Autoa
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
Harry Crews
1935-2012
 
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
aurkibidea

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

Erosi: 6,85

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

 

 

14

 

        Taxilariak ezagun zituela pentsatu zuen. Biek hanka egin zuten Sherman Hoteleko sute-irteeratik, noiz eta Misterren estreinako janaldia baino desastre handiagoa izan zen estreinako libraldia eta hurrengo goizeko hamaiketan. Eta taxian sartu bezain laster, biak ezagun zituela pentsatu zuen taxilariak. Atzeispiluan ikusi ahal izan zuten eurei begira, espaloi ertzetik burrunbaz irtetean.

        «Gela badaukan oraindik?» galde egin zuen.

        «Zer?» esan zuen Margok, burua beste nonbait, oraindik dantzaretoan, Misterren goiz etsigarrian.

        «Ea oraindik gela badaukanan?» Ispiluan begiak besterik ezin ikusi zizkioten. Meharrak eta urdinak.

        «Ez,» esan zuen.

        Taxilariaren begiek Hermanekin topo egin zuten. «Aizu,» esan zuen, «zu ez al zara...? Zu zara autoa jaten ari den laguna!»

        «Ez,» esan zuen Hermanek.

        «Baina zure argazkia...»

        «Anaia,» esan zuen Hermanek. «Autoa jaten ari dena anaia dut.»

        «Horrek ditu potroak, horrek,» esan zuen taxilariak.

        Ez zegoen hori ukatuko zuenik. Denek zekiten potroak zituela. Mr. Edge ere ez zen gehiegi saiatu, Mister (oraindik Herman izenaz iragarri izan zuten, noski. Ikuslegoari ez zitzaion aukerarik eman behar, Mr. Edgeren hitzez, truku-trukeaz jabetzeko) odoletan ari zela ezkutatzen, edota gau osoa eman zuela eztarria urraturik eta odol jario etengabean. Hartara, Mr. Edgek prentsaurrekoak eman zituen auto jalearen egoera azaltzen. Argazkiak ateratzen utzi zien egunkarietako argazkilariei, baita auto jaleari idatzizko adierazpenak egiten ere. Gaurdaino, Misterrek nornahirentzat idatziko zuen bakarra hauxe zen: «Ez kezkatu, autoa jan dezaket eta.»

        Odoletan ari zela ezkutatzea alferrekoa zela argi utzi zuen Mr. Edgek. Odolak bezeroak erakarriko zituen. Odoletan ari zela jakitean, trumilka azalduko ziren. Zitekeena zen sarreraren prezioa bikoiztu ahal izatea. Bestalde, bezeroengandik odola ezkutatzeak ez zion Misterri Mavericka jaten lagunduko. Jan zezakeen ala jan ezin. Beraz, oraingoz egunkariak eta irrati-telebistetako albistegiak berriketaz beterik zeuden, hala autoa jaten ari zen mutilaz, nola bertaratu eta sarrera ordaindu nahi zuen edonorentzat ikusgai zegoen odolaz ere xehetasunak ematen.

        Hala ere, Herman eta Margok ez zuten noski horren berri izan, goiz partean libratzea ikustera jaitsi ziren arte. Lupua eguerdia baino lehenxeago hotelera azalduko ez zenez, Margoren gelan igaro zuten gaua. Orain, aukeran, biek ere nahiago izango zuketen Auto-Townera joatea eta libraldia ez ikustea.

        «Beharbada lagundu ahal zionat,» esan zuen Hermanek, Margok libraldia ez ikustea iradoki zuenean.

        «Hori egia duk,» esan zuen.

        Bazekien ordea gezurra zela, eta bazekien baita ere, Hermanek ezagun zuela Mister bere laguntzaz edo beste inoren laguntzaz haratago zegoela. Hermanek geratu egin behar zuen, Mister maite zuelako, ezin zuen beste ezer egin. Baina maite zuen bezala maite izanda ere, ziurrenik Herman ez zatekeen geratuko, atera zen moduan aterako zela jakin izan balu.

        Mr. Edgek dantzaretoko ateak zabaldu zizkion zutik egoteko prest zegoen audientziari. Arrazoia izan zuen: odolak bezeroak erakarri zituen. Hoteleko ateak botatzearekin mehatxatu zuten, pasabideetan edo beste gainontzeko oinbete soil guztietan egoten uzten ez bazitzaien. Azkenean lekua lepo bete eta dantzaretoan pertsona bakar bat gehiago ere kabitu ezinean, atea ireki eta Mister agertu zen Dragonetteek gidatua. Sarrera egiteko berariaz zabaldutako pasilo batetik eraman zuten.

