Autoa
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
Harry Crews
1935-2012
 
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
aurkibidea

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

Erosi: 6,85

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

 

 

7

 

AMERIKA... GERTURIK DAUZKAZU FORD 1971-K

MAVERICK

        170-ku. 1V 6-zilindroko motorea (100 hp) // 3-abiadura sinkronizatuko esku-transmisioa // Gidagailu blokagarria // Argi bereziak, lau, aurre-atzeko alboetan (keinukariekin sinkronizatuak) // Aurreko esertokien bizkarralde mugikorrak eta automatikoki blokagarriak // 2-erradioko bolantea // Ateak ireki orduko pilotoa // Berogailua // Aire girotua // 3-abiadurako haizagailu-kontrol argiduna // Zirkuitu inprimatuak tresna-taulan // Azeleragailu-, enbrage- eta balazta-oinpekoak teinkatuta // Oinazpiko tapiz txabeztatu kolorezkoak // Airetik babesteko kristal kurbatuak // Arroparako gakoak // Aireztapen kanpaia // Atzeko leihatila hegalduna // Giltza itzulgarriak // Araupeko neumatikoak 6:45 x 14 saihets beltzekoak // 103 hazbete ardatzen arteko tartean // 52.6 hazbeteko altuera // 179.4 hazbeteko luzera // 70.6 hazbeteko zabalera // 2624 librako pisua geldian // 170 sei motako motorea // 8.7:1 konpresio erlazioa // @ rpm 100 / 4200 zaldi potentzia // 45 amp. bateria // 42 amp. alternadorea

        Maverick 1971 autoaren xehetasunak ziri-zara barneratu ziren Hermanen gogo makal lausotuan, hostoak haize geldian bezala. Xehetasunok behin eta berriro irakurriak zituen, haiekin amestu, maite izan, arao egin, harik eta azkenean, adi ala ez, hitzak berak errepikatzen ziren arte. Orain ez zegoen deusi adi. Baina Sherman Hoteleko bigarren solairuko gelan etzanda, gogoan zeukan Maverick autoaren bertuteen zerrenda zehatza.

        Ezohizko betetasun batez astun zegoen. Ahoz gora zetzan ohean larrugorritan, urdail zuri nasaituaren gainean bi eskuak zabalik. Egin egin zuen. Akabo espekulazioak, ahalak eta ezinak. Egin egin zuen!

        Gogoan, ordea, ez zuen asko gorde. Gandupean lez eman zuen eguna, agerian ekintza-uharte gutxi batzuk, denboran eta tokian hormatuta, argi itsugarri zuri batean. Gogoan zuen metal puska esterilizatuez betetako erretilu txikia nola eskaini zioten txalo zaparrada, aupa eta gora artean. Baina ez zen gogoratzen nola egin zuen agertokirako bidea.

        Azken hogeitalau orduetan baraurik egon zen. Medikuak bere aldetik, Hermanen urdaila autotik babesteko, gaztanbera eta esnegain lodia bezalako jakiz dieta berezi bat prestatzen lan franko izan zuen, baina Herman ezer jateko ezgauza izan. Ia literalki, ezin zuen ezer irentsi. Egunean zehar hala medikua nola Mr. Edge eta aita Easy Mack behin baino gehiagotan saiatu ziren jateko eran jartzen. Eta bera ere bai. Jainkoak badaki saiatu zena. Goilarakada bete ahi eraman zuen ahora —behin eta berriro— baina alferrik. Zalantzarik ere izan zen lehenengo agerraldia garaiz burutuko ote zuen. Baina dena ongi aterako zela baietsi zien berak.

        «Eraman nazazue eta kitto,» esana zien fidakor, «ikusiko duzue, ongi aterako da dena.»

        Eta ongi atera zen. Zilarrezko erretilua gerturatu zioten ontzerdiko metal koskor esterilizatuekin. Behera begiratu zuen Hermanek, eta une hartan, eta ez lehenago, non zegoenentz jabetu eta senper ordua azkenik aurrez-aurre zuela jakin zuen. Begiak goratu zituen eta han zegoen ikuslegoa, harri eta zur, egitear zegoenarekin txundituta, mutu.Han zegoen aita, zurbil, margul. Anaia eta arreba. Margo ere ikusi zuen zilarrezko erretiluari eusten. Honek gur txiki bat egin zuen, arrosa koloreko mihi bizkorra hortz-orratz zuritan zorrotz.

        «Jan ezak,» zizakatu zuen. «Jan ezak, Herman! Jainkoarren, irentsi dena!»

        Gauza guztiak kamera motelean bezala gertatu ziren. Bere eskua ikusi zuen, hilorduko motelduraz luzatu, erretilutik koskor bat hartu eta aho aldera eramaten. Ezpainetan sentitu zuen metala. Mihiak hartzen, eusten sentitu zuen. Eztarrian metalezko aho-mina hedatuz joan zitzaion, urdailean barrena. Aho-mina korrika sentitu zuen, odola ukitzen, eta ia konortea galdu, atseginaren atseginez. Koxkorra irentsi eta larri sentitu zuen eztarrian, pasatzen sentitu zuen, luzaro eta ezin ustezko pisuaz behera behera behera, harik eta azkenean urdailean geratu zen arte.

