Autoa
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
Harry Crews
1935-2012
 
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
aurkibidea

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

12

13

14

Erosi: 6,85

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

12

13

14

 

 

11

 

        Hermanek, eskarmentua gorabehera, ondotxo zekien ikuskariak aurrera egin behar zuela. Horrezaz gain, sineste osoa zeukan bere eginkizunean. Ez zuen sinesten, ordea, sineste osoa zeukan hura luzaroan egin zezakeenik. Oraindik ez zion inori aitortu zer gertatzen ari zitzaion. Medikuak aztertu ohi zuen, eta orohar haren osasun-egoeraz arduratzen zen. Baina oinazea zuen. Hermanek oinazea zuen ahoan hasi eta eztarritik behera heste luze-okerretan barrena uzkiraino zihoan ibilbide luze-bihurgunetsu batean. Eta oinazea are gaiztoagoa zen, autoa maite zuelako oraindik. Jaten hasi zenetik, senidekoa bezala bilakatu zitzaion Mavericka. Argi ikusi zuen bere burua autoak mugatuta zegoela, artean irensteko zituen Maverickaren atal egosgogor eta egoskaitzek zedarriztatuta zegoela bere bizitzaren arrazoia bera. Hala ere, batzuetan, saio bakoitza azkenekoa balitz bezala sentitzen zuen.

        «Ba al dago jenderik, laztana?» galdetu zuen, etzanda zegoen ohetik. Atea ixten entzun eta bazekien Margo zena.

        «Adarra jotzen ala?» galdetu zuen, Hermanengana hurbildu eta irribarre maitakorrez masailean musu emanez. «Bete-betean, mukuru betean.»

        Jateko ordua zen berriro. Galdua zeukan denboraren nozioa, asteko zein egun zen eta baita hartan noiztik ziharduen ere. Jan-ta-libratu, libratu-ta-jan, hura zen bere bizitza. Margo etortzen zitzaion beti eta hizketan egiten zion; igurtzialdiak ere ematen zizkion, jateko edo libratzeko ordua zenean. Adiskide onak egin ziren.

        Aldamenean jarri zitzaion eta ohe gainean eseri. «Zer moduz hago?» galdetu zuen.

        «Ondo,» gezurra esan zuen.

        Margok haren alde egin izan zuen dena. Eta betiere inkarik edo deitorerik gabe.Berak eman zizkion koipezko masaiak aurreneko goiz hartatixe, japoniarrek ezkutuko zerbaiten bila Hermanen ipur-hestea arakatu eta gaizto kaltetu zutenean. Hasieran Margok pentsatu izan zuen odol isurketa autoak eragina izango zela.

        «Atzamarrak, niponen atzamarrak,» zotinka hasia zen ahozpez ohean etzanda, Margok masaiari ekiten ziolarik.

        «Nipon alaenak!» esan zuen, baretu nahian, belarrira xuxurlari: «Lasai, maitea, lasai, nik bazekiat zer den ipurtzuloa horrela urraturik edukitzea. Baina hemen dudan ukendu honek on egingo dik berehalaxe.»

        Eta bai egin ere. Margok ez zion behin ere okerrekorik esan. On egin zion hala ipurtzuloari nola gogoari. Hurrengo gauean ia odol isurketarik gabe libratu zuen. Hori aspaldiko kontua zen, eta azkenean sendatua zuen erabat. Hermanek begirada zuzendu zuen, eserita, bizkarreko igurtzialdia ematen ari zitzaion Margorengana.

        «Ondo atera zain gaurkoa?» galdetu zuen.

        «Ez gaizki.»

        Hermanek sabelpera eraman zituen bi eskuak, hatzak zabal-zabalik hobeto eusteko, eta buelta eman zuen. Tarteunerik gabe Margoren begi urdin argiak haren urdailean iltzatu ziren. Nabarmen zen tontor guria. Margok ukitu eta irribarre egin zuen ametsetan bezala.

        «Zenbatekin gaur?» galdetu zuen Hermanek.

        «Hogeitamazazpi.»

        «Egun ona ba,» esan zuen.

        «Hotela beteta zegok,» esan zuen. «Hori duk gutxi gorabehera batezbestekoa hotela beteta dagoenean.» Ahots apal axolagabeaz hitz egin zuen. «Denak zaharrak hituan gero. Mr. Edgek prezioa bikoiztu zuenetik, zaharrak dituk gelak hartzeko ahalera duten bakarrak.»

