Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Ernest Hemingway

1959ko uda / Mundaka

 

Pertsonak etxeak baino handiagoak ziren denboretan Hemingway Mundakara etorri zen. Andres Untzain abadearen hilobia bisitatu nahi zuen.

        Hemingway Mundakara etorri zenean idazleak abadearen etxekoren bat itaundu zuen, kanposantura laguntzeko. Kasualitatea ez ote den, une hartan, arratsaldeko bostak-seiak, Teodoro Untzain, Andres Untzainen iloba, Kasinoan zegoen. Bila joan zitzaizkion. Lagunekin karta jokoan ziharduen Teok.

        Auto bi zegozen han, Goiko Kalean, Kasinoa baino metro batzuk gorago. Ernest Hemingwayk ez ei zuen autotik kanpora urten. Urten izan balu, herria bisitatzeko adorea eduki izan balu, Kuban Andres Untzainek kontatzen ei zizkion ipuintxoetako protagonistaren batzuk ezagutuko zituzkeen. Horretarako Kasinora joatea bestetik ez zeukan.

        Hantxe zen ba Agurea eta itsasoa ospetsuaren egilea, Goiko Kalean, autotik kalera urten gura barik. Kalera urten zuen ba Teodoro Untzainek. Ernestek ez zuelako kalean inoren bila ibili gura izan. Teoren ustez bera ez zuten ondo tratatu bisitariek. Lehenengotan behintzat. Gero ostera bai. Teok ingelesez zekiela ohartzean. Halan da ze, Ernestek ez zuen gazteleraz egin gura izan. Jakin bazekien arren. Bereak laster egingo zuela jakin izan balu bezain ahiturik zegoen idazlea.

        Hau azkena nire kolkorako diot. Bestea, esanda nagoen legez, Teok berak kontatzen dit. Kaikurenean.

        Kaiku tabernako hormak argazkiz josita dagoz. Argazkion artean Indalexio Tribisarrosperen irudia dago. Indalexiorena ez da argazkia baina. Pintura batetik atera eginikoa da, pinturaren argazkia da Indalexiorena. Baina han bada ondo begiratuz gero Indalexio erakusten duen beste argazki bat ere, mendearen erdialdekoa, gerra ostekoa beharbada. Indalexio txiki agertzen da, matadero zaharraren aurrean, lehenengo planoan itsasontzi handi-handi bat daukan irudian. Indalexio Tribisarrospe hori Mundakan ospetsua izan zen. Hain ospetsua ze, Andres Untzainek Ernesti sarri askotan kontatu ei zizkion arrantzalearen itsasoteak eta itsasoteen ondokoak. Mundakako abadea Kuban izan zen urteetan, haren erbeste urteetan, hain zuzen.

        Erbeste urteak! Andres Untzain 36ko gerratean galtzaile izan zirenetakoa zen. Eta ez edozelango galtzailea. Gerran parte hartuta zegoen. Saseta metrailadore-batailoiko kaperau ibili zen. Gizon sutsua, antza. Errepublikaren sasoietan mitinetan ere ibilia zen. Labur esanda, faxistek fusilatua izateko modukoa.

        Kasualitatea zer ote den, Ernest Hemingwayren kazetaritza lanetarik heren bat, haren esanguratsuena ei den herena biltzen duen liburua esku artean daukat. Untzain ez du inon aipatzen Nobel saridunak. Ez eta harekin Kubako Finca Vigía landetxe dotorean izaten ziren beste euskaldunak ere.

        Andres Untzainen iloba Teodoro Untzainek, bere karta jokoa bertan behera utzita, Kasinotik urten zuen. Nobel saridunaren autora joateko. Pertsonak etxeak baino handiagoak ziren denboretan autoak itzelak izaten ziren. Mandoak. Teodoro Untzain horrelako batean sartu zen. Kanposantura joateko.

