Autoa
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
Harry Crews
1935-2012
 
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
aurkibidea

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

14

Erosi: 6,85

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

14

 

 

13

 

        «Zer egingo dugu orain?,» esan zuen Margok.

        Hallean zeuden. Barruan medikua Misterri dena primeran joango zela agintzen ari zitzaion, behin dieta berezian jarri eta ahoa, eztarria eta mihia ondo koipeztuz gero.

        «Ez zekinat ba,» esan zuen Hermanek. Eskuzapia atera eta Misterrek jaurtiriko odol-tzapastak Margoren aurpegitik xukatzen saiatu zen. Baina ordurako lehor eta ez zegoen kentzeko modurik. «Nire gelara etorri nahi dun eta bertan garbitu?»

        «Tira ba,» Margok.

        Gelan Hermanek aurpegia garbitzen ikusi zuen. Ohean eseri eta ikusi zuen hark aipatutako aurpegi profesionala apaintzen berriro ere: ezpain-sostra argitsua, azalaren koloreko hauts kitzikagarriak, ale gorriekiko lepokoa.

        «Zergatik?» esan zuen Hermanek.

        «Zergatik zer? esan zuen, konketaren gaineko ispilutik jiratuz, bainugelako atetik Hermani begira.

        «Zergatik ari haiz zera hori berriro jartzen?»

        Irribarrez, oihaltxo bat txorrotapean busti eta masailetan zabaldua zuen makilaia apurraz igurtziak ematen hasi zen. «Ohitura,» esan zuen, «ohitura besterik ez.»

        Bukatu zuenean, masailek distira zeragioten odolaren kolore biziaz. Hurreratu eta ohe gainean eseri zen haren aldamenean. Luze eman zuten hitzik egin gabe.

        «Orain zer?» esan zuen Margok azkenean.

        «Lanik gabe geratu gaitun biok,» esan zuen.

        «Tira, lan hori gabe,» esan zuen Margok.

        Beste tarte luze bat eman zuten.

        «Beste ezer egiterik pentsatu al dun?» galde egin zuen. «Beste ezer egiteko gurarik?»

        «Ez,» esan zuen.

        «Nik ere ez,» esan zuen.

        Leihoaz bestaldeko trafikoaren durunda entzun zuten.

        «Autoak minik eman zian benetan?» galdetu zuen.

        «Bai.»

        «Ez hidan aipatu ere egin.»

        «Ez ninan espero eta. Ezustean harrapatu nindinan. Minak akabatzen eta gehiago jasan ezinean nengoela ere, ezustekoa izan hunan.»

        «Niri esan izanez gero,» esan zuen, «agian lagundu ahal izango nian.»

        «Agian,» esan zuen. «Baina, ez ninan ezer esaterik pentsatu, ezin bainuen inola ere sinestu hain modu gaiztoan min egingo zidanik.»

        Jaiki, leihora joan eta kalera begira geratu zen. «Zergatik ez duk inoiz nirekin txortan egin?» galdetu zuen.

        «Ez zekinat.»

        Sarritan miazkatu zuen, urdaila maizenik, zangoak zenbaitetan, eta xuxurlan aritzen zitzaion ahapeka. Harengandik oso gertu sentierazten zion horrek. Baina ez zen haratago iritsi. Hermanek maiz galdetzen zion bere buruari zer nahi, zer espero zuen beragandik.

        «Ez duk behin ere nahi izan?» galde egin zuen.

        «Ez zekinat.»

        Leihotik begiratu zuen atzera. «Hori al da erantzuteko modua?»

        «Egia,» esan zuen. «Ez dinat horretaz behin ere pentsatu. Autoa baino ez ninan gogoan.»

        «Behin ere ez? Behin ere ez duk pentsatu nirekin txortan egitean?»

        «Behin edo beste. Bai. Behin edo bitan. Baina posible zenean sekulan ez. Posible zenean, beti autoa ninan buruan. Oso polita haiz. Esana dinat. Esana dinat zein polita haizen.»

        «Tira, gure lanarenak egin dik,» esan zuen.

        «Bai, egin din.»

        «Eta oraindik lehen neukan guztia zeukaat.»

        «Ez dinat hirearen pareko gorputzik sekulan ikusi,» esan zuen. «Sekulan ez, eta ona izan haiz niretzat.»

        «Nire gela ikusi nahi al duk?»

        Ez zuen inoiz haren gelan pentsatu. Besterik gabe, beti jakintzat eman zuen beste nonbait zegoela, ez hotelean. «Hik ere hemen al daukan hire txokoa?»

        «Mr. Edge ondo portatu duk horretan. Bestela ez nindukean harrapatuko inondik ere. Eguneko hogeitalau orduz negok erabilgai. Edo behintzat nengoan.»

