Hezurren erretura
Hezurren erretura
2019, narrazioa
240 orrialde
978-84-17051-30-3
Azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2013, nobela
2010, poesia
2000, poesia
 

 

Journal intermittent

 

 

Istorio orotan bere literatura propioa bilatu, tonua pentsatu,

tonua sentitu. Egoera bat, ohar bat, pasarte bat.

Esmeralda Berbel

 

 

Miramar, 2013ko martxoa. Zuhaitzak idazten. Txikitan zuhaitzak marrazten nituen. Zuhaitz guztietan habia bat ipintzen nuen, barruan txori bi, mokoa zabalik. Oso marrazki eskematikoak izan arren, ongizatea eragiten zidaten. Sentipen hori areagotu egin zen adarretan fruta gehitzea otu zitzaidanean.

      Adarretan madaria, sagarra, platanoa, gerezi parea, pikua, laranja, limoia, anana, eta baita marrubi ñimiño bat ere paratzen nituen, ezagun nuen frutaren lagineria.

      Uste dut zuhaitz absurdo haien dirdaia oparotasunean zetzala —segurtasuna eta atsegina iradokitzen zizkidatelako—, nik orduan era horretan arrazionalizatzen ez banuen ere. Nolanahi ere, laster izan nuen zeraren kontzientzia, nire eskuak, trazuaren bitartez, bazuela gaitasunik nire nahikariak partez metaforizatzeko: marrazkien bidez islatzen nituen nire burutazio zehaztugabeak. Umea, heldua bezala, gai da zirriborro batean abstrakzio baten sintesia egiteko.

      Topatzen ote nuen inoiz marrazki haietan itopunturik eta gune hutsik, gaur egun idaztean azaltzen zaizkidan kale itsuen antzekoak? Pentsatzekoa da baietz.

      Bizitza aztertzeko joranak iragana eta oraina ardatz berera ekartzera bultzatzen nau paralelismoen bila, parekotasunak logikan ez ezik, intuizioan eta esperientzietan oinarritzen badira ere.

 

 

Krakovia, 2014ko azaroa. Paperak harri-koxkorren azpian. Auzategi juduaren mugan, bada sinagoga bat saihetsean kanposantua daukana. Bertan behera utzitako larrea ematen du. Gaurko langarra ekina izan da, bisitarion aldartea ere umeltzerainokoa.

      Hilarri gehienetan harri pilatxoak daude. Hildakoari eginiko bisita kopurua adierazten ote dute? Edo hari agindu eta betetako promesen batura? Ximenki aukeratutako harriak dira, toki esanguratsuren batetik ekarriak?

      Harriak, memoriaren iraunkortasuna.

      Paperak ere baziren harripeetan. Oharrak edo gutunak, ez dakit. Errespetuak eskua geldiarazo dit kuxkuxean hasteko. Han-hemen egunkari-orri tolestuak. Defuntuak luzaz itxarondako albisteak, akaso.

      Lorerik ez dago batere. Harriak harrien gainean, eta paperak.

 

 

Bera, 2018ko abuztua. Lagunen lorategia. Berako etxean hartu nau bikote lagun batek, Xantelenean. Harlanduzko atari zabala, atalburuan 7 zenbakia. Bebarruan zutikako erlojua, kutxa eta basahuntz burua. Parte honetan aita-amatxien okindegia izan omen zen lehenago. Goian, besteak beste, sala bat marmolezko tximinia eta guzti, eta idazmahaia bazterrean.

      Atzealdeak lorategira jotzen du. Hortentsia more mardoak dira nagusi. Erdigunean, Albizia julibrissin naro-naroa. Espezie horrek Albizzi naturalistari zor dio izena, berak ekarri baitzuen Konstantinoplatik XVIII. mendean. Zetaren akazia ere baderitzo. Izan ere, tul malutak ematen dute loreek. Lorategian izeiak ere badira, horietako bat gizonak landatua txikitan. Zuhaitzen tamainak denboraren eragin ongilea gogorarazi dit.

