Autoa
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
Harry Crews
1935-2012
 
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
aurkibidea

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

Erosi: 6,85

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

 

 

8

 

        «Tira, ez nian hori egiteko asmorik,» esan zuen Easy Mackek suminduta.

        «Nahi duzuna, baina Mr. Edge bere onetik atera duzu,» esan zuen Misterrek. «Emaztea zegoen ikusleen artean, alaba ere han zeukan senargaiarekin. Eta zuk zer egingo, eta bere zapata gainean bota. Nola sentituko zenukeen bere tokian?»

        «Esan diat ez nuela asmo hori. Ezin izan nioan eutsi.»

        «Bai aita, badakit. Medikuaren esanetan sinpatia izan zen.»

        «Kakazarra! Sinpatia? Zer esan nahi dik horrek?»

        «Hala esan zuen berak, sinpatia,» esan zuen Misterrek. «Zure urdaila bere urdailaren truke. Zerorrek jango bazenu bezalaxe izan zen.»

        «Aitaren eta semearen...» esan zuen Easy Mackek. Eztarriak gora egin zion. Goragalea etorri zitzaion.

        «Ondo al zaude?»

        «Ez negok batere ondo. Ez. Eta sekulan ez nauk berriro ondo egongo.»

        Hizketan ari ziren gela-suitea, Hermanenaren solairu berean, Misterrek behartuta eman zien Mr. Edgek. Gelak kale aldera zeuden, haietatik beheko trafikoa eta jende saldoak ikus zitezkeen, baita txarteldegietan egiten ari ziren negozioari tankera hartu ere. Lehen hilabeteko agerraldietako txartel guztiak bukatu egin ziren. Bersaltzaileak sekulako negozioa egiten ari ziren bederatzi t'erdietako libraldirako txartelak saltzen. Behin albistegiek Mack gazteak Mavericka jan egin zueneko berria Jacksonville osora azkar zabalduz gero, txartel eskaerek gainezka egin zuten. Bi ordutan bukatu ziren lehen hilabeteko txartelak, eta Misterrek —aitarekin hizketan ari zen gelatik— espaloietan bere ikusmenaren azken mugaraino erreskan pilatutako jendetzari begiratu zion.

        «Ez horrela hitz egin,» esan zuen Misterrek. «Begira ezazu hor behera,» kale aldera luzatu zuen besoa.

        «Ikusi diat,» esan zuen Easyk. Gaitz terminala duela esan berri dioten gizonarenaren antzeko ahotsa zeukan.

        «Orain da gure aukera,» esan zuen Misterrek. «Zuk beti esan ohi zenuen aukera etorriko zitzaigula eta autoak ekarriko zuela. Hemen daukagu orain, eta ni ahalik eta onurarik handiena ateratzen saiatuko naiz.»

        Easy Mackek zerbait esan nahi bai, baina ez zuen egin. Esana zuen autoak denak salbatuko zituela. Aspaldi, Junell, Herman eta Mister tipiak izanik eta ama bizi zenean, esana zuen Amerika herri V-8 bat zela, gasolinak eragina eta urak hoztua, autodunen aberria. Gauza bera uste izan zuen transmisio-ardatzetan mekanikari aritu zen urteetan, berdin gero ere Waycross-en, Georgia, auto berrien banaketa-etxean tailerburu lana hartu zuenean, eta uste berean jarraitu zuen halaber aukera iritsitakoan, berrogeitahiru akreak erosi eta Auto-Town sortu zuenean, nahiz eta gaur egun auto hondakin batek, zanpagailutik pasea, pakete egina eta gabarraratua, ehun librako dolar erdiko balioa besterik ez izan.

        Honako Maverick Ford honek banatzaileenean bi mila dolar balio zuen; hondakin izanda (gelditu eta buruan zenbakiak dantzan hasi zitzaizkion Easyri) hamaika dolar pasatxo balio zuen hondakinak. Hasperen egin eta geratzen zitzaion kontsolamendu apurra bere buruari ematen saiatu zen. Ameriketan baziren urtero hamabi milioi auto hondakin baino gehiago. Oraindik ere bazegoen bizimodua ateratzerik. Herri honetan autoak umeak baino gehiago egiten ziren urtero, eta auto madarikatuok norabait joan behar zuten.