        «Eguneko hogeitalau orduetan?»

        «Erlojupean,» esan zuen. «Horrela nahi nian.» Eskua hartu zion. «Goazemak, erakutsiko diat.»

        Lau solairu gora igan ziren igogailuz. Pasabidearen bestaldean zegoen gela, hotelaren atzealdean. Herman ateaz barruan bertan geratu zen luzaro gela ikusten. Sekulan ikusi gabekoa zen hura, sekulan ez zitzaion burutik pasa ere egin hura bezalakorik izango zenik.

        Begira ikusi zuen Margok. «Lan tresnak besterik ez,» esan zuen.

        «Hau dun hau,» esan zuen. «Zera, nik behin ere ez...»

        Ahotsa itzalduz joan zitzaion isiltzeraino. Zakilkote bati begira geratu zen. Paretan ziri batetik eskegita zegoen, beltza, gizon baten eskuturra lodi eta perretxiku-txapel hanpatua zeukan. Kautxuzko gai leunen batez egina itxuraz. Margok haren begiei jarraiki, urrats pare bat eman eta ziritik eraitsi zuen. Eta haren ahoak hotsik gabe lan egiten zuen artean, berak minigonaren gainetik lokarriztatu zuen trastea halako moldez, non azkenean bertan paratu baitzen, zakilkote xut gogor bat zuela aldaken inguruan eta ipur-ttonttorretan estu-estu uhal beltzez loturik.

        «Txotxo bat,» esan zuen. «Txotxo beltz bat. Kaxoian bazeuzkaat zuria, gorria eta horia.» Komoda bat seinalatu zuen leiho ondoan.

        Margoren sabelpean uhaleztaturiko trastetik begiak aldendu ezinean zebilen Herman. «Baina zer dela-ta...?»

        «Bejondeiala bihotza,» esan zuen. Hurbildu zitzaion eta musu eman zion masailean. Haren ondora joatean jiratzea ahaztu zitzaion eta Hermanek zakilkotearen sastako ankerra somatu zuen hankaren kontra. «Hik zer uste duk egiten dutela putek?»

        «Tira, ni...» Aztoratuta zegoen.

        «Putek merkatuan salgai den edozer gauza saldu behar diate. Sexua. Datorren moduan. Eta kitto.» Makurtu egin zen eta txotxoak zeukan balbula txiki bat erakutsi zion. «Ur beroz betetzen duk.»

        «Ur...»

        «Beroa,» esan zuen. «Ene gizajo kuttuna. Hik honetaz ez daukak ideiarik ere, ezta? Bizi haizen munduaz ideiarik ere ez? Honekin emakumeei eskaintzen zieat zerbitzua. Beste batzuetan gizonezkoei. Berdin berdin sartzen zieat gizon zein emakumeei. Popaldetiko sarrerak egiten dizkiat.»

        Ohera hurreratuz, Herman plast erori zen aulki gorri bi jesartokietako batean. Bertan eserita geratu zen, Margok gelako beste zenbait gauzetaz laburki ziharduen bitartean.

        «Zartailu bat noski,» esan zuen, aterkiak gordetzeko edo ematen zuen ontzi batetik larruzko zigorretariko bat hartuz. Ibilitakoan, zaplako gozoak joka zihoan bere aztal-sagar on-biribilen kontra. Gero erakus-makila bezala erabili zuen. «Botak. Ezproidun eta ezproigabeak.» Paretan poster biribilkatu batzuk ere baziren, pertsianen modura gakotatik zintzilik. Horietako bat zabaldu zuen. Moja baten argazkia zen, artzain-zakur aleman batekin estaltze unean. Patxadazko ahots axolagabeaz esan zuen, «jendeak gauza arraroak nahi dizkik. Txotxo gorriak eta ni lumez jantzia.» Bazter zokoan zegoen indiar burutxeta bat seinalatu zuen. «Mojak eta zakurrak.» Beste poster bat zabaldu zuen. Bera eta beste neska bat ageri ziren argazkian. Beste neskak txotxoa jantzita zeraman. Horia. Argazkian Margo bestearen belaunetan zegoen txotxoa ahoan.

        Herman artega mugitu zen bi jesartokiko aulkian. «Zergatik ez dun traste hori kentzen?» esan zuen.

        Posterra lasatu eta behera begiratu zuen. Itxura batez ahaztuta zeukan oraindik jantzita zeramala. Uhalen beharriak jarein eta hormako gakoan eskegi zuen berriro. Hurreratu eta haren aldamenean eseri zen biko besaulkian. Margok sorbalda gainean jarri zion burua. Hermanek ilea ferekatu zion eskuaz.

        «Nirekin egin nahi izan dun benetan?» galdetu zuen.