      Xantel errekaren hotsa aditzen da. Gliziniaz eraturiko aterpe baten azpian, jarleku bat. Izeba Carmenek hortxe idazten zuen. Otu zait autoerrukizko poemak idaztera ostentzen zen neskatxa bat izan ote zen Carmen hori. Trilogia bat idatzi zuen, Maldan gora eta maldan behera. Nobeletako bat, Ezinegona. Ez datorkio gaizki nire egoerari.

 

Gauean amets nahasiak izan ditut.

      Kasinoan. Sartzeko, prenda bat utzi behar izan dut arropazaindegian; irteeran ez zidaten itzuli nahi. Sekula ez naiz izan ezein kasinotan. Hala ere, burmuinak garbi planteatu dit nire azken jokaldiaren emaitza.

      Goizaldean lorategira jaitsi naiz, edalontzi bete ur, kuxin bat ipurdiperako eta koadernoa. Zozoak dabiltza hibiskoen artean.

 

Asteburua joan da. Alde egin baino lehen, hortentsien aldaxkak eman dizkidate, Miramarren sartzeko. Loreak eskuz esku pasatzea zera da, norberaren nahitasuna beste nonbait zabal dadila opatzea.

 

 

Paris, Orsay museoa, 2015eko abendua. Hutsa biltzen. Milleten Galburu-biltzaileak pinturari begira nago. Hiru emakume makurtuta, uzta jaso eta gero ahaztuta geratutako galburuak batzen. Amantaletan daukaten apurrak kontrastea egiten du soroaren atzealdean ikusten den ugaritasunarekin.

      Behinola lagun batek kontatu zidan kinka larrian topatzen zenean irudi horrek erasotzen zuela: soro batean ikusten zuen bere burua. Uzta eraman dute. Alabaina, zerbait batu guran dabil, garau solteen bila. Haizeak lasto-brintzak sakabanatzen ditu, eskuetatik kentzen dio bildutakoa. Badaki otzara hutsik geratuko dela.

      Ni, kostaldekoa naizelako-edo, uretan izterretaraino sartuta ikusten naiz. Galarrena dator eta oinazpietan maskor-kixkirri zorrotzak sentitzen ditut. Hondar-boladek aurpegian jotzen naute. Ezin dut begirik zabaldu, ezin naiz mugitu.

      Ikasi dugu dagoeneko, bai berak, bai neuk, zer egin munduak dar-dar egiten digunean? Eutsi eta itxaron. Eutsi eta itxaron. Eta itxaropena izan. Ala hori beste ariketa mota bat da?

 

 

Chicago, 2016ko urtarrila. Piztiarioa. Bainuontziaren ertzean inurriak dabiltza, gorputzerako ukenduaren usainak asaldatuta. Leihoari atxikitako galdara koloreko huntzorriak dantzan egiten du trena pasatzen den bakoitzean. Ateostean, bordatu japoniarrak dituen zetazko txabusina. Hori janzten ote du Gwenek ligeren bat ekartzen duenean.

      Elastanoak sandia-xerra meheen antzeko egosturak atera dizkit bularren azpian. Horixe du bidaiatzeak: orkatilak puztea, behin-behineko idorreria, loaren endredoak, aldaketaren ordainezko kalte fisiko barkakorrak.

      Bazkalorduan apartamentuaren xehetasunetan fijatu naiz. Argazki alaiak, mingostasunari mihia ateratzeko gogoa, unean unekoa bizitzeko egarmina.

      Hutsarte bat dago horman, eta bertan apal bat, animalia basatien figuratxoekin: otsoa, balea, dromedarioa, elefantea, aharia, arranoa, matxinsaltoa. Neure totemak. Totemak? Hazitxoak gaude halakoetan sinisteko.

