Autoa
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
Harry Crews
1935-2012
 
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
aurkibidea

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

Erosi: 6,85

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

 

 

5

 

        Herman lokartu ezinean zegoen. Hura besterik ez zerabilen buruan, autoa. Hall barrenean zegoen, arrapala hartan blokatuta, itxaroten, eta ezin zuen burutik kendu. Lau egun lehenago demanda egin zion Mr. Edgeri, Sherman Hoteleko hamabostgarren solairutik jaitsi eta beste suite bat eman ziezaion, hartara Ford Maverickarekin solairu berean lo egin ahal izatearren.

        «Zer?» esan zuen Mr. Edgek.

        «Harekin lo egin nahi dudala solairu berean.»

        Mr. Edgek, bere bulego-zulo apaingabetuko mahai hutsaren atzean eserita, oin azpikozorua arakatu eta esan zuen, «Harekin solairu berean lo egin nahi duzula?»

        «Horixe.»

        Mr. Edge begi ilun nekatuez beha geratu zitzaion. «Aizu, seme, zuri ez dizu adar joka hasteko zainak emango, ezta?»

        «Ez, jauna,» esan zuen Hermanek.

        Herman autoa jaten hasteko eguna zenbat eta gertuago, orduan eta nekatu eta ilunagoa Mr. Edgeren begitartea. Harako Zerbaiten Aurrikuspenerako Bazkun bat Herman geldierazten saiatuko zelako zurrumurrua zebilen. Mr. Edge egunean hamaikatxo aldiz, entzun ala ez entzun, edonori esaka hasi zen: «Diru piloa dut hemen inbertitua. Diru piloa inbertitu dut hemen.»

        «Nirekin adar joka ez zinela ibiliko izan zen tratua,» esan zuen Mr. Edgek.

        «Bai, jauna. Hala zen tratua.»

        «Bestela esanda, gurea salerosketa harremana da,» esan zuen Mr. Edgek, «eta ez besterik. Beraz, ez niri adar joka etorri.»

        «Ez, jauna. Konforme,» esan zuen Hermanek. «Nolanahi ere...»

        «Zer nolanahi eta zer nolanahiondo?»

        «Nolanahi ere, nik jan behar dut. Neu naiz azken finean autoa jan behar duena.»

        Mr. Edge, itxuraz gero eta goibelago, azpiak janda geratu zen.

        «Bai, autoa jan,» esan zuen. «Eta konzentratzen ari zara, ez al da hala? Konzentratzen hasi eta solairu berean egon nahi duzu hobeto konzentratzeko, ezta?»

        «Horixe,» esan zuen Hermanek.

        Halatan, lekualdatu egin zuten Hermanen logela hamabostgarren solairuko Bimini Suitetik bigarren solairuko Honeymoon Special izenekora. Hemen, bakarreko logela eta komuna edukitzeaz gain, hall barrenean zegoen Maverick gorri distiratsuaren aldean.

        Baina ez zen konzentratu ahal izateko. Herman hamabostgarren solairuan ere aise konzentra zitekeen autoan. Ilargiaren alde ilunetik konzentratu ahal zitekeen hartan. Mavericka atxekita zeukan bi betazalen barruan, halako moldez non begiak itxi eta huraxebaitzen kolpetik ikusten zuena.Bihotzaren erritmoari adi jarri eta puntu-puntuan ipinitako sei zilindro su-beroturen kadentzia joka entzun zezakeen.

        Hermanek ohe albotik kanpora atera zituen oinak. Hau zen bere bigarren gaua beilan. Oheondoko gaumahai gaineko ordulariari behatu zion. Goizeko laurak eta zazpi minutu. Jaiki, alkandora eta galtzak jantzi eta, oinutsik, gelatik irten zen halletik barrena markagailuaren gainaldeko ate berri aldera. Begiak kristalaz bestaldera zuzendu eta hantxe zegoen. Arrapalan blokatuta, distira ahulez, fluorargia itzalita, baina bi spot-argi pizturik, Mr. Edgek berak jarriak, Maverickak hoteleko aitzinaldean flotatze itxura eman zezan. Hermanek atea zeharkatu zuen isilean, bihotza taupaka. Behean hutsik zegoen kalea. Ilargia zurbil eta urtuta, hiria behelaino termikoak zapalduta.

