Autoa
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
Harry Crews
1935-2012
 
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
aurkibidea

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

Erosi: 6,85

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

 

 

1

 

        Auto-zanpagailuaren goialdean eserita zegoen Mister, aspaldian ez bezalako poz antzean. Cadillacekin jo eta ke eman zuen arratsaldea. Seinale ona zirudien, oso ona. Bazeukan horren premia. Denek zeukaten horren premia. Autoak zehatu eta maletak egiteko erabiltzen zuen tramankulu gaitza taupaka eta dardarka ari zen bere azpian. Kabinatxo horian, lurretik berrogeitamar oinetara, Misterrek kontrolak eskuetan hartu eta motorea birarazi zuen. Beroni eusten zion larruzko jesartokia tranbala eta kulunka hasi zen. Patxadan zegoen, hurrengo autoa beheko askara zirristarazteko zain.

        Goiz partean ez zen hurrenkerarik azaldu, hala hobe, berak ere ez zuen espero eta. Ez zuen inoiz hurrenkerarik espero izaten, baina prest zegoen agertzekotan. Halako batean, eguerdia —bazkal aurretixe— interesgarri jarri zen, magiaz bezala bi Hudson Hornet bata bestearen atzetik segida bizkorrean agertu zirenean. Huskeria zen ordea. Aintzat hartzeko modukorik ez. Beraz, besterik gabe, Misterrek berehala zanpatu, zehatu zituen Hudson Hornetak metal latzezko maletak egiteraino, eta jausbidean behera zirristan bidali, gabarrak har zitzan.

        Gero, arratsean, Cadillacak hasi ziren. Lehena ate biko eta gainalde gogorreko berrogeitazazpi bat izan zen. Askan zetzan, hegalik gabe baina kromoz betea. Zunpa! Jo ta bertan txikitu zuen. Askarantz labaindu zen berrogeitamazazpi bat. Kirrinkari zetzan, bere baitako bakean, hegal liluragarriz betea. Mozkor baten amets zorarazlea. Zunpa! Samurtasunik gabeko bozkarioz, lehengo denbora batera itzularazi zuen Misterrek, metal gordin moldeagabea izatera berriro. Hirugarren Cadillaca agertu zen ondoren. Eta laugarrena. Misterri jo eta jo ari zitzaion bihotza. Bero-bafada batek inguratu zuen. Bostgarrena! Honezkero bost jarraian. Makurtuta zegoen, gomazko kontrolen gainean zain.

        Cadillac 1970 berri-berri bat labaindu zen aska barrura. Misterrek zapitzar gorri bat atera zuen prakagaineko bular poltsikotik eta gaurkoz hau zela azkena ohartarazi zion garabian lanean ari zen Pauli. Cadillacari so geratu zitzaion Mister, xalo. Seigarrena jarraian. Hau marka.

        Cadillac: jende xehearen autoa (Behin hau lako pottoko bat edukiz gero, zerbaiten jabe izango zara. Cadillac arrunta doitasun osoz egindako makina duzu. Mantenu gastu gutxikoa. Aipatzeko moduko baliogabetzerik gabekoa ia).

        Cadillac: jende aberatsaren autoa (Nik ez nuen egunean hemezortzi orduz lan egin, ezta hogeitamasei urterekin hiru ultzera izan ere, Volkswagen bat gidatzeko. Erakuts iezadazu udazkenero Cadillac berri baten trukea egin dezakeen gizonik eta nik Ameriketako punta-puntako gizona erakutsiko dizut).

        Ahotsok isilean ponpatu zuten Misterren buruan. Automobilaren garapenean ere isilean parte hartu izan zuen. Ikusi izan zituen lehenengo Cadillacak —sendo eta karratuak Sherman tankeak bezalakoak—. Baina piskanaka arindu zituen haizeak, luze eta leun bihurtuz malkoen gisara. Gero hegal baten lehen zantzua agertzen hasi zen. Ttonttor bat malkoaren muturñoan. Eta ttonttor hartatik hazi zitzaion hatsik gabe geratzeko moduko itzelezko hegaltzarra. Bazebilen ur-gain, itsasorik itsaso, Kanadatik Mexikora autotegi guztietan. Bazihoan ur-gora, oihes eta geldiezin, Ameriketako bihotzaren iturburuetarantz. Eta bertan iraun zuen.Beti iraungo zuen bertan. Nork jarriko ote zalantzan?