        Ikuslegoa bat batera zutitu zen, Mister ikusi ez ikusi lehian. Poliki hurbildu zen agertokira, harri antzeko aurpegiera keinu gabekoaz, ez ezkerrera ez eskubira begiratzeke. Ezpainak haundituta zeuzkan. Eztarria kokots pean hasi eta bularrezurren artean desagertzen zen ubeldura nabarmen batez ilundurik. Mister tronu aldera zuzen joan eta gainean eseri zen. Homerrek laster egin zuen mikrofonora aurkezpena egitera, Mister aurkeztua izan gabe libratzera zihoala baitzirudien, hainbestean. Mr. Edge mutila zein amerikar kementsua zen esaten ari zen une berean, Misterrek garrasi egin zuen lehen aldiz.

        Mr. Edge esaldi erdian isildu zen, aurkezpena osatu gabe utziz. Tronuaren besoetan atzamarka uhuria egin zuen Misterrek zakurrek bezala. Garrasi egitean odolak ezpainak ttittakatu zizkion eta odol tanta lodiak tronuaren azpitik zilarrezko erretilura erori ziren. Dantzaretoan ez zegoen beste hotsik. Galtzeta-orratzei etengabe eragiten ari zitzaien anderea ere geldi-geldi geratu zen. Junellek Joe besarkatu zuen familiarentzako ilaran. Mr. Edgek eskua medikuaren besoan jarrita zeukan, erdizka bermatzeko, erdizka medikua eskupera edukitzeko, zeren aurretiaz hitz eman baitzuten, ez zutela saioa geldiaraziko, ez zirela Misterri laguntza ematera joango, Misterrek berak amore emateko prest zegoelako keinua egin ezean.

        Baina Misterrek ez zuen planto egitean pentsatzen ari zelako keinurik egin. Tronuan bihurriturik, burua atzerantz eroria, garrasi eta makakorroaka ari zen, azkenerako zaunka antzeko intziri lakarrak, tronuaren besoetan erpekadak eta oinazezko dardarizo kontrolgabetutan ostikadak jaurtiki ez beste eginez.

        Eta orduan koskorra —denak itxaroten egon ziren lehenbiziko koskor hura— zilarrezko erretiluan zegoen odol putzura erori zen eta behingoan Mister libratzen ari zen. Koskor odol-gorrituak bata bestearen atzetik. Libraerdi osoa. Azkenean Mister zutik jarri eta dantzaretotik eraman zutenean, gizon, emakume eta ume bakoitzak iltzatuta zituen begiak Misterren tenis galtzamotzen atzealde botoieztatuan, non odolaren bustia hedatu egin zitzaion mihi antzeko gorriune bat agerian utziz.

        Turner Memorial Zubiko trafikoa madarikatzen ari zen taxilaria. Zabor-kamioi baten atzetik zihoan muturra ematen, baina bapatean irekiunea ikusi, albora jo eta aurrea hartu zion, beste taxi bati muturra emateko baino izan ez bazen ere.

        «Motel alu horiek,» purrustan murdukatu zuen.

        Atzeko esertokian, taxilaria han zegoela ahazten saiatu zen Herman, baita Margoren hoteleko gelaren berri zeukala ere. Ez zuen hura gehiago buruan ibiliko. Margoren eskua hartu zuen.

        «Horra,» esan zuen. Turner Memorial Zubitik mendebalderantz zabaldu zuen eskua. Saint John's ibaiertzaren luzeran auto hondakinen mendiak lerroan ageri ziren.

        «Zein handia!» esan zuen Margok.

        «Estatuko handiena,» esan zuen Hermanek.

        «Inoiz ohartu haiz zenbat gauza diren haundienak edo zaharrenak edo txukunenak edo kristorenak?»

        «Bai, ohartu naun,» esan zuen.

        «Zeharo lur jota uzten naik horrek,» esan zuen.

        «Baita ni ere,» esan zuen. «Baina ez beti. Lehenago piperrik ere ez zidanan izorratzen.»

        «Ezta niri ere,» esan zuen.

