Hamlet, William Shakespeare

 

Laugarren atala

 

 

LENBIZIKO AGERRALDIA

 

ERREGE, ERREGIÑA, ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira.

 

ERREGE: Orrenbeste zinkuriñek, orrenbeste asperen barnak zerbait esan nai dute. Azal ezaidazu, yakin bear dut eta. Nun duzu semea?

ERREGIÑA: Utzi gaitzazute bakarrean lipar batez. (ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irtetzen dira). Ai, ene yauna, nik ikusi dudana gaur!

ERREGE: Zer, Gerturde? Nola dugu Hamlet?

ERREGIÑA: Ero-ero eginda, itsasoa ta aizea nor geiagoka ari diranean bezelaxe. Bere bidegabeko oldarraz, estalki ostean zerbait igitzen zala aditurik, ezpata atera, «Sagu bat, sagu bat!» oiu egin eta, ostenik zegon agure ona iltzen du, bere zoramenduan.

ERREGE: Ori egite gorria! Beste orrenbeste gertatuko zitzaidan niri antxe egon ezkero. Bere askatasuna galbidetsua da guzientzat, zerorrentzat, niretzat, edozeintzat. Ene!, nola zuritu dezakegu egin odoltsu au? Niri ezarriko didate, gazte zoro ori uzkaldu, mugatu ta gizartetik aldendu ez dudalako, zabarkeriz. Baiña nire oneritzia ain aundia zan eta bide egokiena ez nun ikusi; eri lotsagarri bat izanik, ura estaltzeko, bere erdi-muiñaz elikatzen danaren antzera. Nora yoana da?

ERREGIÑA: Il dun gorputza baztertzera; ontan bere erasuna, mea zakar baten barrenean urre apur bat bezela, garbi agertzen da; egiñagatik negar dagi. [50]

ERREGE: Goazan, Gerturde! Eguzkiak mendien tontorra ukitzeneko, ontziratuko dut Hamlet. Aren egintza gaiztoa zuritu ta garbitzeko, berriz gure aginpide ta artezi guzia erabilli bearko dugu.

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sarten dira berriz).

 

          Adiskideak, zoazte biok, beste batzu lagun dituzutela. Hamlet'ek bere erokerian, Poloni il eta narrazean atera du bere amaren gelatik. Zoazte aren billa; eztiki itz egiozute ta gorpua otoigura eramazute. Lastertu zaitezte, arren. (ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irtetzen dira). Goazan, Gerturde, gure adiskide gurbillenei dei egin eta, gure asmoen eta ordu txarrean gertatu danaren berri emango diegu. Orrela, suagak artezkarrera bezain zuzen, lurbiraren bazterretik bazterrera bere zartada pozointsua egozten dun iraiñaren zurrumurruak, uts dagike gure izenari buruz, aize zauritu-eziña yotzen dula soillik. Oi, goazan emendik! Kezkaz ta ikaraz beterik dut biotza. (Irtetzen dira).

 

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko beste orzategi bat.

 

HAMLET sartzen da.

 

HAMLET: Ongi gordea. [51]

ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN (barrenean): Hamlet, yauna!

HAMLET: Ixo, zer da ots ori? Nork deitzen dio Hamlet'i? Oi, badatoz.

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira)

 

ROSENCRANTZ: Yauna, zer egin duzu gorputzillaz?

HAMLET: Aide zaion autsaz nastu egin dut.

ROSENCRANTZ: Esaiguzu nun dagon, bertatik atera ta otoigura daramagun.

HAMLET: Ez uste ori.

ROSENCRANTZ: Zer?

HAMLET: Zuen aolkua artzea ta ez neronena. Gaiñera, oragun bat niri galdeka etortzea! Nolako yardetsia emar bear luke errege-seme batek?

ROSENCRANTZ: Oraguntzat artzen al nauzu, yauna?

HAMLET: Bai yauna; erregeren eskerrak, aren sariak eta aginbideak edoskitzen dituna. Orrelako yauregikoek, ordea, azkenean dagiote beren morrointza onena erregeari. Onek tximuak bezela, bere matrallezur bazterrean gordetzen ditu. Ta edoski duzutena bear dunean, zuek lauskitu ta, ara berriz ere, oragunak legorrik.

ROSENCRANTZ: Ez dizut ulertzen, yauna.

HAMLET: Orretzaz poztutzen naiz; belarri zozoan, izketa maltzurra lotan.

