Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Gustavo Duran

1942 / Habana

 

Gustavo Duran izen eta guzti dago For Whom the Bell Tolls eleberrian, eta izen eta guzti dago Gustavo Duran FBIren txostenetan. Bada bien artean alderik, ostera.

        Eleberriari oraturik, Ernest Hemingway idazlearen ordura arteko liburuen artean salduena den horretan Gustavo Duranen erretratu laburra egina du hark. «Beste inorekin ezin baduk ere, gogora hadi Duranekin —diotso bere buruari eleberriko Jordan protagonistak—, inoiz militar antzeetan ikasi gabea eta musikagilea zena eta mutil jatorra zena eta gero deabruaren jeneral ona bihurtu zena. Durani hain arrunt egiten zitzaion gerra eta hain zitzaion erraza hura ikastea eta ulertzea, xakerako jaio den umeari xakean egitea zaion bezain erraza».

        Bada horixe da, besteak beste, halako batean IX. Brigada Internazionalaren komandantea bilakatu zen gizona, orain Ernest Hemingwayk Kubara etor dadin gura duen Gustavo Duran. Eta etorri ere etorri egingo dena. Idazleak nobelan jarri dituenekin haserre ez dagoela seinale. Beste asko ostera erabat sutu dira Ernest Hemingwayk eleberrian sartu duen harako sarraski harekin. Errepublikaren aldekoek nobelan egin sarraskiarekin, hain zuzen.

        Izan ei zen, Andaluziako Ronda herrian-edo, eleberriko hamargarren atalean kontatzen denaren moduko sarraskiren bat. Eleberrian berriz, Segoviako hego-ekialdeko izen gabeko herritxo batean kokatu du sarraskia idazleak. Altxamendua hasi berria delarik, ibaiak inguratzen duen muino batean eraikia den herri batean —zein den ez da esaten, baina lekuaren deskribapena Sepulveda herriaren ezaugarriekin bat dator— ezkertiarrek udaletxean zarraturik eta hantxe inguraturik dituzte eskuindarrak, eta akabatu egin gura dituzte. Zelan eta handik banan-banan irtenarazi, gero jende-ilara biren artean makilakada kale nagusian gora joan eragin eta, horra, kalearen buruan den amildegian behera ibaira jaurtiz akabatu behar dituzte eskuindarrak.

        Lehenengoetan jai giroan hasi den heriotzaren dantza hori gero eta saminago, gupidagabeago, jasangaitzago bilakatuz doakio irakurleari, eleberriko ustezko herrian direnei —narrazioaren arabera— okaztagarri bilakatuz doakien kasik eta hein berean. Altxamenduaren lehen eguneko gorrien jaia odol-bainu bilakatua da. Mutatis mutandis, faxisten gaiztakeria erakusteko, falangistek hamaika aldiz sexuz bortxatu Maria haren kasua kontatzen du, oreka guran edo, narratzaileak.

        Horraino nobelakoak. Errealitatean, komunistek, eta errepublikaren aldeko beste batzuek ere bai, gogor kritikatu dute Ernest Hemingwayren horko oreka-gura zuri hori. Eleberrian faxistak ere gogor kritikatu gura izan dituen arren —sexuz bortxatua den Mariaren kasua, sarraski horren aldean, ia deuseza delako iritzia egiten zaio irakurleari— Errepublikari traizio egin diolakoan dira kritikari horiek. Eta horiei, ia ezinbestez, hortxe datorkie gogora Madrilen Ernest Hemingway bedeinkatuari ematen zioten tratua; nola lortu zituen bere kasa libre ibiltzeko beharrezko igarobideak, nondik atera izaten zituen autoak eta erregaiak, edo Sidney Franklin aspaldi batean torero ibilia eta orduan beraren morroi zebilen arlote hari nork ematen zizkion kafeak eta whiskiak, eta azukreak, eta tabakoak, eta enparauak. Eta hori dena zeren trukean. Nondik nora, edo zeren izenean ematen zioten hari zentsuraren arduradunek, Arturo Bareak kasurako, ematen zioten pribilegiozko tratua.

        Hala eta guztiz ere ez diote horrelakorik kritikatzen Ernest Hemingway idazleari Arturo Bareak-eta. Ez. Eleberriaren literatur balioa ukatzen dute, Ernestek eraiki duen ipuin modukoak funtsezkoena litekeena —gerra erretratatuz benetako Espainia erretratatzea— lortu duenik ukatuz, eta kito.

        Ernest Hemingwayk Espainiaz —uste du Arturo Bareak— ez du ia ezer ikasi ez ulertu, zezenketen inguruko munduaz kanpokorik behintzat.

        Espainiako Errepublikaren Madrilgo zentsuraburuak, Arturo Barea nobelagile jaioak, literatur kontuak berdindu nahi ditu, idazleak idazlearenak kritikatuz, ez besterik. Gero ostera, Madrilgo beste "mesede" haiek ere gogoan harturik eta amorruz garbitu dituen ala ez kontuok, batek daki.

        «Lagunak egin zituen —dio Arturo Bareak Ernest Hemingway hari buruz—, edanean eta tabernan zirika jardunez lagunak egiten diren moduan. Gerra-kazetaria izan eta Florida hotel bonbardatuan halako bizimodu ez-erreal bat bizi zuen, hantxe, kanpo kazetarien artean, Nazioarteko Brigadetako ofizialen artean, turisten artean, emagalduen artean. Espainiarrekin polito hitz egin zezakeen, baina sekula ez zuen haien bizimoduan bat egin, ez Madrilen, eta ez lubakietan».