      Rachel etorri da kafea hartzera. Garbitzaile dabil, eta horri esker ordaintzen du dantza-eskolak emateko alokatuta daukan garajea. Herrialdea goitik behera motoan zeharkatzeko plana egin digula kontatu digu. Errusiar ikonoetako aingeruen hazpegiak dauzka, baita berbakera ere esango nuke, ezen mirari bat balitz legez kontatu digu bere erabakiaren kausa: Bart izurde baten gainean nenbilela egin dut ametsetan.

      Alphonse eta Carlo ere azaldu dira. Bata gidaria da, pinturak ematen ez dion dirua amari bidaltzeko Tours inguruko osasun mentaleko egoitza batera. Hona etorri omen zen bele batek bere gelako leihoa jo eta kristala hautsi zuelako. Zirt edo zart egin behar nuen, edo ama edo ni.

      Besteak pianoan pieza bat jotzeari ekin dio. Spinning monitore dihardu astean zehar, familiaren farmaziak baino nahiago ditu jazz klubak. Ferraran, pianoaren tapa irekitzen nuen bakoitzean xomorro bat topatzen nuen tekletan. Bertan ustelduko nintzen mugitu ezean.

 

Giroa dago auzoan. Zabalik daude estetika aretoak, pubak, arte galeriak. Gwen eta biok parke batean jesarri gara. Orduan, zerbait jausi da ezki batetik eta bekokian pausatu zaio. Marigorringoa! Hirugarren begia atera zaizu, esan diot txantxetan.

      Gogotsu zutundu eta bazar batera joan da salto batean. Zain geratu natzaio neoizko iragarki bati begira, sexu-zerbitzuak. Laster etorri da, animalien aldarean gehituko duen zeramikazko irudi tantobeltz bat dakarrela. Neure moduko norbait nahi dut ondoan.

      Geure esaldiekin eratzen dugu geure kredoa. Geure kredo birziklatua dugu aurrera egiteko propultsio-motorra.

 

 

Miramar, Valentzia, 2018ko maiatza. Arrano eta loro lumatuez. Laranjondoen arteko pistatik joan gara paseoan. Mesede egiten dit hemengo argiak. Astebeterako etorri naiz M.J.E.renera.

      Neure buruari lumak kentzen nabil, esan diot. Eta ezagun bati entzundako istorio bat aipatu diot. Hark gogoz kontatzen zuen, bere nortasuna hauspotzeko balio zion.

      Ba omen da arrano mota bat oso bizitza luzea izaten duena bizitzaren erdialdean egindako balentria baten ondorioz. Igartzen duelarik atzaparrek malgutasuna galdu dutela, luma zaharren pisuak hegoak dorpetu dizkiola, mokoa ere paparra zauritzeko moduan bihurritu zaiola, irtenbide bi izaten ditu: edo bere buruari hiltzen utzi, edo berriztu. Bigarrenari helduz gero, mendiren bateko arrailaren batean babestuta, hormari kolpeka jardungo du mokoa jausi arte. Itxaron, eta moko berria hazitakoan, horrexekin erauziko ditu atzaparretako atzoskolak. Eta atzoskol berriak atera bezain pronto, luma zaharrak kenduko. Finean, bost hilabeteko sufrikarioaren ondoren, arranoak garaipenaren hegaldia egingo du eta beste hogeita hamar bat urtez biziko da.

      Mitoa da, ez biologia: ezinezkoa da ezein hegazti hainbeste denboran jan barik egotea.

      Halaxe nabil, on egiten ez didana neure bizitzatik errotik ateratzen, aitortu diot lagunari. Besotik heldu nau. Ba kontuz ibili, lumak kentzeagatik Kamilarena gertatu barik. Gure loroa zen Kamila. Ezinegon hutsez zoratu zen. Bere buruari pikadaka hasi zen, lumak atera eta atera, halako amorruz goiz batean odolustuta topatu genuen salan.

