Hezurren erretura
Hezurren erretura
2019, narrazioa
240 orrialde
978-84-17051-30-3
Azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2013, nobela
2010, poesia
2000, poesia
 

 

Daily program

 

 

Itsasontzia martxan jarri denean, lau lagunek nork bere kapelari oratu dio. Zergatik ez pelikula batean bizi astebetez. Badaezpada ere, ez dakigu datorren urtean zer izango den eta. Horixe esan zuten agentziako txartelekin elkar abanikatuz.

      Soinekoek pal-pal egiten diete brisaran. Bidaiariak eskudeletara hurreratu dira atzean geratzen ari den hiriari begiratzeko. Andrea Bocelliren ahotsa birika betean bozgorailuetatik. Con te partiro. Kaioak piloka transatlantikoak askatu berri dituen gorozki eta zaborretara. Pajaritadun zerbitzariak, astrapala, erretilu bat airean, soldata murrizketa.

      Laugarren laguna isilik dago. Jainko maitea, zer dela eta etorri naiz ni hona, etxean bezain gustura inon ez banago, neure kontuekin. Semea, katua, baratzea, sekula amaituko ez dudan liburu hori. Beheraka tira egiten didan ingude bat sentitzen dut barruan.

      Botaka egitera joan da kamarotera. Koadernoa atera du. Nereidak kutsadurak hil ditu, idazten ari da. Jada ez dira lehiatzen itsasoan galdutakoak salbatzearren. Higatu egin zaizkie tunikak, galdu egin dituzte koralezko koroak. Itxaropenaren tridenteak noraezean dabiltza. Nahastu egin dira itotakoen hezurrekin. Eta itsasoak hartu du Halloween parke akuatiko erraldoi baten antza. Ez dago eztirik ez oliorik hondartzetan zain. Nereidak hilda daude, izar multzoak kraskatuta, uharteak urtuta. Denboraren malkoak bor-bor egingo du gupidarik gabe, gure sofamundiaren aldareetan, sekulorun sekulotan.

      Ezpainak margotu ditu ispilu aurrean. Eguzkitako betaurrekoekin ez zaio ezer igartzen. Maskara afrikarrez eta banbuz apainduriko saloi batean batu da besteekin. Besaulkien hankak leopardo-buruak dira, pikarta urrekaraz pintarratuak. Alkandora parpailadun gizonak eta lentejuelak. Boleroak. Koktelek erluzak sortzen dizkiete eskuetan, koloretako txitxinak. Topa guri. Ujiak. Berrogeita hamabost urte eta sekula baino hobeto, ez ala?

 

 

Laugarren laguna goiz esnatu da. Pausoak karrajuko moketan, urrumak aldameneko kabinan. Balkoira atera da prismatikoekin. Ekialdean gotorleku bat, eraikin neoklasikoak, kanpandorreak, palmondoak.

      Mazedonia, arrautzak, kafea, fruta-tarta. Ez daukazu aurpegi onik. Ez, tripako mina daukat. Zukua eta jogurta besterik ez duzu jango? Pasatuko zait. Bai, mesedez, animo.

      Itsasontzitik jaisteko abisuaren zain geratu dira. Debekatuta ontzitik jaistea tokian tokiko agintaritzak legezko baimena eman arte. Badoa turista oldea Napoleonen estatua gailentzen den etorbide arbolaturantz. Azoka-eguna, hau poza.

      Laugarren lagunak peluxezko kalatxori bat erosi du. Tripan sakatuz gero, grau egiten du. Jostailuak zapia dauka lepoan, berba bat bordatuta, Ajaccio.

      Kaperako zoruak xake-taula dirudi. Gangak, igeltsuzko entokadura horiekin, tarta barrokoa. Marmolean grabaturik, familia gorenaren genealogia. Luis Luziano aipatu dute, euskalkien mapa.

      Mihise batean, Paulina Venus bihurtua. Biluzik ibilizalea zen, sasoi bertsuan hiru gizonekin batera ere endredatzekoa. Sendagile bati ez zitzaion, ba, otu aluan izainak jartzea molestiak ematzeko? Uteroko karramarroak hil zuen, bai. Argazkiak, abanikoak, izerdia, izotz-koskorrak. Birekin batera bale, baina hirurekin… Jainko maitea.