        Kubako bizimoduaz berdintsu esan daiteke 1942ko udako azkenetan. Habanako portuan, tabernetan eta zuloetan ezagutzen ei ditu idazleak putak, litxarreroak, pirata-ustekoak eta bazterreko halako beste batzuk.

        Haatik, Ernest Hemingwayk Habanan nahi du bere eleberriko heroi nagusi Gustavo Duran. Eta hango jendeaz gutxi ikasitako Madrilen ezagutu zuen Gustavo Duran jaioa Habanara ekar dezaten eskatu duelarik, galdera dateke ea zer dakien Ernestek Kubako jendeaz. Ezer gutxi, orain arte esandako horiez gainera.

        Bada, Sareak egin beharko du falangisten eta nazien gainetik begia ez kentzeko plangintza eta lana, horko kideek ezagutzen dute-eta ondo, bai, Habana ez ezik Kuba osoa. Zeregina ez zaie lar zaila egingo, orain arte, eta beranduenez jota 1937ko udaz geroztik, horrexetan ari izan dira-eta.

        Orain, berriz, 1936ko gerra hasi aurretik karrera egiten ziharduen musikagilea eta piano-jolea zena ipini nahi dute —pluralean, Enbaxadakoek— zeregin horretan buru. Nor-eta gerra hasi eta lasterrera, Ernest gerra kazetaria Madrilen izan zen 1937ko hartarako hain goiz, militarraren antzeak menperatzen zituela erakutsia zuen gizon huraxe nahi dute Habanako Enbaxadan. Eta nor da ba gizon hori?

        Madrilen atondu ei zuen zaleen espioitza-sare hori alde batera utzirik, bere buruaz zenbatgura ipuin kontatzen dakien Ernestek Hemingwayk badaki Gustavo Duran denbora batez hango —Madrilgo— SIMeko burua izan zena. Baina hori ez du inon aipatzen.

        Ezagutu behar du Ernest Hemingwayk, ostera, SIM zerbitzua zer izan zen, The Fifth Column antzezlaneko Philip Rawlings protagonista nagusiak horrexentzat lan egiten duelako, besteak beste.

        Idazlea Gerra Zibileko gertalekuetara bigarrenez joan zenean sortu berria zen SIM —Servicio de Inteligencia Militar edo Inteligentzia Militarreko Zerbitzua— delakoa. Horretarako agindua 1938ko abuztuaren 9an eman baitzen. Eta, hara, aginduaren biharamunean nor-eta Gustavo Duran izendatu zuten Madril eskualdeko SIMeko buru. Gero, Duranek Inteligentzia Militarreko Zerbitzuko kide izateko hautatu zituenen artean ehunka komunistarekin batera lau-bost sozialista baino ez zirela eta, kargutik kenduko zuten arren, berriro lehenagoko ErrepublikakoArmadaren XX. Gorputzaren buru izendatzeko. Buruzagitza horretan amaitu zuen gizonak gerra, Valentziako iparraldeko frontea defendituz. Hori eta beste dena jausi zenean, ostera, itsasontziz egin zuen Ingalaterrara. Han estatubatuar batekin ezkondurik, Ameriketara egin zuen.

        Hala bada, For Whom The Bell Tolls eleberrian izen eta guzti aipaturik ageri den Gustavo Durani Kubara etortzeko deia egin diotenean, Estatu Departamenduaren Rockefeller Fundazioan lanean ari da.

        Eleberri hartan izen eta guzti aipaturik ageri den Gustavo Duran bera dateke, ziurrenik, The Fifth Column antzezlaneko pertsonaia nagusiaren iturria. Haatik, egiatan gertatu izan den edozeren ipuina beti beste eraren batera kontatzen dakien idazleak bere alter ego Philip atzerritarra egin zuen antzezlaneko protagonista. Alter ego horren ispiluan idazleak benetako zein gertaera gura izan duen islatu, eraldaturik bada ere baina islatu azken batean, horra galdera.

        Ez ote zen, bada, Gustavo Duranentzat lanen bat egin izan zuela Ernestek? Hura, Gustavo, SIMekoa zenean. Eta horrela bada, zein lan? Ala Duranek lanen bat egin zuen Ernestentzat? Informazioak eskuratu Ernesti? Honek gero nori emateko baina? Berak erabiltzeko? Hemingwayren paperen artean Guda Zibilari buruzko txosten bat behintzat badago, idazleak Parisen jasoa. Adibidetzako balio duen txosten hori huts-hutsik kazetaritza lanetarako nahi ote zuen da zalantzan legokeena.

        Galdera horien erantzunak protagonistek dituzte. Kuban da bata, Estatu Batuetan bestea, hara etortzeko prest. Bigarren horrek, Duranek, faxisten modus operandi zehatza ez ezik, Espainiatik Kubara zereginen batera etorriak diratekeen batzuen aurpegiak ere ezagutu ditzake-eta, zerbitzu onak eskaini ahal izango dizkio Enbaxadari.

        Gero, beste kontu bat da Gustavo Duran, Arte Ederretarako jaioa eta gerraren antzeetan trebaturiko gizona, FBIko txostenetan kriminal legez agertuko dela, Bulegoko batek 1943ko abuztuaren 13an sinatuko duen txostenean agertu ere agertzen den moduan. Hori, alabaina, urrun dago oraindino. Orain, 1942an, Duran Kubara ekar dezaten errekadua eroan behar duenak, Martha Gellhornek, Roosevelt senar-emazteak bisitatu dituelarik, laster izango ditu sokak eta korapiloak ondo josita Ernest Hemingwayren "The Crook Factory" sareak.

 

 

 

© Edorta Jimenez

 


www.susa-literatura.eus