Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Andres Untzain

1954-1955 / Mundaka

 

Ernest Hemingwayrentzat zoriontsu zetorren 1954ko uda aldera izan zen Andresen behin eta betiko itzulera. Horrela egin baino lehen abadeak erreboltari-jarrera bat izan zuen, Kuban utziko zuen itzala gaurdaino luzatu behar ziona. Melena del Sur inguruetan lehertu zen grebari, hatsa eta euspena eman zizkion.

        Andres Untzainen garaian Melena del Sur azukre kanaberaren ustiakuntzatik bizi zen, orduan ez ezik gaur egun eta askoz lehenago ere bizi zen legez. Baina denbora bakoitzak bere legea, 1950eko urteetan Kubako azukre-ekoizleek kanabera bedeinkatua mozteko, biltzeko eta jangarri gozo bilakarazteko modu tradizionalean berrikuntzak sartu zituzten. Lehenagoko lan bera egiteko horrezkero esku gutxiago behar zirela-eta, langileek grebara jo zuten.

        Melena del Sur herriko historialariak ezein liburu edo paperetan begiratu barik ematen dizkit datuak Andres Untzainen izena aditu bezain laster. Gogoan bizirik ditu. Horren zaratatsua izan zen greba, eta horren argia abadearen jarrera. Urtea aipatzean ere ez du zalantzarik historialariak. 1954koan izan zela diost. Ez da Mundakako abadeak herrian utzi duen arrasto bakarra.

        Herriko plazan 2002ko apirilean bildurik gizon helduen artean galdetzen hasi baino ez eta hortxe dira Andres Untzain gertu-gertutik ezagutu zuten gizonezko batzuk. Horietako batek Plazan bertan dagoen elizara begiratuz hitz egiten dit.

        «Goizetan hortxe egoten zen, sakristiako atearen ondoan, uhin laburreko irratia aditzen. Bigarren Mundu Gerraren garaia zen eta, hark Aliatuen garaitza itxaroten zuen». Herrian aliatuen aldekoak ez ei ziren asko. Horietako bat hitz egiten didan gizonaren aita zen, ezkertiarra bera. Ba, bazkalostean harexen etxera joaten zen abadea, politikaz eztabaidatzera.

        Bi horiek ez dira Melena del Sur horretan gorde diren Andres Untzainen akordu bakarrak. Etxe askotan dira haren argazkiak, bataioetan eta ezkontza egunetan egindakoak, hala nola bere etxeko atea zabaldu digun emakume baten ezkontza egunean egindakoak. Baina ezkontza-aldarean eginak diren argazkiak baino adierazgarriago —horiek abadea beste edozein izanda ere egingo zituzketen eta—, beste zerbaiten akordua ere bada Melena del Sur ederrean.

        Hango ibaiertzean bada leku bat "El Revolcadero del cura" izenaz ezaguna. Izena nondik datorren?

        Herriko batek diosdanez, behin hor doa Andres Untzain hondartzara, edo bataio jai baten ostean edo bataioa bera hondartzan egitera —informatzaileak alderdi hori ez du hain argi— eta modu batera nahiz bestera izan, kontua da hondartzan egundoko jaia egin dela, eta etxera itzultzeko orduan abadea, tarteko beste batzuk legez, karelez kanpoko makinadun bateltxo batean datorrela, eta horren barruan karel artean datozenak ere denak nahikotxo eginda datozela, hala da ze, ibaiko zokondo batean maniobra txarra egin eta non iraultzen den bateltxoa; uretara joan da abadea, eta une batez hura bateltxoaren azpian geratu da; orduan, larri beste bateltxoetan datozenak, ito egin ote den abadea, eta handik tartetxo batera non ateratzen duen hark burua; besteak hain ikaraturik ikustean zera dio: «Ez ikaratu, lagunok, badakit igeri egiten, itsas portukoa naiz eta». Hortik "El revolcadero del cura" —abadearena irauli zeneko lekua— izena.