ROSENCRANTZ: Yauna, gorputza nun dagon esan eta gurekin erregegana bear duzu.

HAMLET: Gorputza erregerekin dago, errege, ordea, ez dago gorputzarekin [52]. Errege gauza bat da...

GUILDENSTERN: Gauza bat, yauna?

HAMLET: ...utsezkoa. Argana nazazute. «Ezkuta zaitez, azeria; guziak zure atzetik».

 

 

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

 

Gasteluko beste egoitza bat.

 

ERREGE bere yarraigoarekin sartzen da.

 

ERREGE: Ura etortzeko ta gorpua billatzeko agindu dut. Bai dala galbidetsua gizon ori lokabe ibiltzea! Eta, ala ere, ez dugu on legearen gogorra ari ezartzea. Buruaz, ez-baiña begiaz abazten dun lagunabar zentzugabeak maite du, ta orrelakoetan, iraintzaillearen zigorkada aintzat artzen da, iraiña, ordea, iñoiz ez. Guzia gurbilki ta leunki eramateko, itsumustuko yoanaldi onek etabaida luze baten ondorea irudi bear du. Eri etsia, osabide etsiaz sendatzen da ala iñolaz ez. (ROSENCRANTZ sartzen da). Zer berri? Zer gertatu da?

ROSENCRANTZ: Yauna ezin idaroki diogu gorpua non yarri dun.

ERREGE: Bera non da, ordea?

ROSENCRANTZ: Atean, yauna; zaipean zuen aginduen begira.

ERREGE: Nigana ezazute.

ROSENCRANTZ: Guildenstern, sarr-erazi ezazu erregegaia.

 

HAMLET eta GUILDENSTERN sartzen dira.

 

ERREGE: Ots, Hamlet, non da Poloni?

HAMLET: Aparitan.

ERREGE: Aparitan! Non?

HAMLET: Ez yaten dun artan, yana dan lekuan baizik. Ar politikuen alako batzarra ari da orain arekin. Yangaietan arra dugu nagusi bakarra [53]. Gu gizentzeko beste abere guziak guritzen ditugu ta gure buruak gizentzen arrak guritzeko. Errege lodia ta eskale gerrena ez dituzu mai baterako yaki bat eta bi yatontzi baizik. Orixe duzu azkena.

ERREGE: Ene, ene!

HAMLET: Gizon batek, errege batetik yan dun arraz arrantzatu dezake; ta gero, ar artzaz elikatu zan arraiña yan.

ERREGE: Ta zer esan nai duzu orrekin?

HAMLET: Ezer ez, zuri erakutsi baizik nola errege batek egin lezaken bidaldi ederra noarroin baten esteetan barna.

ERREGE: Non da Poloni?

HAMLET: Zeruan. Bidaldu ara aren billa. Zure geznariak aurkitzen ez ba'du, zoaz zerori, ura billatzera beste lekura [54]. Egia esateko, ordea. illabete ontan yarrugitzen baldin ez ba'duzu gorapeko zurubia igotzean artuko duzu aren usaiña.

ERREGE: (Yarraigoko batzuri) Zoazte araxe aren billa.

HAMLET: Igurikiko du, noski, bitartean.

 

Yarraigokoak irterzen dira

 

ERREGE: Hamlet, gertari au dala ta —egin duzuna mingarri bezain maitagarri zaidan zerorren biziarren— urrutira bear duzu lasterrenik. Abia zaitez, beraz. Ontzia gerturik duzu, aizea aldeko, lagunak begira ta guzia England-erriruntz egiteko prest.

HAMLET: England-erriruntz?

ERREGE: Bai, Hamlet.

HAMLET: Ederki.

ERREGE: Orixe esango zenuke, nire asmoa ba'zenezagu.

HAMLET: Ba-dakust ura dakusan kerubin bat. Baiñan aurrera. England-errira! Agur, ama maitea.

ERREGE: Ta zure aita maitatzaillea, Hamlet?

HAMLET: Nire ama. Aita ta ama senar-emazte dira; senarra ta emaztea aragi bat; beraz, nire ama. Ots, England'era!

 

(HAMLET irtetzen da)

 

ERREGE: Zarraikiozute urbildik. Ekiozute laster ontzira dedin. Ez luzatu. Gau ontan bertan atera bear du emendik. Abia zaitezte! Egitekoari buruzko guzia egiña ta zildaikatua dago. Lastertu zaitezte, arren.