        Txaloek dantzaretoa dardarazi zuten. Mr. Edgek besotik oratu eta txapelduna zela esan zion, benetako txapelduna. Margok gau eta egun noiznahi dohainik zela errepikatu zion. Anaia Misterrek pilota joko berriena zela esan zuen. Medikua, sinesgor lehen, begiak bildu ezinean zebilen orain. Suhiltzaile-burua sopletea itzalita zegoela ziurtatzen ari zen eta ez Sherman Hotela ez dantzaretoko ikusleentzat arriskurik ez zela egiaztatzen. Hori dena ikusi zuen Hermanek, dena kamera motelean. Errealitatetik tokitan, gainontzeko metal-koskorrak hurrupatu zituen; gero, itsu eta puzturik, bere gelara eraman zuten, ahoz gora etzan zedin eta egin berri zuenaren sekulakoaz hausnar zezan.

        Bera zetzan gela miresleek bidalitako zoriontzeko lore sortez beterik zegoen. Gela berean medikuak berriro aztertu zuen eta osasun onean zegoela adierazi. Gauargi mehe bat piztuta zegoen pareko horman. Pertsiana eta errezel guztiak bilduta zeuden. Minutu gutxi batzuk lehenago Margo ahalegindu zen ahi apur bat goilaretik ahora ematen.

        «On egingo dik,» xuxurlatu zion, aho gorria umel eta hanturik.

        Ahal izan arren ere, uko egin zion jateari. Ez zuen nahi. Bere buruarekin eta munduarekin bat eginik zegoen. Nahiz eta begiak irekita eduki, ametsetan somatu zuen bere burua. Odola taupaka entzun zuen belarrietan, baita autoak entzun ere taupada bakoitzean. Autoak ikusi zituen odolean. Dzu-dzu, ziztuz zihoazen zainezko autobide luze zeihar-meiharretan. Eskuak urdailetik aldendu eta estu heldu zion oheari. Ez zuen halakorik espero.

        Izu eta pozez gainezka, esnatzen saiatu zen. Baina ez zegoen lotan. Autoz beteta zituen begiak. Lasterka eta lehian ari zitzaizkion giharre eta zuntzune guztietan. Dune buggiak azkar zebilzkion oinen hondar kaliforniarretan; lau gurpiletan trakzio eta elurretako neumatikoekiko jeep sendoak aldaken Montanako mendietan gora zihoazkion; urreantzeko deskapotableak, distiratsu eta estalkihuts, zalapartaka ari zitzaizkion ezkerreko besoaren Arizonako eguzkipean; taxi asaldatu, lohi, funtzional eta ezaguterrazek bizirik irauteko borrokan ziharduten Hermanen burua zen New York Hirian.

        Eta bihotza. Ai bere bihotza! Bananduta somatu zuen, bularraren barnean bereizita. Bakarka eta ponpari, ezagun zituen bere azkenburuko mugak. Eta bere buruaren ikuspenean burrunba eta lasterka agertu ziren auto guztiek azkenean bihotzean zuten helmuga. Amaierarik gabeko trafikoan Saab eta Ford eta Plymouth eta Volkswagen eta marka guztietako buggy modifikatu eta Toyota eta mundu zabaleko autoak bere bihotz taupalarian sartzen joan ziren erreskan.

        So geratu zen, zur eta lur, autoz beteago eta hertsiago, harik eta azkenean txoketakoz txoketako burutik oinetara asetu arte. Teinkatu egin zitzaion azala. Zain eta arterietan durundi egin zioten klaxonen karraka hotsek, nora joanik ez zuen eta sekulan bukatuko ez zen trafiko trabako baten erdian nahaspilatuta. Autoak eta autoak nonnahi eta gidatzeko lekurik ez.

        Baina azkeneko momentuan, autoekin itolarrian eta arnas estuka ari zela, benetan izututa beldur baitzen, biderkatzen segitzekotan, ez ote zion azalak zarta egingo eta bizia isuriko, irtenbide bat —ametsezkoa eta egokia— ageri zitzaion ikuspenean. Bera zen autoa. Ezin hobe hornitutako autoa. Bere burua mehatxatzen zuena bera izaki, ihes egingo zion, ez zuen bere buruaz beste egingo.

        Aire gehiago behar zuela, aire girotua piztuko zuen. Indar gehiago behar zuela, oktano gehiagoko errekina botako zion. Segurantza handiagoa behar zuela, beste ehun bat zaldi jarriko zuen kapotapean. Munduko argiak enbarazu egiten ziola, haizetakoa tindatuko zuen. Eta bere hilezkortasuna ezin konta ahalako txatartegietan zetzan, denak Amerikako edozein bazterretik irispidean. Haietako batera jo eta lohibabesa ordezkatu, gurpila ordezkatu, motorea ere ordezkatu, dena ordezkatu, harik eta, bera oro izaki, nor izateari utzi arte.