        Hermanek bere burua berezi sentitu izan zuen beti, bera baino indartsuago eta bere baitatik kanpo zebilen indar batek deitua sentitzen zen, beste gizonengandik aparte lekutuko zuen gauza miragarri eta bereziren bat egiteko deitu izana. Gauza bera sentitu izan zuen mutil koskorretan, aitak Mister, Junell eta hirurok goizero, eskolara baino lehen, Flint onkotearen Auto-Garbiketan lan egitera bidaltzen zituenean, eta berdin aurrerago hiriko Ford Ajentzia nagusian ordezko piezen sailean ihardun zuenean, eta berdin bere estreinako lan egunean ere Easy Macken Auto-Towneko negozioan.

        Hermanek ez zuen inoiz abagunerik izan sentimendu horretaz hitz egiteko. Bere anaia Misterrekin izan zen aipatu zuen lehen aldia. Estatuak autobidea eraiki ostean izan zen hain zuzen ere; autobideak sei errei eta sarrera mugatua zeuzkan eta, Auto-Townetik gora hirurogeitamar oin altxatuz, bat egiten zuen Jacksonville aldera Saint John's Ibai gainetik pasatzen zen Turner Memorial Zubiarekin.

        Autobidea ireki eta hamar minutu beranduago, zubi gainetik zetorren kamioi batek aire-balaztak galdu eta, kontrolik gabe geratzean, txoferrak salto egin zuen kamioitik martxa bizian, orduan pega-pega zihoakion Toyota batek harrapatu eta bertan gorpu utzi zuen. Kamioiak tupust egin zuen hormigoizko hesiaren kontra eta bete-betean amildu zitzaien zinta mozte zeremoniako lagun-saldoaren gainera (auto-karabana osoa, motoziklisten eskolta eta estatuko Missa deskapotable batean).

        Auto-karabana txikitu zuen kamioiak. Eta gau osoa behar izan zuten autobidea libratzeko. Azkenean babes-hesiturak bota eta auto suntsituak bazterrera alboratu zituzten, jarraian autobidetik behera Easy Macken Auto-Townerantz eraitsiak izateko, zazpi bat solairutiko erorikoan bezala.

        «Bejondeigula,» esan zuen Misterrek, hanka zirkinka, «Hau duk hau dirua egitea!»

        Herman eta Mister larrainean zeuden autoak zerutik jausten ikusten. Beren inguruan nonnahitik ibaiari gazta minduaren kiratsa zerion automobilen txatar-mendien artetik gora. Ilundu zuen orduko, euren gaineko autobidean argiak eta burrunba gailen ziren hiru errei berrirekietan. Eta sartaldean —porroska mukuru bete aldean— metal koskote itxuragabeak kanoi hotsaz larrainera erori eta erori ari ziren euren aurrean.

        «Alajainkoa,» esan zuen Hermanek, «ikaratzeko modukoa duk.»

        «Dirua egitean ez zegok zertaz ikaratzerik,» esan zuen Misterrek.

        Baina ez zen hori Hermanek esan nahi zuena eta hala adierazi zion.

        «Zer arraio esan nahi duk orduan?»

        Hermanek ez zekien zehazki baina saiatu zen Misterri kontatzen, izan ere Mister beste inor baino hurkoago zuen eta, hari azalduz gero, berak ere argituko zukeen.

        «Ez al duk inoiz pentsatu hori baino gehiago nahi izatean?» galdetu zion Hermanek.

        «Ez zera,» esan zuen Misterrek. «Eta Junellek ere bai, eta aitak nola ez, ziur baietz.» Barre algaratan hasi zen behin Oldsmobil bat izandakoa autobidetik behera zilipurdika jauziaz batera. «Egunen batean berrogeitahiru akreok berrogeitahiru milia gora auto porroska izatera iristea duk nik nahi dudana. Ieupala gora! Zeru arraiaraino!»