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN ilkitzen dira)

 

          Ta zu, England-erri, nire adiskidetasuna aintzat ba'duzu, —ta nire indar aundiak adirazi dezaizuke balio duna, Danemark'eko ezpatak egin zizun orbaiña gorri ta bizirik baitago oraindik eta zerorren bildurrak gure menpeko egiten zaitun ezkero—, ez artu motzean gure erabaki goiena; oni dagokiozan idazkiek argi adirazten dute Hamlet berealaxe il bear duzula. Egizu, England-erri, ark, sukar-miña bezela, nire odola erretzen baitu ta zuk sendatu bear nauzu. Egiña dala dakidan arte, nire zoria dana dala, ez da niretzat atsegiñik izango.

 

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Danemark'eko ordoki bat.

 

FORTINBRAS, BURUZAGI bat eta GUDARIAK sartzen dira.

 

FORTINBRAS: Zoaz, buruzagi. Eramazu nire agurra Danemark'eko erregeari. Esaiozu Fortinbras'ek apalik daskaiola aren yaurerrian barna agindutako igaro bidea. Ba-dazaguzu ikustokia. Errege yaunak itz egin nai ba'dit, nerau noakioke aren aginduak artzera. Esaiozu orrelaxe.

BURUZAGI: Egingo dut, yauna.

FORTINBRAS: Aurrera, urrats-urrats. (FORTINBRAS eta GUDARIAK irtetzen dira).

 

(HAMLET, ROSENCRANTZ, GUILDENSTERN ta beste batzu sartzen dira).

 

HAMLET: Yaun maitea, norena da gudarozte ori?

BURUZAGI: Noruai'ena, yauna.

HAMLET: Ta nora yotzen du, arren?

BURUZAGI: Poland'eko tokiren batera.

HAMLET: Nor du buru?

BURUZAGI: Fortinbras, Noruai'ko erregearen illoba.

HAMLET: Ta Poland'eko biotzera doa ala aren mugalderen batera?

BURUZAGI: Egia garbi esateko, bere izena beste onurarik ez dun lur zati txiki bat irabaztera goaz. Bost duketetan, bostetan ere, ez nuke nik akuran artuko. Ta ez lemaioke obari aundiagorik Noruai'ri edo Poland'i baldin salduko ba'lute.

HAMLET: Polandarrek ez dute aldeztuko, beraz.

BURUZAGI: Bai. Ba-daukate gudariz ornitua.

HAMLET: Bi milla bizik eta ogei milla dukatek ez dute utsezko auzi au erabakiko. Aberastasun eta bake geiegizko ankura da ori, barnean lertzen dana, ertuna zergatik ilten dan azaletik agertzeke. Anitz esker, zaldun ori.

BURUZAGI: Yainkoak lagun dagizula, yauna. (Ilkitzen da)

ROSENCRANTZ: Nai al duzu bide egin, yauna?

HAMLET: Zoazte aurretik. Laster zuenganatuko naiz. (Hamlet ez, guziak ilkitzen dira). Edozein gertari, nire aurkako aitorra ta nire apen nagiarekiko zirika dut? Zer litzake gizona bere bizitzako on aundiena ta ariketa nagusia loa ta yana baizik ez ba'lira? Iize bat, besterik ez. Yakiña, igazaldia ta etorkizunerantz ikartu dezaken gogo onen zabalez yantzi gaitun Ark, ez zigun adimen yainkotar au eman, gure baitan erabilterik gabez, erdoi zedin. Baiña, naiz oroitez ergela dala, naiz ondoreak zeatzegi ausnartzeko keska koldarren bat —eta ausnartze ontan iru laurden ditugu oillokeri ta laurden bat soillik zuurtza—, ez dakit zer dala ta oraindik bizi naizan esateko: «Egin bear dut ori», ura bururatzeko bultzagaia ta naimena ta indarra ta bideak ditudan ezkero. Lurra bezain agiriko erakusburuek aolkatzen didate ere. Orra or, gudarozte zenbatsu ta kementsu ori, burutzat erregegai gazte ta samur bat daukana; orren gogoak, aundinai bikaiñez beterik, iseka dagio ondore ikusi-eziñari ta ilkizun eta aldakorra dana, adurrak, eriotzak eta gaitzurreak al dezaketen guziari yartzen du, arrautz kusku batengatik. Izan ere, aundi izatea, ez datza iziogarri aundi gabe ez igitzean, izen ona galtzorian dagonean, uskeri batean liskar-bidea aundiki arkitzean baizik. Zer ari naiz, bada, aita illarazia ta ama orbandua euki ta, nire gogamen eta odolerako ziriok gora-bera, guzia lo egiten uzten dudan au? Anartean ba-dakust, nire alkerako, naikeri utsez ta ospe-gosez beren illobietara, ogeak bai'liran, laster dagiten ogei milla gizonoen eriotz urrena, burrukatzeko lekurik ezta illak eortzeko ere ezurtegi naikoa ez zaien lur zatitxo batengatik, gudukan ari dirala. Oi!, oraingotik nire bulkoak odolezkoak izan bitez ala ezdeusak!