        Misterrek berriro zapitzarra atera eta aurpegia xukatu zuen. Cadillacetik geratu zena bere azpian zetzan, askan. Oraindik ere bazituen hegalak, baina jadanik ez fluido ezta funtzionalak ere. Astun, berdindu eta higigaitzak ziren. Misterrek birarazi egin zuen auto-zanpagailuaren motorea. Haren zarata zen inongo zarata bakarra.

        Berrogeitahiru akre auto suntsituren ertzean paratuta zegoen. Haren azpian, ezkerraldean, Saint John's ibaiaren ur-gezal kakaztuaren jarioa zetorren. Hamar oin gasolina berrogeitamar oin mokordo gainean, horrela deskribatzen zuen aitak. Hala ere bazirudien aitak ez zuela beste ezer maiteago. Eta ibaiaz bestaldean, paper-fabrikek botatako eta eguzki sarrerak gorriztaturiko gandupean zegoen Jacksonville, Florida. Egunekoa bukatzeko ordua zen, azken autoa maleta baten luze-laburrera zanpatu eta jausbidean behera zirristatzen uzteko ordua, gero handik hormigoizko nasan ainguratu gabarretarikoren batera zamatua izan zedin. Auto-zanpagailuaren alde banatan, errailetan esegita, hogeitabost tona makineriak itxaroten zuen, Cadillaca laburtu eta kozkor karratu, zakar eta manaerraz bihurtarazteko.

        Cadillaca eskuratu zutenerako, heren bat gorabehera laburtua zegoen jada. Kolore berde argiko Sedan bat zen, lau ate eta binilozko gainaldea katxemira diseinukoa. Orain, ordea, aurreko txoketako kromo distiraduna ateen inguruan zeraman. Kapot osoa sakaturik zeukan, behinola aurreko esertokiak izandako autoaren sabelerantz.

        Hamar milia iparraldera, U.S. 1ean, Jacksonville eta Saint Augustine artean, Cadillacaren gidariak, lokartuta itxuraz, buruz-buru jo zuen hormigoizko zubi-bular baten kontra. Bidezaingoko poliziek azetilenozko soplete eta espatulez atera zuten gidaria. Eta gomazko izara batean bildu. Hala kontatu zuen Junellek, Cadillaca Auto-Townerantz atoian eraman zuenean.

        Cadillaca Big Mama-n garraiatu zuen, hamar gurpilekiko atoi-kamioi gorriaren atzealdean. Hurrena, hustu zezatela eskatu zien mutilei. Eskuz landutako egurrezko bolantea zeukan Cadillacak, eta harrigarria izan zen, bolanteko barrak atzeko esertokiaren ezkerraldea alderik alde zulatu arren, intxaur egurrezko bolanteak kalterik ez izatea. Orain Salvage Housen zintzilikatuta zegoen. Hara aldatu zuen Junellek, atzeko gurpil-edergarriekin eta guzti. Gero, atzealdeko kristala, ateetako eskutokiak eta atze-faroak kendu zizkion, eta maletegiko krika eta ordezko gurpila ostu ere bai. Azkenean ez zitzaion ezer geratu, Misterren azpiko askan zetzan metalezko hezurdura larrutua ezik.