        «Etxera joan nahi diat,» esan zuen Easyk.

        «Ezin dugu,» esan zuen Misterrek. «Hermani lagundu behar diogu.»

        «Inork ezin dik Herman lagundu,» esan zuen aitak.

        «Horretan oker zaude,» esan zuen Misterrek. «Hermanek lana dauka egiteko.» Isildu eta leihotik begiratu zuen, txarteldegi ingurura jende piloa biltzen ari zela ikusteko. «Aizu, zera esan behar nizun... hitza eman diogu Mr. Edgeri.»

        «Hik emango hion,» esan zuen Easyk. «Nik ez behintzat.»

        «Denok gaude hitzartuta. Begiak ere zurrupatzen ari zitzaigun. Ez genuen beste irtenbiderik.»

        Keinu garratza ageri zen Easyren begietan. «Ez esan horrelakorik. Ez duk egia eta.»

        «Baietz ba, aita. Baietz. Begiak ere zurrupatzen ari zitzaigun.»

        «Ez nauk horretaz ari. Gure hitzartze horretaz ari nauk.»

        «Baina nola uste duzu lortu dudala Mr. Edgek guri gela hauek ematea?»

        «Ez al diok ordaintzen, ala?»

        «Berak ordaintzen digu guri. Aita, aberatsak gara. Aberatsak. Azkenik golkoa bete diru.»

        «Baina hik zer uste duk, hemen geratuko naizela? Ni hotel madarikatu batean bizi?»

        «Aita, gaur arratsaldean telebistako gizon bat egon da ikusleen artean. Bere begiez ikustera etorria. Herman ikusi du auto hori irensten, eta badakizu zer?»

        Easyk eserita zegoen aulkiko kuxinaren kontra burua emekiro jarri eta intziri egin zuen.

        «Herman erosi egin dute kostaldetik kostaldera, horixe!» Mister lasterka joan zen berriro, espaloian pilatuta zegoen jendetza ikustera. Jarraian itzuli eta aitari begiratu zion, oraindik begiak itxita zituela. «Eta guk ehuneko hogeitabosta golkoratuko dugu Maverickaren errepliketatik, eta ehuneko hogeitabosta TV-eskubideetatik, eta beste hainbeste gainontzeko guztitik, baita sarreretatik ere.»

        Easyk, begiak bere hartan itxita, esan zuen: «Ekarridak Junell.»

        «Zer?» esan zuen Misterrek, artean ehunekoen liluran sorgor galduta.

        «Junell,» esan zuen Easyk. «Esaiok behar dudala.»

        «Ezin da.»

        «Zergatik?»

        «Bere gelan dagoelako.»

        «Berak ere gela bat al dauka?» galdetu zuen Easyk.

        «Esan dizut bada lehenxeago, denok hitzartuta gaudela. Gure aldamenekoa dauka,» esan zuen Misterrek, harrotasuna ahotsetik saihesteko ezgauza. «Mr. Edgeri argi eta garbi utzi nion gela guztiak elkarren ondoko behar genituela.» Besoak luzatu zituen. «Honako honek Executive Suite du izena. Aldamenekoa da Junellena.»

        «Esaiok hemen nahi dudala,» esan zuen Easyk.

        «Ezin da,» esan zuen Misterrek.

        «Alajainkoa, Mister, ez berriro hori esan!»

        «Ezin da.»

        Aurpegiko ildoen ñabarrean Easyri listuzko pirrist fin bat isuri zitzaion ezpainetatik behera.

        «Ezin ekarri dudala esan nahi dizut,» esan zuen Misterrek. «Honezkero Joerekin egongo da hor barruan.» Leihoaz kanpora begiratu zuen. «Baliteke oraintxe Joerekin ihardutea.»

        «Zein Joe?» galdetu zuen Junellen aitak.

        «Joe ez dakit zein. Gogoratuko duzu gero morroi hura, istripu batean topatutako morroi gaztea. Gogoratu denok hara joan ginela igande batez eta han ezagutu genuela.»

        «Eta bera ere hemen?»

        «Junellen gelan. Eta ni...»

        «Baina kristo guztiak hemen geratu behar dik, ala?»

        «Gaur arratsaldeko agerraldia bukatu eta berehala beste bonba mehatxu bat jaso dute, eta Mr. Edgek kapitoliora deitu du babes eske, gobernadore-kanpainan diru emaile handia izana da eta.»