      Badakizue altoa eman zidatela aireportuko kontrolean? Desbideratu egin zuten nire maleta X izpien aparatuak zerbait sumatu zuelako. Polizia bat nire nezeserra miatzen hasi zen. Drogaren baten edo metal arriskutsuren baten bila, seguru. Eskularru sobatu haiek nire zerak erregistratzen: hortzetako eskuila, makillajea kentzeko zapiak, salvaslipak, bideteko toallatxoa. Neuk ere beti eramaten dut toalla bat kanpora, neure mania bat, gaztetan hotel kutre batean kandidiasia harrapatu nuenetik. Barkatu, segi. Medikamentuen zorroa ere ireki zuen: bihotzerrearen kontrako jarabea, zistitisaren kontrako hautsak, melatonina pilulak, Madonna. Pomadari eta plastikozko kanulari begira geratu zen. Zigarreta elektronikoa zela pentsatuko zuen. Dena bota behar izan nuen zaborrontzira. Ez zidan nazka txikia eman saskil hura nire trasteak manoseatzen ikusteak. Halako batean egin zidan keinua aurrera segitzeko, eta beste baten poltsa ireki zuen nik nezeserra malamaneran gordetzen nuen bitartean. Ni ere hasi naiz Madonna erabiltzen. Azken kontsultan ginekologoak esan zidan deformazio arina nabari zitzaidala baginaren kanpoaldean. Erizaina adi-adi neukan bere husky begiekin. Erabili krema hau astean hirutan, igarriko diozu. Gure adinean zaintzen hasi beharra daukagu. Halakoetan ez gara ibiliko merkezurrean. Gazte gaudelakoan, eta gutxien espero duzunean tutua atrofiatzen hasi zaizula esaten dizute. Eta horregatik al da minantza? Uste nuen ez nintzela behar beste berotzen. Ez dut izan orgasmo dezenterik ez dakit noiztik, kontzentrazio demasa eskatzen dit. Nik estasi plantak egiten ditut batzuetan. Baita nik ere; bestela, akabo. Zuek ez zarete oherako alfertu? Estrogenoen falta. Baina atrofiarena? Ez neukan ideiarik ere.

 

 

Civitavecchiako portuan egin du maniobra itsasontziak. Hor doaz, Forte Michelangeloren lau dorreak baino tenteago. Taxistak. Ez, ez dugu Erromara joan nahi, prego.

      Laugarren lagunak Trastevereko hotel batean dauka gogoa. Gizon hura lepoan hozkaka, burua zintzilik ohearen ertzetik, bularrak muselinazko kamisoitik kanpora, Jainko maitea. Erroma urrun dago; gizona urrunago; orain kexuka hasteko asti gutxi dago. Boticellik ere ez zuen sekula ahaztu Simonetta Cattaneo, che paura.

      Plaza batean geratu dira, planoa eskuan. Asfaltoa, erregaliz urtua. Kiosko baten erlaizpean gizon bat adi. Zuzen dator. Mun eman dio eskuan, antigoaleko erara. Bellissima donna, atzo gauean dantzan ikusi zintudan. Nor, ni? Musikaria naiz barkuan, eta dantzan ikusi zintudan. Mateo di Lucca, hamabietan bukatzen dut, a dopo.

      Denda batera sartu dira gerizpetara. Hori berbaroa pianistarena, guapa, prosecco jarioa. Baduzu abentura bat libururako. Bai zera. Ez esan ezetzik. Ebanjelista izena dauka gainera, espeziala zuretzat. Barreak. Laga baketan. Italiano hauek… Zorroztu atzazalak, horrek gerra emango dizu eta. Ez diozue hartzen minotauro itxurarik?

      Laugarren lagunak kolonia bat erosi du. T.k zaplada jo dio eskuan. Norentzat da? Semearentzat. Ez dakit ba, ez dakit ba. Atzean utzi behar duzu iragana. Itzuliko al gara itsasontzira?

      Gauean dantzaldia. Gaurko gomendioa, jantzi zuriak, Daily Program. Ehunka mozolo koreografia erridikulu bat praktikatzen. Ukitua egin diote gerrian. Nola topatu nauzu jendetzan? Ilearen koloreagatik, cara.

 

 

Harrizko mailetatik jaitsi dira uretara, umeen zalapartatik urrun. Eguzkitarako kremek koipezturiko istilak. Ziztada bat. Laugarren lagunak zerbait zapaldu du. Bikiniak ganoraz tapatzen dizkio sabeleko izurrak, eskerrak. Porto Veneren igeri, besokada zabalak orkestra-zuzendari baten keinuak.

      Mateo murgildu egiten da aldizka eta zer edo zer altxatzen du, kristal bat edo nakar zati bat, diz-diz egiten duten txatalak. Nora begiratu seinalatzen dio, quella grotta, Lord Byron.

