Autoa
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
Harry Crews
1935-2012
 
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
aurkibidea

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

Erosi: 6,85

Aurkibidea

Beldurrez eta herraz
Xabier Montoia

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

 

 

4

 

        Big Mamak zortzi zilindroko motore gainelikatua zeukan eta ehun eta hamabost milia orduko egin zezakeen lur lauean, abiadura izugarria hamar gurpil lur gainean eta zortzi tonako pisua zuen atoi-kamioi batentzat. Baina Junelli ezinbestekoa zitzaion halako abiadura edukitzea, lehiagai izan nahi bazuen behintzat. Ezinbestekoa, horregatik eskuratu zuen. Junellek ondo zekien, auto purruskatuak narran eramateko zeharo eznaturala zena atoi-kamioi baten atzealdean lasterketako ratio bat edukitzea, baina halako transmisiorik gabe ez zukeen sekulan Auto-Townera deus garraiatuko.

        Polizirratiak estatuko autobidean hainbat autoren arteko istripu-deia zabaldu zuenean, dozena erdi hiritako deuseztaleak (hitz hau ez zuen inoiz erabiltzen Junellek; bera atoilaria zen, kasu) errepideetara abiatu ziren durrundan, zein baino zein lehenago istripura heldu eta ezin gehiagoan auto triskaturen bat lortzeko. Zenbaitetan istripu larriak izaten zituzten tokira zein lehenago heltzeko ahaleginean. Ez zegoen, ordea, beste biderik garaile itzuli nahi bazenuen, atoi-kamioiaren atzealdean zerbait zintzilika.

        Beraz, Junellek Big Mamaren argi gorri-urdinak itzali-piztu keinuka zeramatzan, eta aire-turutak joka eta azeleragailua ia beheraino zapalduta, nahiz eta ostiral gaua izan eta U.S.1 Autobidearen errei bikoitzak autoz josita egon. Behin erdiko belargunera sartu behar izan zuen Big Mamarekin, eta hurrengoan Volkswagen bati ezinbestez aurrea hartu, baina berak bazekien zertan ari zen.

        Jacksonvilletik lau miliatara hegoalderantz ospitale pribatu txiki bat zegoen, autobideko txoke, iraulketa eta autostopista zaurituetatik irabazpide mamitsua ateratzen zuena; Junell, bada, ahal zuela, beti saiatzen zen bertako anbulantzietariko batekin batera joaten. Talka egindako autoren bat lortzeko aukera haundiagoa zenuen, anbulantzia batekin batera joan ahal izanez gero. Deuseztaleek ez bezala, anbulantzia guztiek sirenak eramateko baimena zeukaten, halatan, anbulantzia zalapartari baten atzean sartzeko aukera izanez gero, ziur zeundeke zure aurretik trafikoa irekiko zela eta kamioiaren atzealdean zerbait zintzilikatuta itzuliko zinela.

        Anbulantziak ez ziren ospitalearenak, aldamenean sortua zen anbulantzi-zerbitzu batenak baizik, eta Junell komentzituta zegoen oraingoan beren ibilgailu guztiak bidaliko zituztela. Zoria alde, haietako bati lotuko zitzaion. Hartu zuen, bada, ospitaletik iparralderantz zihoan bihurgune luze eta motela, ikusi zuen anbulantzia baten silueta nabar iluna trafikoan lerratzen hegoalderako norabidean, eta hura ikustearekin batera entzun zuen sirenaren marraka pilpilkaria, anbulantziak azeleratzean deiadar bilakatu zena.

        Junellek, bolantearen gainean makurturik, Big Mamaren azeleragailuari sakatu zion. Anbulantziaren sirenaren deiadarrak Big Mamatik tiratu zuen txirrika bat balitz bezala. Junellek limusina nabarraren atzetik eraman zuen atoi-kamioia eta hantxe geratu zen pega-pega eginda magiaz bezala.