        «Ez niri aipatu gobernadore madarikatua,» garrasi egin zuen Easyk.

        «Gobernadoreak lau arma-gizon bidali ditu hotelera honek dirauen bitartean.»

        «Eta horietakoa al da Joe?»

        «Bere kasa etorri da. Junell sutan jarri zen etorriko zela jakin zuenean. Hitz egin du nirekin horretaz. Ez omen da istripu batean topatzea bezala. Galdetu zidan ea nire ustetan Big Maman buelta bat ematera eraman beharko ote zuen —Big Mama hortxe eskueran dauka, Park 'N Lockean—, baina nik ezetz esan nion, arraioa, normal antzean jokatzeko. Dena behar bezala aterako zela. Poliki aterako zela.» Mister leihotik behera begira zegoen espaloietako jendetzari. «Baina kontu hori dela eta, urduri dabil oraindik, sutan dago benetan.»

        Easy Mackek hasperen egin zuen. Misterri begiratu zion. «Aurrerantzean gauzak ez dituk orain arte bezala izango, ezta, seme?»

        «Ez jauna, ez dira berdin izango.»

        Luzaz kaleko zarata entzuten geratu ziren, ostiral gaueko trafiko goiztiarra, hain ozen ezen hormatik barrena zetorkien, aire girotuaren, klaxonen, motoreen orroen gaindi.

        «Zera, ustekabe bat daukat zuretzat,» esan zuen Misterrek azkenean.

        «Begira, mutil, ez negok ustekabeak hartzeko.»

        «Hau gustatuko zaizu.»

        «Ez diat uste. Ez diat uste ezer gustatuko zaidanik denbora puska batean.» Orduan: «Zein da ustekabea?»

        «Etorri eta ikusiko dugu,» esan zuen Misterrek. «Hiribarnean dago.»

        «Hiribarnean gaudek.»

        «Kale kantoian bertan. Goazen, kalera irten behar duzu, nahitaez. Hemen ez gara beharrezkoak. Hemengoak bere martxa darama.»

        «Ez diat joan nahi.»

        «Baina hemen ere ez duzu geratu nahi.»

        «Ez, ez diat geratu nahi,» esan zuen Easyk.

        «Orduan berdin zaizu, irten eta lagun iezadazu.»

        Jaitsi egin ziren, beraz, Mister eta aita. Ezagutu egin zituzten hallean eta espaloian zalapartaz hartu, txartela zutenek eta erostekotan zeudenek bilin-bala eta haztaka ibili zituztela.

        «Ez,» oihu egin zuen Misterrek, aita Park 'N Lock aldera jiratu zenean. «Kamioia ez dugu ezertarako behar.» Jendetzaren zaratotsa sorgarria zen. «Oinez errazago izango da.»

        Hiru flashen argi zizkolatsuak eztanda egin zien aurpegi aurrean, kalean barna bultzaka eta tarrapataka alde egin zutelarik. Sherman Hoteletik kaleaz bestaldean, txabusina zuriz jantzitako gizon batek pankarta bat zeraman, honela zioena: JAINKOAK DENA IKUSTEN DU. ITXARON BERE ALDIA. Zenbaitzuek jarraitu egin zieten, autografoak eta Hermanen aurkezpen pertsonalak eskatuz. Baina Easyk haiekin hitz egiteari uko egin eta, bitartean, horretarako geroago beta izango zutela errepika ari zitzaien Mister. Beraz, etxesail bat gehixeago atzean utzi, kalea jendez hustu eta bakarrik geratu ziren Mister eta aita.

        «Non dago?» galdetu zuen Easyk.

        «Ez urruti,» esan zuen Misterrek.

        «Ikusi al duk kaleaz bestaldeko morroia?»

        «Txabusinaduna?»

        «Hura bera.»

        «Burutik dago. Memelo eta burutik. Poliziek miatu egin zuten Mr. Edgeren aginduz.»

        «Ez nian aurrez ikusi.»

        «Ba hor egon da hasieratik. Herman hasiz geroz, behin bai bestean ez.»

        «Eta Mr. Edgek miatu egin du?»

