Hezurren erretura
Hezurren erretura
2019, narrazioa
240 orrialde
978-84-17051-30-3
Azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2013, nobela
2010, poesia
2000, poesia
 

 

Txori txuri

 

 

Zure amaren denda erdialdera aldatu zenean, etxekoentzako garaje eta tailer bihurtu zen lokal hura. Berrogeiko hamarkadan aititak eginiko erakusleihoak kendu eta atelada tolesgarria ipini zenuten, Seat 127a gordetzeko. Nahi hainbat oihal-lagin egondako apalategietara torloju kaxak, gasolio bidoiak, soka sortak eta alanbre bobinak, entxufeak eta hodiak, eskuleku lokak, arrantzarako aparailuak eta amuak, pita txirrikak eta mekanika nahiz arotzeriako lanabesak heldu ziren: zerrak, kurrikak, birabarkiak, giltza ingelesak, mailuak. Lonjan, gutxinaka, arropa maiztuak, bizikleta mailatuak, Miramarreko barazkientzako izozkailua eta orotariko tramankuluak pilatu ziren.

      Zuenean legea zen ezer ez botatzea, eta gasturik alferrik ez egitea balio errotua gerrako ezunea ezagututakoentzat: denak izan zezakeen beste aukera bat. Zuri ere geratu zaizu gauzaki zaharrekiko atxikimendua, baita edozeri bigarren bizialdia eskaintzeko joera ere. Horrexegatik zabiltza, esaterako, gaztetan zeure logelakoak izaniko ohe, mesilla eta enparauak zaharberritzeko grinari emanda, modak atzean utzitako altzariak kutsu garaikidez jantzi nahirik.

      Lokal horrek, oraintsu hustu duzuna salgai jartzeko, distira dauka zure oroimenean, basoarena udazkenean. Baserritarrei zorko zaio hori, zuenera etortzen baitziren generoa erostera: amantalak, mudak, galtzerdiak, mantelinak, mahoia metroka. Gogara onartzen zituzten amaren gomendioak eta moldea, fio ziren hark gauzaturiko salmentaz. Amaren izeko batek eta amabitxik, jostunak biak, gerra aurrean baserritik kalera etorri eta haiexek ireki zuten denda. Halandaze, amak txeraz hartzen zituen beti baserritarrak. Adeitsu lagundu zien akrilikoen abantailak —nylona eta antelina, modernotasunaren zantzuak— beren usadiozko bizimoduetan uztartzen. Kontrara, udaro herriko hotelean ostatu hartzen zuten turista frantsesak antzinako zamauteri eta ohe-joko bordatuen bila etortzen ziren, eskuz egindako piezen nostalgiaz. Zeu zinen interpretea, umegorria, esaten zutena erdizka baino ulertu ez arren.

      Denbora franko kendu dizu lonjan metatutako guztiari errebista pasatzeak. Madarikazioa deritzozu dena gordetze horri, zertarako, inork ezin du-eta aldean ezer eraman beste mundura, eta azkenean zeuri tokatzen zaizu beti garbiketa egitea. Hiru multzo egin dituzu: batean, zabor-zaborra; bigarrenean, edukiontzirako gaiak; eta hirugarrenean —nahiko zenukeena baino pila handiagoa, sentimental hutsa baitzara eta, esanak esan, souvenir horiek likatu egiten baitzaizkizu eskuetan—, zuretzat holako edo halako esanahia duten zerak.

 

 

Sitsak pikaturiko beroki batzuen artean maleta bat agertu da. Barrukoak aspaldian galdutako toki batera eraman zaitu, gertaerek, geruza geruzaren azpian, ezkutuan utzitako aldi batera, elipsi batera. Koadernoak dira, Sam markakoak, milimetratuak, animalien grabatuak azal laranjetan: zamoa, kriskitin-sugea, azeria, mariorratza, paradisuko hegaztia. Amak gordeko zituen ezer esateke —aititak santu-santen pusketak anparatzen zituen legez—, egunen batean bistara ekartzeak emaitzaren bat izan zezakeelakoan. Ia koaderno guztien goiburuan ageri da data. Antzinakoena 1973ko irailekoa; azkena 1978koa. Horietako batean Mon premier de français idatzita dago zeure letraz. Atsegin duzu pentsatzea, nahiz eta aleak hamahiru izan, bakar baten gisa hartu nahi izan zenituela guztiak, bizitzako ikaskuntzekin gertatzen den moduan: txatalak asko, oihala bakarra.

      Erraz sartzen zitzaizkizun hitz zerrenda luzeak, esanahiak idatzi eta lerroan-lerroan zenbakitu eta gero: noms, adjectifs, verbs, adverbs, locutions. Zuzenketak, bakoitza hamar aldiz kopiatuta. Orduan ez zenuen usteko errepikaren sistema klasiko hari gerora probetxua aterako zenionik haurrentzako ipuinen eta ezagutza-liburuen itzulpenak eginez. Familia, bere uste ona zure heziketan inbertitu zuena, gora-goraka paratuko litzateke ikusirik umeak ez daukala soldata finkorik, ezta hemengo hainbat kultur sortzailek bezala, txarrenean babestuko duen sindikaturik ere. Horra hor arriskuaren prezioa, ez zaitez harritu: ilargia ere ez da beti bere betean egoten. Goizero errepasatzen duzu zure pentalogoa ohetik jaiki orduko: eutsi zure hautuari, zeure erara egin, ez murriztu konfiantza, jarraitu hazten, aurrera.