        Anbulantziako gidariak eskuaz agurra bidali zion leihotik. Bubba zuen izena, eta adiskidetzat zeukan Junellek. Ilea horia eta umetxo batena bezain guria zuen, eta Junellen ustez gazteegia zen anbulantzi-gidari izateko. Baina nola erabiltzen zuen tramankulua, alajaina! Poz ematen zuen lanean ikusteak. Ile horia harrotu zion haize-pirrinta batek eta, anbulantzia esku batez gidatuz zihoalarik, estu eta larri ibili zen maniobra sail batean, non txuliatu behar izan zituen Greyhound autobus bat, panelekiko kamioi bat eta —harrigarria bazen ere, gutxitan ikusten baitzen bat baino gehiago aldi bakoitzean— bi Saab, denak nahasian.

        Beste laguntzaileak, Bubbaren kideak, George izena zuen, eta anbulantziaren atzeko aldean zihoan izara zuriekiko ohe gurpildunean etzanda oxigenoa hartzen, sarritan egin ohi zuen bezala, mozkorrondoaren ezineramana azkeneko txandan suertatzen zitzaionetan. Ertadineko gizon erretxina zen, azal beltzaran horiska eta arraultzantzeko buru labain eta soilduna. Oxigenoa hartu ohi zuen begiralearengandik ezkutuan, istripu-irtenaldietan ez bestetan, eta mozkorrondoa benetan latza zenetan, bidai bitarte osoa ematen zuen oxigeno-zilindro berdeari lotuta. Bubbak trafiko trinkotik sigi-saga aurrera egin zuenean, Georgek estu heldu zion oxigeno maskara beltzari aurpegiaren kontra, ohean batetik bestera alderoka ibili arren. Mozkorrondo itzela zeramala igarri zion Junellek.

        Bertaratu baino askoz lehenagotik nabari ziren istripuaren zantzuak U.S.1ean. Sugarrek argitan zeukaten autobide zati bat ia bi miliataraino. Auto purruskatu gehienak autobidetik albora zeuden, zela bazterreko erretenean zela erdiko belargunean. Bidezainek lortua zuten errei bat irekitzea, hartara trafiko trabakoa larriegia izan ez zedin. Nahikoa hurreratu zirenean —gertutik sugarren zapartak eta bidezain-autoen birargiak ikusi ahal izateko moduan, baita auto porroskatuen argiak artean piztuta haietariko hiru gutxienez azpikoz gora, eta itxuraz dozenaka deuseztaleren argi kikirrikiak ere—, nahikoa hurreratu zirenean, Bubbak auto errenkada utzi eta tarteko berdegunera jo zuen burrunban, Junell bere atzean zuela. Lau bidezain-autok barrera bat egina zuten tokian gelditu zen Bubba. Argiak eta sirena itzali zituen, anbulantziatik irten, atearen kontra jarri eta zigarreta bat piztu zuen. Bertan gelditu zen erre bitartean, Junell Big Mamatik irten eta berarekin elkartzeko zain. George ez zen ezertarako mugitu anbulantziaren atzealdeko ohetik.

        Junellek Big Mamaren argiak pizturik utzi zituen eta motorea martxan. Palanka bat ukitu eta txirrika-katea eraitsi. Prest egon nahi zuen. Arranopola, hura egundokoa zen, han ez zegoen auto bat hartzeko ere sartzerik. Hala ere, ziur zegoen bat edo beste eskuratuko zuela. Bertan egongo zen Joe, senargai ez izanik ere izan bazela esaten zuena. Gainera, denek ezagutzen zuten. Eta deuseztale gehienek (hitz hau batere arazorik gabe erabiltzen zuen besteen kamioiak aipatzeko) tailerretan ziharduten. Haiei konpontzekoak ziren autoak baino ez zitzaizkien interesatzen. Junellek, berriz, xehe-xehe egindakoak nahi zituen eta ez besterik. Xehe-xehe eginikoekin ziharduten deuseztaleak bakanak zirenez gero, prest zegoen zibilizatua izateko, ongi asko baitzekien zegokion partea aise jasoko zuela.

        Bubbarengana zihoalarik, lau gizonpasa ziren presaka soldatzaile mozorroz jantzirik eta azetilenozko sopleteak eskuetan. Beste gizon bat jarraiki zitzaien, gas bonbona bat bi gurpilekiko eskorga batean.