        Orain belarria urdailaren kontra jarrita zuen, entzuten. Begiak itxita zeuzkan. Ezpain arrosak xume banantzen zitzaizkion arnasa hartzean. Arnasa Hermanen aurpegi ingurura hegaldatu zen uhin antzeko bafadatxotan. Clorets lurrina zeukan. Hura zen bere lanerako hatsa.

        «Zahar zaharrak?» esan zuen Hermanek.

        «Normalean beti agertzen duk futbolari bat edo gutxienez hogeitamarretik beherakoren bat. Gaur ez. Gaur horrelakorik batere ez.»

        «Zer ordu da?»

        Begiratua eman zion eskuturreko erloju izar-tankeradunari. «Ordu erdi inguru daukak, maitea.» Berriro ere belarria ipini zion zilborrean, eskuak urdailera eraman eta eztiki laztandu zuen.

        «Hor kanpoan hengoela, erreparatu dun Misterrek jadanik ebakita ote daukan puska?»

        «Bai, ebaki dik,» esan zuen. «Ebakita, prestatuta, dena gertu zegok.»

        Orduko Misterrek bere balioa erakutsia zion Mr. Edgeri. Lehenengo libraldi izugarri hartatik aurrera, Mister ezinbesteko bihurtu zen operaziorako. Mr. Edgek bost mila dolarreko lehen eskaintza txundigarria aditu eta bertan ziplo konortea galdu zuenean, Misterrek haren gorputz eroriaren gainetik eszenatoki erdira salto egin eta enkantea bideratu zuen. Profesional batek bezala hartu zuen lema.

        «Bost mila dolar hasteko ez da asko,» narritari esana zion Misterrek lehen ilarako gizonari. Gero arrapaladan jo zuen zilarrezko erretilura eta suak beztutako Maverickaren ontzerdiko koskorra eskuan hartu. Atzamar lodi eta erakuslearen artean oratu zuen. Buru gainean. Bira osoa eman zion agertokiari. Diamante itzel bat oratzen ari zela zirudikeen, haien aurrean aztertzearren. «Ba al dakizue hau zer den?» itaundu zuen. «Ba al dakizue zer den hau?»

        Mailadiko goiko ilaratik txilio egin zuen emakume batek, «Sei mila!»

        Misterrek ez zion begiratu ere egin, ezta geratu ere, agertokian urrats handitan zebilela, bere begi suhartsuez ikusle-jorran. «Hona hemen auto amerikarra. Amerikar baten barrutik pasea. Hau historikoa da. Eta zuek lekuko.»

        Bai, horretan ez zen dudarik, Mister izugarrizkoa zen. Azkenerako zortzi mila berrehun eta hogeitamairu dolar erdietsi zuen koskorraren truke. Dena den, neurri batean, japoniarrak eskainka hasi zirelako gertatu zen hori, eta Mister horretaz baliatu zen abertzaletasunari dei egiteko. Lehen ilarako gizon potoloak esan zuen nahi adina ordaintzeko prest zegoela aurreneko Ford koskorra berton gera zedin eta atzerritarren eskuetan erortzen ez uzteko. Misterrena aparteko erakustaldia izan zen edonoren iritziz, eta Mr. Edge esnatu eta Mister zer egiteko gauza izan zen ikusi zuenean, berehala kontratatu zuen alokairu estra batekin, promozioa, kako-mako publizitarioak eta Egunero-Bi-Saioen prozedura operazionala haren esku utziz.

        «Kontaidak,» esan zuen Margok.

        Kukubilkaturik zegoen Hermanen urdailaren ondoan, musuka, haren azal harrotuxearen kontra belarria jarrita behin eta birritan adiketan, hortz-orratzen artetik mihia jaurti eta tarteka ukituz. Aldiotan, jan edo libratu aurretik Margo animatzera zetorkionetan, hitz-aspertu bat baino gehiago egingo zuten, beren bizitzei buruzko gauzarik barrenekoenak elkarri kontari: itxaron, egin, sinetsi, maite izan zutena. Herman AUTO ERAKUSKETA: ZURE HISTORIA BEGI BISTAN zorioneko hura kontatzen hasiko zitzaion. Egundoko ideiarik zoragarriena irudituko zitzaion Margori. Edo horrelako zerbait esango zion.

        Gaur, ordea, oinaze gaiztoa zeukan bere barruan, mortala, zalantzan zegoen autoa bertan behera utzi beharko ote zuen, eta bazeukan Margori kontatu nahi zion beste istorio bat.

        «Behin izan ninan neska lagun bat,» esan zuen.

        «Kontaidak,» esan zuen.

        «Gaizki bukatu hunan,» esan zuen.

