Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Jesus Galindez

1937ko martxoa / Madril

 

Marichu, Madrilgo eusko jatetxea, gerra-korrespontsalak sarrien izaten direnetako leku bat da, Bar Miami eta Gran Víako Bar Chicoterekin lehian. Horretan kokatuko du Ernest Hemingway idazleak The Butterfly and the Tank —Tximeleta eta tankea— narrazioa. Artean Chicoteko jabea, faxista galanta, Donostian da, taberna kudeatzen dutenak langileak direla.

        Halako batean, Chicotetik Marichurenera joan eta hor dira Guadalajarako heroietako batzuk, Ortega buruzagiarekin eta Milicia Vasca Antifascistakoekin. Ez dira hango eusko bakarrak. Hango mahaietako baten inguruan jesarrita, Madrilgo beste eusko batzuk ere badira, baina beste pentsaera batekoak. Horien denen artean hogeita bat urteko gizon honezkero zaildu bat gailentzen da.

        Ileak eta bizarrak luze hazten utziak ditu horrek. Bere zereginen artean polizien bulegorik bulego eta txekaz txeka euskotarrak bilatzen eta, ahal delarik, askatzen ibiltzea denez gero, ez du deabruaren bizar hori egin nahi. Horretan frontetik etorri berriekin bat egiten duela esan daiteke. Baina bat egin, egin ere, garaitza ospatzeko poztasunean egiten dute. Topa egin behar dute.

        —Gaur nor haiz? Barbigoitia ala Barbilovitx? —galdetu dio Ortegak bizardun gazteari.

        Kokotsa zorrotz, begiak are zorrotzago, gazteari erabakimena begitartean igartzen zaio. Jesus du izena, eta Galindez da etxekoen aldetik.

        —Heuk nahi duana —erantzun du Jesusek, eta Ortega buruzagi militar komunista euskoak beste euskoak txamarran josita daroan ikurrinari begiratzen dio; ez da haren ezaugarri nabarmen bakarra.

        Txamarra arre eta higatuaren azpian lohia hartzeko mono horietakoa jantzita, praka barrenak zaldi-boten barruan bildurik eta kaki koloreko tabardoa lepotik belaunetaraino, azken horrek gerrikoan eskegita daroan pistolatzarra erdi ezkutatzen dio. Kalera irten behar duenean tabardoa itxi eta horra pistolatzarra ezkutaturik baina hantura itzel bihurturik. Baina hori kalera irteteko tabardoa estutu behar duenetan baino ez du ezkutatzen. Ikurrinagatik ez balitz, miliziano zaildua. Baina gazteak, ikurrinean ez ezik, txapelari eusteko moduan ere gura du igar dakion abertzalea dena. Horiez gainera, kriseilua ere badu hor alboan behean utzita.

        —Lainoa dagoenerako —Jesus Galindezek Ernest Hemingwayren begiradaren nondik norakoa harrapatu du, begira du-eta gazteak idazlea.

        Hura nor den argi galdetu izan balu jakingo zukeen haren berri idazleak. Madrilen 1915eko urriaren 12an jaioa, ametsez baino ez bada ere, Airako Haraneko Amurrioko sentitzen da. Lagunak dira, berriz, Jesus Galindezen benetako familia. Haren ama haurgintza minetatik bizirik irten ezinik hil zelarik, aita bigarrenez ezkondu baitzen, 1920an.

        Gaztearen heziketa sentimentalaren aldetik, aipatzekoa da hamahiru urte zituelarik Jesusek lehenengo ikurrina eskuratu zuela, eta aita haserretu egin zitzaiola-eta, armairu barruan arropen atzean eskegitzea erabaki zuela. Bihotzean atxiki izan balu moduan izan zen.

        Bihotza erdibitzeko moduan bizi izan zuen gaztaroa abertzale gazteak. Aitak nafar karlisten Hogar Vasco txokora eramaten zuen, berak berenez abertzaleen Euzko-Ikasle-Batzaren txokora egiten zuelarik. 35-36 urteetan zen. Orduan Hogar Vasco delakoak bazuen frontoia, bazuen txakolindegia, bazuen lorategi itzaltsua, bazituen joko-gelak eta bazituen dantzalekuak ere. Haatik, euskotar epelak ei ziren horkoak. Tentagarria lekua, dena dela. Gazteek, Galindezek berak aitorturik, horra ere egiten zuten. Hain zuzen ere, 1935az geroztik Hogar Vascoko txokoan beren bulego-gela badute gazteek. Eta gerra deiadarra zabaldu denean Galindezek ez du dudarik egin; bera, abertzaleen Euzko-Ikasle-Batzakoekin, baina Hogar Vascon.