      Aurrera. Horixe zen osaba aitabitxiren leloa. Ikasleentzako egonaldiei buruzko eskuorriak ekartzen zizkizun agentzietatik: Grenoble, Reims, Arles, Lille, Toulouse. Prest agertzen zen ikastaroren bat oparitzeko, bidaiaren batetik itzultzen zen bakoitzean pitxiren bat oparitzen zizun bezala, ezkon-soinekoa oparitu zizun bezala, Miramar oparitu zizun bezala, bere azken begirada oparitu zizun bezala zure besoetan hil zen goizaldean. Baina etxeko emakumeei —amari, amumari, tiari, amabitxiri— errezeloa eragiten zien umea atzerrira bidaltzeak, ea okerreko tokian galdu eta tuntux eta guzti bueltatuko ez ote zinen. Gainera, uztail-abuztuetan dendan lagundu beharra izaten zen. Gauzak horrela, frantsesarena egitea bilakatu zen zure jolas gogokoenetako bat. Udan zeure burua birbataiatu eta aktore bilakatzen zinen. Izenak, nahi eran: Linette, Florence, Jacqueline, Regine, Noelle. Hamazazpi urte zenituenean, frantseseko koaderno bat zen zure bihotza, gogo antzemanezinen irakintoki bat.

 

 

Ekaineko arratsalde batean moilara jaitsi zinen ikastera. Betikoa izan duzu hori, paperekin aire zabalean egotea. Uretan barrentzen diren harrizko mailetan jesarri zinen, apunteak belaunetan.

      Belaontzi bat sartu zen portura, Txori Txuri. Biak zekartzan, Frantziako bandera eta ikurrina. Edonon agertzen zen orduan ikurrina: boligrafoetan, giltzatakoetan, egutegietan, txanoetan, xukaderetan. Dendan ere arrakasta zeukaten kamisetetan serigrafiaz inprimaturiko ikur abertzaleek: lauburua, Gernikako arbola, ezpata-dantza, zazpien mapa, Nik euskaraz. Zure parean amarratu zutenean, berbetan aditu eta zer edo zer esan zenien, ea itsasontzia barrutik ikusten utziko zizuten, hurrean. Afaltzen gonbidatu zintuzten. Burutik pasatu ere ez zitzaizun egin ontzikoek bahitu, bortxatu eta itsasora jaurti zintzaketenik, baladako andre gazte xarmanta legez. Azertua izan zenuen esatea ikasturtean zehar Le comte de Monte-Cristo irakurri zenuela, bertsio egokitu batean, jakina. Zertzelada horrek tanto bat gehitu zion zure xarmari, areago belaontziko txakurraren izena Dumas izanda. Gaueko hamar eta erdietan galapan etxeratu zinen eta mistik esan barik eutsi zenion errietaren zaparradari: Ezezagunen barkuan sartzea ere! Ez daukazu bururik ala! Arduratan eduki gaituzu! Abisatu bazenu sikiera! Eskerrak osorik zatozen!

      Ez zegoen zertan larritu, jende jatorra zen. Biharamunean dendara etorri zitzaizkizuen. Gogoan dituzu izenak? Egin kontu gurasoak Chantal eta Jean zirela, ospitale bateko langileak biak; semea Patrick, zeure adinekoa; Mariek zortzi urte zituen. Mariek askotan egin dizu bisita ametsetan, hainbat itxuratan: uso zuria, lertxun txikia, elur-antzara basatia, zisne sekretua, espiritu santua.

      Neskatoak belarrira hitz egiten zion amari. Ile luzea zeukan, ia gerrirainokoa, gaztaina argia. Zurztasuna iradokitzen zizun, ez zenekien arren ia ez zuela lorik egiten, baten bat behar zuela beti alboan, fobiak zituela, nerbioek erabiltzen zutela, iparrorratz faltsua zuela irudimena. Bezperan, belaontzian afaritan, burua arrimatu zuen zure besora, keinu horrekin zuganako atxikimendua agertuz.

      Ama-alabek bikini bana erosi zuten. Aita-semeek bainujantzi nautikoak nahi zituzten, baina halakorik ez zeneukaten. Modelo falta justifikatzeko, azaldu zenien hemengo gizonezkoek ez zutela estilo hori gustuko, kirol-galtzak erabiltzen zituztela hondartzan ere.

      Astebetean geratzeko asmoa zuten. Galdetu zizuten ea libre zeundekeen Gernikara laguntzeko. Baietz zuk, denda itxi orduko bueltatzekotan, ordenatzea eta erratza pasatzea zeure ardura ziren eta. Osabak Temas Vascos bildumako ale bat pasatu zizun, Juntetxearen balio artistikoari buruzkoa, turismo-gidariarena egin zenezan. Uda horretan ere ez zinen Frantziara joango, baina Capbretoneko ontziralekutik heldu zitzaizun marinel-jertse marradun eta guztiko familia bat, frantsesa praktikatzeko prest.