        Eta bai, itsastarra zen eta bere txikitako olgeten lekua izan zen itsas portura itzuli zen Andres Untzain, hiltzera. Ondo gogoan du gizon hura Bitoriano Ormaetxeak, esate baterako. «Abadea izateko, brabua», ziostan, itzalen xerka hasi nintzen hartakoan.

        Brabua edo ez hain brabua, Mundakan meza ematen segitu zuen, abade katolikoek derrigorra duten moduan. Bada, orduan haren elizmutil jarduten zuen Mundakako beste batek diosdanez, herrira itzuli zenean giltzako bana oparitu zien elizmutilei, hamar urte hortxe-hortxe zuten mutiltxoei. Ez ziren edozelango giltzatakoak; pizkailua ere bazuten! «Hendaiatik ekarriak», diost elizmutil egiten zuen gizonak. Hendaiak orduan Frantzia esan nahi zuen, eta Frantziak, ostera, askatasuna. Mundutik zetorren hark bazekien, ondo baino hobeto, herriko mutil zirinek tabakoa erretzen zutena.

        Pasadizo bi horiek elkarri lotuz gero ondoriotzat ateratzen denez, Andres Untzain heterodoxo airez itzuli zela esan daiteke. Motiborik behintzat ez zuen falta.

        Fede osoko abertzale sutsu harentzat 1953koa azken traizioa izan zen. Franco diktadoreak eta AEBek ituna sinaturik, eta Vatikanoak ere odolzale harekin Konkordatua sinaturik, mingarriago traizio bietako zein egin zitzaion ez dakigu. Andres Untzainek orduan bizi izan zuenaren nondik norakoa beste abade baten testigantzak argitu ahal digu, agian. Abade hori Tiburtzio Izpitzua Menika da.

        Tiburtzio Izpitzua Menika Bizkaiko Larrabetzu herrian jaio zen, 1901eko martxoaren 21ean, hots, Andres Untzain baino sei urte beranduago, eta Mundakakoak egin legez apaiztegira joan zen; hogeita bi urte zituelarik egin zen abade, alegia, 1923an, eta Arabako Anda herria eman zioten. Gogoan izanik artean Andres Untzain Araban bertan zegoela, Egino herrian hain zuzen, uste izatekoa da hantxe elkar ezagutu zutela, Araban, ezaupide hori apaiztegian egina ez bazuten bahintzat.

        Abade bien arteko paralelotasunak ez dira orain arteko datu horietan amaitzen, ostera. Gerra aurrean Tiburtziok euskararen arloan eta nekazarien sindikalgintzan lan egin zuen, eta gerran Zergatik Ez batailoiko kaperau ibili zen. Itsas girokoa zen bata, eta baserri girokoa bestea, bestela eredu baten araberakoak biak.

        Eredu bereko abade bi izanik, gerra ostean biek Ameriketara egin zuten. Gero han biak bizi izan ziren arrebarekin. Nor berearekin, baina arrebarekin azken batean. Eta biek ekin zioten hala edo zelan espioitza zereginei. Kuban mundakarrak, Argentinan besteak.

        Bere Odisea del clero vasco exiliado liburuan kontatzen duenarekin bat, Tiburtzio Izpitzua Menika abadeak 1944an Buenos Airesera jo zuen, han bizimodua bere lanbideari esker atera ahal izango zuelakoan. Iritsi baino ez, eta Antonio Otsak han antolaturik zuen Kontraespioitzarako Eusko Taldean sartzeko proposamena egin zion.

        Saltara iritsita handik gutxira kontraespioitzarako eusko taldea sortu zen Buenos Airesen, bigarren mundu gerran amerikarren armadan bolondres izana zen Ramontxu de la Sotaren zuzendaritzapean Estatu Batuentzat lan egingo zuena. Nik neuk [Tiburtzio Izpitzuak liburuan Otsaren ahoan ipintzen dituen hitzak dira] taldean lehen-lehenengotik parte hartu dut.