        «Bai, batzuetan gertatzen duk,» esan zuen. «Sarritan ere bai.»

        «Eta neskekin lotsatu egin nindunan. Orduz gero lotsati bihurtu nindunan.»

        «Kontaidak,» esan zuen.

        «Zazpi urte baino ez nizkinan.»

        «Haurtxoa beraz,» esan zuen.

        «Eta Myrtlek bost.»

        «Eta zazpi urterekin lotsati bihurtu hintzen?»

        «Bai,» esan zuen.

        «Aspalditik, ba, lotsati haizela.»

        «Bai,» esan zuen. Oroitzen ari zen. Hura dena oroitzen hasi zen.

        «Kontaidak,» esan zuen.

        «Etxe txiki batean bizi hunan bere familiarekin, Auto-Town alboan. Nik zazpi urte eta berak bost zituela aldatu hunan etxe txikira. Gogoan dinat beti xingola moduko bat zeramala ilean. Batzuetan horia hunan eta beste batzuetan gorria edo urdina ere bai.»

        «Zer gertatu huan? Zoritxarrekoa izan huan? Zoritxarrekoa izan huan gertatutakoa?»

        «Bai,» esan zuen. «Zoritxarrekoa izan hunan.»

        «Kontaidak,» esan zuen.

        «Ezkutuka topatzen hasi gindunan.»

        «Zer dela-ta ezkutuka topatu behar?»

        «Ez geninan behar. Besterik gabe egiten geninan. Jostagarriagoa ematen zinan. Nagusiekin antz handiagoa.»

        «Non topatzen zineten?»

        «Auto batean.»

        «Non?»

        «Auto-Towneko erdiunean bertan. Txatarrezko mendi baten pean, Auto-Towneko erdiunean bertan.»

        «Jainkoak lagun deigula,» esan zuen Margok.

        «Garai hartan ez zegonan hesirik Auto-Town inguruan. Bera bizi zen etxetxotik etorriko hunan trabarik gabe bidean zehar eta gero hartuko zinan nik markatutako bideska.»

        «Hik bideska bat markatu?»

        «Autoen azpitik. Kupe, deskapotable, lau atedunen haizetakogailuetan zehar zihoan tunel bat, mendian barrena zuzen-zuzen, erdiguneraino.»

        «Tuneletik barrena joaten hintzen berarekin?»

        «Nik baneukanan neure tunela. Bera bere etxetik bidea zeharkatu eta bertatik Auto-Townera abiatzen hunan. Ni Salvage Housetik abiatzen nindunan neure tunelean barrena. Eta autoan topatuko gindunan.»

        «Zein auto?»

        «Haurtzaroa auto artean tunelak egiten eman ninan. Arakatu nizkinan auto-mendikate beteak, auto zoragarriz osaturiko ibarrak, egin nizkinan aurkikuntzak, eta erreibindikazioak ere bai. Nire erreibindikazioetariko bat denetan mendirik gaitzenaren bihotzean bertan zegonan.»

        «Zer nolako autoa zen hura?»

        «Rolls-Royce bat. Herdoildua eta zaharra, baina zoragarria.»

        «Eta hantxe topatzen hintzen Myrtlerekin?»

        «Ia egunero. Harentzat markatu ninan bera bizi zen lekutik mendirainoko bideska. Bera autoaren alde batetik sartzen hunan eta ni bestetik.»

        «Eta?»

        «Eta jolastu egiten geninan.»

        «Zertan jolasten zineten?»

        «Nagusitara. Nik aurreko esertokira igo eta gidatuko ninan, bere txoferra izatera. Eta bera atzekoan eserita, helduarena egiten. Eta gero trukea egingo geninan eta berak gidatuko niretzat. Gero biok aurreko esertokira igoko gindunan, eta berak mapa irakurri eta trafiko seinaleak begiratuko zizkinan niretzat, aitatxo-amatxotara jolasten. Gero atzeko esertokira joango gindunan eta aitatxo-amatxotara jolastuko.»

        Margok hasperen egin eta haren urdailaren kontra sakatu zuen aurpegia.

        «Hark berea erakutsiko zidanan eta nik neurea. Orduan ez ninan behin ere pentsatu, baina gerora konturatu nindunan biziki maite nuela.»

        Margok aurpegia jaso eta Hermani begiratu zion. «Zoritxarrekoa izan zela esan duk.»

        «Gaizki bukatu hunan,» esan zuen.

        «Zer gertatu huan?»

        «Egun batean ez hunan azaldu. Rolls-Royceren atea nire aldetik ireki, atzeko esertokira igo eta atea itxi ninan. Han eseri eta zain egon nindunan, baina bera azaldu ez. Zain egon nindunan arratsalde osoan.»