        Galindez, gerra hasi denez geroztik Manuel Irujo eta Euzkadi'ko Ordezkaritza zaintzeaz arduratuko den Guardiako kidea da, lehenengo-lehenengotik, eta halako batean, gerraren bilakaerak horrelaxe aginduta, haren buru bilakatua da. Orain gagozen 1937ko martxoa baino lehen izan da hori.

        Bada, Marichurenean mahai batean Ortega, honen gizonetako batzuk eta Ernest Hemingway jesarrita, beste batean Galindez eta Guardiako kideak berdin eginda, agurra behintzat ez diote elkarri ukatuko, ez, ideologiaz alde banatan egon arren gerran lubaki berean diren euskoek, euskotarrek eta besteek. Eta Hemingwayk gazte hori ezagutu nahi izango du, batez ere gazte hori ere Guadalajaran ibilia delako.

        —Frontean egona? —Galindezek Ortegari erantzunik itxaroteko zera barik diotso.

        —Gu hemen, Madrilen, badakik —ezin dio egia esan.

        «Martxoko lehenengotako igande batez —idatziko du handik denbora batera Jesus Galindezek—, usadio nuen legez Guadalajarako herri bazterretara abiatu nintzen hornigaien bila. Egun hartan gure bilaketak kontrabando kontuekin nahastu ziren, hala da ze, gaua Cogolludoko frontetik gertuan zen Torrebelena izeneko herritxoan eman behar izan genuen. Goizaldeko hotzak izozturik genuen motorra abiarazi nahian genbiltzalarik, goiza argitzean, gorreria eragiteko moduko kanoiztatzeak harrabots-oihartzun egin zuen zerumugan. Gero, Alcala de Henarestik hurre, hantxe topatu genuen El Campesinoren kolumna, tanke eta kamioietan bidean gora abiadan Sigüenza aldera. Hirira sartu ginenean hantxe ziren gure zain, bihotza kolkoan».

        Hori horrela idatzi duen Ernest Hemingwayk ez daki El Campesino haren kolumnakoen artean euskal jatorriko Pako Garai kubatar internazionalista zela. Izango zuten, hala ere, biek elkarrekin horretaz hitz egiteko astia. Kuban, handik urte batzuetara. Eta nork daki, orain Marichurenean jesarrita direnen artean ere hortxe da Pako Garai bulartsua. Ernest Hemingwayk, ostera, bere kronikan idatziko duena du gogoan.

        «Jakina baitzen Guadalajara aldean erasoaldi bortitza joa zutena —idatziko du, han entzun bezala—, eta gure posizioak jausten zihoazena».

        —Jausi egingo zirelakoan izan gintuan denok —dio Ortegak.

        —Adarzabalak baino bizkorrago ihes egin zutela ziotek, ba —Jesus Galindezek Gorbeia inguruetako adarzabalak ote ditu gogoan, ala?

        —Bai —harro, Ortegak—; euren unitate higikorretako kamioi eta tanke harro handietan egin zitean ospa. Eta gure mutilak, milizianoak, negarrez, atzetik joan eta, zotz!, erbiak legez harrapatzeko egokieran izan arren azken kolpe hori jotzeko materiala falta genuelako.

        Ernest Hemingwayk adi entzuten ditu gizon bien artekoak. Madrilen denek dakitena da gerrakoak aditzea hark zein gogoko duen. Ernest Hemingwayk entzun egiten du, kilikaturik. Haren interesekoa ez da, ostera, ideien edo teorien arloan, ekintzen eremuan baino. Narrazioen guran bizi da, fronteetatik ahoz aho datozen kontuak ditu gogoko.

        Entzuteko duen gaitasuna gorabehera, Hemingway gerrako kazetari eskasenen artean izango da. Bataila jakin baten kontaeran bere burua beti hortxe erdian jarriko du, Guadalajarakoaren kasuan legez bera han izan ez bada ere. Gero gainera, gogoko izango du bonbardaketen ostean ikusiko dituen hanka galduez, lepo moztuez eta halako hestekokeriez idaztea. Nabarmenkerietarako joera du. Baina hori Madrilen laster batean ezagutuko dituen bonbardaketen ostean izango da. Orain hortxe da, Guadalajarakoak entzuten.

        Hemingway hortxe da, esku batean beti edalontzia ardoz beterik. Hortxe dira Galindezen guardiakoak ere. Hortxe Ortegarenak. Gerlari biek harro hitz egiten dute.

        —Erabateko porrota, ezta? —Galindezek.

        —Bai —Ortegak—. Guadalajara totalitarioen historiako orrialde beltza izango duk, behin eta betiko.

        —Eusko Miliziak han borrokatu ziren, ala? —galde egin du Hemingwayk.

