misoginoa eta hain zitala Jean-Jacques anpolaia, eta ni hamarreko sinopsiak egiten koloretako errotulagailuekin.

      — Akelarrek joko du Deban. Etorriko zarete? —kinatzen gintuzten bizitza laranja baten gisa hartzen zuten neskek—. Eta datorren hilean, Egan Markinan.

 

 

Nerabezaroan dena zen arrotza bezain erreala, ikasturtean zehar Ondarroa setiatzen zuen gurmaren antzekoa. Institutura heltzen ginenez giltzazainak ateak zabaldu orduko, pasiera egiten genuen Alamedaraino gure zamarrote arruntetan batuta. Ez geneukan bufanda txuririk, ezta Levis etiketa gorririk edota kanperarik ere, armadoreen alabek legez, panazko prakak eta Gorila botak baino. Tabernan ikusten genituen zigarroak erretzen. Martin Vigilen nobelak irakurritakook vade retro egiten genion tentazio orori.

      Portuko muturtzarrak eragotzi egiten zigun itsasoa ikustea. Gran Sol askoz harantzago zegoen. Orduan ez zitzaidan axola: aita merkantzia-ontzietara aldatuta zegoen, Durban-Rotterdam bidea egiten, arrastean urteetan ibilia. Haserrea izan zuten armadoreak eta biak ontzia matxuratu egiten zelako eta aitak ez zuelako asmatzen nola konpondu. Arrantzaldia bi edo hiru bider eten behar izan zuten portura itzultzeko. Drogan egin zuten. Aitak, arazo teknikoaren kausa topatu ezinagatik ernegatuta, konpainia utzi zuen finikitoa kobratu ere egin gabe. Ezagun batek lekua egin zion nabigazio-enpresa batean, eta amak eta biok gutunak idatzi eta argazkiak bidaltzeko ohitura hartu genuen.

      Aurreko urteko grebak krak eginda utzia zuen kostaldea. Gabonostean hasi zen, flotako behargin guztien sostenguarekin, lan-uzte luze eta gogorra. Hiru hilabetez, aita berandu etxeratu zen, negoziazio-batzordekidea zelako. Amak deskontentuz hartu zuen hura, balizko errepresalien beldur. Barkuak amarratuta egoteak eskasia ekarri zien kontserba-fabrikei, garraiobideei eta portu-bueltatik bizi ziren lantegiei. Erresistentzia-kutxa bat sortu zen. Itsulapikoak errondan ibili ziren dirua batzeko. Jendea lehorrean hasi zen lan bila. Familia bat baino gehiago ikusi genuen —Rafaela Arroyorena, esaterako— etxea aldean hartuta jaioterrietara itzultzen. Iruditzen zitzaidan jende hark sustrai zatiak uzten zituela herriko bazterretan, solte, inork bilduko ez zituen arrasto ikusgaitzak.

      Hormona asaldatuen eta protesta sozialen giro horretan pegatinen bilduma egiten genuen guk. Alta, burua arrautza-oskoletik ateratzen hasita bageunden ere, gure aldarrikapenek ez zeukaten zerikusirik ez arrantzaleen, ez irakasle interinoen grebekin; bestelakoa zen gure eskea: autobusa jartzea zapatu arrastietan Veneziara joan ahal izateko.

      Autostop egiten genuen, muturrak Margaret Astor lipglossez koipeztuta, Saturraran gaineko antroan zirrararen bat konkistatzeagatik, zerkontatua, geure buruarentzat sikiera. Alabaina, horrek alhadura ere eragiten zigun, obedientzia zelako gure heziketaren bitamina. Gure amek arduraz finkarazi zizkiguten beren belaunaldiko hornigai moralak: zuhurtzia eta damua.

      Behin batean gu baino zaharragoak ziren mutil bik hartu gintuzten autoan T. eta biok. Ezustean, geldialdia egin zuten Milloin. Haiek kanpoan, pixa egiten. Hankak zabal, astindutxoak, kremailera igotzeko keinua. Autoratzean bietako bat atzeko jarlekura lerratu zen. Gerria estutu zion T.ri eta musuka hasi zitzaion lepoan. Txilioka hasi ginen. Mutilak atzeraka egin zuen, harri eta ma.