        «Zer moduz dindilikariok, neska?» galdetu zion Bubbak, ume aurpegi irribartsua kez inguraturik.

        Junellek uko egiten zion larruzko arropen azpian bularretakoak eramateari, eta Bubba beti baliatzen zen horretaz ziria sartzeko. Hau dena jolas moduan egiten zuen gero, lagun edota gidarien arteko legean.

        «Ondo zeudek,» esan zuen Junellek. «Eta hireak?»

        «Nireak ez zeuden dilindan,» esan zuen. «Gogortuta geratu zaizkidan bidaia eta gero.»

        «Hi haiz hi, tramankulutzar hori gidatzea ere,» esan zuen mirespen sotilez.

        «Batzuek bost talentu zeuzkaten, beste batzuek bat baino ez,» esan zuen. «Nirea enbrage motz eta martxa zuzenekoa dun.»

        «Hire zera horrek ez dik palankarik edo,» esan zuen, anbulantzia seinalatuz. Artega ari zen hizketan, burura zetorkion aurrenekoa esaten, beldur baitzen Bubbak ez ote zuen Herman ahotan hartuko. Neba ahotan hartu nahi zuen mundu guztiak. Eta berak ez zekien zer esan.

        «Palankarik gabe ezin gidatu,» esan zuen.

        Solasean ari ziren bitartean, gaua urratu zuten klaxonen turutotsek, txofer amorratuen oihuek eta laguntza eskeko deiadarrek. Gizonkote bat hurbildu zitzaien, bidezaina berau. Sabela, mugikor eta baloi bat bezain biribila, binbilika zebilkion kaki koloreko alkandorapean.

        «Hor bertan daukazu Joe,» esan zion bidezainak Junelli. «Bat gorde dizu.»

        «Primeran,» Junellek.

        Eta bazihoan tarrapataka bidezainak esan zionean: «Zer, dagoeneko Herman hasi al da kotxearekin?»

        Horren galdera xume eta zuzenari ihes egiterik ez zegoen. «Ez, oraindik ez,» esan zuen, atzera begira.

        «Nire partez zerbait esatea nahi dut,» esan zuen bidezainak.

        «Zer?»

        «Miresten dudala esaiozu.»

        Erantzun gabe geratu zen bidezainari begira.

        «Esaiozu nire begikotasun osoa daukala. Alde-aldean naukala.»

        «Baita neu ere,» esan zuen Bubbak.

        Anbulantziaren atearen kontra jarrita zeuden. Negarrari eman liezaiokeela otu zitzaion Junelli. «Konforme,» esan zuen. «Hala esango diot.»

        Junellek Hermanen marro berriaz —autoa jatearena— lehenengoz aditu zuenean, ezin izan zuen aintzakotzat hartu, publizitate amarru inozoa eritzi izan zion. Herman ameslaria izan eta auto bat irentsiko zuela esaten bazuen, golkoan zerbait gehiago gordeta zeukala esan nahiko zuen, besterik ez, eta autoa jatearena arreta bereganatzeko trikimailu hutsa. Baina Sherman Hotelera joana zen bera ikustera eta bertan erreparatu bene-benetan egiteko asmoa zeukala. Eta han egon zenean erreparatu zuen, baita ere, ikuskariari buruzko iritziak bananduta zeudela.

        Hermanek mehatxuak jaso zituen. Erdeinuz erabili izan zuten. Aitak berak esana zion, agian Hilburukotik edo Ordeinutik kanpo utziko zuela. Guztiarekin ere, bazirudien jende gehienak orohar Herman maite zuela egitear zegoenaren kariaz. Kemen handiko ekintzatzat jotzen zuten. Begitantzen zuten zer nolako harrotasuna eduki beharko zuen gizon batek, horrelako langintza burutzeko.

