Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Felix Areitio eta Hemingway

1945 / Kuba

 

Denbora luzez Markina eta inguruak pilotarien haztegi bikaina izan dira. Ibarluzea anaiak, esate baterako, Markina aldeko Barinaga auzoan jaio ziren, iragan mendeko bigarren hamarkadan. Bada, Ibarluzea pilotarien sagako batzuk Bizkaiko Etxebarria herrian bizi dira, eta beste batzuk berriz Mexikon. Bizkaian bizi direnen artean Julian Ibarluzea Tarzan haren bigarren emaztea da, Mexikon jaioa den Alicia Gonzalez y Gil, hain zuzen ere.

        Mexikoko Sagrada Familia elizan ezkondu ziren, 1948ko abenduaren 28an, Alicia Gonzalez y Gil eta Julian Ibarluzea. Pilotaria bigarrenez ezkontzen zen, lehenengo emaztea, beste pilotari baten alaba zen Jesusa Mallukizarekin, semea izan ondoren —Julen, 1945eko uztailean jaioa—, denbora laburrean hil baitzen. Bigarren ezkontzan hiru seme izan zuen Julian Ibarluzeak, Alicia Gonzalez y Gilek erdituak.

        Hazpegian, begiradan, egokeran, denean igartzen zaio Alicia Gonzalez y Gil egun alargunduari gaztetan izan bide zen emakume lirain-bikaina. Iragandakoak iraganeko, Aliciak gorderik ditu Frontón México hartan Julianen pilotakadek hedabideetan oihartzun egiten zuteneko oroigarriak; prentsa orrialdeak, alegia, behin izan zenaren eta itzuliko ez denaren testigu. Horien artean Mexikoko hiriburuan hamabost urtean argitaratu zen Cancha aldizkariaren aleak ditu emakumeak. Aliciak berak bihotzean apal-apal gorderik dituenak ahaztu barik Gure pertsonaietako batzuen arrastoari jarraitzeko bide bikaina da aldizkaria. Ustekabekoez beterik dator

        1945eko abenduaren 1eko Cancha aldizkariaren aleak bost argazkiz osaturiko sorta dakar seigarren orrialdean, «El Gran Desfile» izenburupean. Bigarren Mundu Gerran parte hartu duten mexikarren ohorez egindako ongi etorriaren desfileko argazkiak dira.

        Hasteko, hortxe da 201. Aire-Eskuadroiaren Bandera, hots, Mexikok 1945eko otsailaren 24an itsasoaz bestaldera bidali zuena, horrela eginez gerrara tropak bidaltzen zituen Latinoamerikako bigarren estatua bilakatu zelarik, Brasilen ostean. Eskuadroia, aldiz, ekainean sartu zen gerra ekintzetan lehenengoz, Filipinetan, eta gero Formosako portuetako baten bonbardaketan hartu zuen parte, abuztuan. Hori dena Douglas MacArthur jeneral haren agindupean.

        Artean Mexikon bizi zen Patxi Ibarluzeak Eskuadroikoen pilotuen artean egoteko modua izan zukeen. Aurrera egin baino lehen, ez zela egon esan behar da.

        Patxi Ibarluzea pilotu bilakatu zela Aliciak esan dit, 2002ko abuztuko arrats eder batez Etxebarriako familia-etxean izandako hitzorduan. Patxi Ibarluzeak Ernest Hemingwayren lagun min Winston Guest hegazkin konpainian jardun zuela diost, eta berriak zur eta lur utzi nau.

        Behingoan datorkit gogora Ernest Hemingway, Winston Guest eta Patxi Ibarluzea harako hirukote hura, Pilar ontzian nabigatu eta batera euretariko bakoitzaren geroaz hitz egiten, eta pilotari ohiaren erabakitasuna. Winston Guest lagunak lana eskaini dio eta onartu egin pilotariak. Pilotu ikasiko duela erabaki eta egin egingo du. Patxi Ibarluzeaz dudan irudiari beste taxu bat ematen dio horrek. Egia ote zen, ostera, Aliciak emandako datua?