      — Arrankatu —agindu zion besteari—. Berdeegi daude.

 

 

Literaturako irakasleak Mundua Garpen arabera irakurtzen zigun ozen. Begi-bistan daukat oraindik, bibotea, alkandora bi bata bestearen gainetik eta John Smith zikinak, pupitre baten gainean eserita. Koktelera eklektikoa zen klase hura. Programazioa alde batera utzi eta bere liburuak ekartzen zizkigun kartoizko kaxetan, bakoitzak bere gustukoa lantzeko, kasuan kasuko irizpideak gidari. Nolakoa zen mundua, gure arabera? Ikusteko zegoen. D.ren umea izango zenarentzat ipuinak asmatu eta orri koadrikulatuetan idazten nituen.

      Gimnasiako irakasleak korrikaldia eragiten zigun Zaldupetik zubi zaharreraino, kronometropean. Titietara begiratzen zigun, bularmuturrak hotzak markatuago kamisetaren azpian. Gure arnasaren lurrunak beste bidezidor zurixka bat ematen zuen toffee koloreko ibaiaz bestaldean. Huraxe zen gure atletismo pista, xenda bat Artibairen ertzetan. Ni atzenen artean iristen nintzen, apatxak gastatu beharrean. D. salbuetsita zegoen, eta liburutegian itxaroten zidan inork emandako soineko premama beixa soinean.

      Latineko irakasleak, bere Pantocrator aurpegiarekin, mazatu egin gintuen itzulpenaren itzulpenaz. Ipintzen zizkigun aipuak gu bete-betean jotzeko eztenkadak ziren. Ut sementem feceris, ite metes. Zer erein, huraxe batu. Vitam regit fortuna, non sapientia. Zoriak zuzentzen du bizitza, ez adimenak. D.k irribarre egiten zuen uneoro, bere umearen aurpegia irudikatuz. Ez zegoen ekografiarik. Susmo tristea neukan, erditzearen ostean urrundu egingo ginela, ezinbestean.

      Amor omnia vincit —kontsolatzen ninduen berak.

 

 

Ezkontzan ezagututako mutil batekin irteten hasi nintzen karrera hasi eta batera. S. ni baino bost urte zaharragoa zen eta domekero eramaten ninduen Bilbo aldeko pisu alokatura bere Citroën urdin sideralean.

      Ez nuen odolik bota. Ez nuen odolik bota ez lehenengo aldian ez beste inoiz. Ez dakit noiz urratu zen nire emamintza. Nire oroimenak ezabaturik duen uneren batean izan ote zen. Formikazko mahai baten eta skay marroizko besaulki baten artean egin genuen lehen aldiz osorik, lurrean. Maite ninduen; nik nire gorputza nola erabiltzen zuen maite nuen.

      Orduak ematen nituen pisu hartan psikopedagogiako gaiak eta euskal liburuak —Elsa Scheelen, Zergatik panpox, Gauzetan— intxaur-oskol nituela. Mantso baina urrunera eramaten ninduten. Baina berak planak zituen: ikasketak amaitu bezain pronto Dijonera alde egingo genuen. Solte-solte egiten nuen frantsesez, topatuko nuen lana, irakasle, edo haurtzaindegietan. Hotel bateko mantentze-lanetan sartuko zuen bera anaiak. Anaia eta koinatarekin biziko ginen hasieran. Ileak laztu egiten zitzaizkidan gaia ateratzen zuenerako: nik ez neukan emigrante bokaziorik. S.k, gainera, purutxoak erretzen zituen, eta kafea eta kopa eskatzen zituen postrerako, kamioneroen estilora. Ezin nuen multzo hura orotara onartu.

      Ilundietan, gabardinaren iduna jaso eta narrazio amultsu baten partaide sentitzera jolasten nintzen: ni ere banintzen Maggie eta, bat-batean, Uribitarteko garabiak eta edukiontziak New Yorkeko kaietakoak bihurtzen ziren, edota Hanburgokoak mikrobusak, tren estazioak eta zubi zaharrenetatik harako etxadia. Sentsazio urbanoen pack estetikoak eta gizajende gabetuaren unibertsoak kilika egiten zidaten.