        «Nik ez nian esan nahi hori baino zerbait gehiago,» esan zuen Hermanek, «baizik eta hori baino beste zerbait gehiago.»

        «Aizak hi,» esan zuen Misterrek, barre egiteari utziz. «Ez duk ezer egiteko asmorik izango, ezta?»

        Herman lehendik ere ezaguna zen ameslari bezala; jakin bazekien familia nahigabeturik zegoela berarekin, edo beharbada euren buruekin soilik, izan ere beldur baitziren ez ote zuen haiek denak hatzez erakutsiak izateko moduko zerbait egingo.

        «Nik dakidan bakarra duk, beste ezer gehiago izan behar duela,» esan zuen Hermanek.

        «Zertaz ari haiz, ordea?» galdetu zion Misterrek. «Hik ba al dakik?»

        Bidezain bat hurbildu zitzaien atzeraxeago joateko eskean. Beldurrak zegoen autoren batek erorian kolpatuko ote zituen.

        «Nik dakidan bakarra duk, ez dudala nahi neure bizitza autotan neurtzea,» oihu egin zuen Hermanek, aitortuezinezko egia izugarri batekin aurrez-aurre topatu izan balitz bezala. «Neu neurtzen ari dituk auto madarikatuok! Neu! Ez al duk ikusten okerreko bidetik goazela?»

        «Bazitekek heu joatea,» esan zuen Misterrek astiro. «Nik ez zekiat zein bide den neurea. Ez zekiat. Ezta axola ere. Baina bazekiat estatuko auto porroskatuen negoziorik handienaren laurden baten jabea naizela. Horrekin nahikoa diat.»

        «Nik ez ordea,» esan zuen Hermanek, kristalez jositako lur gainean dardarka. Haien aurrean lurra jo berri zuen Edsel baten mutur txikituari beha geratu zitzaion. «Baldin eta hartu beharreko erabakiren bat bada, neuk hartuko diat.» Bere ahotsaren deitorea Edsel eta gainerako autoen gaindi igo zen, baita autobidearen beraren gaindi ere: «Neuk hartuko diat erabaki putza.»

        Misterrek, aurpegian asaldura eta atsekabea agerian, anaia lepoan hartu eta maitale baten eztitasunaz esan zion: «Lasai, motel, lasai, aukera etorriko zaik agian.»

        Eta bai etorri ere. Hantxe zegoen, Floridako Jacksonvilleko hotel nagusiko markagailuaren gainean bere aukeraren aurrean. Eskua luzatu eta erpuruaz Maverickaren turutantzeko sudur-zuloak ukitu zituen. Gero eta biziagoa eta eusten nekezagoa zen zirrara oldar biziak inarrosi zion bihotz-barrena. Tutu kurbatu boteretsuak ibili zituen erpuruaz. Azkenean, Maverickaren gainean eskua itxi eta hasperen egin zuen, ilargi apal barreiatuari so.

        Ilargitik beherantz ekarri zuen soa, hurreratu eta gorputz kankailua luze-luze pausatu zuen kapotaren gainean. Hozkara zen txapa, urbazterreko hartxabalen pareko. Eta hala begitandu zitzaion —urbazterreko harri xabal— eta gogora ekarri zituen arratsaldean bertan han beheko kalean entzundako ahotsak, beraganaino igo zen murmurots hautsia, errekatiko hotsa hartxabaletan hautsitakoan antzera. Eta, kapotaren gainean etzanda, masaila maitegai zuenaren kontra sakatuta, bakean zen erabat.

        Solemne zabaldu zuen ahoa, sakramentua mingainean hartzean bezala, baina horren ordez, mingain arrosa zintzilikariak, aho-ingurua miazka, metala ukitu zuen, Maverick autoaren kapota ukitu zuen. Zilar hotza zen eta urdaila estutzen sentitu zuen. Luzetsi egin zuen aho barruan edukitzea. Eztarrian barrena sentitzea. Urdailean hartzea. Harriturik geratuko zen mundua.

        «Ederra gaua, Herman.»