        Misterrek aurrean zeukan eskuaga goma gorrizkoa ukitu eta prentsa eskerga batek zartadaz marruskatu zuen Cadillaca. Maleta baten tamainako metal kosko gotor bat labaindu zen jausbidean behera. Misterrek hasperen egin eta itzali egin zuen auto-zanpagailuaren motorea. Burdinazko eskalerak jaitsi eta hormigoizko nasarantz abiatu zen. Hiru aldeetara auto suntsituzko mendiekin topo egin zuten bere begiek. Ziren eta ez ziren auto mota oro, ziren eta ez ziren jarrera mota orotan: azpikoz gain, buruz behera, buruz gora, saiheskara, nahaspilan. Haren oinen azpiko lurra ez zen batere lur, kristal papurtuzko geruza lodi ezagutezina baizik, kolore guztietako kristalak, arrosa, hori, argi, urdin, zuri-gorri tindatuak, eta beltzak ere bai. Kristalarekin nahasian aluminiozko ezpal pitzatuak ageri ziren, orbainez betetako txatar-kozkorrak eta metalezko beste zenbait pieza, hondarra bezain fin birrindurik. Praktika luzearen kariaz, eroso zebilen metal eta kristalezko kosko ezerosoen gainean.

        Nasan geratu eta atseginez erreparatu zion eguneko lanari. Hudson Hornetak desagertuta, Oldsmobileko Youngmobilea joanik, Pontiaca murriztuta, Chevroleta ezabaturik, Buick Believerak deseginda. Orain maletak baino ez. Maleta izugarri astunak. Bihar ibaian gora joango ziren. Misterrek begiak estutu eta joango ziren aldera begiratu zuen. Erre egin zitzaizkion begiak eta ikuspegia lausotu, ibaiko uretik gora zetorren hats haztagarriagatik. Saint John's ibaitik hain gertu egotea, labe bateko ate irekitik gertuegi egotea bezalakoa zen. Gas eta kimikagai eta komunetako urgeldizko haize bolada batek erdian hartu zuen. Unai alkandoraren lepokoa altxatu, ibaitiko bolada beroaren kontra sorbaldak okertu eta Auto-Townerantz abiatu zen Mister.

        Handik Salvage Housera milia erdi eskas zegoen, milia erdia ibar bateko bideska batetik barrena automobilen troka malkartsuen artean.

        Salvage Housera heldu baino ehun eta berrogeitamar yarda lehenago, auto birrindu-porroskaturen ordoki bat igaro zuen. Auto-lerroak, bata bestearen atzean txukun apailatuak, hamar akretik gorako zabaleran barreiatzen ziren ezkerraldean, noraino eta autobidea Auto-Town gainetik Jacksonville alderantz uztaitzen zen punturaino.

        Misterrek bizkor jarraitu zuen aurrera auto-ilarei begiratzeke. Orain, auto-mendia beronen eta ibaiaren artean zeukalarik, ez zebilen haizerik. Oso berandu zen. Seguraski ordu-estra bat edo gehiago ordaindu beharko zioten Pauli.

        Salvage Houseko atea itxita eta giltza emanda zegoen. Burdinsarezko aitzinaldetik gurpil-edergarriek eta atzeispiluek eta bolanteek dirdira motela ematen zuten, paretetan zintzilik erakusgai. Big Mama kanpoaldean zegoen, Auto-Town autobidetik ezkutatzen zuen hesi garai horiaren ondoan. Salvage House behintzat ezkutatzen zuen hesiak, baita hura Auto-Town zela zioen hiru oin altuerako kartela ere, baina ez zituen ezkutatzen auto suntsituzko mendiak.

        Giltzarrapoz itxitako burdinsarezko ate ondoan taxi bat aparkatuta zegoen. Ia ilunabarra zelako, argiak emanda zituen taxiak. Kapela beltz zabal eta buru-zapi beltzezko emakume bat zegoen burdinsarezko ate ondoan, eskuak hazta eginda. Hasperen egin zuen Misterrek. Jainkoak daki nor zen hura. Atera joko zuen edonor hartzeko prest zegoen bera. Harritu ere ez zatekeen egingo, bera bahitu eta zintzur egin eta hiriko supermerkatuan okel gisa salduko zukeen emakume bat agertu izan balitzaio ere. Baina, noski, ez zen horren interesgarri eta ezohizko ezer, eta bazekien ez zela izango.

        «Non dago Freden autoa?» galdetu zion emakumeak atetik.