        Cancha aldizkariaren 1945eko urtarrilaren 15eko zenbakiak «La transformación del pelotari» —Pilotariaren eraldakuntza— izenekoa dakar. Horrexen bidez jakin ahal da Patxi Ibarluzea hura pilotu egina zela Mexiko gerran sartu baino nahikotxo lehenago; 1944. urtearen azken aldera, beranduenez jota. Hori horrela, Karibe itsasoko U-ontzien ehizaldian ontzikide izan zuen Winston Guest aberatsaren aire-konpainian ziharduelakoa ere egia da, hura Aerolíneas Guest izenekoaren jabea izan baitzen.

        Pilotuen artean Patxi Ibarluzea ukan ez zuen 201. Aire-Eskuadroiaren Bandera horren hariari berriro eutsiz, delako Eskuadroi horren balioaz aldizkariko bigarren argazkiaren oineko testuak ez du dudarik egiten; «201. Eskuadroia, Ozeano Barean ohorez jantzia dena, hiriburuko kaleetan barrena desfilatu zuen, kaleok loriazko dardaretan zirelarik». Argazkiko soldaduen atzean Guadalupeko Amaren eliza ikusten ahal da.

        Gainerako hiru argazkietan kirolarien desfileetako irudiak ageri dira. Kirolariotako lehen multzoan zer-eta pilotariak dira denak, desfilearen buru egiten duten neskak izan ezik. «Somonte eta Anuzita neskatila lirainak izan ziren frontoiaren zutoihala airos eroan zuten andereño graziosak», dio Cancha-k.

        Argazki oinak, bide batez, beste argibide batzuk ematen ditu. «Gerran izan direnak omentzekoa izan denez gero oraingoan ederragoa izan den urteroko desfile honetan México frontoiko pilotariak parte hartu ez zutela zortzi urte ziren» dio. Hurrengo argazkian Jose Luis Ugartetxea dator. Aldizkariak dioenez, «oraindino zereginean segitzen duen beteranoa, jai alai jokalari gihartsuaren prototipoa den horrexek zabaldu zuen martxa». Pilotariak zehatz lerrokaturik joan ziren, militar-airez, eta publikoak txalotu egin ei zuen haien lerdentasuna. Desfilea azaroaren 18an egin zen.

        Ozeano Barean Mundu Gerra abuztuan amaitua zen, AEBetako hegazkinek Japonian bonba atomikoak jaurti ostean. Hori horrela, Pearl Harborren gaineko erasoaldiak aro berri baten atarikoa egin bazuen, egin ere egin zuenez, bonba atomikoen jaurtiketak atariaz beste aldean sartu zuen mundua, hots, infernuan. Hori baina, ez da desfileko argazkietan nabari, ez eta Cancha-ko beste orrialdeetan eta beste aleetan ere.

        Bigarren Mundu Gerrako garaitza ospatzeko desfilea izan zen eguna baino beste hiru egun lehenago, azaroaren 15ean hain zuzen, Cancha aldizkariak egundoko elkarrizketa dakar. Horren kariaz, aldizkariak sekula lehenago egin ez duena egin du, alegia, aurreko alean iragarri elkarrizketa.

        «Ernest Hemingway —horra orrialde osoa hartzen duen argazkian gizona eta bere katuetako bat, Friendless kuttuna beharbada—, Noren hil-kanpaiak ote eleberriaren egile ospetsuak pilota baskoari buruz duen iritzia ematen du. Bila ezazu erreportaje interesgarri hori Cancha-ren hurrengo alean. Gure aldizkariarentzako esklusiban Felix Areitio Ermua pilotariak egina da, Habanan».

        Felix Areitio Ermua idazlearen hirugarren emazte Martha haren maitalea izan ote zen ez ote zen izan ibili zirenek hortxe zuten gizon bien arteko adiskidetasunak iraun egiten zuelako ageriko seinalea.

        Bada ahaztu behar ez den besterik ere. Etxeko jaunak, Bigarren Mundu Gerrako ibileretan izan eta batera, beste emaztegai bat nahastu du. Horrezkero Marthak Finca Vigían ez du lekurik. Bakea, bada. Bestela, lehengo lepotik burua idazleak; Espainiako Guda Zibilean izan zelarik Martha Gellhorn berriari Pauline Pfeiffer zaharraren lekua eman zion legez, orain Mary Welsh izeneko berriari leku egin dio ohean. Alde horretatik Felix Areitio ezizenez Ermua lasai egon daiteke.