      Laugarren lagunak bere nekadura ikusten du hondoko landareen kulunkan. Zerbait gertatuko balitzait hemen? Hemendik hurbil ito zen Percy Shelley. A zer putada Mary gaixoarentzat, Jainko maitea. Zer dakar orain? Olagarroa, garroak besoetan inkatuta. Piztiaren burua leuna da, zakil-azala bezalakoa, toccami. Aurpegia laztandu dio, paparreko biloa, sorbaldak, sabela. Mateoren eskuak izterrak banatzen. Hemen gertatzen ari denak ez dauka zerikusirik nire bakardadearekin, karramarroak izkira jatea bezain logikoa da. Hazia bien artean geratu da flotean, zapatilla-kordela, tinta zuria, hortzore zirpila, bexamel dindirria.

 

 

Genovak anfiteatro forma dauka.

      Hamarretan geratu gara hilerria ikusteko, badakizue zalea naizela. Guk hiria ikusiko dugu, piano-piano. Algarak. Ez al diguzu ezer kontatu behar atzokoaz? Burbuila baten barruan ibili nintzela. Berrogeita hiru urte. Ez, ez omen dauka neskarik.

      Laugarren lagunak ika-mikak ditu pentsamenduekin, ihes egiten diote. Lanak izaten ditu gogoetak txirikordatzen. Hain da irristakorra horiek josten dituen arteria, esteka, nerbioa, zuntza. Horregatik maite ditu hilerriak. Hildakoei ez zaizkie inporta bizidunen bururakizunak.

      Betiko atsedenaren ideia jardin ordenatuen bidez. Aingeruak, arkupeak, iturriak, kapitelak. Kode bati jarraika bezala, eguzkiak enborrak piztu ditu. Zerbait jausi da zuhaitz batetik bien aurrera. Karta bat. Nola baina? Ez da izango Izarra. Ez, Jokerra. Seinale ona. Gorde ezazu hemen. Mateok kartari musu eman eta eskotean sartu dio laugarren lagunari.

      Bulto bat tuiaz hesituriko pasabidearen erdian. Katua da, lupezturik, dardaraka sargorian. Makurtu egin dira, zerbait esan diote. Ez dago ezer egiterik. Jainko maitea, zain ezazu Colette luzaroan. Hari-laukote bat musika jotzen, Paganini. Aspettami anche oggi. Ados, itxarongo dizut.

      Zain dago taburete batean. Garbitzaileak, pegarrak, mangerak, trapuak. Itsasoa, merkatari baten belus urdin iluna. Yourcenarren ipuina, zazpi merkatari terra incognita-ra zafiro bila eta harribitxiak ur bilakatu. Absolutuaren bila dabilena esku hutsik ibiltzen ohitu behar.

      Sono qui, eman eskua. Ezta pentsatu ere, hau ez da Titanic. Ilbetea, orratzik gabeko erlojua, ostia bedeinkatua, Ttarttaloren begia, Sekula Ez Betiko Lurraldera sartzeko zuloa. Eta Meliesen film hura? Ilargiak galleta aurpegia zeukan. Kanoi batek kohetea jaurti eta kohetea begian iltzatu zitzaion ilargiari. Io non ti fero mai del male. Hitz hutsak, bambino, parole, parole. Ontziaren uhara, petrolio eta urrezko hostopila. Salba-batel batera arrimatu eta soinekoa altxatu du laugarren lagunak. Ilargia berbera izango al da Genovaren ondoren?

 

 

Amaitu da gure sogno di una notte di mezza estate, ragazze, hau pena. Bizitzak udako gau bateko ametsaren antza izaten du batzuetan, ezta? Adur onaren koordenatuetan nabigatuz gero. Ontzitik jaisten ari dira, oilanden moduan kakaraka.

      Laugarren lagunak jokerraren karta atera eta uretara jaurti du. Ikasita dago begitristeen engainuari txiri egiten. Non più giocare alla roulette russa. Sanoa da katigatu barik amuekin olgetan ibiltzea.

      Etxera heldutakoan, katua adi geratu zaie, lehenengo berari, gero peluxezko kalatxoriari. Semeak besarkatu egin du. Eskerrik asko koloniagatik, usaina sendoegia da, baina ez zait inporta, amatxu.

      Laugarren lagunak maleta desegin, garbigailua ipini, dutxa bat hartu eta koadernoa utzi du idazmahaian, Jainko maitea.