        Argia txarra izanagatik, Mister nahiko hurbil zegoen haren buru-zapian zehar ikusteko. Begiak beltz eta sakonak zituela ikusi zuen eta sudurra amotz eta koilara tankerakoa. Erantzun gabe jiratu eta atzera begiratu zuen berrogeitahiru akre auto suntsitu, ilun, akaztu eta bata bestetik iada bereiztezinen alderantz. Berriro begiratu zion emakumeari. Ez batak ez besteak, nola ezin erreparatu zuten ezinezkoa zela jakitea?

        «Ez dakit,» esan zuen Misterrek.

        Emakumea emeki kulunkatu zen oski beltzetan sartuta zeuzkan oin hauskorretan. Jarraian burdinazko atea laxatu eta zorro beltz bat ireki zuen; papertxo bat atera eta begiak ertireki zituen argi eskasean.

        «Hau al da Auto-Town?» galdetu zuen.

        «Bai,» esan zuen Misterrek.

        «Hau al da zure lantokia? Zu al zara jabea?» Ahots mehea zuen eta, bere atsekabean, eztia.

        «Nire aita da jabea.»

        «Hona ekarri zuten haren autoa,» esan zuen.

        «Norena?»

        «Fredena. Nire senarra. Gidari izan eta... istripua izan zuena. Hona ekarri zutela esan zidaten. Arren. Ba al dago ikusterik? Piska batean baino ez. Lagundu egidazu mesedez.»

        «Noiz ekarri zuten hona, andrea?»

        «Orain sei egun.» Buru-zapian zehar ikus zezakeen betartea estutzen. «Arratsalde partean.»

        «Marka?»

        «Cadillac. Binilozko gainaldea. Katxemira diseinuko binilozko gainaldea.»

        «Berria?»

        «Aurtengoa, bai, berria.»

        Huraxe izango zen, noski. Zein bestela? Eta orain maleta ezin gotorrago bihurturik zegoen, beste berrehun eta hamasei maletekin batera nasan pilatuta, gabarraren zain. Misterrek giltzatako bat atera zuen poltsikotik. Gerrikoan lotutako larruzko xerrenda batean zintzilik zeraman. Morroiloa ireki zuen.

        «Hemendik, andrea.»

        Honek taxiari begiratu zion. «Unetxo batez egongo naiz. Argiak itzal ditzakezu.»

        Iluntzen ari zuen orain, baina nekerik gabe jarraitu zion, zarata txiki bat eginez, arratoiak bihi lehorren gainean arineketan bezala. Misterrek ondo zekien nora eraman. Salvage Housetik berrogeitamabost bat yardetara edo, lehenengo lerroetako batean ezarrita, aurrealdea laburtuta zeukan Cadillac batekin topo egin zuten. Egoera ezin hobean zegoen, salbu eta aurreko esertokia motoreak hartuta zuela eta txoferraren aldeko kristalak izar-antzeko kraskada bat zeukala, han non, ezbairik gabe, buru batek dart egin zuen.

        Hari begira geratu ziren ilunpean. Hirurogeitabederatzi bat zen eta ez hirurogeitamar bat, baina Misterrek jakin bazekien, argia ona izanda ere, andrea ez zela hartaz ohartuko. Bihozberak emakumeak, eta plantati hutsak.

        Cadillac aldera gerturatu eta atzeko ate ondoan gelditu zen. So egin zion Misterri. Honek ondo zekien zer egin. Ateko eskutokia hartu eta tira egin zion. Erroa trabatuta zegoen. Indarrez tiratu zion. Kirrinka eta marraka egin zuen, baina ireki zen. Andrea ozta-ozta sartu zen atzeko esertokira. Atea itxi zuen Misterrek.

        «Hemen geratuko naiz piska batean,» esan zuen emakumeak.

        «Ongi,» esan zuen. Bertan utziz, Salvage Housera itzuli eta kanpoko eskalerak igo zituen, aita, arreba Junell eta Herman anaia bikiarekin bizi zen bigarren solairura.