 

 

Herritik kilometro gutxira bazen itsaslabar bat. Aldats batetik egiten zen behera, itsas mihilu eta Armeria euscadiensis banaken artetik. Harri-plantxa handia zegoen almendra txigortuen koloreko harribilez zolaturiko kala baten aldamenean. Patricki erakutsi nahi zenion, baita hormetan habia eginda zeukan belatz bikotea ere. Jeanek bazuen erreparoren bat zuok bakarrik joateko; Chantalek, ordea, Marie ere animatu zuen, komeni zitzaion gurasoen abaroan beti ez egotea.

      Eukalipto saila zeharkatzean, Mariek txirrist egin zuen eta lur hezearen marka geratu zitzaion bikini arrosan. Esku banatatik helduta eraman zenuten, sandalietan lur-birrinak. Itsas izarra topatu zuen putzuka batean geroxeago. Hanka bat falta zitzaion, ahaidetasun xumea umearekin, pentsatu zenuen. Lapatza batu zenuten, erraz apailatuko zenuen saltsa berdetan. Dumas kalatxoriei uxaka ibili zen, gerakaitz.

      — Zer pasatu zaizu begian? Jo egin zaituztela ematen du, edo lixiba jausi zaizula —galdetu zizun Patrickek, haitzean etzan zinetenean.

      Azaldu zenion bazirela lau urte galdu zenuela, gutxigatik ez zinela itsu geratu, aurreko apirilean egin zizutela ebakuntza, ikasbidaiara ezin izan zenuela joan, orain ez zizula minik ematen gutxienez.

      Ez zenuen ikusi, ez zenuten ikusi. Lehenbizikoz sentitzen ari zinen listu arrotza zure ahoan. Orduantxe zaunkak. Braust jaiki zineten, durduzaturik. Arineketan inguratu zineten plantxaren ertzera. Mantxa arrosa bi ageri ziren olatu artean, eta itsas belar horailak halako ile-adatsak. Itsaskirriak zerabilen gorpua, ahuspez, zerua eta itsasoa nahastu eta okerreko tokian hegoak zabaldutako txori zuri trauskil baten antzera.

      Garrasika hasi zineten. Besoak astindu zenituzten etsi-etsian, iluntzeko ordu horretan aiztoa zirudien ortzimugan txipiroitan ziharduten potinek erreparatuko zizuetelakoan.

 

 

Osabaren lankide batek eraman zintuzten furgonetan hiletara. Hilkutxak, jende artean lorez zamaturik, itsas jai baterako apaindutako trainerua zirudien. Doluminak emateko hurbildu zinetelarik, bareen antza hartu zenien Patricken betazal puztuei. Bizkarra eman zizun. Albo-alboka egin zizun gorputzak. Chantalek eskua jaso zuen, geldi hor.

      Itzuleran, osabak irratia piztu zuen isiltasuna aienatzearren. Aurrean zihoan; ama eta zu atzeko jarlekuan. Egunak zeneramatzan esaldi zentzubakoak zezeltzen, hala nola Je vous salue, Marie edo tai gabe kantatzen Uso zuria zara zu Odoletan zenituen atzamar-puntak. Amak besoa pasatu zizun sorbalda gainetik, baina nahigabearen pisu hain benetakoa igorri zenioten elkarri, hotzikarak inarrosi zintuzten.

      Geldiunea egin zenuten errepidean. Osabak erosketak egin nahi zituen zapatuan txokora eramateko: bloc de foie, brique de chèvre, crème fraiche, vin de Bordeaux, escargots à la Bourgignonne. Ateraldi sibaritak izaten zituen noizbehinka, gertatuak gertatu, bizitza dastatzen jarraitzeko tinkotasuna. Laster etorri zen bueltan, plastikozko poltsak bilin-balaun zirimiripean. Martxan jarri zineten berriro. Osabak gazta-kaxa bat atera zuen, tapan aingeru bi zituena, camembert.

      Caprice des Dieux, zuretzat —esan zizun, eskua luzatuta—. Jan.

      Orduantxe eman zenion negarrari, estreinako lantualdia itsaslabarreko arratsaldetik.

      Zailena eginda zegoen ordurako alabaina, eta mugatik zenbat eta urrunago, arindura handiagoa eragin zizuten mamiaren bigunak, zaporearen sendoak, usainaren sarkorrak, azalaren leunak, izenaren aproposak.

      Ulertu zenuen aurrerantzean zeure erantzukizuna eta erronka izango zenituela —jainko-jainkosen kapritxoa tartean— ordura arte ikasitakoaren xedea: akaso frantseseko irakasle izango zinen urte batzuen buruan; akaso, itzultzailea, unean pentsaezina izan arren; eta akaso, zelan jakin, akaso idazlea, hau guzti hau kontatzeko.