Hezurren erretura
Hezurren erretura
2019, narrazioa
240 orrialde
978-84-17051-30-3
Azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2013, nobela
2010, poesia
2000, poesia
 

 

Galtzerdi zuriak

 

 

Galtzerdi motz zuriak uniformearen parte ziren. Zuriak izan behar zuten galtzerdiek eta alkandorak, baita ileko txoriak ere. Pitxi mahukabakoak eta gerrikoak, berriz, azul marino. Oihala lodi samarra zenez, garboz eskuilatzen ziguten klarion markak eta bazterretan kromotan ibilita batutako hautsak kentzeko.

      Eskolan hasi berritan, bost bat urte nituela, Sor Doloresek agiraka egiten zidan uniformerik gabe joateagatik. Beste neska guztiek bazerabilten arauzko soinekoa, tolesak zehatz-mehatz plisaturik, baina nik, etxean irakatsita, laster eramango nuela erantzuten nion mojari, amabitxi oraindik josten ari zela eta.

      Amabitxik esku ona zeukan joskintzarako. Hala ere, osasunez pattaldurik, azken puntada eman ezinik zebilen eta arropa arruntekin joaten nintzen kolegiora. Ardi beltzaren pareko sentitzen nintzen neska talde urdinaren erdian eta egonezinez itxaroten nion jantzi ofizialaren bidez askoren arteko bat bihurtuko nintzen egunari, inoren destaina-keinuetatik salbu geratzeko.

      Estreinakoz jantzi nuen eguna gomutagarria izan zen, izan ere: txiza egin nuen aldean. Harrituta igarri nuen txorrotada epela izterretan behera, nire borondateak gertaera hartan zerikusirik ez zuela.

      Gogoan dut arbelean zenbakiak idatzita zeudela, zerotik bederatzira, eta zenbakiok orri koadrikulatu batean kopiatzeko ahaleginean hainbeste bider apurtu zitzaidala arkatzaren punta. Gehienek amaitua zuten ataza, eta ni borragomarekin papera lardaskatzen nenbilen oraindik. Kinka hartan busti nuen, bada, pupitrea. Huraxe izaten zen deskuidurik laidogarriena. Txutxu-mutxua ahorik aho zabaltzen zen patioan:

      — Fulanitak txiza egin du… Fulanitak txiza egin du…

      Eta behin kotxina ospea irabaziz gero, iraina eta izena atxikita geratuko ziren txiklea eta zapata-zola bezala.

      Sor Doloresek lanbasa ipini zidan eskuan, eta ahal bestean ekin nion behegaina garbitzeari. Alabaina, nire zotinekin errukituta-edo, etxera bidali ninduen arropak aldatzera, espero ez nuen berba samur bat esanda.

      Ez nuen, ostera, etxerako bidea hartu, hondartzarakoa baino, hainbeste kostatako jantzia zelanbait txukunduko nuelakoan.

      Marea bizien sasoia zen, ohi baino harkaitz gehiago zegoen moilaren kontra agerian. Hego-haizea. Galtzerdiak erantzi eta haitz baten koskatik zintzilikatu nituen. Ni hondarrean etzan nintzen gero, gona gerriraino batu eta eguzkia nire asmoaren konplize eginda. Erremedio natural hartan fedea ipinita, loak hartu ninduen.

      Kili-kiliek iratzarri ninduten: txakur bat neukan usnaka eta muturrarekin bultzaka. Geldi-geldi geratu nintzen. Hankak asmatzen nituen paparrean, adurra bekokian. Bat-batean txistu egin zion norbaitek moilatik eta zantarrak alde egin zuen, ni baketan utzita.

      Kartera jaso eta etxerantz egin nuen. Amabitxik, ume besoetakoa piura eskas harekin eta ezohiko orduan etortzen ikusi zuenerako, ura ipini zuen txapan berotzen, terreina bete eta ni bainatzeko. Uniformea balkoian eseki zuen istripuari gora handirik eman barik. Galtzerdi bakarra nekarren —bestea plaian galduta— eta neba bidali zuten bila eguerdian. Ekarri ere ekarri zuen, blai eta zikin, ur ertzean topatutako arrain tripazuri baten antzeko.

 

 

Haziagoak ginela, mojek arrats-pasa eraman gintuzten itsasargitik gertu zeukaten soro batera. Kantuan joan ginen bidean. Toma, Virgen pura, nuestros corazones. No nos abandones jamás, jamás.

      Belarra dantzari zebilen eta fruta-ale banakak bereizten ziren lurrean. Oiloen gandorrek plastilina txatalak ematen zuten. Parez pare, itsasoa. Baten batek esan zuen zerumuga ez zela erabat zuzena.

      Orduan ortulaua agertu zen limoiondoen artetik. Adintsua zen, argala, narrubeltza.

      Sor Josefinak azaldu zion lore bila gentozela, maiatzak behar bezala, eta gero boluntarioa eskatu zuen ura ateratzeko, kolegioko ponterako. Zotz egin genuen eta neuri suertatu zitzaidan:

      — Ortulauak lagunduko dizu badaezpada.

      Antonek —Anton bazen behintzat— hortzak falta zituen. Putzuaren karelean ere falta zirenez harriak, elkarren antza zutela iruditu zitzaidan gorputza aurreratu nuenean barrura begiratzeko. Akordatzen naiz eltxo piloa atera zela eta surziloan sartu zitzaidala bat, doministiku egin nuela. Ortulauak txapelarekin uxatu zituen xomorroak eta baldea erakarri zuen guregana.

      — Erria txikota beheraino, eta baldea betetakoan, ekarri geldi-geldi, kontuz, soltatu barik, osterantzean arrastaka eramango zaitu barrura. Tira, hain umea ere ez zara zu…

      Putzuari eta Antoni, biei zerien zingira ilunaren sunda. Atzetik arrimatuta, esku bat ipini zuen nire eskuen gainean. Haren kailuak sentitu nituen. Beste eskuarekin uniformea altxatu zidan. Ez nuen zirkinik egin: bestela, edo putzura jausiko nintzen buruz behera, edo alferrik galduko nuen bedeinkatzekoa zen ur garbia.

      — Neskatxu poxpolina zara zu, gaurko arratsaldea lakoxea —esan zidan murmurka—. Begiak ere eztiaren kolorekoak dauzkazu.

      Zurrumurru hori oilategian zebiltzan nesken algarekin nahastu zen nire belarrian gizonak ipur-mamiak estutu zizkidanean. Gero erdirago irristatu zuen eskua, eta beherago. Eskrupulu mortala eragin zidan, azazkaletan lurra edukiko zuelakoan, baina baldeari tenk egitean nire giharrak ere gogortu egiten ziren eta Antonen atzamarra atezatzen nuen nire haragiekin. Baldea goraino ekarri nuen unean bertan, kurrinka bezalakoxe bat egin zuen eta nigandik apartatu zen, atzeraka. Arbola artera abiatu zen ondoren.

      Baldea hartuta, besteengana zuzendu nintzen, ia-ia itsuka, hainbesterainoko durduzaz non oinak sartu nituen simaur metan, orkatiletaraino. Besteak, nire galtzerdiak zipriztin nabarrez beterik ikustean, burla-plantaka hasi zitzaizkidan:

      — Kotxina… Kotxina…

      Eta horraino zerkontatua.