        «Bai horixe. Burutik egoteko zantzu guztia dauka, baita arriskutsua izateko ere agian. Horretara, halabeharrari aurrea hartuz, Mr. Edgek mia zezaten agindu zuen. Hiriko udaltzainak burutik jotakoak miatzeko balio handikoak dira.»

        Main Streeterako bidea hartu zuten, iparralderantz. Easy bere semeari urruti ote zen galdetzear zegoela, Misterrek eskuaz gerarazi zuen. «Begira horra,» esan zuen.

        Kaletik yarda gutxi batzuetara, dirdir argia ematen zuen itzelezko erakusleiho bat zegoen. Eta erakustareto erdian, plataforma jiragarri batean, Sedan De Ville Cadillac zuri-zuri bat. Familia bat ere bazegoen —ama, aita eta bi mutiko— plataformaren ezkerraldean, ez ile ez betile mugitzen ez zutela, soa autoan iltzaturik.

        «Horra hor,» deiadar egin zuen Misterrek. «Aurrera aita, sartu!»

        Easyk mutu jarraitu zion erakustaretora. Familiaren aldamenetik pasa zirenean, aitak ahopean zioen, «Egunen batean... egunen batean,» eta mutikoek buruei eragiten zieten baiespen isilean. Autora nahikoa hurbildu zirenean, Easy Macki gurgur egin zion urdailak. Mihiaren erroan metala txastatu zuen.

        «Nirea,» esan zuen Misterrek.

        «Zer?»

        «Erosi egin dut.»

        «Baina-»

        «Badakizu beti nahi izan dugula hauetako bat,» esan zuen Misterrek. «Bikaintasun-maila zeinaren aldean dena neurtzen baita. Hala diote, eta hala esan duzu zuk beti. Eta azkenean lortu dugu. Geurea da.»

        Egia zen. Easy betidanik mintzatu zen Sedan De Ville berri-berri baten jabe izateaz, Cadillacetan eskura errazena. Baina ordurarte ezin izan zuten erosi. Estatuko txatartegi handienaren jabe izanda ere, beti ziren zergak, eta salmenta-balioaren gainekoa, eta gastu orokorrak, eta auto hondakinen balio betiere gutxitua. Baina horra hor orain. Eurena zen, eta Easy Mackek bere buruari galdetu zion zergatik ez zegoen pozarren. Urdailak, iraulka eta goragalez, ez bide zuen amore eman nahi. Izatearen baitakoan bertan sarturik zeraman ondoeza.

        «Mr. Edgek aurreratu du dirua,» esan zuen Misterrek. «Nik deitu egin nien eta zein nahi nuen esan. Nor nintzen eta zein nahi nuen esan nien. Prestatu egin didate. Hartu eta eraman besterik ez dugu egin behar.»

        Zatika banatutako bulego txiki batera sartu ziren. Saltzailea, nortzuk ziren erreparatu zueneko, salto batez zutitu zen. Pasabide batean barna eraman zituen banaketa zentruaren atzean zegoen areto lar argiztatu batera. Argigune baten erdian zegoen Cadillac zuria.

        «Hona hemen,» esan zuen saltzaileak. «Berri-berria. Egundo ez dio inork puzkerrik bota esertoki-estalkietan.»

        Bere ateraldiari luze eta ozen egin zion barre. Ez zirudien batere axola zionik Mister eta aitak barre ez egiteak.

        «Jainkoa, etxe baten handia dik,» esan zuen Easyk.

        «Cadillaca ez da auto txikia,» esan zuen saltzaileak.

        Makina inguratu zuten hiru gizonek. Tentuz ia. Autoak noiz hitz egin edo arao egingo zain baleude bezala. Saltzaileak ahoa zabaldu eta ahots elizkoi isilean esan zuen: «Cadillacak —modelo guztiak— hogeitabat koloretan datoz. Zuria aukeratu duzue, baina hogeitabat aukera desberdinetan datoz...»

        Easyk zimikoa sartuta eta begiramenduz beterik bira eman zuen Cadillacaren inguruan. Hogeitabat kolore burura ezin ekarriz zebilen gizona. Hainbeste ote dira benetan? Gorria marroia beltza urrea berdea ubela horia (baina horia urrea zen, ezta?) arrosa urdina turkesa. Zenbaketa hasi zuen atzamarretan, hamar baino ez. Saiatu zen besteren bat burura ekartzen. Ezina.