      Behin S.rekin joan nintzen lonjara —amaren denda izandako lokalera— lozakua hartu behar nuela-eta Izabara ikaskideekin joateko. Amorratu egiten zen nire patxadarekin: suharrago nahi ninduen, berarentzat baina. Lepotik heldu eta ni itotzekoa egin zuen, benetan-txantxetan. Ez nintzen kubildu, belaunak dardakadan neuzkan arren. Mutirituta alde egin zuen. Atximurkadak, ordea, beltzunea atera zidan lepoan, ezpainekin hurrupaka ibilita bezalakoa. Ez nintzen ausartu inori kontatzen gertatutakoa.

      Zer berba erabiliko nuen S. uzteko?

      — Orain ez duzu autorik behar, ezta? Puta bat zara.

      Baina nire etxepera etortzen jarraitu zuen. Autoan egoten zen goizaldera arte. Amak ez zidan uzten ezta kontraleihoen atzetik kuxkuxeatzen ere. Valium erdi batzuek mesede egin zidaten.

      Esamesak aditu nituen berari buruz hurrengo hilabeteetan. Bizitza erdibitu niola, gillotinaren ahoa ni, barrengaiztoa. Bere zoritxar kateatuen errudun egin ninduen, eta izan zituen batzuk, kontatu zidatenez.

      Aspaldi ez dela ikusi dut, Alderdi Ederreko tiobiboaren parean. Beti bezain lerden, ia berrogei urte igaro badira ere. Emakume batekin zegoen, ume batzuk zaintzen, ilobak edo. Neurez atera zitzaidan diosal egitea, birritan pentsatu gabe.

      — Azkenean lortu zenuen nahi zenuena —bota zidan.

      Korromio zaharra sumatu nion, estimu gauzaezaren hatsa.

      — Zer nahi nuen ba?

      — Zeure bizitza bizi.

 

 

Ahaztu egiten zaizkigu argumentuak. Hala ere, aldian-aldian, inoren oroitzapen batek berpiztu egiten du, konplexutasunez eta xumetasunez, inoiz izandako hura.

      Lehengo batean bikote bat eta seme-alabak hurreratu zitzaizkidan errezitaldi baten ondoren.

      — Hainbeste aldatu naiz ala? —itaundu zidan emakumeak.

      Zuhaitz zaharrak ez ditu aurreko azalak galtzen: irribarrean ezagutu nuen D.

      Ardo bana hartuz, gure bizitzen sintesia egin genion batak besteari, frisu kronologikoan aipagarri diren mugarrien errepasoa.

      — Gogoratzen zara institutuko gure kanta faboritoaz? Frantseseko irakasleak ipintzen zigun irrati-kasetean. Postari gazte bati buruzkoa…

      Le facteur. Nola ez naiz ba gogoratuko? Moustakirena. Kursi samarra zen, baina milingakeriaren debotoak ginen… Postaria hil egiten zen eta maiteminduen gutunak banatu barik geratzen ziren...

      — Zentzu orokorra harrapatzen genuenean, konforme... Behin maisuak hitz baten esanahia galdetu zigun, hitz berria, rossignol. Eta zeuk esan zenuen, isilka, baina denok aditu genizun: “Urretxindorra, ruiseņor”.

      — Benetan?

      — Mutu geratu ginen denok. Zoragarria izan zen.

      Zoragarria izan zen.

      Bihar D.ren herriko eskola batera joan behar dut. Arrandegitik pasatzeko asmoa daukat. Ezkataz beteriko eskularru bustiak kenduko ditu ni besarkatzeko.

      — Bazkaltzera gonbidatzen zaitut —esango diot.

      — Ordubete itxarotea inporta ez bazaizu....

      Ez daukagu presarik.

      Geratuko ez bagina, biok urrituko genioke etorkizuna laguna izandakoari: balizkoa ez da guregana inoiz bueltatuko aukera bat eman ezean. Ez nuke nahi egunen batean bion ezagun baten bitartez jakin, adibidez, D. minbiziak jota hil dela, edota berari inork esatea istripu batean hil naizela ni. Oraindik ez da beranduegi bizi izan gabekoaren muga-lerroa zeharkatzeko.

      Memoria bizitoki pribatua da, baina ez txikia. Eta zorionez, ahanztura baino handiagoa.