        Urdaibaiko kanposantuak harribitxiak dira. Kanalakoa da txikiena. Aurrez aurre dauka Busturikoa. Bien artean ibaiaren gorabeherak zaintzen dituztela dirudi. Eta hor behean, paduretan, udako iluntzeetan kurlinken hotsek ernarazten dute etorrian astiro datorren gauaren sabela. Gero, itsasadarrean beherago, Sukarrietako hilerria dago. Batzuentzat Sabino Aranaren hobi sakratuaren gordeleku eta niretzat izeko-osaben atsedentoki, beste askorentzat euren kuttunena den legez. Marea goretan kresalaren ukitua kanposantuaren oinarrietan izaten da. Hildakoak iratzartzeko moduan kasik. Sukarrietakoa baino metro batzuk gorago dago Mundakako kanposantua. Itsaso begi-begian. Hildakoek burua jaso eta Izarora begira hasiko direla emoten du.

        Hemingway Mundakan izan zen denboran, artean pertsonak etxeak baino handiagoak zirela, kanposantua itxita egoten zen. Giltza lurperatzaileak gordetzen zuen. Juanek. Karabanak, auto bi zirenez gero karabana berba zuzentzat jo daiteke-eta, karabanak, diot, aldats goran egin beharko zuen haraino.

        Teodoro Untzainek badu gogoan bera zein autotan joan zen haraino; Hemingway ez zegoen autoan. Mutil mundakarra munduan ibilia zen, ibilalditxo hark ez zion halako zirrara berezirik egin, ez zaio askorik gogoratzen. Gogoan du Teok, hori bai, giltzaren bila joan behar izan zuela, nork-eta berak. Bitartean, auto biak han geldi, burdinazko atearen aurrean. Alfa eta Omega letrak dagoz atearen aldetan, bietan bana. Hemingwayk horrelako irudi eta ikurrekin ohituta behar zuen, penintsulan hainbatean egonda zegoen eta. Hala ere, nork daki bihotzak ez zion krak egingo. Alfatik baino hurrago zegoen omegatik idazlea.

        Alfa, omega, giltza, denak beste zerbaiten sinbolo. Abuztuko arratsalde hartan lurperatzaileak bere zereginak izango zituen. Ganaduentzako bedarrak egin, esate baterako. Ernegu batean etorriko zen Juan, pertsona elegante haiek nortzuk ote ziren, ze, bestea, Teo, ezagutzen zuen, bai, baina «hareek besteak?». Atea zabaldu zuen. Albo batean Alfa eta bestean Omega letrak dituen atea. Burdinazkoa. Astuna.

        Ernest Hemingway Mundakako kanposantuan, 1959an, adiskide handiaren bisitan. Teodorok gogoan duenez, uztailaren 19an izan zen Ernesten bisitaldia. Ez zen horrela izan. Teok, hala ere, San Ferminetarako etorria zela uste du. Hala da ze, Teoren ustez Erregimenaren egun handiaren ostean, 18 de julio ospetsuaren hurrengoan izan zen idazlea Mundakan. Abuztuan izan zen, ostera. Nacionalen hilobian loreak zegozen, ia ziur. Espainiako banderaren koloreetako xingolez horniturik.

        Istant batez Ernest Hemingway traidore sentitu zelakoan nago. Ezin zitekeen damu izpirik gabe hain putakumea izan. Han, Mundakako kanposantuan, zezen-plazako turutotsaren oihartzunek min emon behar zioten gogoan.

        Saseta gudarien metrailadore-batailoiko kaperaua izandako Andres Untzain "Don Black" haren hilobiaren bila kanposantuko beherengo —barreneko— hormaraino joan behar zuten. Bidean Ernestek ezinbestez begiratuko zuen harantz, Izarorantz. Bilatzen zuten Andres Untzain ezizenez "Don Black" haren hilobiaren inguruan ibiliz gero begiek itsasora alde egiten dute-eta, berez. Handik begiratuta itsasoa, hain ageri da eder.

        Zerikusirik ez Mundakako itsasoak Karibekoarekin. Gurean olatuak uharenean gora sartzen dira, aparrezko erreskadetan. Uztaiarena eginez. Behin eta berriro. Uztaiarena eginez olatuak, aparrezko azkonak jaurtiz, Izaro atzean utziz, hari ihesean legez. Eta hala ere Izaro beti hor. Kanposantua bera legez.