        Egunotan Junellek norbaitekin topo egiten zuenean, inoiz ez zekien nondik aterako zitzaion. Eta hain hunkiturik sentitzen zen eta hain inplikaturik Hermanekin eta autoa jateko bere erabakiarekin, ezen gerturik baitzegoen anaia Mister bezalako jende nardatzaile eta erretxinaren aurka borroka egiteko; ostera, Bubba eta arestiko bidezaina bezalako jendeak inolako baldintzarik gabe Hermanekin zeudela eta baietz Maverick haren ontza ziztrin oro banan-banan irentsiko zituela zinez esaten zutenetan, halakoetan bihotzak zarrasta ematen zion, begiak bero-bero malko eta maitasunez gainezka.

        Joe aginduak ematen ari zitzaion Barracuda baten maletegia mozten ari zen soldatzaile bati. Hiru atoi-kamioilari zeuden inguruan, erretzen eta hizketan. Buruaz baietsi eta Junelli hitza zuzendu ondoren, multzo hertsi batean atzera bildu ziren zelatatzeko. Eta berriz ere, Herman bertan zegoela sentitu zuen Junellek, kamioilariak ezkutuki begira aldendu zirenean, Hermanen obsesioaren zioa berarengan aurkitu nahian bezala. Orain ohi ez bezala beha zituen hiru atoilariak adar joka ariko zitzaizkion normalean, eta, Joe Junellentzat xehe-xeheren baten bila zihoala hautematean, purrustan baina trufaka hasiko. Egun, ordea, marmarka ari ziren, bera zegoen aldera begira.

        Joek ikusi zuen eta soldatzailearekin kokorika egondako tokitik altxatu zen. Barracuda azpikoz gora zegoen eta ateak birbilduta errezelak bailiren. Agerikoa zen autoak atzealdean hartu zuela kolpea eta jarraian beste zerbaiten kontra buruz-buru jo. Joek buru atzean sakatuta zeraman bere bidezain-kapela hegal zabalekoa. Gazte aurpegi zokodunak dirdir egiten zion soldatzailearen sopletearen argipean.

        «Bizidunik ba al dago hor barruan?» galdetu zuen Junellek.

        «Bai, hor bazegon norbait bizirik,» esan zuen Joek, «edo zeozer. Txakurren bat agian. Antzerakoxe hotsa egiten din. Hau dun hau gau beltza, hemeretzi auto kakametatuta! Iritsi ez naun ba lehena, baina gero deuseztaleak etorri eta batere jasotzeko astirik ez.» Barracuda seinalatu zuen. «Hauxe horietako deuseztale batek hartu eta tarra-tarra zeramalarik, aditu ez dinat ba norbaiten minoihua hor barruan. Alu horrek lasai asko eramango zukeen txatartegira, familia osoa eta guzti.»

        «Familiarik?» esan zuen Junellek.

        «Leiho batetik barrura sartu naun eta haztamuka ibili eta eskuargia piztu,» esan zuen Joek. «Familia bat dela uste dinat. Halaz ere, ukitu edo ikusi ahal izan dudan guztiak hil antza zeukanan.»

        «Niretzat orduan?» galdetu zuen.

        «Bai horixe,» esan zuen. «Xehe-xehe eginda zegon.»

        Intziri bat aditu zuten Barracudaren barrutik.

        «Hori ez duk txakurra,» esan zuen Junellek.

        «Orain ez din horren antzik, ez» onartu zuen Joek. «Oraintsu, berriz, txakur batena bezalakoxea hunan.»

        Belarri erne jarri ziren berriro intziririk entzungo ote, baina ezer ez.

        «Etorri nahi al dun Cruiserrera?» galdetu zion Joek. «Horrek oraindik soplete lanean badin puska baterako. Txasisaren zati bat moztu behar din barrura sartzeko.»

        «Konforme,» esan zuen. «Ez zegok gaizki.»

        Bidea hartu zuten Cruiser aldera. Lau ateko Chrysler bat zen, bostehun zaldi potentzia sor zezakeen motore berariaz zulatu eta kolpatu batekin. Joek atea ireki eta atzeko esertokira sartu ziren. Aurreko esertokiko atzealdean zorro batean gorderik, kanoi murriztu biko liskarreta-eskopeta zeukan.