 

Idazten ari naizen liburuaren izenburua aipatu diodanean, Montaleren Ossi di seppia hartu du M.J.E.k apaletik. Garbia da, ez dauka bazterkinik, dena da bizitza. Orri-pasan, printzipio birekin geratu naiz: bata, esentziala dena eta igarokorra dena ez nahastea; bestea, esaldi hau: “Ez kilkerrak, baizik eta etxeko katuak gidatzen zaitu orain”.

 

 

Miramar, 2017ko ekaina. Sekula ez naiz egon hain bakarrik. Zapatak erantzi ditut. Belarra, bustirik ere, ez da guria eta zizt egiten dit oinetan, baztertu nahi arren askatzen ez gaituzten gogamenduek bezala. Botikaren batek kalte eginda-edo, galdu egin dira osaba aitabitxik antzina landaturiko sanjuan loreak.

      Paper bat erretzera etorri naiz. Paper honetan nire gora-nahiak idatzita daude: goragalea eta gorantz egiteko desira. Esan zuen Artaudek: “Erre paperak!”. Irrigarria konparazioa.

      Gaurkoan ez dago surik. Lehen mutil-laguna arduratzen zen sua pizteaz, besteok mokadua prestatzen genuen bitartean. Pixka bat txispilduz gero, txurrun-txurrunka ere egiten genuen suaren bueltan, musika barik, gangarrok. Besteek alde egindakoan larrua jotzen genuen etxetxoan bertan, tente, zurezko kutxaren kontra.

      San Juan bagilean, denpora ederrean, arto eta garixek gorde, gorde; subeak eta zapoak erre, erre. San Juan dabil oin-puntetan, solo guztixek bedeinketan. Suak benetako suge, apo eta erbinudeak ez ezik, harrapari metaforikoak ere uxatuko balitu. Tira, noiz ez naiz ni egon, noiz ez naiz egongo arazketa erritualen premian.

      Zain dago erretura.

      Noiz edo behin egin beharra gertatzen zaigu, haizea zainduta, onuragarria behar lukeena kalterako izan ez dadin. Alferrik galdutako frutak, asunek, hosto iharrek eta abarrek elikatzen dute errakina, desegite geldoan. Batzuetan, atentziorik ere ez du ematen, piztuta egon arren garra ez delako antzematen. Alabaina, kea —lodi edo mehe— su-metatik altxatu eta aienatu egingo da, hatsa utzita. Eta kearen patua betiko galtzea bada ere —zenbat elipsi, zenbat episodio apropos ezabatuak, zenbat arrazoi memoriak hau edo hura baztertzeko—, lurrean errondoa geratuko da, noiz erabiliko.

      Erretura, errakina, erraloa. Urloa geldirik dagoen ur masa den moduan, lokartu antzean dagoen gai erregarrien multzoa da erraloa.

      Ekarritako papera erre dut. Su txikiak ez dit gogoa jabaldu. Leopolisko hilerrian egindako argazkia ipini dut telefonoaren profilean.

 

 

Bilbo, 2013ko iraila. L’étoile. Emakume bat biluzik, iturri baten ertzean belauniko, esku banatan treska bat. Ez dihardu ura batzen, tresketatik iturrira ura isurtzen baino. Ur bata argia da eta bestea iluna.

      Demagun ur bata iragana dela eta bestea oraina. Ur biak nahasten ari dira iturrian.

      Demagun iturria idazkuntza dela, emakumeak aho bi dituelako: bata aurpegian, ohi den legez; bestea sabelean, zilborraren azpian.

      Iturriari ura ematen dagoen emakume biluzi ahobikoaren atzealdean, zuhaitz bat.

      Demagun Bizitzaren Zuhaitza dela, biribilkara delako eta sustraiak dituelako bistan. Sarraila guztiak itxi eta zauri guztiak ixten dituen zuhaitza. Montgomery Clift dixit film homonimoan.

      Zuhaitzaren adaburuan txorikote bat dago pausaturik.

      Demagun txorikote hori heriotza dela.

      Zerua izarrez josita dago, batzuk argiak, besteak ilunak.