        Bestela, horra marka; Felix erreportari. Horrek Nigth Before Easter hartan Marthak idatzi zuena dakar gogora. «Ez da oso argia, baina beti interesgarriak diren zerak esaten dizkit eta atseginez entzuten dizkiot». Edo Cancha-k dioen legez, «Atzelari handia, hemen gure Pilotaren Jauregian oraintsu egin duen egonaldi laburrean zaleen artean halako irudi ona utzi diguna», erreportari. Felix, Mexikotik Kubara itzuli berri, erreportari, berak hain ezagun duen betiko Finca Vigían. Betikoa da etxea, betikoa jabea, aldatu den bakarra etxekoandrea da. Han ez da honezkero Martha Gellhornik.

        Izan ere, Martha Gellhorn izan da, orain arteko emazteen artean behintzat, Ernesti atea muturretan ixteko gai izan den emakume bakarra. Gorabehera hori Ernestek Finca Vigíako giroan nola kontatuko-eta, 1943ko udazkeneko gertaeretan abiaturik konta zezakeen.

        1943ko udazkena igarota eta U-ontzien ehizaldi haren ostean Ernestek Europara egin gura izan zuen, gerra-kazetari jarduteko. Bada, zein berri-agentzia edo hedabide hautatuko zuen eta, bere emazte legezko Martha Gellhorn kontrataturik zeukan Collier's aldizkaria hautatu zuen. Ondorioz, Marthari lekua kendu zion, Aliatuen arauek fronteetan hedabide bakoitzeko kazetari bakarra onartzen baitzuten. Putakeria galanta, baina emazteak are galantago iritziko dio bera dinamitaz zamaturiko garraio-ontzi batean itsasoz egin duen artean bestea Ingalaterrara hegazkinez joan izanari.

        Txakurrari hezurrak eta emazteari gezurrak, 1944ko maiatzaren 13an itsasoz abiatu den emazteari jarri dion aitzakiak labur du buztana. Ezin ei da emaztekirik hegazkinetan sartu. Hala bada, New Yorkeko aireportuan bera bakarrik abiatu da Ernest Hemingway ospetsua. Aldiz, Ingalaterrako bidean Irlanda neutralean maiatzaren 17an lehorreratu den hegazkinetik pasaiariak irten ahala egia jakingo da. Hortxe da Gertrude Lawrence teatro izar ospetsua, frontetik gertuko eszenatokietan antzezteko prest. Prentsan horren berri ematean bere zurian agertu da Ernesten gezurra. Baina Martha Gellhorn artean itsasoan da, eta han ez da kazetaririk. Emaztea Londresera maiatzaren 28an iritsi zelarik kolpean jakingo zuen bere legezko senar Ernest Hemingwayk bitarteko hamabi egunetan han egindakoen berri.

        Hirira iritsi, senarrak auto-istripua izan duela jakin eta ospitalera egin du Marthak, arrapaladan. Han senarra ohean topatu du. Ustez egoera larrian. Ustez baino ez, buruaren inguruan bekokia erdi estaltzen dion bendajea badu ere ohe azpian botilak baititu, denetariko edari alkoholdun botilak. Istripuaren ondorioak eta ajeak estaltzeko diren, ala, beharbada, inguruan dituen askotariko lagunen zaratak moteltzeko diren, auskalo. Baina ez dira, inondik ere, auto istripuaren kalteak sendatzeko gomendatuak. Izan ere, auto istripua alkoholetan blai joatean izan zuen. Londres hamaika aldiz bonbardatuan, izuaren mende bizi zen Londresen, gizonak eta iskiluak hil ala biziko batailarako prestatzen diharduen Londres erituan, Ernest Hemingway edaten eta Mary Welsh kazetaria bere sarean harrapatzeko jokoetan eman zituen hamabi egun, Marthak U-ontzien itzalaren izuz itsasoan eman zituen egun berberak. Felix Areitio ezizenez Ermua maite ei zuen emazteari hortxe ahitu zitzaion ahitu beharrekoa.