        Margok, ezer esateke, aurpegia haren urdailean emeki gorde zuen berriro.

        «Gauza bera egin ninan hiru arratsaldez jarraian,» esan zuen. «Rolls haren atzealdean zain eseri. Gero desagertua zela jakin ninan. Bere gurasoak estu-ta-larri zeudenan. Poliziak eta suhiltzaileak eta bolondresak haren bila ibili hitunan leku guztietan. Azkenean aurkitu zinaten.»

        «Mendiaren azpian,» esan zuen Margok ahots lauaz.

        «Mendiaren azpian. Galdu egin hunan eta markaturiko tunela utzi eta zenbait autoren azpian desbideratu hunan non... Tira, Studebaker baten azpian aurkitu zinaten. Zeharo zanpaturik. Esaterik ere ez zegonan zer zen handik atera zutena. Inork ez zinan nire aita salatu gero. Han-hemen bahitunan seinaleak kontuz, ez pasa, jolastea galerazia ziotenak.»

        Margo tente jarri zen eta eztarria masaiatu zion emeki, ezpainetan ere igurtziak emanez medikuak emandako olio bereziaz. Bere hatz samurrez hasi zen aho barrua eta mihia olioztatzen, eztarria eta zintzurraren paretetan behera olioa irenstera animatzen. Horrela Mavericka aisago jaitsiko zelakoan.

        «Inori ez zionat lehenago hori aipatu,» esan zuen ezpain oliotsuez.

        Margok eskuak hartu zizkion eta tinko estutu. Hermanek ondo-ondoan sentitu zuen benetan.Zerbait gehiago esatear zegoela, ozen jo zuten atean. Akomeatzaile gazte batek gona gorri eta bonet gorriz —Misterren ideia berrietako bat— gelara sartu zuen burua eta argiro dei egin: «Saiorako garaia.»

        «Mugitu beharra diagu,» esan zuen Margok.

        Beti bezala, txalo zaparrada sorgarri batez hartu zuten Herman. Akomeatzaile gazte politek —animatzaileak eta beren herriko goieskoletan Dragonettes izenaz ezagutuak, hemen Mr. Edgerentzat lanaldi erdiko langileak Egunero-Bi-Saioetan—, akomeatzaile gazteok bi errenkada eratu eta agertokiraino eraman zuten Herman. Dena prest zegoen. Misterrek libraerdikoa ebakia eta zilarrezko erretiluan zain zeukan. Mister mikrofonoan zegoen. Joe eta bere gizonak dantzaretoko sarbideetan. Junell eta Mr. Edge, adiskide on eginak, bata bestearen ondoan eserita zeuden, aurreneko ilaran familiarentzat gordetako eremuan.

        Easy han ote zegoen jakiteko behatu zuen Hermanek. Ez zegoen. Easyk bere kamioia Park 'N Locketik hartu eta Auto-Townera itzuli zen. Junell berau ikustera joana zen eta bueltan Hermani jakinaren gainean jarri zion beldur zela ez ote zion nerbioaldiak joko. Salvage Housen bizitzen jarri zen, euren lehengo geletan, eta inor ikusteari uko egin zion. Herman oso kezkaturik zegoen aitarekin.

        Baina libraerdiko Maverick puska ikusi bezain laster, Easyz ahaztu egin zen, baita beste gainerako guztiaz ere, metala berriro zintzurretik pasatu beharraz izan ezik. Mihi olioztatuaz bildu zuen aho barruko ttu guztia. Irentsi. Oinaze eta herstura latza sentitu zuen goitik behera korrika. Baina telebistako kamerak beragana zuzenduta zeuzkan.

        Mavericka zain zegoen. Txoketakoa desagertu zen jada. Parrila ere janda zeukan. Aurrealdeko bi lohibabesak irentsita zituen eta orain kapotaren alde batean zegoen. Motorearen erraiak eta gailuak distiratsu ageri ziren kapot erdi-murtxikatuaren pean.

        «Jaun-andreak, lagundu piska bat,» garrasi egin zuen Misterrek mikrofonotik.