      Irudi hori ez da neure kautan asmatutakoa, marseillar taroteko XVII. karta baizik, L’étoile, Izarra. Iturriaren ondoan topatu nuen atzo Doña Kasilda parkean. Haizeak ekarriko zuen, auskalo nondik.

      Gorde egin dut, zertan nabilen ez ahazteko.

 

 

Ezkaba-Urepel mendibidea, 2018ko uztaila. Pentagrama bat basoan. Errotaribordara heldu garenean zuhaitzak besarkatu ditugu.

      Pagoaren azala latza da masailaren kontra. Eskuekin hitz egin nahi diot enborrari. Enbor hau gizon batena balitz. Sabeleko minez nago, ohi bezala.

      Martxan jarri gara berriro. Bost andre gara, pentagrama bat, zertxobait dislokatua. Noizean behin, notak: berbak, eztula, arnas estua, kanta bat, kexuak. Pentagramaren klabea, bidea bera.

      Bide-ertzean luma bat ikusi dut. Nahikoa zait gorrizta dela jakinda.

 

 

Paris, Père Lachaise, 2015eko abendua. Ici repose Colette. Hau parkea da hilerria bainoago. Zenbat hezur hirurogeita hamar mila hilobitan?

      Apollinaire. Modigliani. Camille Corot. Gerda Taro. Miguel Angel Asturias. Edith Piaf. Max Ernst. Chopin. Gertrude Stein. Consuelo Suncin. Sophie Germain. Balzac. Rossini… esadazue: egiten dute zuon fantasmek bakanalik gauerdiko kanpaiak jo eta gero?

 

Hemen dago. Sinplea da, granito arrosa. Idazkuna ere artifiziorik gabea: Ici repose Colette. 1873-1954. Kito.

      Journal intermittent liburuko aipu bat errepasatu dut: “Nik esaten nion neure buruari materialki geratzen dena gauza ezereza dela eta hildakoek ez daukatela zerikusirik bizidunokin. Oroitzapen batean, irudi batean, ahots baten soinu ahaztezinean, idazketa zorrotzean… hortxe baino ez dira berpizten, gurtza samurraren eta etsipenaren orduetan”.

      Gero eta sarriago berpizten ditut nire hildakoak.

      Txikitan, Borgoina aldean bizi zenean, Gabrielle Sidonie Colette egunero jaikitzen zen alban, basoa zeharkatu eta iturri batera ura edatera joateagatik. Bizitzari buruzko ikuspegi tragiko oro arbuiatu zuen. Amodioaren erruletan dena ez jokatzen ikasi zuen. Konpromisoa hartu zuen bere barne-indarrekin.

      Andre zahar bat gerturatu da. Hilobi gainean latak zabaldu eta kale-katu aldra bati banatzen hasi da koilaratxo batekin. Madame, ezagutu egin al zenuen Colette? Erantzutean, andreak tximak sartu ditu buruko zapiaren azpira: Ez, ez, baina zein toki hau baino egokiago arima herratu hauei jaten emateko!

     

 

Wroclaw, 2014ko otsaila. Bufoiak eta gnomoak. Szymborska berraurkitu dut. Zein osasungarria den eszeptizismoa eta paradoxak uztartzeko duen abilezia. Eta harrigarria beste errealitate batzuen tokian jartzeko duen gaitasuna, izan hondar-alea, izarra edo kakalardoa. Miretsi egiten dut friboloa eman gabe intentsitate lirikoari iskin egiteko duen dohaina.

      Wislaren poemetan ez dago ez odolik, ez gorputzaren deskalabrurik, ez gorabehera historikoengatiko lanturik, ez patuak eraginiko etsipenik. Ia igarri barik bezala jotzen du kezken muinera. Esaten omen zuen hitz arranditsuetatik ihesi ibiltzen zela ezen, idaztera jartzen zenean, iruditzen zitzaion baten bat zeukala atzean, imintzioka. Apaltasunak eta lotsak elikatzen zioten ironia.