        Kontraespioitza talde honen zeregin nagusia zein da eta Buenos Airesera datozen espainiar banderadun itsasontziak kontrolatzea, batez eta Ibarra eta Aznar konpainietako itsasontziak kontrolatzea, horiexek baitira ibilbideko azken portua Ameriketan dutenak. Buenos Airestik Bilbora zein Bartzelonara egiten den platino-kontrabandoa, hona (Buenos Airesera) Txiletik etortzen den kontrabandoa hain zuzen, itsasontzi horiexek egiten dute; platinoa Espainiara iristen delarik han alemaniarrei ematen zaie. Aditua dut alemaniarrek metal hori beren hegazkinak egiteko erabiltzen dutela, eta guztiz premiazkoa dutela, oso eskas dabiltzalako.

        Gure lehenengo zeregina itsasontziotako marinel abertzaleekin kontaktua egitea izan da, eta helburua lortu dugu, itsasontzietan dozena erdi bana laguntzaile baitugu. Horiek, itsasontzia Buenos Airesera iritsia deneko, eskifaiaren errolda osoa ematen digute, bakoitzaren filiazioarekin eta ohartarazirik, baita, horietako nortzuk izan daitezkeen arriskutsu, nahiz dela platinoaren kontrabandoaren aldetik nahiz dela frankistak direlako. Datuok Estatu Batuen Buenos Airesko Enbaxadan ematen ditugu eta hark berak helarazten dizkio Atlantikoaren kontrola duen gerra-armadari eta amerikarren Madrilgo Enbaxadari, biei.

        Buenos Airesen abiaturik Bilbora nahiz Bartzelonara doazen itsasontziek Karibe aldera jo behar dute, Trinidaden bildu eta leku horretan iparramerikarren gerra armadaren kontrola egin dakien. Kontrol horretan iparramerikarren gerra-armadako ofizial talde bat ontzi barrura dator eta agindua ematen du eskifaiako denak ilaran jartzeko eta poltsa banatan ekartzeko kontrolatu beharrekoa izan daitekeen edozer, esate baterako, gutunak eta argazkiak. Poltsa horiek halako poltsatzar batean sartzen dituzte, beste leku batera eroan eta hantxe miatzeko; bitartean, beste ofizial batzuek ganbarak eta beste zokondoak miatzen dituzte.

        Eskifaian diren gure laguntzaileek platinoaren kontrabandoa antzeman baldin badute euren poltsen barruan adierazirik utziko dute, platinoa non gordea den edo nork aldean duen seinalatuz. Eta horrelaxe jausten da kontrabandokoa, ezinbestez, iparramerikarren eskuetan.

        Baina ez da hori bakarrik. Itsasontzi horiek, Buenos Airesera Bilbon nahiz Bartzelonan abiatu aurretik amerikar kontsulatuari "navicert" —nabigazio zertifikatua— delakoa eskatu behar diote, horretarako eskifaiaren errolda osoa aurkeztuz. Amerikar kontsulatuak zerrenda hori aztertu eta itsaso-konpainiari itsasontziak zein marinelekin ezin nabigatu duen ohartarazten du. Zerrenda hori Buenos Airesko AEBetako Enbaxadan geuk entregatu ohi duguna izaten da; berbera. Halaxe lortu dugu itsasontzi horietan gaur egun eskifaiako asko eta asko abertzaleak izatea, ze, pertsonalaren aldetik hain urri dabiltzanez gero itsaso konpainia horiek gureengana jotzea beste irtenbiderik ez dute ukan.

        Horrez gainera, gure taldeak Argentinako gaueko zerbitzua egiten du, Europatik ihesean etor litezkeen naziak, itsaspekoz iritsirik, haietan lehorreratu ahal direla eta.

