Hezurren erretura
Hezurren erretura
2019, narrazioa
240 orrialde
978-84-17051-30-3
Azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2013, nobela
2010, poesia
2000, poesia
 

 

La recherche de l’absolu

 

 

Lauretan batu dut Nadine. Ordua baino lehentxeago iritsita, itxaroten dago Abandoko tren geltokian. Ilea lisatuta dakar. Larruzko jakak gaztetu egiten du. Zurbil topatu dut, hala ere.

      — Ondo zaude? —galdetu diot besarkatzean.

      Eguna hara eta hona daramat. Institutu batetik atera berri naiz, senperrenak eginda ikasleei frogatzeagatik irakurri berri duten liburuak baduela kasu pixka bat egiteko bezainbesteko merezimendurik. Nadineren besarkadari zurrun antzeman diot.

      — Jausi egin nintzen kalean —azaldu dit—. Zauria daukat belaunean eta hanka behartuta egin dut bidaia.

      — Ea ba. Aparkalekutik pasatu eta ordubetean itsasondoan gara. Zer moduz zure umetxoa?

      — Haserre, etxean utzi dudalako. Atzo maletan sartu zitzaidan. Atzaparka ere egin zidan. Baina ohitu egin behar du aldizka ni gabe egoten.

      Zinez eskertzen du bere katuaz interesatzea. Kontatu dit Binoche, jatekoren batek kalte eginda, beherakoak jota ibili dela, kaka-dindirria zeriola. Bainuontzian sartu zuela garbitzeko, baina hainbeste larritu zen, erpea hustubidean sartu eta katigatu egin zitzaion. Zoratu beharrean jarri zela, hanka atera ezinik zulotik. Bera ere estutu zela: ikusita zeuzkan, txikitan, zepoan harrapatutako katamotzen edo azkonarren gorputz-adar solteak, bizia salbatzearren animaliak berak zarra eraginda. Azkenean suhiltzaileei deitu omen zien, goizeko hiruretan. Lasaigarri bat ipinita lortu zuten askatzea.

      — Zorioneko suhiltzaileak. Arboletatik jaitsi ezinik geratutako katuez gain bestelako ataka gaiztoetan daudenak ere erreskatatzen dituzte orduan.

      —Ordainduta, noski. Baina nire katuari on egiten dionak neuri ere egiten dit.

      — Eta zure hura… Zertan da?

      — Pasa den astean geratu ginen. Neuk hots egin nion, negu osoan ikusi gabe egon eta gero.

      — Eta?

      — Kafe bat hartzera gonbidatu ninduen bere apartamentura.

      — Eta?

      — Neska koxkor bat bezalakoa naiz. Sofan jarrita geunden eta halako batean ez dit, ba, esaten: “Orain beldurra didazu ala?”. Eta nik: “Zergatik?”. Eta berak: “Ez duzulako poltsa kendu bularren paretik”. Ohean bukatu genuen, majo, egia esateko, beti bezala, baina berak bazeukan hitzorduren bat, edo errekaduren bat… Beti agertu behar harria zapatan.

      — Beno, zuk ez duzu arazorik izaten ordezkorik topatzeko. Zer esaten dizu alabak?

      — Sophiek? Esaten dit gutxiago ematen ikasi behar dudala.

      — Horretarako, entrenatu egin behar.

      — Nahikotuta nago gizonekin… Ez dizkiet entzun nahi betiko aitzakiak. Nire katuari bai, Binocheri axola natzaio benetan.

 

 

Aparkalekuan Nadine laztanka hasi zaio ezezagun baten txakurrari. Berezkoa du animaliekiko guraizana. Teoria funtsatua dauka horren gainean:

      — Amak txirikordak egiten zizkien nire ahizpei; niri, ordea, ezin motzago uzten zidan ilea, amorrua zien nire kizkurrei.

      Erresuminik gabe ari da hizketan.

      — Etxean zerbait apurtzen zenean, belarrondokoa neuretzat izaten zen bai ala bai, errua besteena izanda ere… Atzo amaren urtebetetzea izan zen. Hiru aldiz deitu nion, baina ez zidan hartu, nahita, apustu egingo nuke.

      — Familia guztietan egoten da inoren kontenplaziotik elikatzen den baten bat.

      — Ez da hori. Sekula ez nau onartu. Horregatik alde egin nuen hain gazte etxetik. Tira, denari bilatu behar zaio abantailaren bat. Horra urte askotako terapiaren laburpena.

      — Norberak patxadaz lo egitea da kontua… Ezpainetako hori berria da, ezta? Asko gustatzen zait. Utziko didazu.

      Begiak itxi ditu. Autoaren leihatilatik atera du besoa eguzkitara. Errepide inguruko zelaietan belar mardoa eta basaloreak, zer besterik nahi. Nirekin egonda baretu egiten dela esan zidan elkar ezagutu genuenean.