        «... eta esan beharrik ere ez, auto honek esertoki boteretsuak dauzka eta zerraila boteretsuak eta balazta boteretsuak eta bolante boteretsua eta leihatila boteretsuak eta...»

        Easy alditxartu egin zen. Jira-biraka ari zitzaion dena. Botere hitzak kanpai antzera kolpatu zion burua. Ziztada errukior batek oinaze bizian hertsiarazi zion urdaila, eskerrak ordea egin ez zuen txitean-pitean egitearen beldur zena: goitika.

        Bere inguruan buelta bat eman zuten.

        «... eta lau zigarreta-pizkailu. Lau, alegia. Eta gainera argiak, Cadillac argiak: hautsontzi argidunak, atzera-martxa argiduna, ertzetako argiak, atzeko konpartimendu argiduna, irakurtzeko argi moldagarriak, finezi-argi automatikoak, norabideko argiak, aurre eta atzeko argi keinukariak, eskularrutegi argiduna, mapa argiduna, maletegiko argi automatikoak, ate-orri argidunak...»

        «Zer duzu, aita?» esan zuen Misterrek.

        Begiak argiz gainezka zeuzkan. Lazgarriki, okaztagarriki gaixorik zegoen. Baina hori ezin zion semeari esan. Ez baitzekien zergatia. Cadillac-gizonak zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta nekezagoa zitzaion aditzea.

        «Hobe laster alde egitea,» esan zuen Easyk. «Hobe joatea.»

        «Bai,» esan zuen semeak. «Aizu, itzuli egin behar dugu.»

        Saltzaileak ukabil itxiaz keinu birakari bat egin eta atzamarretan Cadillac giltzatako bat agertu zen majiaz bezala. «Mr. Edgeren agenteak dena konpondu du. Hartu eta eraman besterik ez duzue egin behar.»

        «Abian bidera aita, goazen,» esan zuen Misterrek.

        Saltzaileak Easy Macken aldeko atea ireki zuen eta Easy aurreko esertokiko kuxin sakonen hondora jausi zen. Ate sendoak tankan itxi ziren banku-kutxa ixtean bezalako klaska irme eta fermuaz, eta mundutik hermetikoki isolatuta sentitu ziren. Misterrek motorea abiarazi eta alde egin zuten, saltzailea argi-zirimola zuriska batean utziz, esku agurka.

        «Ez nizun esan baina,» esan zuen Misterrek, aurrerantz zuzen begira, «zu hotelera Herman ikustera etorri zinen gauean, arratsalde hartan, erruz agertu ziren Cadillacak. Seinale bat zen. Nik banekien, eta sosa agertzen hasi zeneko nik banekien zer egin, hona etorri eta bat erosi, horixe.» Begiz jo zuen aita, burua burko kuxinaren kontra, begiak itxita. «Tira ba, lasai hartu eta ondo pasa.» Auto-zanpagailuan Cadillacak bata bestearen atzean nola agertu ziren kontatzen hasi zitzaion aitari. Etxean bezala etzateko, esan zion Misterrek, patxadan entzun, ondo pasa eta beste lanik ez hartzeko.

        Baina Easy Mack ez zen ondo pasatzen ari. Hautsontzi argietan atzera-martxa argietan ertzetako argietan irakurtzeko argietan finezi-argietan eskularrutegi argietan paratuta zituen zentzumenak. Beraiez inguratuta, beraien mehatxupean sentitu zen. Euren distira begietan, euren klika belarrietan, euren epeltasuna mihi lehor garratzean somatu zuen.

        Eta boterea. Nonnahi zegoen boterea. Leihoetan, non motore palankadunak burrun eta ponpaka ari ziren. Bolantean, semearen eskuetan neke gabe jiraka ari zena. Halaber lau pizkailuetan ere somatu zuen. Lau! Esertokian nagitu zen. Litekeena ote inoiz lau lagunek une berean zigarreta piztu nahi eta nork bere pizkailua eskatzea?