        Herman jira-biraka ari zen ohean. Geldi geratu zen tupustean. Ezker aldera egin zuen astiro. Bere burua binbili-banbala entzun uste izan zuen. Berriro saiatu zen. O, Jauna! Intziri garratz batek traba egin zion eztarrian.

        «Herman?»

        Margo zen. Gelako bazter txokoan itzalpean eserita, ozta-ozta ikusi zuen. Jantziak aldatuak zituen. Zuri-zuri goitik behera. Hermanek harengana luzatu zituen besoak. «Jainkoari eskerrak,» esan zuen. «Jainkoari eskerrak, hi haiz.»

        «Herman,» esan zuen. «Zer duk?»

        «Ni...beldurrak negon,» Hermanek.

        «Zeren beldur?» Ohean eseri eta automatikoki bi eskuak haren urdail gainean ipini zituen.

        «Ez zekinat,» esan zuen. «Amets egin dinat... ametsa edo.»

        «Zertaz? Zeri buruz huan?»

        «Autoez.»

        «Kontaidak, Herman maitea. Eta amets bat baino ez dela ikusiko duk horrela. Nik ere eten gabe izaten dizkiat amesgaiztoak, eta horrelakoetan zer egin eta ohetik jaiki, ispilura joan, neure buruaren aurrean ametsa kontatzen hasi eta horrela ez nauk sekulan gehiago izutzen.»

        «Sekulan?»

        «Batzuetan bai, batzuetan izua sartzen zaidak ispilu aurrean ere,» esan zuen.

        «Asebete auto nengonan.»

        «Asebete...»

        «Besoetan nizkinan eta hanketan eta buruan, odolean, bihotzean.»

        «Tira, ametsak amets,» lasaitu nahian Margok.

        «Gero neu nindunan autoa.»

        «... ametsak beti arraroak izaten dituk,» esan zuen.

        «Atzarri nengonan baina.»

        «Atzarri?»

        «Begiak zabalik nizkinan. Eta beldurrak nengonan. Beldurrak negon oraindik.»

        «Utzidak hartzen,» esan zuen. «Hartu egin nahi haut.»

        «Bai,» esan zuen.

        Margo zutitu egin zen eta arropak eranzten ikusi zuen Hermanek. Soineko zuriaren kremailera ireki eta kulero laranjak zeramatzan janzki bakartzat. Erantzi zituen eta biluzik geratu zen. Xuloekiko giharre-moltso hutsa zen.

        «Kristo, ederra haiz gero,» esan zuen. Giharre-xerrendak agerian zituen urdail aldera begira geratu zitzaion.

        «Animatzaile nintzenetik,» esan zuen. «Gorputzarentzat animatzaile izatea baino gauza hobe bakarra zegok munduan.»

        «Zein?»

        «Larrua jotzea,» esan zuen. «Gogotik arituz gero, larrua jotzeak sasoi betean mantentzen hau.»

        Aldamenean etzanda, urdaila Hermanenaren kontra jarri zuen. Harrituta zegoen zein txikia zen takoi luzeekiko zapatarik gabe. Baten begiak bestearenetatik hazbete gutxi batzuetara zeuden. Margok haren soinaren kontra estutu zituen bularrak.

        «Ez horrelakorik esan,» esan zuen Hermanek. «Neska jatorregia haiz horrelako gauzak esateko.»

        «Hori izan ohi duk nire abiaera.»

        «Zer abiaera?»

        «Hasteko modua. Joxemari denei gustatzen zaiek nik larrua jo esatea. Horregatik esaten diat Joxemari batekin oheratu baino lehen. Nire lupuak irakatsia.»

        «Ni ez naun hire ohizko Joxemari bat,» esan zuen.

        «Ez,» esan zuen, «hi ez haiz ohizko Joxemari ezta zernahi ohizkorik. Goizekoa zoragarria izan duk, izugarria.»

        «Baita okerreko bidetik joan ere gero.»

        «Ez, okerrekorik ez,» esan zion Margok, amesgaiztoaren mingarra eztitu nahian.

        «Auto bat nintzela pentsatzen aritu naun.»

        «Edozer gauza amets zitekek.»

        «Ez nengonan lotan. Auto bat nintzela pentsatu eta ikaratu egin naun, izu ikaraz.»

        «Orain ez hago ikaratuta.»

        «Ez,» esan zuen, «orain ez. Baina berriro hasten bada, beharbada... ez, izango eznaun ba gauza, horixe baietz.»

        «Nirekin ohean, ez duk pentsatuko auto bat haizenik.»

        Herman zerbait esaten hasi zen. Baina Margok bularra miazkatu zion, bularra miazkatu eta den-dena aienatu zitzaion burutik.

        «Aizan,» esan zuen, «hik ez dun egin behar...»

        «Horixe duk gero gure kontuaren ederrena, ez duk uste?» esan zuen. Gorputzean behera lerratu zitzaion, urdaila miazkatzeko lain. Mihia bero, heze eta bizkorra zuen.

        Geratu eta begira gelditu zitzaion. «Nik ez diat hire alde ezer egin behar. Ez al duk hori gure kontuaren ederrena?»

        «Bai,» esan zuen, «horixe dun gure kontuaren ederrena.»