        —Ez —Galindezek—, Unibertsitate Hiriko frontea estaltzen segitu zitean. Baina Guadalajaran, han izan zituan Nafar-Errioxar Miliziak, hantxe asaltoko guardiak, borrokan hilda erori zuan Agiriano kapitainaren agindupean, hantxe Irungo karabineroak, ume gorri batzuk, mobilizatu berri, eta hantxe izan zuen Andres Garcia Lacalle...

        Ezin izan du zerrenda zehatzago aletu Jesus Galindezek. Ortegak gazte haiez —ume gorriak, esan du Jesus Galindezek— hitz egiteko moztu du. Gobernuak, batailaren lehen egunean, 1932 eta 1936 urteen arteko kintoen mobilizazioa agindu zuen. Ordura arte Errepublikako indarrak bolondresez osatuak izan dira eta. Mobilizazioa azkarra eta zehaztua da. Menendez Pelayo ibiltokiko ateetatik kamioikadak gazte abiatu dira frontera.

        —Kanoi-haragia izan dituk —dio Ortegak, gazteleraz—, baina lehenengo egunetan haragi hil berriz oztopatu behar izan genuen lehenago faxistek zulatu ziguten lerroa.

        —Carne de cañón! —gaztelerazko beste esamolde bat ikasi du Ernest Hemingwayk. Bestela, bere gorrerian hura.

        —Tira! Hauetako batzuk —bere mahaikide milizianoak seinalatuz Ortegak— iraileko lehenengo egunetan Irunen defentsan izan ziren, nire moduan —karabineroen kapitaina zela gogoan Ortegak—, baina hura jausi ostean Frantziako muga...

        —Gurea —Galindezek.

        —...ba horrexen beste aldera eginda, neure moduan, Bartzelonara iritsi ziren. —Ortegak ez du haria galdu nahi—. Batzuk han geratu ziren, baina gehienak hona etorri ginen, Errepublikaren Hiriburua defendatzera —Ortegak ez du gogoan hartu nahi 1936ko azaroaren 6an Errepublikaren Gobernuak Valentziara alde egin zuela, eta huraxe dela orain Hiriburua—. Hemen orain kasik gauzaturik dugun ametsa ekarri genian: Madrilen defentsan borrokatzeko geure kolumna osatzea. Hemen gehienak basko marxistak gaituk. Gure kamarada ezagunena Lizarraga duk: hik ezagutzen duk, ezta, Jesus?

        —Denon artean faxismoa berton geldiaraziko diagu —ziria sartu du Hemingwayk.

        Pozez puztua den Ernest Hemingwayk ez ditu Errepublikak bere bidean dituen behaztoparrien berri zehatzegirik.

        Jesus Galindezek, bere baitarako baino ez bada ere, komunismoa geldiarazi behar dela pentsatu ote du? Gerran zehar beti bat etorriko da han ideologia denetakoek egindako lanaren garrantzia aipatzean. Oraindino ez dago antikomunista sutsu bihurtuta.

        «Euskoak madrildarren eta nazioartekoekin, Durrutiren anarkistekin eta Listerren komunistekin, lepoz lepo borrokatu ziren, eta asko hantxe hilik erori ere; denak elkarren anaia, askatasunaren aldeko batailan, denona zen batailan». Horrelaxe idatziko du gerora.

        Idatzi Jesus Galindezek, ez du pentsatu nahi literaturaren arloan inoiz Ernest Hemingwayk bezain ondo idatzi ahal izango duenik. Horrelaxe izango da, ostera. Gerraren lekuko ez ezik protagonista ere baden aldetik, beharbada.

        Galindezek sudurzuloak odol isuri berriaren usainaz beterik ditu. Sufrimendua du eskola, eta eskola horretako ikasgairik latzenak etortzeko dagoz.

        Urte asko geroago Espainia faxistako Armadak liburu batean idatziko zuenez, «Guadalajarako sua amatatu zenean —1937ko martxoaren 20a aldera— gerra espainolaren nondik norakoa gune kritiko batera iritsia zela esan liteke. Izan ere, erasoaldi nazionalaren porrotak Madril menderatzeko planak balio barik uzten dituela, borroka epe laburrean amaitzeko asmoa ere balio barik geratu zen».

        «Beste fronte eta beste helburu batzuetara jo beharra zegoen. Eta denbora ezertan galdu barik egin behar da hori, ordura arte Franco jeneralaren eskuetan izana zen ekimena ez galtzearren behinik behin».