        Jadanik ikuslegoa txaloka ari zen su-ta-gar, baina Misterren bultzadaz areagotu egin zen azantza. Dardar egin zuten hormek. Zenbait ikusle behin eta berriro azaltzen ziren, egunero egunero, eta txartelak erosteko neurriz gaineko dirutzak ordaindu behar izaten zituzten saio baten ondotik beste batean eta beste batean parte hartzearren. Hermanek ezagun zituen haietako asko. Han egoten zen andre zahar ile urdin txukun orraztua, aitzinaldeko eserleku batean eseri eta saio guztietan galtzeta egiten ziharduena. Hark ez zituen begiak Hermanen urdailetik behin ere aldentzen. Baina ez zuen behin ere txalo edo ulu egin, ezta aurpegian inolako keinurik erakutsi ere. Txabusina zuri luzean bildutako gizonak ere, Sherman Hotelaren inguruan beilan piketea egiten egondakoak berak, azkenik Jainkoari buruzko pankarta alboratu eta bat egin zuen ikuslegoarekin. Oihulari gartsua zen. Garai batean beisbol jokalari izana beharko zuen, zeren bere aupatzeko modua honako hau bezalakoa baitzen: «Ieupa, moteil! Zuzen-zuzen aurrera! Kasu orain! Hori duk eta, moteil!»

        Zeta berdezko trajea jantzita zuen Misterrek. Gorbatan harribitxizko orratza zeraman. Oinetan bota ingelesak takoi goratuekin, garaiago antzematearren. Eta zeremoni-maisu lanetan nahiko profesional bilakatua. Harrotasunez esan ohi zuen bezala, azkar asko kargu hartu zion muntaia guztiari. Arranditsu aurkeztu zuen Herman.

        «Jaun-andreok, hona hemen izarra!»

        Beti bezala, Herman tenis galtzamotz zuri eta etxeko txapinez soilik jantzita zetorren. Jendea eskuaz agurtzen zuen, axolagabe. Medikuak, zela janaldietan zela libraldietan beti eskueran, gorputzaren azterketa laburra egin zion, zilarrezko estetoskopioaz urdaila entzuteko geldiuneren bat eginez. Herman aulki berezi batean eseri zen, aluminiozko arakapen-mahaiaren ertzean. Misterrek, irribarre zabalez, zilarrezko erretilua luzatu zion Margori, beti bezala Hermani jateko eman ziezaion. Aulki aldera eraman zuen. Hermanek beheko erretilura begiratu zuen eta jarraian gora Margorenganantz. Maverick koskor txikiak begibistan, oinazeak astindua eman zion urdailean. Suzko ziri bat bihurritu zitzaion barrenean. Mututu egin zen ikuslegoa. Dantzaretoko bazter guztietatik entzun zitekeen andre ile urdinduaren galtzeta-orratzen klaska furfuriatsua.

        Mister, orain irribarre izoztu eta begitarte ilunez, hurreratu eta Hermanen aurrean makurtu zen. «Eta?» hitza marmartu zuen Hermanen belarrira.

        Herman geldi-geldi zegoen. Larrituta. Oinaze latzenik latzenean. Ezin jango zuen sekulan beste auto zatirik. Sekula santan.

        Mister areago makurtu zen, ahoa Hermanen belarriaren kontra sakatuz. «Jainkoarren, jan! Jan ezak kosko madarikatu hori!»

        Baina anaia isilik geratu zitzaion, moxolo antzera begira. Misterrek zilarrezko erretilua hartu zuen esku batean eta beste eskuaz Hermani ukitu leuna eman zion kokotsean. Lasatu zuen baraila, maina bat ia, edo horrela iruditu zitzaien ikusleei. Baina egiaz Misterrek lehertzeko zorian zeukan gibela. Eskerrak haundia zeukan, bestela ahoa zabaltzera behartu eta auto zatiak eztarrian hondora landatuko zizkiokeen anaiari. Aitzitik, zutundu egin zen eta eskua nagi eragin zuen jendez lepo beteriko lau mailadietara. «Eragozpen txiki bat daukagu,» esan zuen, eta bera ere harritu egin zen bere ahots gozo-eztiaz.

        Marmara asaldatua jalgi zen ikusleen artetik. Eta Junell, bere larruki beltzez, salto batez igo zen agertokira eta istanpatean Misterrekin zegoen ukondoz ukondo, berotuta, gorputzari lurruna zeriola, aurpegia eta eskuak beti bezala izerdi-geruza mehe batez estalita.

        «Zer ostia gertatzen da?» ziztukatu zion Misterri belarrira.

        «Ez zekinat,» esan zuen.

        Junell Hermanengana makurtu zen. «Jan!» gogor egin zion. «Jan!»

        Hermanek burua altxatu eta babesgabe begiratu zion. «Junell,» esan zuen. «Junell.»

        Mister mikrofonora itzuli zen lasai asko. «Jaun-andreak, arazo txiki bat daukagu. Arazo txiki bat baino ez. Koskorrak behar ez bezala ebaki ditugu. Bizar eta koska gehiegi daukate.»