      — Animaliek salbatu ninduten. Jaiotetxearen atzealdeko landa zeharkatu eta pikondo batera igotzen nintzen. Itsasoa guretik urrun egon arren, kostako haize-orratzak ikusten nituela egiten zitzaidan. Orduak ematen nituen han apartean zer ote zegoen, txakur eta katuz inguratuta, haiekin berbetan. Irudi bukolikoa ematen du, baina bakar-bakarrik nengoen.

      — Ni ez naiz animaliazalea. Gure ortura katuak sartzen dira eta, harroputz halakoak, paretik ere ez dira kentzen pasatzen uzteko. Ez pentsa, ikaratu egiten naiz eraso egingo didatelakoan.

      — Konfiantzarik ez duzulako.

      — Baliteke.

      — Amak gorroto nau beti izan dituelako dudak noren alaba nintzen, aitarena edo osabarena. Nik uste dut aitarena naizela, antzagatik. Baina ama sasoi batean biekin ibili zen. Berak aitortu zidan, min ematearren. Zalantzak karrakatu egin dizkio barrenak, neure kalterako. Duda-mudak eta damua lixatu behar izan ditu, azken orduan aitarekin ezkondu izanagatik, eta ez osabarekin, betiko nobioarekin.

      — Anaia biren arteko lehian egon zen zure ama ala?

      — Ez ziren anaiak. Osaba nire osaba bihurtu zen amaren ahizparekin ezkondu zelako handik laster.

      — Hori komedia…

      — Gurasoak banatu egin ziren urte gutxira. Ez batak ez besteak ez naute maite izan sekula. Kostatu zait onartzea. Aita oraintsu hil da, esan nizun, egoitza batean. Ikustera joan nintzen, barkatu nion. Ama ikusi ez dudala... Ezin dugu bata bestearengandik hurbil egon.

      — Eta zure ahizpekin zer?

      — Haiekin normal konpontzen da. Orain ez daukat traturik inorekin… Behinola gaixorik egon nintzen umetan eta medikuak etorri behar izan zuen gurera. Arnasan marranta arraroa sumatzen zidala esan zuen, ron-ron moduko bat. Orduan amak manta altxatu eta katu bat azaldu zen nire oinen artean, poltsa beroarena egiten. Hain jo zion zankako amorratua, katua ez zen sekula itzuli. Ulertzen didazu?

 

 

Logela txikia prestatu diot zubi-pasarako. Nadinek liburu bat utzi du mesillan, La recherche de l’absolu.

      Mais l’absolu n’existe pas! —zirikatu dut—. Harri filosofalaren bila oraindik? Ez dago ezer harriak diamante bihurtzen dituenik.

      — Bon, ez dut itxaropena guztiz galdu nahi.

      — Erosketak egitera jaitsiko naiz. Bitartean zu etzan apur batean.

      — Bai, hanka hau luze edukitzea komeni zait, baina aurrena auzokoari deitu behar diot. Haren kargu utzi dut Binoche. Kroketak ipini, ura aldatu eta hondarra garbitzea, hamabost euro eguneko.

      Ez da ideia ona izan: emakumeak telefonoa ipini dio belarrian Binocheri —jabe-lagunaren ahotsa entzun zezan— eta gaixoa aparatua goitik behera miazkatzen eta haginkatzen hasi da. Marrauak nik neuk entzun ditut.

 

 

Oparia omen dira egun hauek, hala dio Nadinek. Aje bakarra, ezeroso dabilela, tripetatik siku.

      Berandu arte lo egin dugu; hondartzan egurastu gara, kontuz, belauneko zarakarra ez bustitzeko; arrainak prestatu dizkiot jateko eta berak niri tarte tatin. “Neure benetako ahizpa” deitzen dit. Gogoko dut hori.

      Zirkuetatik salbatutako piztiak zaintzen dituen erakunde baten bideoak ere erakutsi dizkit. Hunkitu egiten da jaiotzatik kaioletan egon eta lehen aldiz lurra ukitzean tigre kumeek ageri duten emozioa ikustean.

      Auzokoak deitu dio ustekabean, jakinarazteko Binoche ez dela ia mugitzen, ile-mataza potoloak galtzen ari dela eta ez duela kakarik egiten.

      — Ezin du nire falta eraman —arrazoitu du Nadinek, betilun.

      — Ederra daukazu bueltan! Nola zen poema hura…? Etxe huts batean geratu da katua, ez daki jabea nora joan den ezta noiz arte ere, eta berdin eta aldi berean ezberdin igartzen du dena. Bakardade berri horri neurria hartu ezinik dabil… Kontsolatzeko, pentsatzen du ongi-etorri hotza egingo diola jabeari itzultzen denean.

      — Non zegoen jabea, ba, oporretan, neu bezala?

      — Ez, hilda.

      — Segituan itzuli behar dut etxera orduan. Ezingo nuke jasan beste inoren mendekurik.