        Joeren Cruiserra estatuko autobide zaintzan ziharduen talde berezi bateko alea zen. Gizon bereziz osatutako talde berezi bat. Talde berezietako kide izateko, luzera eta pisu jakina izateaz gain, goieskolako graduatua ere izan behar zenuen eta, finean, autoak gobernatzen aparta, gidari peto-petoa.

        Joek ikusmen ezin hobea zuen eta ping-pong txapeldun baten erreflexuak. Horren maisutasun handiko mekanikaria izanik, bere ibilgailua taiutu eta modifikatzeko baimena emana zioten. Bidezainei lotu aurretik, ezagun eta espantuz hartua izan zen Hegoekialdeko auzobide eta ataka gaizto guztietan. Eta Junellekin maiteminduta zegoen.

        «Junell,» esan zuen, haien ezkerretik iragaiten ari zen sirenari gain hartzeko ahotsa goratuz. «Maite haunat.»

        Kanpoan, gauaren argi pirrintak dirdir egiten zuen klixkada birakarien zirimolan. Motoreak lasterkarazita eta supanpaz ari ziren. Barracuda xehe-xehe egindakoan oihu bat aditu zen. Chrysler barruan, aldiz, erre sundaren erdian Joe betiko moduan hasi zen maitasun aitorpen batekin. Maite zuela esan zion, oratu eta zamarraren kremailera ireki zion eta, bular zuri izerditsuak begi aurrean aske eta dilindan agertu zitzaizkionean, zinkurin-ufaka hasi zen hil ez hil dagoen baten antzera. Junell hasperenka etzan zen esertokiaren kontra. Joek poliki erantzi zuen hegal zabaleko bidezain-kapela eta aurreko esertokian jarri. Junellek nola hurbiltzen zitzaion ikusi zuen, bularretara iritsi baino lehen haurtxo baten gisan aho milizka. Mutilaren kaskamotz izugarri lauaren goia begien maila berera iritsi zitzaion.

        «Zer moduz gaur hor zehar?» galdetu zion eztiro Junellek. Hark ditimuturra mau-mau martxukatu beste erantzunik ez zion eman. Baina Junellek bazekien erantzungo ziola. Beti egiten zuen. Ez ziren behin ere aurrez esandako toki batean topatu, behin ere ez elkarrekin irten. Ezbeharretan beste inon ez ziren elkartzen. Baina horrek esan nahi zuen astean lau, agian bost aldiz elkar ikusten zutela. Maizago batzuetan. Eta halakoetan Cruiserraren atzeko esertokietan ihardun ohi zuten elkarri haginak garbitzen. Joe, ordea, ez zen inoiz ere asetzekoa egiten saiatu. Estatuko historian Scout Arrano gazteena izana zen, eta errespetua zion Junelli. Horixe zen hain zuzen esan ohi zion bigarren gauza. Aurrena maite zuela esaten zion, eta gero errespetua ziola.

        «Errespetua dinat horratio,» esan zuen aho bete diti.

        Halatan, ohizkoak esanda eta ohi-landako ele goxoren bat edo beste erantsiz, haren diti artean egotearekin —aldizka batetik aldizka bestetik xurga eta xurga, ur-lats batetik edaten ariko balitz bezala— eta bere autoari buruz hitz egitearekin nahikoa zuen.

        Junellek gogoz entzuten zituen Chrysler Cruiser hari buruzko kontuak. Kontatuko zion nola ibili zen goiz hartan, nola geratu zen lau danborrekiko bi karburagailuetariko batean zuzenketa txiki bat egiten. Ahotsa altxatuko zuen jazarpen baten pasadizoa arnas bakarrean kontatzean: ehun metro luzetan utzitako neumatiko lorratza, zirrista bizian hartutako bihurgunea, agian —noiz edo noizkoan— jazartzen ari zen autotik danba-danba su egingo zioten, eta orduan ez bat eta ez bi aterako zuen gurpilak tirokatzeko pistola berezia, hogeitamar-zero-sei bat, eta jazartzen ari zen autoaren gurpilak zulatu (ping-pong txapeldunaren erreflexuek ez zioten inoiz huts egiten) eta saiheska, iraulka, airean bilin-bolaka eta, zori ona lagun, eztanda egiten ere ikusiko zuen autoa. Eta kontu kontari ariko zen bitartean, noizik behinka Junelli igurtzialdi biziren bat emango zion izter larruztatuen tartean, eta salbuespenik gabe, igurtziaz bat, kontaketa eten, esateko:

        «Errespetua dinat horratio.»

