Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Hemingway eta Bosgarren Kolumna

1937ko uda / Madril

 

Uda gogorra izan da 1937koa Penintsulako mendi, baso eta mortuetan, hiri birrinduetan eta itsaso galduetan, eta ia denean. Horrela, Ernest Hemingwayk bere lagun min biren berri mingarriak hartu ditu ekainean. XII. Brigadako buru Lukacs jenerala hil egin dute, eta haren urgazle eta komisario politiko Gustav Regler zauri larriekin da.

        New Yorkeko txalo zaparradak laztandurik, baina txaloen jatorrian dagoen gerra lekukotasunaren laztan mingarritik urrin, uda hori Ernest Hemingwayk Biminin emango du. Harik eta Espainia-mina jasanezin-edo egingo zaion arte. Bitartean Spanish Earth haren aldeko zereginean segitu nahi du. The Spanish Earth filmaren kopia bat Roosevelt senar-emazteei Etxe Zurian bertan erakutsiko die, uztailaren 8an.

        Hori baino lehen, ekainaren azken aldera, Ernest Hemingway New Yorken da berriro, filmaren soinua grabatzeko lanetan. Horretan delarik, Martha Gellhornek bonba-leherketen eta eztanden hots izugarrien soinu-efektuak sortzen laguntzen dio. Emakumea itzel hunkitu da teknikari gazteek hura garaiz prestatzearren gau eta egun egiten duten ahalegina ikustean. «Miloi bat umeren arrakastaren ama» izan denaren poza sentitu ei du. Filma Etxe Zurian ikus dezaten eskatuz idatzi dituen eskutitzen bidez bozkario hori presidentearen emazte Eleanor Roosevelti kutsatu dio.

        Gellhornek erabateko fedea zuen Roosevelt bikotearengan, batez ere bere ibileren kontuak aditzea atsegin zitzaion Eleanor emaztearengan.

        Uztailaren 8an, bada, Martha Gellhorn, Ernest Hemingway eta Joris Ivens zinemagilea Newarkeko aireportuan bildu dira, handik Washingtonera hegan egin eta, Etxe Zurian afaldu ostean The Spanish Earth hantxe erakusteko Roosevelt senar-emazteei. Filmak goi-buruengan izandako eraginaz landa, Ernest Hemingwayk afariaren kalitatea aipatuko du, hari buruz txakurkeriak esanez.

        Filma Etxe Zurian erakutsi ondoren eta afaria ahaztu guran legez, zinta hartu eta Hollywoodera doaz Ernest Hemingway eta Joris Ivens. Errepublikari anbulantziak erosteko dirua bildu gura dute. Horrela, gau batean hogei mila dolar bilduko dituzte, party batean.

        Espainiarekikoak konpliturik, idazleak To Have and Have Not —Ukan eta ukan ez— liburuaren probak irakurri ditu, New Yorken. Hori ere konpliturik, bere urtegunak ospatzeko sasoiz iritsiko da Biminira.

        Bitartean, Martha Gellhornek Espainiari buruzko liburua idatzi nahi du, baina ezin. Nahiago du gertaeren lekuan bertan egon, paperetan hitzak ganora barik paratzen etxean baino. Abuztuaren erdi aldera New Yorkera bilduko dira maitaleak, handik zuzenean Europara joateko. Horrela, abuztuaren 14an Ernest Hemingway idazle harrezkero ospetsua Champlain itsasontzian da; presidentearen emaztearen lagun min Martha Gellhorn, berriz, abuztuaren 16an abiatuko da. Maitaleek ez dute susmorik eragin nahi.

        Itsasontziak behin Frantzian atrakaturik, Parisera doa idazlea, hara berandutxoago iritsiko den Martha Gellhornekin eta Herbert Matthewsekin batu ondoren Bartzelonara egiteko. 1937ko iraileko lehenengo egunetan izango da hori. Berandutxo da, beharbada, inguru horietan abiaturik baita Errepublikaren erasoaldia; abuztuaren 24az geroztik.

        Errepublikaren joaldia ezinbestekoa zen, iritsi bezain laster egoeraren larriaz jabeturik ulertuko dutenez. Bestela, erasoaldia gerran zehar legearen aldekoek orain artekoan egin duten maniobrarik zuhurrena ei da. Eta larriaren larrian, Kataluniako atzeguardian ez da arazorik falta, Euskal Herritik etorriak diren 200.000 euskotarrek sortuak ere hor tarteko. Egoera horretan Ernest Hemingwayk, Martha Gellhornek eta Herbert Matthewsek pribilegiatuen tratua dute.

        Bitartean, gerra gori-gorian da. Irailaren 6an errepublikazaleek Belchite hartu dute; hilaren 15ean Aragoiko erasoaldia geldi lotu da, Errepublikaren indarrak akiturik baitira; hilaren 23an frankisten kontraerasoa dator Aragoi alde horretan. Haatik, hirukoteak azken albiste hori Madrilen jakingo du, haraxe egin baitute hiru lagunek.

        Horrela, Madrilen idatzia da idazle-kazetariak hilaren 30ean NANAk argitaratuko duen kronika, gerraren berri zehatzik itxaroten izan duen edozein irakurleri huts egin behar dion kronika, hain zuzen. Madrilgo giroa islatu nahi eta bere ezintasuna erretratatu du hor kazetariak. Zorionez, hurrengo astean, Herbert Matthews, Ernest Hemingway eta Martha Gellhorn hirukotea Brunete ikustera doa, Tom Delmerrekin batera, eta izango du idazleak gerraz zehatzago idazteko gaia.