        Tiburtzio Izpitzuak Antonio Otsaren ahoan ipini zituen azken hitz horiek Kubako itsaspeko-ehiztariak dakartzate, ezinbestez, gogora. Haatik, ez da hitz horietan amaitzen Argentinako kontraespioitza taldearen kontakizuna.

        Bete behar nuen zeregina betetzea [taldean berak hartu zuen arduraz diharduelarik dio] oso erraza zen. Gehienetan Pedritok [nor den ez dakigu] egiten zidan bisita, astean behin edo, aldean ekartzen zituelarik taldekideek eskuraturikoen zirriborroak arkatzez idatzirik. Nik horiek zuzendu eta sailkatu egiten nituen, eta gero bakoitzari buruzko "raport" delakoaz idatzirik, horien hiruna kopia entregatzen nizkion delako Pedritori, horrek bere aldetik denak gure buru Ramuntxo de la Sotari eman ziezazkion.

        Informazioa horiek, espainiar banderadun itsasontziez, Argentinan ziharduten komunisten fitxaketaz, azken hau bigarren mundu gerran amaitu ostean, eta argentinar politikagintzan garrantzizkoak ziren pertsonez ziren.

        Ipuina guztiz ezaguna begitanduko zaio orain artekoa irakurri duen edonori, mutantis mutandis hortxe ikusten baititugu islaturik Kubako euskoen zereginak, hala Andres Untzain abadearenak, nola Juan Duñabeitia kapitainarenak, besteak beste. Bada, Tiburtzio Ipitzuaren taldeaz zer egin zen jakiteak Kubako besteei dagokienez argitasun pittin bat eman lezake.

        Kontraespioitzarako eusko taldeko kideek barru-barruraino konbentziturik ginen, ba ze, behin bigarren gerra amaituta Estatu Batuek Francoren erregimena kendu beharra eragingo zutena, eta gure Euzkadi'ko Jaurlaritza erbesteratua Euzkadira itzuliko zena. Zentzu horretan, eta guri esaten zitzaigunez, ba ei zegoen iparramerikar presidente Franklin Delano Rooseveltek gure lendakari Jose Antonio de Agirreri emandako hitza. Hala eta guztiz ere, behin gerra amaitu ostean, denboraren iragaiteak gure itxaropenen hutsala erakutsi zigun. Madrilgo Itunak, 1953ko irailaren 26an Espainiak eta Estatu Batuek BIEN ARTEAN sinatuak, Espainiako baseetako batzuek Estatu Batuei utzi zizkion, 226 milioi dolarren trukean, eta horren ondorioz gu mertzenario hutsak besterik ez ginelako uste sendoa sortu zitzaigun. Eta horrelako paper hitsik jokatzen segitu nahi ez eta, taldea desegin egin zen.

        Zorigaiztoko urtea, 1953ko hura, Ameriketan ziren abertzaleentzat. Politikaren aldetik behintzat. Haatik, baten batek amerikarrekin kolaboratzen segitu zuen. Jesus Galindezek, hurrengo atalean ikusiko den legez.

        Bestela, 1953ko hartan batzuei etxera itzultzeko modua zabaldu zitzaien, bere buruari barre egiten zekien Andres Untzain tarteko. 1954ko udan Mundakan zen eta, esandako moduan, Andres Untzaini 1955eko ekainaren 25ean kantatu zioten El manisero.

        Urte berean Felix Areitio ezizenez Ermuak Lisboara egin zuen. Pilotaria ordurako ezkondua zen, Miamin, eta urte bi geroago, Julian Ibarluzea Tarzan, kantxetatik erretiratu zeneko 1957an hain zuzen, Gasteizera etorri zen. Ernest Hemingwayren Kubako lagun taldea desegiten zihoan. Han segitzen zutenen artean Juan Duñabeitia kapitaina zegoen. Horren azken kolpeari leku berezia egin behar zaio. Jesus Galindezen heriotzaz ohartxo batzuk eman ostean.

 

 

 

© Edorta Jimenez

 


www.susa-literatura.eus