        Auto-Town parean geratu ziren. Hesiate aurrean zegoen Easy Macken International kamioixka. Ez ikusiarena egin zuten.

        «Bederatzi dolar eta hogeitabost xentimo, lagun,» esan zuen taxilariak.

        Hermanek zeta berdezko trajea jantzita zeraman oraindik. Jakaren barruko sakelean sartu zueneskua eta kaiman larruzko kartera berri bat atera. Ireki egin zuen. Diruz beteta zegoen. Bilete bat atera eta taxilariari eman zion.

        «Alajaina, ez daukat hau xehetzeko modurik!»

        «Gorde, ba,» esan zuen Hermanek.

        «Berrogeitamar dolar!»

        «Bai,» esan zuen Hermanek, «gordeizu.» Karteran zeukan bilete txikiena zen.

        «Aizu,» esan zuen taxilariak, «pribilegioa izan da zuek eramatea. Esan hori anaiari, konforme? Esaiozu esan dizudana, pribilegioa izan dela bere ahaideak eramatea.»

        «Konforme,» esan zuen Hermanek.

        Autotik kanpo zeuden orain. Taxilariak denbora luzez begiratu zion Margori, minigonaren azpildurari eta izter lirain konbergenteei. Bazirudien zerbait esan nahi zuela, baina azkenean eskuari doi eragin eta burrunbaz alde egin zuen. Herman eta Margo taxiaren ihes-hoditik harroturiko ke urdinezko hodeiaren erdian geratu ziren, hondakinez zimurtu ingurunearen gainetik begira. Ziur aski ez zuketen Easy Macki buruz ezer esango, bapatean agertu izan ez balitzaie, bostehun yardetara, auto-meta baten gainean, bere bidea kontuz egiten, ortzemuga koskadunetik zehar ibai alderantz.

        «Hire aita,» esan zuen.

        «Bai, esan zuen.

        Horailtzen ari zen zeruan barrena astiro ibiltzen ikusi zuten.

        «Putakume gizarajoa,» esan zuen.

        «Bai,» esan zuen.

        Easy Mack hoteleko gelan egon zen, Mister goizeko libratzearen ondoren eraman zutenean. Mr. Edgeren aginduz, Joek bere gizonen bat bidali zuen Easyren bila, agian aitaren presentziak Misterri autoa irensten lagunduko ziolako ustean. Zaharra hotelera iritsitakoan, Mr. Edgek truku-trukearen berri eman zion eta Mister lehenengo janalditik odoljarioan zegoela kontatu. Hau entzun eta Easy Mackek, zeharo ikaratuta, uko egin zion dantzaretora libraldia ikustera jaisteari. Eta Mister hanketan behera odola zeriola gelaratu zutenean, Easy negarrez hasi zen. Eta negarrez, finkatua zuela esan zion semeari.

        «Finkatu diat, seme. Ez duk ezergatik kezkatu behar. Finkatu diat. Finkatu diat.»

        Mister ahozpez ohean etzanda eta medikua odoljarioa gerarazte lanean ari zen bitartean, Easy Mackek masailean musu eman zion Misterri eta behin eta birritan, negarrari utzi gabe, finkatua zuela esan eta esan. Denbora behar izan zuten besteek Cadillacari buruz ari zela igartzeko. Baina igarri ahala, Mr. Edgek protesta egin zuen berehala.

        «Hori gezurra da,» esan zuenMr. Edgek. «Zuk ez duzu inoiz ezer finkatu, ez baitzuen ezertxo ere oker.»

        Baina Joe eta Junell eta gainontzeko guztien kezka zen, ea medikuak odoljarioa geldiaraziko zuen ala ez. Azkenean Easy Mackekin egoteko beta izan zuteneko, aldegina zen. Mr. Edgek mandatari-burua bidali zuen haren bila, baina ez zegoen hotelean. Eta haren International kamioixka ere ez zegoen Park 'N Lockean.

        «Nora doa?» Margok galdetu zuen.

        Hermanek Salvage House goian zegoen bizilekua erakustera eraman zuen Margo. Egongelan zeuden kristalezko leihoetatik ibai aldera begira. Easy Mack astiro zihoan noiz ortzemuga urratuan gaindi noiz auto-hondakinen mendian behera ibarrean barrena.

        «Ez zekinat,» esan zuen Hermanek.