        Berriz ere jendetzaren marmarotsa altxatu zen, orain asaldurarik gabe baina. Jendeak ulerkor hartu zuen. Gauzak behar bezala egin behar baitira. Ez zen kezkatzeko arrazoirik. Edozein ezusteri aurre egiteko prest zeuden. Misterrek sopletea zuen soldatzaileari itzuli zion erretilua. Makurturik belarrira esan zion:

        «Piztu sopletea. Utzi piskatean denbora pasatzen. Erre itzazu koskorrak berriro, beharrezkoa bada.» Soldatzaileak baitetsi egin zuen betaurreko tindatuen atzetik.

        Misterrek anaiarengana jo eta agertokitik aterarazi zuen. Junellek jarraitu egin zien Mr. Edgerekin batera. Gelara bueltan, bere onetik irtenda zebilen Mister. Amorraziozko aurpegiera zeukan.

        «Tira, Herman,» esan zuen, hitz egiteko gauza izan bezain laster. «Burua nahastu zaik, ala?»

        «Ez,» esan zuen Hermanek. Margo hurreratu eta eskua sorbaldara eraman zion.

        «Orduan zergatik ari haiz dena hondatzen?»

        «Ezin diat,» esan zuen Hermanek.

        «Ezin!» esan zuen Misterrek.

        «Ezin!» esan zuen Mr. Edgek.

        «Ezin zer?» galdetu zion Junellek. Harrezkero bazekien ordea.

        «Ezin diat gehiago jan,» esan zuen Hermanek. «Oinazea diat.»

        «Hik ezin duk oinazerik izan,» esan zuen Misterrek.

        «Ba badiat,» esan zuen Hermanek. «Oinaze gaiztoa gainera.»

        «Baina hik maite duk, maite, Maverick hori,» esan zuen Misterrek etsiturik. «Maite duk eta jan egingo duk.»

        «Nireak egin dik,» esan zuen Hermanek. «Pozoitzen ari nauk. Oinazez pozoitzen ari nauk.»

        «Ene Jainkoa,» esan zuen Mr. Edgek. «Nire hoteleko aitzinalde osoa bota eta gero.»

        Mister, zurturik, ziplo erori zen aulkian. Bere hamar-mila-dolarreko Cadillaca zebilkion buruan. Buruan zebilkion ABC eta 'Kirolen Mundu Zabala'rekin eginiko kontratuaren klausula ere. Kontua zen, filmatu, momentu gorenak bakarrik filmatzen ari zirela —estreinako koskor-sortaren jatea, estreinako koskor-sortaren libratzea, tarteko atal batzuk, hala nola haundiki ospetsuak ikuskariaz jabetzeko agertuko zirenean (zurrumurrua zebilen Spiro Agnew lehendakariordea Floridara etorriko zen hurrengoan handik pasako zela Ford autoaren koskor-sorta bat jaten ikustera), eta jakina, azkenburuko emankizun handia, non atzeko txoketakoaren azken zatia desagertu eta azken pusketa libratu ondoren enkantean salduko zen—, baina momentu goren horiek garrantzizkoak izango ziren soil-soilik Maverick osoa jan izanez gero. Horregatik telebistako abokatuek tema hartua zuten itzulera-klausula sartu eta sartu behar zela, zer gerta ere Hermanek auto osoa ez jatekotan. Orain planto egiteak porrota eta kontratuaren haustura lekarke. Haietariko denak —Herman barne— klausularen jakinaren gainean zeuden.

        «Klausula,» atsekabetu egin zen Mister. «Klausula alua.» Itzuli egin beharko luke hamar mila dolarreko Cadillaca. Galdu egingo luke. Auto-zanpagailura itzuli beharko luke berriz txatarra zanpatu eta Saint John's ibai satsuaren kiratsa arnastera.

        «Ezinezkoa zaidak,» esan zuen Hermanek. «Ezin diat auto gehiago jan.»

        «Jan egin behar duk,» esan zuen Misterrek, ahots gero eta gogorragoaz.

        «Ez dago beste irtenbiderik,» esan zuen Mr. Edgek.