 

Atzo estropezu egin nuen kalean gnomo batekin. Brontzezko gnomoak daude toki batzuetan, garai batean gobernu komunistaren aurkako salaketa egiteko erabilitako sinboloa. Muturrak apurtu nituen ia-ia.

 

“Idaztearen poza. Iraunaraztearen posibilitatea. Esku hilkor baten mendekua”. Horra Szymborskaren ziria.

      Arrazoi du: denok daukagu bufoi bat bizkar aldean plantaka, ezikusiarena egin ala ez.

 

 

San Simon uhartea, 2018ko urria. Non morrerei fremosa no mar maior. Sekulako haizea izan dugu egunotan. Eukaliptoen azalak zarrastatu eta zatika bota ditu. Toki honen edertasunak emendatu egiten du bere historiaren dentsitate tragikoa. Lazareto eta umezurztegi gisa erabili izan dituzte hemengo eraikinak. Frankismoan kontzentrazio-eremua izan zen. Upo Mendi ontzia, presoz beterik, berton fondeatuta egon zen.

      Irla hau tradizio galaikoaren ikurra da Mendinho trobadorearen pieza bati esker: “Non hei i barqueiro, nen remador: morrerei eu fremosa no mar maior. Eu atendendo o meu amigo. E verrá?”.

      Neuk emango dizut erantzuna, amiga: ez baduzu nahi ito itsaso handietan, ez zaitez endredatu inoren praketan.

      Ezpelen adaburuek, elkarrengana arrimatuta, arkua eratu dute. Estrata soilduan, urtxintxa bat.

      Bizitzea jarraitzea da, ados.

 

 

Leopolis, 2016ko abuztua. Goroldioa erromantikoa da. Etorbidearen muturreraino jo dugu, antzokia ikustera. Arriagaren oso antzekoa da. Ibaia itota eraiki zuten. Korrontea azpisuge baten moduan zimenduak jaten hasi zenean —azken garaipenera arte eroapenez jarduten dutenen erara— arkitektoak bere buruaz beste egin zuen. Teilatu-hegalean hiru estatua ageri dira, bata emakume haurduna, askatasunaren alegoria. Hori azertua.

      Merkadilloan Putinen aurpegia estanpaturik daukan komuneko papera saltzen dute. Lore iharrez eginiko ile-orratz bat erosi dut. Panpinak erosi ditu E.M.k, oihalezkoak, artisau-lanak. Berton ezagutu dugu elkar. Eroso gaude elkarrekin. Gizon erakargarria da, zentzu askotan. Beronen konpainia oparitu dit hiriak.

      Krystyna Rodowskari buruz hitz egin dugu garagardoa edan ahala. Historiaren abusu handienetakoa da gauza batzuk memoria hutsa izatera kondenatzea… Maiuskuladun historiarena eta minuskuladun historiena, esan diot E.M.ri. Buruari eragin dio, baiezkoan, eta Rodowskaren lerro batzuk ekarri ditu gogora: “Lehoi mitikoek ez dute jada / herri eta hizkuntza askoren memoria zaintzen. /…/ Egotzia izan nintzen etxeak / bizirik dirau, esan didatenez, bertako hildakoek leialtasunez bisitatua”. Poesiak ez du mundua aldatzen, baina etxeak, bederik, eraikitzen ditu. Guk ere badakigu horretaz, pentsatu dut.

      Exilioak. Zer ote da norberaren burua barne-exiliora kondenatzea?

 

Gaztelura igo gara. Han halakorik izan bazen, ez dago arrastorik. Telefonia-antenak bai, Stanislaw Lemek Gaztelu garaia autobiografian deskribatzen duen jolasleku idealizatuaren antitesia.

      Ondoren, sinagoga armeniarra ikusi eta bero-saparen kontrako tokirik onena aukeratu dugu: hilerria. Mendi-malda batean dago. Bidezidorrak eta sasiak, lorategi gotikoetan bezala. Goroldioaren atenporalitatea pergoletan, monolitoetan, estatuetan. Hauxe bat: mindurak mendean hartutako emakume bat, mantelina luzea buruan, hilkutxa gainera oldartuta, eskutik arrosa-girlanda dindilizka. Ez dut egundo ikusi doluaren adierazkera sublimeagorik.