        «Zer da hori?» esan zuen. «Zer duk zera hori?»

        «Auto-zanpagailua dun.»

        «Auto-zanpagailua?»

        «Autoak zunpa-zunpa egiten dizkin puska txikiak egin arte, gero txatarra bezala garraiatzeko.»

        «Nora garraiatzeko?»

        «Auto fabriketara.»

        «Zertan ari duk?»

        «Bertara igotzen.»

        Zaharra igotzen ikusi zuten eta auto-zanpagailuaren askan esertzen. Zeuden lekutik inguru osora ibaiaren gazta minduren sundak hartua zeukan eguratsa.

        «Osteratxo bat eman nahi al dun?» galdetu zuen.

        «Hik nahi bezala,» esan zuen.

        «Goazeman.»

        Salvage Housetik behera eraman zuen. Eskua oratu zion. Kristalez beteriko larraina zeharkatu zuten, auto suntsituen zelaian zehar, ibarrean barrena sartzeraino. Autoak pilatuta ageri ziren beraien bi aldeetara, edozein postura fantastikotan. Aurrera egin zuten. Azkenean amildegi baten ertz ebakiaren aurrean geratu ziren. Eta hantxe pare-parean, bi auto halako moldez paratuta zeuden, non azpikoz gorako V bat eratzen zuten, uztaieran, gizon baten burua bezain altua.

        «Hori duk Rolls-Roycera joateko tunela, ezta?» esan zuen.

        «Bai,» esan zuen. «Haietariko bat dun. Hori dun nik hartzen nuena.»

        «Nik ikustea nahi duk?» gaineratu zuen etsian.

        «Nik ere aspaldi ikusi gabe zeukanat,» esan zuen.

        «Noiztik?»

        «Bera bertan hil zenetik. Bera bertan aurkitu zuten egunetik.»

        Arkupera sartu ziren, neska aurrean, mendipera. Ez zen benetako tunela inolaz ere. Agerrunez osaturiko barrunbe luze bat besterik ez. Autoen albotik zihoan, autoen gainetik, autoen ingurutik, autoen barrutik. Mutila zihoan aurrean orain, ibili astitsuan. Argia ez zen ona hemendik gora. Barrurago eta ilunagoa zen. Baina aski ondo ikus zezaketen. Eta horrela jarraitu zuten, mendiaren bihotzeraino jarraitu. Bata zein bestea, herdoil, koipe eta zikinkeriari jaramonik egin gabe, astiro euren bideari lotu zitzaizkion, argia gero eta eskasago bihurtzen ari zela eta tunela gero eta estuago.

        Herman gelditu egin zen. Hurbildu egin zitzaion Margo, eta aurpegia haren sorbaldaren ondoan jarri zuen. Rolls-Royce Silver Cloud bat zegoen pare-parean, tunela oztopatzen, traban. Antigualeko turismo-autotzar porroskatu arranditsua. Atzeko atea ireki zuen Margorentzat. Sartu egin zen. Berak ere barrura egin zuen haren atzetik eta atea itxi. Esertokietatik harrotu zuten hautsa euren aurpegi, beso, magal eta zapata gainaldeetan pausatu zen. Argia ez zen elkar ezin ikusteko bezain motela.

        «Larrua joz larrua jotzetik libratuko nintzela uste izan nian,» esan zuen.

        «Bai,» esan zuen.

        «Mundu guztiarekin larrua joz.»

        «Bai.»

        «Nik uste diat putakume hark ez zuela inoiz jakin izan gau hartan laranjadian zein animatzailerekin jo zuen.»

        «Ez,» esan zuen. «Seguraski ez.»

        Aurrera begira geratu ziren artez. Autoaren leihoetatik beste autoen itzalak abaildu ziren euren gainera.

        «Baina azkenean ulertu nian horrek ez duela horrela funtzionatzen,» esan zuen.

        «Jakina,» esan zuen. «Ezin dun mundu guztiarekin larrua jo. Eta funtzionatzeko modu bakarra mundu guztiarekin larrua jo ahal izatea dun.»

        Neskak eskua oratu zion. Biak aurrera begira ari ziren artez. Neskak barre egin zuen. Urrundik, auto-zanpagailuaren ate danbada entzun zuten. Autoen artetik lehertu zen zaratotsa, mendipean burrunba eraginez. Hauts izpiek haien aurrean gora egin zuten aire geldian.