        Beste ezer baino errazagoa da Ernestek abadearen hilobiaren aurrean zer pentsamendu ukan zuen igartzea. Belaunikatu egin zen, bai, otoi egiteko. Ez luzaz. Abuztuko arrastian lore zimelduen hats hila arnasteak bihotza behera eragingo zion. Han zegoen abadea: Andrés Unzain, 25-VI-1955. Donibane egunaren ostean hila. Han zegoen Don Blacken hilobia.

        Orduan Teok ingelesez egin ei zion berba idazleari. Zer esan zion, hori ez dauka gogoan. Pentsa dezagun Ernestek zer-eta berak abadeari eginiko eskutitzak aipatu zizkiola. Horietako bat gorde da.

        Hona eskutitzaren hasiera: Muy Querido Don Black. Ojalá que esté usted en muy buenas condiciones y que siga funcionando su famoso corazón, dio Ernestek, abadearen pilotari bihotzaren sendo ospea aipatuz.

        Lerro berean jarraitzen du, hurrengoa esanez (gazteleraz): Damu handia dugu guk biok, hala nik nola Maryk, zu ezin ikusi izana itsasontzia Genoan abiatu zelarik. Tragedia zen baina itxaropena dugu bidaiaz pittin bat behintzat gozatu ahal izan zuela berorrek. Aita Santua ikustean emon biezazkio hari nire goraintziak eta Finca Vigían diren fededunen izenean, baita Blackie, Miss Negrita eta Mr. Boisiren izenean ere. Animaliek ez ei dute arimarik, baina aspaldi honetan niri giza-arraza ospetsuko partaideen apur bat gainetik direla emoten dit. Abereen arteko batek ere ez du, oraingoz behintzat, H bonbarik asmatu, ez eta, nire txostenen arabera, uranio-hobirik (depósito de uranio, jatorrizkoan) inon idoro.

        Hemen berririk ez. Ura ugari eta eguraldi zantarra (azken hau Mundakan esaten dugun moduan), baina seguru nago Bizkaian jausten den ur guztiarekin ere han hemen baino hobeto dagoena berori. Jan mangolinoren batzuk gure osasunean.

        Sinbadek itsasontzi handiago bat dauka orain, Goetcheverria kapitaina jausi egin delako, eta oso ondo agintzen dabil. Honezkero txango bi osotu ditu. Bat Charlestonera eta beste bat Houston eta New Orleansera. La gente de la compañía está muy contenta con él y él no está tomando nada a bordo. Portuan ostera bai, edan egiten du. Yo traté de frenarle todo lo posible pero es dificil para él no tomar nada en el mar y después venir a tierra y quedarse en seco. Pero tiene buen aspecto fisico y moral y está ahorrando bastante dinero. Azken txangoan hona ekarri zituen Paco Garay eta Roberto sobrecargo y no se qué legez enrolatuta. Horiek Houston, Galveston, Lake Charles eta New Orleansko buelta egiten dihardute. Ikusiko dugu ba zer datorren (lo que pasa, jatorrizkoan).

        Usted hace falta aquí los miércoles (eguaztenetan beharrezkoa zinateke hemen). Sin mi manager espiritual es dificil (Hemingwayk bussines modura ikusten du fedearena?). Maryren aitak berdin segitzen du; dena dela gelak lortu ditugu Sanatorio moduko batean, Gulfporten, Miss (Mississippi) aldean, hor guztiz dago pozik eta eroso. Ni, egunetik egunera osasunaren aldetik hobera. Bizkarrezurra polito konponduko zaidala uste dut. Barruko beste kalteak ("lesiones" dio jatorrizkoak, hemen Afrikan izan zuten istripuaz diharduelarik) egunez egun osatuz doaz. Ez gugatik larritu, ezta ezergatik ere, menos en que la finca no es la misma sin usted. Ojalá que todo vaya bien por allí. Nire goraintzirik handienak nire lagun guztiei. Un abrazo muy fuerte de su amigo; (eta hurrengo lerroan, eskuz) Vuestro (eta beherago) Mister Papa (eta beherago, marra baten azpian) muchas memorias de Mary.