        Junell izerditan blai zegoen. Etsi-etsian nahi zuen irtenbidea. Maverick hartan egin zuen lehen aldiz Joerekin —norbaitekin noizbait egindako lehen aldia—. Eta gauero esertzen ziren atzeko esertokian, euren aurrean autoa nola piskanaka desagertzen zen ikustera. Piskanaka-piskanaka, egia esan, baina, bai, desagertzen ari zen. Eta, nahiz eta inoiz hartaz ezer esan ez, batak zein besteak jakintzat zeukaten, Maverick ezean, atzeko esertokia murtxikatu eta irentsi ondoren eta Joerekin egiteko beste tokiren baten faltan, behin hura gertatuz gero, ezkondu egingo zirela. Hitzemate luzea izango zen, baina orain behintzat bere harremanak bazeukan helbiderik, jomugarik. Trafiko-sarraskietan bakarrik elkartzen jarraitu izan balute, nork jakingo zer gerta zitekeen. Ez lirateke inoiz ezkonduko.Orain ordea, Joek, gau-ta-eguneko zerbitzuan Sherman Hotelera azaldu eta Chrysler Cruiserrik gabe geratu ondoren, denbora guztian hotel barruan zegoenez, ez zuen gehiago bere kamioiaz hitzegiteko modurik. Autoaren atzeko esertokia zuten topaleku bakarra, baina desagertzen ari zen euren begien aurrean, desagertzen haren nebaren eztarrian behera. Inguramenak behartu zuen Joe Junellen gorputz izerditsu baina maitagarriaren hondarra moto-larru beltz haien azpian topatzera. Baina orain dena airean zegoen, Hermani, berak esan bezala, ezinezkoa baitzitzaion autoaren gainerakoa jatea.

        Mr. Edge gelan alde batetik bestera ibili ondoren, ate ondoan geratuta zegoen orain. Misterri beha. Junell ere tenore berean zegoen, Misterri so. Mister ez zegoen ezeri begira. Bere buruari eusten, ahots isil-gogorrez zioen: «Jan egin behar da autoa.»

        «Jakina baino jakinago!» esan zuen Junellek.

        Misterrek begi kolpea hari bota, Mr. Edgeri begira zegoela ikusi, Mr. Edge barrez zegoela ikusi, eta istanpatez jakin zuen buruan zer zerabilten.

        «Ez dago beste irtenbiderik,» esan zuen Mr. Edgek, ahotsa berriro zorion eta histeriaz betea.

        «Hara bestea, hau ere ba al dugu,» oihu egin zuen Misterrek, aulkitik jauzi batez altxatuz. Oin zabalean plantatu zen, dardarka. «Alde hemendik! Kendu nire begi aurretik!»

        «Pentsatu ondo,» esan zuen Junellek. «Alternatiba pentsatu.»

        Baina Misterrek pentsatua zuen jada. Hantxe bertan, alternatiban pentsatu zuen jada. Eta erantzuna eman baino lehen ere autoaren zama izugarria sentitu zuen urdailaren barruan. Harekin puztuta zegoen. Itolarria sentitu zuen, eztarri betekada.

        «Ahal izanez gero, neuk jango nuke,» esan zuen Mr. Edgek. «Beste konponbiderik ezean.»

        «Nik ere bai,» esan zuen Junellek. «Gustora jango nuke.»

        Eta bazekien egingo luketela. Baina ezin zuten. Bera zen egin zezakeen bakarra, berak eduki baitzuen Hermanen biki jaio izanaren zorigaiztoa.

        «Ez egin, Mister,» burua aurrerantz eroria, kokotsa bular mardoaren kontra, ia xuxurlan hitzegin zuen Hermanek.

        «Hik ez baduk egiten,» esan zuen Misterrek, «neuk egin beharko diat.»

        «Ez egin,» esan zuen Hermanek, ahots xehe berean. «Akatuko hau.»

        «Baten batek jan beharko dik,» esan zuen Misterrek.

        «Horixe. Baten batek jan behar du autoa,» esan zuen Mr. Edgek.

        Gelan zeudenengana iritsi zen ahots asaldatuen zalaparta. Ikuslegoa zen. Denak aterantz jiratu ziren jendetza haiengana oldartuko ote zitzaielako aieruan. Misterrek arnasa sakon hartu eta hitzik esan gabe zeta berdezko trajea eranzteari ekin zion. Hurrena bota ingelesak. Junell eta Mr. Edgek, zirkinik xumeena ere egin gabe, biluzten ikusi zuten.

        Larru gorritan, Hermanen antz osoa zeukan —turutantzeko ipurmami guri berdinak, sabel erori berdina, azal zuri-hilkara berdina—. Junellek Herman bere oinetara bultzatu eta tenis galtzamotzen botoiak askatu zizkion. Txorkatiletara jausi zitzaizkion. Kendu egin zizkion eta Misterrek jantzi zituen ondoren.