        Neska zen. Begiratu gabe ere bazekien neska zela. Mingaina astiro bildu zuen eta ahoa deliberatuki itxi. Autoaren kapotaren gainera itzuli zen. Aurrez begitandu zitzaion toki berean zegoen neska, ate ondoan zutik, minigona urdin eta ale gorriekiko lepokoa jantzirik. Hoteleko puta zen eta Margaret zuen izena. Baina nahiago zuen Margo deitzea. Abizenik ez zuela esan ohi zuen.

        «Ederra hainbestean,» esan zuen Hermanek, «hainbestean ederra.» Gorantz begiratu zuen, ilargia argitu nahian ari zen alderantz. «Loak ezin harturik nengonan, eta ohetik jaiki eta hona etorri naun aire piskat hartzera.»

        «Ezinegonean hago ala?» esan zuen Margok.

        «O, ezinegon betean, horixe,» esan zuen Hermanek.

        «Hala egoteko eskubide osoa daukak,» esan zuen.

        Hurbildu eta Maverickaren gainean jarri zituen ipurmamiak. Berauoi begira geratu zen Herman, begi zoli. Minigona oihal finen batez egina estu lotzen zitzaion gorputzaren zokoguneetan. Eta Hermanek tarta antzeko pottoaren zokondoa ikusi zion autoaren aurrealdeko enblemaren kontra sakaturik.

        «Hirekin egotea bururatu zaidak,» esan zuen.

        Baina Hermanek ondo asko zekien berarekin hainbat Maverickarekin egotera etorri zena. Bi egun lehenago aurkezpena egitea eskatu zion neskak mandatari-buruari.

        «Herman,» esan zuen mandatari-buruak, «andereño honek ezagutu egin nahi zaitu.»

        Autograforako zetorkiola uste zuen Hermanek. Izan ere egunero ordubiak eta laurak bitartean jendeari sartzen uzten zion Mr. Edgek debaldeko autografoaldirako, eta Herman, zer ordutan bizi zen gogoan ezin gorderik, izena paper-txaplata batean zirrimarratzen hasi zen —marku batean jartzeko aproposa, Mavericka dohain eman zuen agentziak berak dohain emana—. Zera zioen txaplatak: FORD ETXEAK IDEIA HOBEAK DITU ZURETZAT.

        «Ez, ez,» esan zuen mandatari-buruak. «Andereñoa ez dator horren bila. Bera ez da horietakoa, gutarikoa da. Margaret du izena. Margaret, hau duzu Herman Mack.»

        «Nahiago dut Margo deitzen badidazu,» esan zuen. «Hoteleko puta naiz. Eta Mr. Edgerentzat egiten dut lan, zuk bezala.» Auto aldera hurbildu eta Maverickaren enblema ukitu zuen. «Hau al da jan egingo duzuna?»

        «Muturrik mutur,» esan zuen Herman Mackek.

        Eta une hartatik gogoko izan zuen Margo, Mavericka ukitu zuen une beretik. Antzeman zion —edo behintzat aierua hartu— autoa jatera zihoalako pozten zela. Ford hura maite zuen Margok. Begiratzen zionean, bere gazte aurpegia betean hartzen zuen zirrarak. Eta eskuaren ukitua maitale baten ukitua zen. Baina maite zuen bezala maitaturik ere, jatera zihoalako zegoen pozik.

        Orain autoaren lohibabesaren gainean eserita zegoen Herman. Margo haren aurretik pasa, bala-probako geruzan bermatu eta kale hutsari begira geratu zen.

        «Bihar duk eguna,» esan zion behatzeke.

        «Izatez ez dun eguna,» esan zuen. «Bihar dantzaretora aldatuko gaitun besterik gabe.»

        «Horrezkero behintzat ez duk begiluze bat ere izango musutruk,» esan zuen. «Dantzaretora joanez gero behintzat putakume guzti-guztiek ordaindu beharko diate.»

        «Bai,» esan zuen, «gaur amaitzen ditun dohaineko paseak.»

        «Horrek izorratzen naik gehiena,» esan zuen, «jendea hiri begira dohainik egoteak. Ez duk bidezkoa.»

        «Tira, orain arte Mr. Edgek ordaindu egin zidan. Asteko hirurehun, lehenengo egunetik.»