        Herman ez zegoen han. Misterrek ere ez zuen espero bera han egotea. Apala zen argia, sukalde, jangela eta egongela bezala erabiltzen zuten gela zabal bakunean. Leiho-ilara sendo bat zen horma, hondakinezko mendien eta ibaiaren ondoko aldean. Aita, Easton Mack, denek Easy deitzen ziotena, leiho ondoan zutik zegoen behera begira. Junell zeukan aldamenean. Moto-lasterretako larruzko jantzi beltzak zeramatzan. Ile luze gorria bizkarrean behera erortzen zitzaion eta argi batek bezala distiratzen zuen txamarra beltzaren kontra. Mister atetik sartu zenean, aitak burua jiratu eta begi-zizta jaurti zion. Begi meheak zituen, labana-ahoen parekoak. Zutik zeuden aldera hurreratu zitzaien Mister. Behera begira zeuden, Freden alargun berria eserita zegoen Cadillac hirurogeitabederatzira. Han geratu ziren hirurak denbora puska batean. Leihoak ibaitiko haizeari zabalik zeuden. Bertatik goxo-epela eta lodia zen haizea, gazta minduaren antzeko usainekoa.

        Zarata heldu zitzaien behetik. Metala metalaren kontrako karraskada bat. EasyMack jiratu egin zen, gela arin zeharkatu eta berriro buelta. Behealdera behatu zuen iluntasun gero eta zarratuagorantz, non zarata estuago, larriago bihurtzen ari zen. Freden alarguna Freden ustezko Cadillacetik irteteko ahaleginean ari zen.

        «Ezingo dik hortik irten,» esan zuen Junellek.

        «Aterako dun,» esan zuen Misterrek.

        «Nor hil zen bertan?» galdetu zion Easyk.

        «Senarra,» esan zuen Misterrek, «Fred izenekoa.»

        «Fred?» esan zuen Easyk.

        Orain ahotsa entzun ahal izan zioten, ahula, eztia, atsekabez betea.

        «Jaitsi eta atera hortik,» esan zuen Easy Mackek.

        «Berak egingo du,» esan zuen Misterrek.

        «Jaitsi behera,» esan zuen Junellek. «Aitak ezin dik jasan.»

        «Nik uste baduela garaia zerbait jasateko,» esan zuen Misterrek.

        Easy Macken begi-laban meheek Misterren aurpegia ukitu zuten azaletik, baina Easyk ez zuen ezer esan. Mister esandakoaz damu zen. Bazekien aita nahiko gaizki sentitzen zela gertatu izandakoagatik, okerrago sentierazi beharrik gabe. Izan ere, Easy Mack izan zen azken finean Herman, Misterren anaia bikiaren azken ekimena bertan behera uztera behartu zuena, AUTO ERAKUSKETA: ZURE HISTORIA BEGI BISTAN deiturikoa, alegia. Freden alarguna erakusketaren toki batean eserita zegoen oraintxe. Eta Easy Mack hura jasateko gauza ez izateagatik, jendetza, faroak gauean, irri karkarak, malkoak eta errieta saminak jasateko gauza ez izateagatik, orain betirako galdurik zeukaten anaia Herman.

        Hermanekin kontua zen, ezin ziola ezeri eutsi. Ez zen inoiz gai izan. Besteek zeozeri eutsi izan zioten eta baita beren tokiak topatu ere, baina Hermanek ez. Junellek BigMama gidatzen zuen eta Salvage House-ren ardura zeukan. Misterrek negozioaren salmenta-kontuak kudeatzen zituen, auto-zanpagailua manatu, Paul enplegatuari garabian aginduak eman eta nasan zamaketa gainbegiratu egiten zuen. Aita, Auto-Town sortu zuena, kontu-liburuak gobernatzeaz gain, etorkizunera begira ahalegintzen zen. Herman, ordea, ameslaria zen. Horixe esaten zuen bera zinez maite zuen aitak. Baina Hermanen ametsek ez zuten, antza, gehiegi balio, edo zerbait balio zutenean, beti zegoen norbait bera geldiarazteko, aski da esateko norbait.

        AUTO ERAKUSKETA: ZURE HISTORIA BEGI BISTAN, esate baterako. Dirua barra-barra egiten ari ziren, aitak bertan behera uzteko esan zienean.

        «Bertan behera utzi beharko duzue,» esan zuen goiz batean. «Ezin dut gehiago jasan.»