        Memorias, memories ingelesez, gomutak, goraintziak, eskumuinak. Abuztuko iluntze hartan Mary ez zegoen Ernesten alboan, hantxe, Mundakako hilerrian.

        Hemingwayk lepoa bihurtu zuen. Apurtxo bat. Barruan aditzen zuen ahotsari ozta-ozta men eginez. Abuztuko arratsaldean kalan zebiltzan arrantzaleen txalupak ikusi zituen. Belarik ez haizean. Itsaso hartako zenbat ipuin abadeak kontatuak. Indalexio Tribisarrosperenak tartean. Gogoan ote zituen?

        Argentinako Laurak-Bat aldizkarian Juan Leon Kruzalegi pintore mundakarrak sinatzen duen idazkian —Un cura, un pescador, un escritor— Ernestek hilobi biak bisitatu zituela dio. Teodoro Untzainek ez du horren akordurik. Emon dezagun Teodoro dagoela oker. Edo emon dezagun Teodoro zuzen dagoela. Jakin izan balute mundakarrek, jakin, Andres Untzainek idazleari kontatzen ei zizkionen barri!

        Hala izan balitz, eta zorte apur batek jota, norbaitek —Teok, Juanek— esan ziezaiokeen Ernesti: Hor gorago Indalexio Tribisarrosperen hilobia dago! Orduan Ernestek modu bitara erantzun zezakeen. Ezer ulertu ez, eta harridura keinuz erantzun: Nor da Indalexio hori?; gero norbait horrek esan ziokeen: Bai ba gizona, Santiago agurearen pasadizoa emon zizun bertoko arrantzalea, horixe ba, Indalexio; Indalexio, Don Blackek hainbatetan aipatzen zizuna ba!

        Izan zitekeen Ernest Indalexioren barri inoiz aditu barik egotea. Edo haren barri entzunda egon arren, Agurea eta itsasoa eleberriko Santiagorekin zerikusirik ez izatea mundakarrak. Eta izan ere, izan ez zuelakoan nago ni. Irakurri dudan liburuen arabera, Kubako bertako lagun batek kontatu zion gero Santiagorena izango zen ipuintxoa. Lagun hori Carlos Gutierrez zen, denbora batez Pilar itsasontziko patroi jardun zuen kubatarra. Eta orain, zein da ba Pilar horren historia?

        Kuban bizi izan zen urteetako batzuetan Ernest Hemingway Pilar izeneko yatearen jabea izan zen. Denbora batez, Bigarren Mundu Gerrako urteetan, idazleak irlaren inguruko itsasoetan ei zebiltzan aleman urpekarien ehizan erabiltzeko prestatu zuen Pilar ontzia. Idazlearen emazte Mary Welshen iritzian, Pilar hartan egiten zituztenak zabal-zabal edan ahal izateko aitzakia ziren. Zena zelakoagatik zela, urpekari alemanen ehizan ibiltearena, Pilar haren tostartean ez zen euskaldunik falta izaten. Andres Untzain bera, esate baterako. Eta beste batzuk.

        Zeharkako bidez ageri da Pilar itsasontziko bizimodua —gudaren aurreko urteetako giroa, nahiz geroagokoa— Ernest Hemingwayk Andres Untzaini 1954ko irailaren 20an egiten dion gutunean, idazlea Mundakako hilerrira etorri baino bost urte lehenago hain zuzen. Labur esanda, ontzia itsasoko uretan lasai, gizonak ontzi barruan alkoholetan. Halan da ze, Maryk arrazoi.

        Idazleak «Simbad tiene un barco más grande» dioenean, Sinbad horrek Pilar baino itsasontzi handiagoa daukala esan nahi du. Baina, nor zen Sinbad? Ahalik eta zehatzen erantzunda, Juan Duñabeitia zen Sinbad.

        Juan Duñabeitia eta Ernest biak elkarrekin bakarrik ageri diren argazkia hementxe daukat. Ikaragarri, itzel handiak dira gizon biak. Argazkia Kuban egina da, dudarik gabe. Biak dagoz handi; eta zilborra, short edo praka-labur banaren goian, oraindino lar hazi barik. Argazkian Ernesten bizarra gaztea da. Ze geroagoko argazkietan bizar hori bere betikoa dela emoten badu ere, biloak zahartuz doazkiola igartzen da eta. Ernesten azken urteetako bizarrak Indalexio Tribisarrosperena dakar gogora.