        «Zer?»

        «Txortan.»

        «Hori huan nire esku zegoen guztia,» esan zuen.

        «Baina hori garrantzitsua al zen?»

        «Hiretzako zerbait egin nahi nian,» esan zuen.

        «Hori bazekinat,» esan zuen.

        «Beti nahi izan diat hiretzako zerbait egin,» esan zuen Margok.

        «Egin dun,» esan zuen.

        «Ahal izan banu,» esan zuen.

        «Egin egin dun. Txortan egitea ez dun garrantzitsua.»

        «Hori ez duk entzuteko gauza atsegina.»

        «Ezetz uste dinat,» esan zuen. «Ez dinat hirekin zakarra izan nahi. Baina nola arraio liteke inor hau bezalako zeran harrapatu izatea?» Eskua astindu zuen gela osoa barne hartzeko.

        Margok barre egin zuen.

        «Zer ba?»

        «Ez zekiat,» esan zuen.

        «Ez, esaidan,» esan zuen Hermanek. «Zeri egiten dion barre?»

        Margok begiratu egin zion. «Zertan ari da hi bezalako neska jatorra honelako toki batean?»

        «Nik ez dinat horrelakorik esan.»

        «Joxemari batek ez dik inoiz ere horrelakorik esaten. Ez hitz horiekin. Baina denek —ni indilumez jantzita txotxo gorri batekin haien ipurtzulotik txortan egitea nahi dutenek ere—, denek azken finean 'zertan ari da hi bezalako neska jatorra honelako toki batean?' edo antzeko zerbait esaten amaitzen diate.»

        «Ederki ba, urdanga, nola sartu hunan hi bezalako neska jatorra honelako toki batean?»

        «O, Herman,» esan zuen, «Jainkoarren.»

        «Ez niri O Hermanka etorri,» esan zuen. «Kontaidan.»

        «Zein haurra haizen,» esan zuen. «Hik uste duk inork inoiz ba ote dakien nola sartu den dagoen tokian?»

        «Bai horixe,» esan zuen. «Jakin beharko luketela uste dinat.»

        «Ederki ba,» esan zuen, «hau duk aspaldian sartu nintzen bide luze baten beste amaiera.»

        «Zer bide?»

        «Ez dik axola.»

        «Nola sartu hintzen?»

        «Ez dik axola,» esan zuen suminez. «Galdera gehiegi buruan, ez duk uste? Lehen ez hintzen horrelakoa. Zer gertatu zaik?»

        «Hik zer uste dun egin behar dudala?» itaundu zion. «Putagela honi begira egon?»

        Margok barre egin zuen. Gero irrino batez, «ondo zegok hori. Oso ondo zegok hori.»

        «Zer?»

        «Honi putagela deitzea,» esan zuen.

        Hermanek begirada alderatu zuen harengandik, paretetara, zoruaren gainaldera. Paretan berarentzat identifikaezinak ziren gauza pila zegoen, zertarako ziren ere asmatu ezin zituenak. Txoko batean baziren ondo landutako bi makina, aluminiozko tutuz eginak. Makinek motoretxo beltz bana zeukaten goian. Benetan jakinmina zuen zer ote ziren, baina galdetzeko beldur zen. Margo, haren ondoan eserita, burua haren sorbaldaren gainean zuela, barrez ari zen oraindik. Baina atseginik gabe. Doinuak, gozakaitz eta apal, antz haundiagoa zuen atsekabearekin pozarekin baino. Negar zorian zegoela iruditu zitzaion Hermani.

        «Bazeukanat erakutsi nahi dinadan zerbait,» esan zuen.

        «Zer ba?»

        «Ezin dinat esan,» esan zuen. «Ez zegon esateko modurik. Inork ezingo zinan inoiz esan. Auto-Townera etorri beharko huke ikusteko.»

        «Ezin diat,» esan zuen.

        «Hire gela ikusi dinat,» esan zuen Hermanek. «Hona etorri naun hirekin. Orain bazeukanat hik ikustea nahi dudan zerbait.»

        «Ezin diat.»

        «Zergatik ez?»

        «Nire lupua hona etorriko duk goiz partean,» esan zuen. «Orduko jakingo dik lana galdu dudala. Bere onetik aterako dik horrek.»

        «Dena dela, hator nirekin,» esan zuen.

        «Esan diat, nik...»

        «Hemendik aurrera esan nahi dinat,» erregutu zion. «Auto-Townen hik ikustea nahi dudan zerbait zeukanat. Gero beste norabaitera joango gaitun.»

        «Nora?»

        «Ez zekinat.»

        «Zergatik joan beharko nuke?»

        «Nik behar haunat eta hire lupuak baino gehiago.»

        «Hori bai erantzun zuzena,» esan zuen.