        Ongi jantzitako gizon bat Auto-Townera azaldu eta ea De Soto 1949 bat ba ote zeukaten galdetu zien egunean hasi zen dena. Edukiko ez zuten ba, bai noski. Ikusterik bai? Mister eta Hermanek ikustera eraman zuten. Gizonak auto suntsituen aldapa igo zuen, De Soto 1949a erdi-agerian zegoen lekura. Mister eta Herman harekin batera igo eta Plymouth baten lohibabes zanpatuaren gainean eseri ziren, ikusmiran. De Sotoak itxura txarra zeukan, ez zehatu edo lardaskatua, herdoil-geruza lodi batek estalia baizik. Gizonak barrura begiratu zuen atzeko leihotik. Denbora luzez ikustatu zuen. Azkenik zutundu zenean, malkoak zeuzkan begietan.

        «Semea galdu berria dut Vietnamen,» esan zuen.

        Plymoutharen lohibabesetik altxatu ziren. Ez zekiten zer esan. Burutik eginda zegoela pentsatu zuen Misterrek.

        «Hauetako bat neukan 1950ean,» esan zuen gizonak, auto herdoildua leunki ukitzen. «Urtebete zuen eta ametsetan bezala zebilen. Bazeuzkan hogeitahiru eskualdi pintura. Neronek emanak. Eta eskualdi bakoitza leunduta —eskuz leunduta— hurrengo eskualdia eman aurretik.» Mutilei begiratu zien, baina ez zuzen haiei, haiengan zehar baizik, beste zerbait gehiagori. «Maletegiko estalkian ilea orrazteko modukoa.» Atzeko esertokira begiratu zuen berriro. Aurpegia haiengandik jiratuta zeukan orain, ahotsa urrun, mutu. «Eta horregatik ezkondu zen nirekin, ez beste ezergatik. Beti jakin izan dut. Aurreneko aldiz auto honexen atzeko esertokian bertan. Eta geratu egin zen.» Bapatean Misterri begiratu zion. «Geratu egin zen. Sinesten? Geratu egin zen. Sinesten?»

        Misterrek ez zekien zer esan.

        «Aurreneko aldiz aurreneko egunean geratu zen. Haurdun. Eta orain mutila hilik dago.» Autoari begiratu zion ostera. «Eskerrik asko. Beste behin ikusi nahi nuen.»

        Gero, gizonak aldeginda, negar zorian egon zen Mister Salvage Housera itzultzean. Hura zen, alajaina, sekula santan entzundako gauzarik tristeena. Baina Hermanentzat ez. Herman ameslaria zen.

        «Hire ustez, amerikarretan zenbatek izango zituen umeak auto baten atzeko esertokian larrua jo eta gero?» galdetu zion Hermanek. «Ehuneko zenbatek?»

        «Hori galdetzea ere, Herman,» esan zuen Misterrek. «Ehuneko hamarrak esango niake nik,» esan zuen Hermanek, eta anaiari irribarre eginez, «arraioa, bazitekek xaharrak gu geu ere atzeko esertoki batean egin izana.»

        Horrelakoa zen anaia Herman, amets zoroen amesgilea. Baina Herman ez zegoen amets zoroak amets hutsean uzteko prest, inolaz ere. Tema hartzen zuen beraiei eragiten. Hartara, AUTO ERAKUSKETAren asmoa hartu eta auto-mendien zulatze lanetan hasi zen berehala, auto berezien bila.

        «Azken berrogeitamar urteotan herri madarikatu honetan gertatutako guztia,» esan zuen Hermanek, «auto batekin gertatu da, edo auto baten barruan, gainean, inguruan edo aldamenean.» Ameslari irria egin zuen. «Eta denok itzuli nahi izaten dugu delitoaren lekura.»

        Hala bada, mendi zulaketan hasi zen autoen bila, azken berrogeitamar urte bakoitzeko auto bakanen bila. Gero, aitaren akreetarik hamar bat edo soildu eta lerroz lerro jarri zituen autoak. Hantxe zeuden 1920 urtetik 1970 urte bitarteko autoak, herdoilduta, kraskatuta eta zati batzuk faltan trenkatuta, baina oraino antzemateko moduan denak. Eta jendeak delitoaren lekura itzuli nahi izan zuen. Milaka lagunek.