 

 

Amsterdam, 2017ko apirila. Hezur ibiltariak. Musika talde bat dago Oude Kerken kanpoaldean. Semea haiei entzuten geratu da. Pozik nago: ez da ama askorik oporretan ibiliko hogeita bat urteko semearen konpainia noblean. Nahiz eta edozein unetan indarrek huts egin eta eroriko naizela pentsatu.

      Nadine gonbidatu dugu etxera, gu kanpoan egon bitartean Colettez arduratzeko. Horretara, opor txikiak hartuko ditu berak ere. Binocherekin etorri zen, noski. Itzuleran kintal bat ile garbitu beharko dut.

      Organoak, beirateak, kaperak eta bataiarriak, itsasontzi itxurako gangaren azpian. Eta harrizko zoruan zenbakiz eta letraz markaturiko harlauzak.

      Korutik hurbil, 31. zenbakiarekin seinalaturik, Hester Hooft, Casanovak bere memorietan aipatzen duen neskatxoa. “Zergatik nire eskua?” galdetu omen zion zantarrari. Hamaika urte baino ez zituen, bestearen urteen erdia baino gutxiago, musu eman nahi izan zionean.

      Gidaliburuaren arabera, XVIII. mendean hezur guztiak atera eta dorrepeko hezurtegian pilatu zituzten, handik laster berriz lurperatzeko, metro batzuk sakonago. Zergatia esplikatu ezean, ulertezina gerta daiteke hezurdurak toki batetik bestera aldatze hori. Antza denez, dirua ematen zuen, mudantzek bezala.

      Lekeitioko elizpea ere hustuta dago. Aititak garezur bat lortu zion nebari, medikuntza ikasten zebilelako. Seminaristek eta medikugaiek edukitzen zituzten halakoak mesilletan. Gogoetarik sorrarazten zieten, hor konpon. Hamletek esku artean zerabilena bere adiskide Yorick bufoiarena zen; gurea, anonimoa. Nebak izen teknikoen bidez seinalatu zidan garezurraren geografia: parietala, okzipitala, palatinoa, tenporala, frontala. Bat-batean, pieza hura beste munduan emakume fantasma burugabe batena izan zitekeela otuta, sentipen eskas batek hartu ninduen, profanazioan konplize izatearenak.

 

 

Miramar, 2018ko azaroaren 1a. Bisita. Marierrotara joan naiz goizean. Zubieta jauregi aurreko paduran lertxun bat zebilen lokatz artean. Jakiteke eman dit errekadua: Lux, Pax, Vis.

      Loreak kanposantura eraman eta hona etorri naiz. Aihen-belar kanpanilladuna lursail osoa hartu nahian dago. Frenorik jartzen ez bazaio, ito egingo du beste guztia, burubide galgarriek logikaren eremua zapaltzen duten legez.

      T.k deitu dit. Zinerako geratu gara. Zenbat pelikula elkarrekin txikitatik. Interesgarriena gure bizitzetakoa, esango luke berak, eskuak estututa.

      Ez daukagunaren hutsunea lagun benetakoek betetzen dute. Umetan, kaligrafia-atazetan marra etenak birpasatu ahala ikurrek zentzua hartzen zutenean bezala, hautematen ari naiz bakardadearen eitea: zehatza eta garbia da, egiaren ordu ankerraren oskola eta askatasunaren plazenta.

      Aurreko etxetik baten batek jaurtitako ahuakate-hezurra zuhaitz bihurtzen ari da. Adelfa ere mardul dago, baina mahats-parra gangartuta eta fruta-arbolak aztoratuta, inausteko premia gorrian. Lurrak, oraindik, goxabera du azala. Gure Colette harantzaxeago. Ortu santua, ortusantua.