        «Jantzi trajea,» esan zuen Junellek. Hermani eman zizkion galtzak eta alkandora. Gorbataren korapiloa egin zion, prest egon zenean. Misterren harribitxizko orratza ipini zion. Bitartean dantzaretoan deiadarren zalaparta areagotuz joan zen, iskanbila hotelean barna hedatzeraino. Margo Hermanen ondoan zegoen, eskua haren aldaka mamitsuen gainean emeki jarrita. Mr. Edgek, berriro hasteko irrikitan, Margori eskuturretik heldu eta bultza egin zuen Misterrengana, zeina ate ondoan zegoen atzealde modifikatuzko tenis galtzamotzetan eta feldrozko etxeko txapinetan. Anaiak jantzi berriak zituen bere bota ingeles goratuetatik begirik kendu gabe zegoen.

        «Ederki,» esan zuen Mr. Edgek. «Abian, Margo. Orain honekin zaude.»

        «Ez,» esan zuen.

        «Zer?»

        «Ezetz esan dut.»

        Gelaz bestaldean ikusleen zalaparta irrintzi antzeko zerbait bihurtzen ari zen.

        «Jesus, Maria ta Jose,» esan zuen Mr. Edgek, begiak zerura altxatuz. «Orain zer, eta puta tenperamentala! Zoaz oraintxe Misterrekin, mila deabru!»

        «Ez.»

        «Baina ezin dira bata bestetik bereizi,» esan zuen Junellek.

        «Bai, nik bai,» esan zuen Margok.

        Mr. Edgek haren aurpegira hurreratu zuen bere aupegia eta garrasika ia: «Puta halakoa! Ulertzen? Pottorbero zirtzila, horixe zara zu, puta. Abiatzeko garaia denean, abiatu!»

        «Horrekin amaitu dudala uste dut,» esan zuen.

        «Jatekoa eman behar diozu,» esan zuen Junellek. «Beti eutsi izan diozu erretiluari eta...» Sorbaldak jaso zituen nahigabeturik. «Eta ikusleak...»

        Misterrek hain klerazko aurpegia zuen ezen begiak erreta zituela baitzirudien. «Jatekoa eman behar didan,» esan zion. «Mesedez.»

        «Egizan,» esan zuen Hermanek.

        «Egitea nahi duk?» galdetu zuen.

        «Hori dun egin dezakegun gutxiena,» esan zuen Hermanek.

        Eta besterik gabe gelatik erreskan irten eta dantzaretora joan ziren pasabidean barrena. Ikusleak isildu egin ziren, bazetozela ikusi zutenean. Hermanen aurpegiari erreparatuz gero, pentsa zezaketen kezkatuta egon beharko zuela koskor haien bizarrak zirela eta. Koskorrak gaur lakatzegiak izan eta seinale txarra irudituko zitzaion, izu begiak baitzituen.

        Mr. Edge mikrofono aurrean Hermanekin fidatu ez eta bera joan zen agertokira. «Jaun-andreak, gurekin izan duzuen pazientzia eta jatortasunagatik eskerrik beroenak antolatzaileen partetik.»

        Misterrek Margo erretilua hartzen ikusi zuen, agertokian berarengana ibiltzen. Ezin zuen sinetsi hau berari gertatzen ari zitzaionik. Lehenxeago hirurehun dolarreko trajea janzten egona zen, mikrofonoz hitz egiten, bota ingelesetan altuago izaten, dena zein zoragarria zen esaten. Eta orain auto pusketa bat irentsi behar izateko kinkan zegoen. Auto pusketa batzuk. Eztarria uzkurtu zitzaion ukabila gisa. Margo zeukan parean. Jendea isilik zegoen orain, piskat aurrera makurtuta, mailadietako beren eserlekuetan. Mr. Edgek keinu egin zion danbor joleari. Danbor joleak, pipatuta baina gertu, makilei eragin zien. Margok koskor bat hartu zuen eskuetan. Misterrek etortzen ikusi zuen eta pentsatu, «horra.» Begiak itxi eta goxokiak irenstea bezalakoxea zela esan zion bere buruari.

        Baina aita gurea zeruetan! Uharria bezala somatu zuen ahoan. Lakatza. Gogorra ezin ulertzeko moduan. Izotza bezain hotza. Bildu egin zuen mingaina, aho barrura bultza egin zion autoari. Maverickaren pisu guztia barail-erroetatik esegita balu bezalakoa zen hura. Itsumustuan begiak zabaldu eta Hermani so egin zion laguntza eske.

        Baina Hermanek erdibidean galduta zeukan bere amesgilearen behakoa.