        Beraz, Finca Vigían ez da Martha Gellhornen itzalik Felix Areitio Ermua segailak idazlea elkarrizketatu behar duen egunean. Ernest Hemingwayk lasai asko konta ditzake bere gerra-ibilerak. Inork ez dio aurka egingo. Ez eta elkarrizketako hitzekin batera argazkietako batean ageri diren militar amerikar biek. Argazkian, Ernest Hemingway eta militar biokin batera, Andres Untzain abadea dago, sotana eta guzti. Abadeak, eskuan jai-alaiko xistera duelarik, irribarre egiten du. Ernestek eta militarretako batek ere xistera bana dutenez, horien moldeari egiten dio barre, beharbada. Edo, nork daki, Ernestek kontatzen dituen handikeriei egiten die barre. Nolanahi ere, argazkiek erakusten dutenez, giro onean egin zen elkarrizketa. Eta beharko.

        «Egia esan, ez dakit nondik hasi», dio elkarrizketaren sarreran Felixek. «Kazetaritzaz ez dut ezer ulertzen. Cancha-ko lagun zintzoek nire lanbidearekin zerikusia duten jokaldi edo sekretuen berri ahoz eman nezan eskatu izan balidate, atakatik onik irteten jakingo nukeen. Baina eman didaten agindutxoa betetzea gogor egiten zait, oso gogor».

        Agindutxoa onartu izana nondik nora izan zen argitzen du gero Felixek. «Hilabete batez —dio— México frontoian jokatu nuen. Lehenengoetan erabat erraturik ibili nintzen, traketsago ezin, halako batean nire onera etorri nintzen arte. Bitartean, hango publikoaren aupada ez nuen behin ere falta izan, xalotasunez eta berotasunez tratatu ninduten, gehiegizkoez kasik. Horrexegatik onartu dut Cancha-ren eskaria».

        Mexikon jokatu zuen tartean pilota-hutsak ez zirenak ere egin zituen Felix Areitio ezizenez Ermuak. Cancha-n bertan ikusten denarekin bat, Palacio de la Pelota delako frontoia berriro zabaltzen zela-eta egin zen jaialdian parte hartu zuen. Horretan ez zuen askoren arteko beste baten zeregina egin, ez.

        1944ko irailaren 15eko Cancha-k erakusten duenez, jaiaren kariaz egin zen desfilearen buru ageri da, Mexikoko bandera lepoan gora; bere alboan doan Aedo pilotariak, berriz, ikurrina daroa. Beren abertzaletasunaren aldarria zen. Harmailetan jesarrita Jose Antonio Agirre lehendakaria dago, Euzkadi'ko Jaurlaritzako eta Mexikoko Euskal Etxeko zenbaitekin batera. Horra, bada, baskoen himnoa kantatzean Martha Gellhornen bihotza hunkitu zuena —gogoratu Night Before Easter—, Lehendakariaren aurrean desfilatzen. Bigarren Mundu Gerra Aliatuen alde erabaki zela-eta Euzkadi laster batean libre izango zelakoan ziren.

        Munduko Bigarren Gerra amaitu berri, Mexikoko euskaldun antifrankistek euren bizimodua aurrera ateratzen nahikoa lan badute ere, esperantzaren dantzan bizi dira. Aliatuen aldetik Francoren diktadura erditik kenduko dutela adieraziko dien keinuren baten zain dira, desfile horixe lekuko. Interbentzio ezaren aldeko indarrek Bilboko portua bokleatu zutenekoaz ahazturik, edo ahaztu guran, alferrik ekingo diote esperantzari. Bitartean, lagun giroan bizi direla esan liteke. Felix Ermuaren elkarrizketari begiratzea baino ez dago.

        «Hemingway nire laguna da, eta pilotari denena ere bai. Gizon lanpetua da eta, San Francisco de Paulako finkan sarturik denean anakoreta bilakatzen da. Orain abiada betean dihardu lanean. Luze ez dela iritsi zen Europatik, hango guda-zelaietara joana baitzen, halako mina eta samina eragin dituen gerra honen lekukotasuna biltzera».

        Ez daki ondo Felixek idatzi duenaren egiazkotasuna.

 

 

 

© Edorta Jimenez

 


www.susa-literatura.eus