        Hermanek kartel bat ipini zuen: HONA HEMEN HURA GERTATU ZEN AUTOA—BIZITZA ALDATU ZIZUN GERTAKIZUNA. Eta etorri ziren bai, berbizitzeko etorri ere: amodio istorioa, istripua, estreinako auto hura, atzeneko auto hura, gurpila zulatu zitzaionekoa, gasolinarik gabe geratu zenekoa, gasolinarik gabe geratu zela esan zuenekoa, umeaz ernaldua geratu zen tokia («Gogoan, laztana? Oin bat barruko pilotoaren kontra eta beste oina tinko-tinko ateko eskutokiaren kontra.»)

        Baina azkenean, aita ez zen hura jasateko gauza izan. Easy Mack oreka galtzen ari zen gertatzen ari zena ikusita. Gizon batek koinatua sastakatu zuen Ford coupe berrogeitazazpi baten kapotaren gainean. Andra batek konortea galdu zuen senarrak Studebaker berrogei baten atea zabaldu eta «Ikus!» esan zionean. Beraz, kartela kendu eta hamar akreak ixtea beste aukerarik ez zuela esan zion Easy Mackek Hermani, ZURE HISTORIA BEGI BISTAN ixteko, alegia.

        «Baina zergatik?» galdetu zion semeak.

        «Ez baitakar zorionik, ezta maitasunik ere,» esan zuen Easy Mackek.

        Mister hartaz gogoratu eta bapatean haserre zen berriro. Maitasun eta zorionean tematzeagatik galdu zuten Herman. Hermanek aldegin zuen eta ez zuten berau atzera itzultzerik lortuko. Bizirik ala hilik ote, aldegin zuen.

        Metala metalaren kontrako kirrinka zakarra entzun zen, eta jarraian, beheko larrain kristaleztatu gainean, oinen karraskots lehorra.

        «Jainkoari eskerrak,» esan zuen Easy Mackek. «Irten du.»

        «Ondo dago hori,» esan zuen Junellek.

        Taxia martxan jarri eta atetik burrunbadan aldegiten entzun zuten.

        «Batzuk edozer gauza egiteko prest daude,» esan zuen Easy Mackek. «Cadillac txikitu batean sartzeko hona etortzea ere. Jendea ez dabil kaskotik sano. Ai ene, hau buruhaustea!»

        Misterrek ukabilak estutu zituen. «Nik zure lekuan ez nuke hitzik esango,» esan zuen Misterrek. «Hitz bakar bat ere ez nuke esango, auto bat jango duela jendaurrean zabaltzen dabilen seme bat sortu izanez gero.»

        Auto bat jango dut. Auto bat jango dut muturretik muturrera, ari zen Herman irratian. Telebistan. Floridako Times-Union egunkarian.

        Junell eta zaharrak buruak bueltatu zituzten Misterri behatzeko, gordinkeria imajinaezinen bat esan izan balu bezala. Lehenago ez zuten hartaz zuzen hitzegin. «Herman inozoa da, horrelakorik egin dezakeela uste badu,» edota «Ezinezkoa da tamaina horretako astakeria egitea,» eta horrelako gauzak esanak zituzten. Baina auto bat jan hitz xuxenak inoiz ez.

        «Honezkero esan dezakezu, aita,» garratz esan zuen Misterrek. «Honezkero argi eta garbi esan dezakezu. Auto bat jango duen mutil bat sortu duzula.»

        Leun eta lau, buruz ikasi eta soilik erdi-ulertutako erritoren baten antzera esan zuen Easy Mackek: «Auto bat jango duen seme bat sortu dut.»

        Junellek gorrituta zeukan aurpegia, eta sudurraren puntan izerdi tanta bat kulunkatu zitzaion. «Pozik orain, nazkante alaena?» bota zion aurpegira Misterri.

        «Ez,» esan zuen Misterrek. «Ez negon.»