        Easyri, Cadillaca ikusiz geroztik tajutzen saiatutako burutazioa xuxurla ari zitzaion, Misterren ahots betiberdinaren gainetik, zeinak oraindik ere segitzen baitzuen hurrenez-hurren sei aldiz auto-zanpagailura agertutako seinaleari buruz hizketan. Lauko pizkailua izan zen Easyren burutazioari antza eman eta zera txistukarazi ziona: Eta hik Cadillac bat jan behar izatekotan zer? Lau pizkailu izango hituzke jateko. Argi madarikatu guztiok izango hituzke. Botere alu guzti hau. Leihatila boteretsuen egokitasunak urdaila irabiatzerainoko ikara sartu zion. Cadillac bakoitza hogeitabat kolore desberdinetan irudikatu zuen. Muturrez-mutur lerrokaturik ikusi zituen, kolorezko ostadar metalikoa.

        «Alajainkoa!» deiadar egin zuen Easy Mackek.

        «Zer? Zer daukazu?» oihuka semeak.

        «Gelditu kotxea!»

        Misterrek autobidean probatzeko hartu zuen autoa, eta aita —ordurarte etzanda eta begiak itxita— horrela deiadarka hastean, bide bazterrera jo zuen izututa. Autoak zunpa eta kiña egin zuen bere esekidura-sistema boteretsuan, Misterrek azkenean gerarazi aurretik. Easyk atea zabaldu zuen bultzaz eta burua autotik atera. Goitikots ankerrak oldartu zitzaizkion urdailetik.

        «Ez ok egin zorioneko autoaren gainean!» garrasi egin zuen Misterrek. «Zaindu autoa okadatik!»

        Ez zen beharrezkoa izan gero. Easy Macken eztarri lehor eta urdail hutsetik goitikotsa baino ez zen kanporatu. Berriro autoan etzanda, kolpez itxi zuen atea.

        «Aizu,» esan zuen Misterrek. «Mr. Edgeren medikuari zu aztertzeko esango diot. Baliteke goragale guzti hau zerbait larriagorik izatea. Ez du batere itxura onik.» Gero, legarrez betetako bidebazterretik atzera bidera zihoalarik, hondarreko burutapen gisa: «Ezer bota duzu kotxean?»

        Autoa erreten sakon baten gainetik burumutxika igaro eta makadamera itzuli zen. Easyk burua altxatu zuen burkotik. Begiak ireki zitzaizkion bapatean.

        «Kirrinka egin dik,» esan zuen Easy Mackek.

        «Kirrinka zerk?»

        «Autoak,» esan zuen Easyk, garaile ahotsaz. «Kirrinka egin dik autoak.»

        «Ezina.»

        «Baietz.»

        «Nik ez dut entzun.»

        «Nik bai.»

        Bere gogoz beste, Misterrek belarria zolitu eta entzuteko ahaleginak egin zituen. Motorraren zurrunga boteretsuaz gain ez zuen ezer hauteman. Irribarre egin zuen. «Cadillacek ez dute kirrinkarik egiten.»

        «Honek bai,» berretsi zuen Easyk. «Hor barrutik zetorrek.» Luzatu zuen hatza.

        «Garlingako tresna-taulatik?» galdetu zuen Misterrek, saltzailearen esakera bat erabiliz.

        «Gutxitu abiada eta bidebazterrera jo kontuz.»

        «Aita, hau autobidea da. Abiadari eutsi behar zaio.»

        «Finkatu beharra zegok,» esan zuen Easyk, harro. «Arraioa, ez duk kirrinka egitea nahiko, ezta?»

        «Bihar eramango dut. Etortzeko esango diet bestela, hartu eta bertan finkatzeko.»

        «Neuk finkatuko diat,» berretsi zuen Easyk. «Zer uste duk ba, hire aitak ezin duela kirrinka ziztrin bat finkatu, ala?» Haserrez behatu zion semeari. «Hi jaio baino lehenago ari ninduan ni kirrinkak finkatzen, moteil!»

        «Badakit, baina-»

        «Orduan jarri gurpilak bidebazterrean, esan bezala.»

        Misterrek larriunetan aparkatzeko erreia aurkitu zuen, abiadura gutxitu eta kontuz geratu zen lohizko bidebazterrean.

        «Aditu?» oihu egin zuen aitak.

        Eta egia zen. Misterren Cadillac 1971-k, kilometro kontagailuan hogeitabat milia baino ez zituenak, bere esertoki-estalkien gainean egundo inork puzkerrik bota gabeak, kirrinka egin zuen.