        Fronteko zerek erakutsiko dietenez, berriz, gerraren nondik norakoa erabat aldaturik da bikotea han lehenengoz izan denetik horra. Hala eta guztiz ere, gizonak bere gogo-pozetan segitzen du. Frontetik Munduko Hiriburura itzultzen denetan Madrilgo Florida hoteleko giroa lehenagokoaren antzekoa duelako, agian.

        Madrilen ia denak bonbek eta goseak akabatzen diren artean, amerikarrak hortxe ditu whiski botilak, perfume koloreztatuz barik benetako gaiaz beterik, eta hortxe ditu tabakoak, arrazionaturik, bai, baina Chesterfield eta Lucky Strike benetakoak direnak. Tarteka, dadoetan jokatzen dute eta noizean behin XV. Brigadako iparramerikar gazte baten edo besteren bisita izaten dute. Horiek bai zoriona, bisitaldiko beste atsegin-bideei, azken burukoa gehitzearren-edo, aldez aurretik ordainduriko españolitaren baten laztanak eta jotaldiak eskaintzen zaizkienean.

        Atzeguardian bizi dira, bizi, ze fronteetan ez da giro onik. Iparraldeko Frontearenak urriaren 21ean egingo du, errepublikazaleen hango azken euslekuak faxisten eskuetan jausiz.

        Etsipenari aurre egiteko edo, udan zehar buruan ibili izan duen plana orduantxe gauzatzea otu zaio Ernest Hemingwayri; hiru ekitaldiko antzezlana idaztea. Eszenatokia Munduko Hiriburua izango da, eszenatokiko atzealdeko argi-ilunetan maitasuna eta espioitza izango dira eta erdi-erdian hor izango da Philip Rawlings protagonista nagusia; amerikarra, hoba ez.

        Egitea otu eta otutakoari ekin, azaroaren 8an Max Perkinsi telegrama igorri dio. Amaitua du antzezlana.

        Hura eskuz esku joan ahala harrimena da nagusi. Antzezlana autobiografikoa da, funtsean, gerora kritikari denek aho batez esango duten moduan. Esan bezala, pertsonaia nagusia Philip Rawlings da, gerrako kronikak idazten dituen aldi berean Errepublikaren kontraespioitza zerbitzuarentzat diharduen kazetari amerikarra. Bada, autobiografiaren alderdia oraingoz horretan utzirik, antzezlana bera kaskarra da; kritikariek hori ere aho batez esango dute. Faxismoaren demasiak salatzen dituen aldetik dukeen balio onarturik ere, teknikaren aldetik huts egiten du. Halako moduan huts egin, non ez duen hura taularatuko dion ekoizlerik. Ez behinik behin orrazketa lan ederra egin ezean.

        Kontatu gura den mamiaren eustearen aldetik begiratuz gero huts egiten du Bosgarren Kolumna antzezlanaren hezurdurak. Izaki jakin baten hezur denak banandurik eman eta haren eskeletoa osa dezan eskatu zaion anatomia-ikaslearen pare dabil idazlea. Hezurrak denak dira hor, bai, baina okerretara jarrita, juntaturik, elkar osaturik barik.

        Bosgarren Kolumna 1937ko udako Madrilen kokatua da, eta ekintzaren harietan hor nahasten dira Philipek emakumeekin dituen gorabeherak, alkoholaren bidez barruari egiten dizkion igurtziak eta bere lagun Max alemaniarrekin Bosgarren Kolumnako hirurehun bat saboteadore harrapatzen laguntzen dituenekoak. Amaiera heroiko horretara iritsi aurretik, aldiz, jeneral nazietako bat harrapatu dute lagun bien artean. Nor eta faxistei Madrilera jaurtitzen diharduten bonba nondik nora jaurti zuzentzen ari izan den jeneral nazia, jeneral berorren behaketa-postuan, horra. Horien adinako ekintzei esker SIM delakoak —Inteligentzia Militarreko Zerbitzuak— Bosgarren Kolumna bertan behera eraitsi du, kasik.

        Balentria horiek alde batera, gainerakoan antzezlaneko pertsonaia nagusia idazlearen alter egoa da. Izan ere, Ernest Hemingwayren orain arteko lan nagusietan beti horrela izan bada, zertan ez honetan ere? Halaxe izan baitzen Armei adio eleberrian, halaxe Eguzkia berriro sortuko da eleberrian, eta halaxe izango zen Noren hil-kanpaiak ote eleberrian. Denetan idazlearen alter egoa protagonista nagusi; eta denetan amerikarra. Eta hortixe, arean, Estatu Batuetan idazlearen arrakasta. Haren zeingura nobela hartu eta, ekintza non ere den —Euskal Herrian, Italian, Kuban, Espainian—, hor da erdi-erdian amerikarra. Hango irakurleei identifikazio bide erraza zabaltzen die idazleak beti.

        Bestela ipuin polita Bosgarren Kolumna horretakoa, ipuinlariak berak geroko batean egiazkotzat jo izan ez balu. Haatik, 1942an Estatu Batuen Kubako enbaxadore Spruille Braden jaunari «Madrilen izan nuenaren» antzeko sarea jostea proposatuko dio, aurrerago azalduko den legez.

        Geroko hori geroko, Madrilen, bitartean Jesus Galindez-eta errealitatearen gordinkeria jasatera kondenaturik dira. Ernest Hemingwayk gordinkeria horren berri nahi izan balu Galindezek konta ziezaiokeen zerbait polita bosgarren kolumnari buruz. Tamalez, euskotarrak amerikarrari konta ziezaiokeen hori ez da ipuina, 1937ko maiatzean, Ernest Parisera bidean zen artean gertatua baino.

 

 

 

© Edorta Jimenez

 


www.susa-literatura.eus