        «Hiri hala ordaindu beharko, jakina,» esan zuen. «Baina haiek ez dituk ordaintzen ari. Horrek erretzen zidak ipurdia. Haiek dohainik izateak.»

        Hermanek nahiago izango zukeen ipurdia ez aipatu izana. Aukeran, ez zuen haren ipurdia gogoan izan nahi. Autoa nahi zuen gogoan. Autoa ibili zuen buruan, autoa autoa autoa autoa autoa autoa autoa. Baina betertzetik ipurdi perfektoaren hozkadura ikusi zion kulunkan. Ipurdia ibili zuen buruan, ipurdia ipurdia ipurdia ipurdia ipurdia ipurdia ipurdia ipurdia. Eta bihotza erdibitu zion, bere asmoen aurka zegoen eta egin nahi zuen guztiaren aurka.

        Autora hurbildu eta kapotaren gainera igo zen. Zangoak luzatu zituen eta haizetakoaren kontra jarri zen. Herman lohibabesetik aldendu, bira eman eta aurreko esertokian jesarri zen. Ipurmamiak, saka-saka eginda eta kiribiletan bananduta, hantxe bertan zeuzkan aurrez-aurre kristal gainean.

        «Ba al dakik non nengoen orain urtebete?» galdetu zion Margok.

        «Non?» ahots itoaz Hermanek.

        «Goieskolan,» esan zuen. «Futbol taldearen animatzailea ninduan.»

        «Hara,» esan bai baina aditu ez Hermanek. Aurrera makurtu eta bolantearen goialdea sartu zuen hortz artean.

        «Baina taldeko atzelariak bazeukaan Vette bat,» esan zuen.

        Hermanek bolantetik jarein zituen hortzak.

        «Eta laranjadi batera joan huan nire pertza.»

        «Laranjadi kaskarro batean?»

        «Nire sorbaldan,» esan eta barre egin zuen. Kalakari eta toka segitu zuen. «Den-dena egin zian bere kabuz. Vette elur-zuria zeukaan, lasterketako Goodyear gurpilduna. Txapelketako finalaren gaua huan eta lau entseiu egin zitian, goieskolako marka, hi. Zezen bat bezala irten huan aldagelatik, Vette barrura jaurti nindian eta, stadiumetik ziztu bizian hanka eginda gero, bide bazterretik Tampa hegoaldeko lehenengo laranjadira sartu gintuan farrastan. Dragatu, Vettearen gainaldean bertan dragatu nindian eta kamioi bat bezala ibili.» Margo Maverickaren kapotaren gainetik jaitsi zen zirristan, jiratu eta haizetakoaz bestaldetik irribarre egin zion.

        Herman emakumeekin lotsatia izan zen beti, lotsarazia. Junellek bazeukan gizon bat bere senargaia zela zioena (igande batean familia Big Maman eraman eta mutil gaztearen aurkezpena egin izan zien istripu batean), Mister bere aldetik birritan dibortziatu zen, baina Herman neskalagunik gabe ibili zen umetandik. Izutu egiten zuten. Beraz orain, neskaren irribarrean harrapaturik, esan zezakeen gauza bakarra esan zuen:

        «Etzi seietan puntuan txoketakoaren estreinako puska irentsi behar dinat.»

        Margok irribarrea eten zuen. «Egin egingo duala uste al duk?»

        «Arazorik gabe,» esan zuen. «Metalezko ontzerdi bat, ertzetako koskak sopletez berdinduta.»

        «Auto osoa esan nahi diat. Auto osoa irentsi ahal izango duala uste al duk?»

        «Zintzo esatera, ez zekinat.» Hori norbaiti aitortu zion lehenengo aldia zen. «Abian ikusi beharko.»

        «Zenbat irentsiko duk eguneko?»

        «Hasieran libraerdi bat eguneko. Medikuak dioenez, horrenbesteko ahala badinat.»

        «Jatorra duk medikua,» esan zuen. «Ez hau gaizki aholkatuko.»

