Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Jesus Galindez

1937ko apirila / Madril

 

Apirila sutan joanda, 1937ko maiatzerako Spanish Civil War hartan eginiko lehenengo egonaldia amaitzekotan da Ernest Hemingway.

        Bada, hilaren lehenean, Langileen Nazioarteko Eguneko iluntzean, Nazioarteko XII. Brigadak jai alaitsua eskaini gura dio. Ohore handia da hori. Ia edonorentzat. Eguna nolakoa, gonbita luzatu dietenak ere halakoak baitira.

        Nazioarteko Brigada XII.a Thaelman, Andre Marty eta Garibaldi batailoiek bat eginez sortu dutena da; alemaniarrez, frantziarrez eta italiarrez osatua da, beraz. Denen buru dagoena, aldiz, hungariarra da; Mata Zalka idazlea. Lukacs jenerala ezizenez, Ernest Hemingwayk bere literaturara horrelaxe ekarriko du. Gero, hortxe dago komisario politiko Gustav Regler alemaniarra. Bestela, brigadetako gizon asko falta dira afari horretan. Hirutik bat hil ziren parte hartu zuten lehenengo ekinaldietan, gero hil direnak ahaztu barik. Heldu berritan ziren ume gorriak soldadu zailduak ziren Madrilgo defentsa giza-larruazalez gotortu zenean. Horrexetan nabarmendu dira, nabarmendu direnez XII.ekoak. Erabakigarriak izan direla esaten da, aho batez. Eta hortixe hainbeste hildako ere.

        Brigaden eginak ederrak badira ere, halako egunen batean brigadistek agur esan beharko diote Spanish Earth kuttunari. Ordurako, ostera, Ernest Hemingway berriro izango da han.

        Bitartean, Nazioarteko Langileen Egun horretan Madrilen dagoen giroaz Jesus Galindezek ohar zuhurra idatzi du bere egunkarian, Ernest Hemingwayk eta haren lagun idazleek idatz zezaketenaren antzekoa.

        «Maiatzaren bateko arratsaldean etsaiak berak ere aspaldiko lanaren eguna ospatu nahi izan zuen gerrako artilleri bonbardaketa basati eta ekinkorrenaren bidez ospatu ere; zoratzekoa izan zen».

        Gaitzerdi alabaina maiatzaren bateko bonbardaketa. Gerran, bestelako egoeretan legez, bakoitzak bere gogoko egunak ospatzen ditu, eta Jesus Galindezek gogoan du egun batzuk lehenagokoa. Apirilaren 29koa, San Prudentzio biharamunekoa, hain zuzen.

        Egun horretan, Euzkadi'ko Jaurlaritzaren Ordezkaritzako hiru arabarrak santuarena ospatzen izan zirelarik, jaia ondo joan ei zen, azkenean artilleriak ere parte hartu nahi izan zuen arren. Nahiz Langileen Nazioarteko Eguna izan nahiz San Prudentzio biharamuna, zer zien eurei artilleriak, 26ko gauaz geroztik burutik kendu ezinik zutenaren aldean?

        «Apirilaren 26tik 27ra bitarteko gaua dut gogoan. Afaldu ostean irratian aurrera eta atzera eginez bilatzeari ekin genion, Euzkadiko Fronteko berriak jakin guran; eta arerioaren irratiek irato egin gintuzten ia-ia, Gernikako sarraski sadikoari buruzko berrien berriez. Madarikazioetan, irrati aparailua amatatu eta lo egitera etzan ginen».

        Zer madarikatu badute Ordezkaritzakoek. Dena galdua ote den galdetzen duten artean. Eta madarikazioetan, Jesus Galindezi burura datozkio iragan azaroan egin zitzaizkien proposamenak. Madril laster galduko zelakoan, erbestera alde joatea proposatu zieten. Bitartean, faxistak Madrilen sartuz gero euren enbaxadan aterpetu zitezkeela esan zieten Herbehereetako diplomatikoek, Paraguaikoek, Poloniakoek, askok. Orain berriz, doluzko maiatz honetan, Paraguaik eta Dominikar Errepublikak egin diote berriro euren lekuen eskaintza Jesus Galindez gizon oraintsu arte gazte eta orain berriz gernikartuari.

        Ihes egin? Jesus Galindez sutsuak ez du dena galdutzat eman nahi. Gerrako partidan tantoak falta dira jokatzeko, eta azkenean partida galdutzat eman beharko bada ere, jokatzear diren tantoetan ez dago amore ematerik. Bada zer eginik Madrilen. Handik hanka egin gura duten euskotarrei lagundu, esate baterako. Loak hartu ezineko gauetan orain arte Madrildik atera dituzten iheslari horien errepasoa egiten du, bere oroigailua argazki kamera baino zehatzagoa dela baliatuz.

        Oroigailuko argazki kamerara Juan Leon Kruzalegiren irudia datorkio. Kontaktu ona, gizon guztiz baliagarria izan da baina, hara, hanka egin nahi izan du. Bestela mundakarrak, mundakarra baita Kruzalegi, bai, mesede galantak egin izan dizkio Telefonican izan duen kontulari mahaitik. Haatik, ozta-ozta hogeita bat urte dituen gizon gazteari ulergarri zaio berrogeita bi urteko —agurea ia, gaztearen kalkuluetan— gizon haren jarrera. Gerrako lehenengo tiroek Madrilen harrapatu zuten, etxekoak uda emateko prest hantxe Mundakan zituelarik. Eta ezin gero handik alde egin. Juan Leonek, bestela soldadu izateko ere jaioa ez lagun margolari eta kontulariak, etxekoekin batzea izango du harrezkero amets.

        Madrilen beste asko legez etxeko sutondotik urrun, Marichurenera etortzen izan da, herriko jatekoen usainera. Erre-erre eginda, hori bai, Telefonicako langileek ere igandeetan soldadu ariketak egiten behartzen dituztela eta. Ondo gogoan du hori Jesus Galindezek, mundakarrak behin baino gehiagotan kontatu baitzion soldadu instrukzioa egiten ari zirelarik dozena erdi ehizegazkin agertu zirenekoa.

        Kruzalegi gizajoa! Joana da, amaitu zaizkio soldadu itxurak.

        —Gernikakoa baino lehen —gogoratu zaio Jesus Galindezi, eta hortxe eten zaio akorduen haria.

        Jesus Galindezek goizero ohetik jagi eta Madrildik irten nahi duten euskotarrei bide ematen segitu behar du, asko dira-eta gerratik hanka egin guran diren aberkideak. Ulertzekoa ere bada. San Prudentzio, eta bonbardaketa; Maiatzaren Lehena, eta bonbardaketa; Ezer Ez Den Egun bat —apirilaren 26a!— eta bonbardaketa.

        Hutsaren hurrengoa San Prudentzio biharamunekoa baina, eta hutsaren hurrengoaren hurrengoa Maiatzaren lehenengokoa. Gernikako garrek irauteko kemena ematen diote Jesus Galindezi. Madrilen han geratu direnek burdinaz eginak behar dituzte barruak.

 

 

 

© Edorta Jimenez

 


www.susa-literatura.eus