        Eta Junellek errespetu aitorpena onartuko zion txintik esan gabe, autoaren istorioa ez etetearren, irrikitan baitzegoen bere mutilaren superautoaren puntuan ipintzeaz, doikuntzaz eta are superrago, azkarrago eta indartsuago egiteko berak aurkitu ekipamendu berriaz jakiteko.

        «Joe!» Soldatzailea zen Barracudatik deika. Joek xurgada bana eman zien ditiei, muxu bat ahoan, igurtzi txiki bat izterretan, maite zuela esan, hegal zabaleko bidezain-kapela aurreko esertokitik hartu eta jauzi batez atera zen Chryslerretik. Junellek hasperen egin zuen. Froga aldian omen zeukan erregai nahasketa berri bati buruzko zernolakoen erdi-erdian ari zelarik, etenik geratu zen kontaketa. Junellek ditiak eskua hurrez eutsiz, zamarra barrura gorde zituen atzera, kremailera itxi eta jarraitu egin zion auto xehatu ingurura.

        Sei urteko neska batena zen intziria. Edo behin sei urteko neska izan zenarena. Edo euren ustez behin sei urteko neska izan zenarena. Kuzkur eginda zegoen atzeko esertokiaren aurreko zoruan, Barracudaren martxa-palankak pelbisa alderik alde zulatzen ziola. Azpian zeuzkan hankak, elkarren gainka. Beso bat ukondoaren errotik aterata. Odol-kosko oihukari bat zen hura.

        «Aitaren eta Semearen..,» esan zuen Joek.

        «Jainkoarren,» Junellek.

        «Hau da hau mordoiloa,» esan zuen atoi-kamioilari batek.

        Soldatzaileak autoaren karrozeriatik txasisaren zatitzar bat moztu zuen, familiaren gainerakoak zehatz-mehatz ikusteko moduan. Gorputz bat zegoen negozio-janzki odol gorritu batean, baina burua ez. Emakume bat bular-hezurretik behera zabal-zarrast eginda, erraiak magalean, eta mutiko bat hilik haizetakogailutik esegita, erdia kristal hautsiaren barrualdean eta beste erdia kanpoan.

        George, begiak zain-saretuta eta azala inoiz baino horiago, Bubbarekin batera hurreratu zen, neskari tornikete bat egin zion besoan eta ohatila batean jarri zuen, zeina berehala odol asetu zen tanta geldo lodiak belar gainera isurtzeraino. Beste anbulantzi-gidari batzuk azaldu ziren arrapataka, gainerako gorputzen xerka. Bubba abiada burrunbatsuan autobidetik Jacksonville aldera ikusi zuten Joe eta Junellek, George atzean eserita zihoala hil zorian zegoen neskaren ondoan, oxigenoa hartzen.

        «Tira ba, nik uste hobe dugula gakotu eta alde egitea,» esan zuen Junellek.

        «Bai horixe,» esan zuen Joek. Bidezain-kapela erantzi eta eskuetan ibili zuen poliki. Oin bati besteak hartzen zion tokia. «Aizan,» esan zuen.

        Esan ahala konturatu zen Hermani buruzko zerbait izango zela. Esaten nekeza egiten zitzaion zerbait.

        «Zer?» Junellek.

        «Gogoan dun azken aldian txantxetan aritu nintzela hire neba Herman hori zela eta ez zela?»

        «Eta?»

        «Ba, ni negon egin egingo duela,» Joek.

        «Hala ematen dik,» Junellek. «Egiteko asmoa duela ematen dik.»

        «Eta horrek ez al hau...arraro sentiarazten?»

        «Arraro ez,» esan zuen Junellek.

        «Zera esan nahi ninan...»

        «Bai, igarri diat.»

        «Aizan, maite haunat,» esan zuen era zakarrean. «Eta errespetua dinat.»

        «Bai, bazekiat.»