        Mr. Edgeren medikuak, astero Margo aztertzen zuenak gonorrea edo beste gaitz okerragorik ez zeukala ziurtatzeko, Herman ere aztertu zuen.

        «Ni asko lagundu nain. Pisu ezberdineko pilota batzuk irentsi arazi zizkidaan nola libratzen nituen ikusteko.»

        «Eta ontzerdikoa izan zitzaian egokiena?»

        «Hori dun,» esan zuen Hermanek. «Ontzerdikoekin hasteko egin geninan.»

        «Oso ondo,» esan zuen, «primeran.»

        Kapotetik jaitsi, ate aldera jiratu eta barrura sartu zen. Eskua luzatuta sabaia ukitu eta besoak leihorik leiho zabaldu zituen autoaren nondik-norakoa neurtu nahi balu bezala. Egonean geratu ziren luzaro, autoaren ingurumariak ikuska, kalean zabor bilketako kamioitzar bat espaloiertz batetik bestera orroaka pasa zen bitartean. Argitan harroturiko hauts-lainoa ikusi zen bala-probako plastikoaz bestaldean zabunka. Azkenean zaborraren kamioiak burrunban buelta hartu zuen izkinan. Zarata gutxitzen entzun zuten, Hogan kaleko eraikin garaien artean desagertu arte. Isiltasuna nagusitu zenean, neskak berriro neurtu zuen autoa begiekin: gomazko oinazpikoak, plastiko konprimatuzko bolantea eta baita metalezko ate-eskutokiak ere. Neska egiten ari zena ikusi zuen Hermanek.

        «Ez dun erraza izango,» esan zuen. «Ez dinat inoiz esan erraza izango denik.»

        «Ez, ez duk erraza izango,» irribarre egin zion, «deus ere ez duk gero.» Eskuan jarri zion eskua. Ukitzen zuen lehenengo aldia zen. «Aizak,» esan zuen. «Hire alde niagok goitik behera.»

        «Benetan?»

        «Burutik behatzetaraino,» esan zuen Margok. «Esaidak hiregatik egin dezakedan edozein gauza, zernahi dela, zernahi

        Herman gorritu egin zen. Gonaren urdina hartua zuten neskaren begiek eta kristala bezain gardenak ziren. Ahotsak premiatasuna zeukan, Hermanek ahots batean egundo entzun ez bezalako biluztasuna. Ez zekien zer esan nahi zuen, ezta zer egin ere.

        «Ez haiz behin ere nirera azaldu,» esan zion Margok. Begirada alderatu zuen beregandik kalearen bestaldeko eraikinaren aurrealde zurirantz. «Azalduko hintzelakoan nengoan, baina ez haiz behin ere azaldu.» Hermani behatu zion berriro. «Badakik hiretzat dohainik dela, ezta?»

        «Zer da dohainik?» galdetu zion ahots estuan, jakin bazekielako.

        «Ni,» esan zuen.

        «O,» esan zuen, ahots nasai eta esapide neutralez erantzuten saiatuz.

        «Hiretzat dohainik izango nauk beti, eta ez diat behin ere huts egingo astirik ezaren atxakiaz.»

        «Baina zergatik? Ezagutu ere ez naun egiten.»

        «Nik ez diat larrutan egiten didan inortxo ere ezagutzen,» esan zuen. «Ez orain eta ez lehen.»

        «Baina futbolaria,» esan zuen Hermanek, oroitarazten lagundu nahian, «bera...»

        «Ez duk ulertzen,» esan zuen txistuka antzean, aurpegi suhartua harengandik pixkat aldenduz. «Hark ez nindian hartu, Vetteak bai. Ulertzen ahal duk hori? Hark Vette bat zeukaan eta hemen hoteleko nire lupuak Jaguar bat zeukak. Baina hik,» oihu egin zuen ozen, «hik jan egingo duk zera izorrante hau!» Heriozko dardarizo batek hartu zuen eserian bertan. «Ai ene Jainkoa, nahiko nuke bai nik ere jan ahal banu, osorik irentsi.» Bere begiek harenak erre zituzten. «Uler al dezakek hori?»

        «Bai,» esan zuen isilean. «Uler zezakenat.»