        Norberaren bihotzak gora eragin eta etsaiaren gogoa birrindu, horra bidean zetorren erasoaldiak zituen helburuak. Haatik, kolpea Iparraldeko frontean jotzeak baditu beste helburu batzuk ere. Gizonen harrobia eta burdinen meategia den Bizkaia menderatzea erabaki dute faxistek. Lekuaren ezaugarri fisikoek erraztasuna ematen dute, bai, baina ororen gainetik han den batasun politiko eza bilakatu da hara jotzeko arrazoi nagusia. Faxistek idatzia.

        Faxisten planetan Bizkaia Iparraldeko Fronteko lehenengo jomuga bilakatu da.

        Bada, martxoaren 21ean Mola jeneralak Iparraldeko Fronteari ekin behar dio eta, amaitu dira horrezkero Marichureneko berbaldiak Jesus Galindezentzat-eta. Gau eta egun irratiari adi bizi behar da. Horrela, Guadalajarako garaitzaren osteko lehen astea bete ez zela, irratiak Durango piztikeriaz bonbardatua izan dela dio.

        Ernest Hemingwayk berean segitzen du. Martha Gellhorn andere fin-dotorearekin duen afera plazara irtengo da apirileko lehenetan. Bonben eraginez, hain zuzen.

        Bonben eragina! Apirilaren 6an Euzkadi Buru Batzarrarekin telefonoz hitz egitera iritsia dira Galindez-eta. Ahots hari mehe batek Otxandio faxisten eskuetara joan dela dio. Ekin egin behar zaio, ekin denean, baita Madrilen ere. Horretarako batasuna behar da.

        Galindezek berak idatziko duenez, «arratsalde batez Milizia Baskoen agintaritzak Euzko-Ikasle-Batzaren aspaldiko txistulari banda eskatu zigun. Ortegak-eta Madrilgo kaleetan barna desfilea egin nahi zuten».

        «Eta arratsalde hartan Hogar Vascoko frontoiko kantxan asteroko errelebora joatekoak ziren konpainia biak lerrotu ziren; hantxe ziren Irungo beteranoak, Boadilla eta Unibertsitate Hiriko heroiak, txamarretan ikurrina, euriek eta eguzkiek higatu eta kasik ezabatuak agerian. Egun batzuk geroago Instituto del Cancer haren aurrean hilko zen Azkoaga kapitainaren aginte-hotsaren menera, gizonak lerro ia zuzenetan paratu ziren, eta gure ikurrinak, Lur-Gorrik jaso zuen harexek, sakrilegio faxistaren egunean Hogarreko balkoian gora jaso genuen berberak, kolumnaren erdiko lekua hartu zuen».

        Egun horretan behinik behin Madrilgo kaleetan euskoen arteko batasuna arnastu da.

        «Ordubetegarrenean —idatziko du Galindezek— Puerta del Sol zeharkatu genuelarik ez-ohikoa zen jendetza batu zen espaloietan, eguraldiaren epela, eguzkia eta Garabitasko kanoien isilaldia profitatu nahirik, beharbada».

        Ez da hori, ostera, Ernest Hemingway eta Martha Gellhornen artekoa argitara etorriko den eguna, zinez. Ernest eta Martharena argitara etorriko den egunean Garabitasko kanoiek hots egingo baitute.

        Tom Delmer kazetariak idatzi bezala, Florida hoteleko ur beroaren galdaran granada batek leher egin du, eta hor irten dira denak geletatik abiadan, soinean zer izan duten horixe jantzita, beste mundura joateko ez baita arropen beharrik. Galdarak askatu duen beroarekin, gainera. Arrapaladan irten direnen artean hor dira ohaide egon direnak. Horiek binaka irten dute eta, horra Ernest eta Martha, biak logela berean egondakoak, pasilloan barrena elkarrekin abiadan.

        Bestela, ez dakigu egon ote ziren Eusko Milizien desfilea ikusten. Aditu ote zituzten txistuen hots zorrotzak, madrildarren jakingura eragin zutenak? Egun horretako kronikak azalduko duenez, madrildarrak kalera etorri dira, arin, frontera doazen ikurrindunak ikustera. Askoren bihotzek danbolinteroarena egiten dute, begietan behera negarra dariela.

        «Madrilgo herriak —idatziko du Galindezek— haren askatasuna defenditu zuten euskoei eta Aberriaren alde hilak ziren gudariei egiten zien omenaldia zen».

        «Eta "Gora Euzkadi!" aldarri egin zuten eztarri denek batean, uneko hunkidura biribilduz».

        Une bateko hunkidura, gerrate latz haren jarioetan. Egun batzuen buruan irratiak Galindezek inoiz aditu duenik eta berri latzena zabalduko du. Gernika bonbardaturik.

        Ernest Hemingwayk iturri onetik edango ditu hango berriak, gerora lagun izango duen norbait hantxe baita.

 

 

 

© Edorta Jimenez

 


www.susa-literatura.eus