        Mundakako hilerrian Untzainen hilobian geldi, ba ote zekien Ernestek Duñabeitiaren txikitako jolaslekua hantxe zeukala, begiak Untzainen gurutzea baino arra bete gorago altxatuta zuzen begiratuz gero bostehun metrora, Sukarrietan. Europara abiatu aurretik ez ote zion esan Duñabeitiak: Aizak, Ernest, Mundakara bahoa egik osteratxo bat Sukarrietara.

        New York hirian igogailu-zain ibili ei zen Duñabeitia. Gero Kubara aldatu zen. Eta han ezagutu Hemingway. Finca Vigíako beste euskaldunen bitartez, seguru asko. Eta halako batean Pilar-en kargu egin zen. Noiz, ez dakit. Ernesten eta bien artean zeozer sakona egon zena, argazkiak dagoz lekuko. Argazkiak eta Uzelayk egin zuen margoa.

        Uzelayrena Bilboko Arte Ederretako Museoan dago. Margolariaren ohiko erretratu-estiloan atondua, gizon handi biak elkarren alboan eta aurrera begira dagoz, argoi, eguzkiak aurpegian behera isurtzen dien koloretasunak barregura-aire bat ezartzen diela. Atzean itsasoa dute.

        Idazlea askotan etortzen zen Sanferminetara —diost Untzainen ilobak—. Abuztuan Sanferminik ez, ostera. Iruñekoetara ez, baina zezenketetara berdin-berdin etorri zen 1959ko hartan. Uztailean. Eta abuztuan agertuko zen Mundakako hilerrira. Oroigailua zein den ahula, Teodoro uztailean izan zelakoan dago, esanda nagoen legez.

        Oroigailua ahula bada ere, traidoreagoa da asmamena. Beste pintore hark, Juan Leon Kruzalegik hain zuzen, Hemingwayk Indalexio Tribisarrosperen hilobia bisitatu zuela dio. Teodorok ez dit horrelakorik aipatu.

        Handiek egiten gaituzte handi txikiok. Euskaldunen erbestean sua lastoetan legez zabaldu zen Indalexio-Santiago Hemingway-Untzain kondaira. Beti pertsona berak zabaldua: Kruzalegik.

        Juan Leon Kruzalegik dioena ukatuz, Ernestek ez zuen Indalexioren hilobia bisitatu. Hilerriko ateko aurrean auto biak itxaroten zegozen. Abuztuan gurean goiz iluntzen hasten da eta, Goazen, esango zuen idazleak, Daxera ailegatu behar dugu. Daxen zezenketa zegoen, bai. Ordoñez bere faboritoagaz. Bisitariak autoetan sartu ziren. Teodoro Untzainek ostera oinez egin zuen beherantz. Seinale idazleak-eta Gernikarako bidea hartu zutena.

        Ez zekien Teok euren osaba abadea, Andres Untzain, hain inportantea izan zena. Hain konfiantzazkoa behintzat. Idazleak Don Black ezizenaren bidez aipatzen zuen abadea.

        Don Black!, pentsatuko zukeen idazleak Mundakako hilerria atzean uztean, Don Black, non ere hagoen, laster izango gaituk elkarrekin. Herioren abisua hartuta baitzegoen idazlea. Lau urte igaro orduko bere buruari tiro egin zion.

        Autoan sartuta inusturiak legez igaroko zuten Sukarrieta. Jakin izan balu behintzat herritxo hura, lau etxe eta elizatxo bat muinoaren gainean, Sinbaden udalekua zena. Geldialdi bat egingo zukeen. Edo Gernikan bestela. Tamalez orduko Gernikan ez zegoen orain dagoen Jai-Alai letra handiz idatzita. Bestela bertara Ernest.

        Ezagutu ere, horrelaxe ezagutu ei zituen Kubako euskaldunak Hemingwayk. Habanako frontoian. Apustutan sartuta.

 

 

 

© Edorta Jimenez

 


www.susa-literatura.eus