 

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko gela bat.

 

ERREGIÑA, ORATI ta ZALDUN bat sartzen dira.

 

ERREGIÑA: Ez dut arekin mintzatu nai.

ZALDUNA: Isituki ari da; burutik yoana ematen du. Errukigarria da noski.

ERREGIÑA: Zer nai du?

ZALDUNA: Bere aita aipatzen du sarri. Gizartea azpikeriz yosia dagola dio; ta edozein uskerigatik adiaka, bular-yoka ta ostikoka ari da suminki. Erdizka baizik adirazpenik ez duten ezbaiko gauzak darausaz; bere mintzoera utsezkoa da. Baiña, bere zentzugabekeriak berak, oldeztun yarten ditu entzuleak. Auek asmaketan ari dira, beren gogamenai itzak egokitzen ditutela, bere keiñu, burbuiñoka ta eskuketaek adirazi lezaiokete edonori, ba-dagola zerbait, ezbaikoa izan arren, adirazpen okerrai leku ematen diena.

ORATI: On izango litzake ari mintzatzea, gogo gaiztoetan susmo galbidetsuak erein ditzake ta.

ERREGIÑA: Sar-erazi ezazu. (ZALDUNA ilkitzen da) (Berekiko). Nire gogo ertunak —obenaren egizko izaera orrelakoa baita—, edozein zizki-mizki, elkaitz aundiren baten aurretikotzat artzen du. Erruak, gibel-beldur antzegabez ain beterik dago ta, bere burua galdu beldurrez, galdu egiten du.

 

(ZALDUN sartzen da berriz OPELE'kin)

 

OPELE: Non dago Danemark'eko erregiña ederra?

ERREGIÑA: Zer duzu, Opele?

OPELE (kantuz):

                    Ene maitale kutuna,

                    nola ezagun zaitzaket?

                    —Kapel biribil, makilla

                    ta sandalien bidez.

ERREGIÑA: Oi, ene maitea, zer dala ta eresi ori?

OPELE: Zer diozu? Ez, adizu, mesedez (kantuz):

                    Il ta yoan zaigu, andrea,

                    il ta yoan egin zaigu;

                    burukotzat belarra ta

                    oiñetara arri bat du.

          Oi, oi!

ERREGIÑA: Baiñan, Opele...

OPELE: Adizu, arren (kantuz):

                    Mendi-elurra bezain zuri

                    bere il-yantzia duzu.

 

(ERREGE sartzen da)

 

ERREGIÑA: Ondikotz, begira, yauna!

OPELE (abesten du):

                    Ta illobira eraman zuten,

                    lorez ura apainduta,

                    aren maitalen negarraz

                    bustitzen zitutela...

ERREGE: Nola zaude, andere polit ori?

OPELE: Ederki. Yainkoak lagun dagizula. Ontza, okin [55] baten alaba omen zan. Yauna, ba-dakigu gerana, ez ordea, izan gaitezkena. Yainkoa bego zure maitara.

ERREGE: Bere aitari buruzko erokeriak.

OPELE: Arren, itz bat ere ez onetzaz. Galde baldin ba'dagizute, ordea, esazu au (abesten du):

                    —Biar, Deun Balendin [56]

                    yai-egunean,

                    emendik natorke

                    goiz-urratzean.

                    Zure leio-ondoan

                    neskatxa nauzu

                    zure Balendiñe

                    egin nazazun.

                    Ordun ark yeiki ta

                    arinki yantziz,

                    atea zabaltzen

                    dio neskari.

                    Ta au gelan sartuta

                    neskatx zalarik,

                    irtetzen danean

                    ez da orlakorik.

ERREGE: Opele polit ori!

OPELE: Zin-ziñez, itz nabarrik gabe, atzen emango dut (abesten du):

                    —Yosu ta Maitakuntza deunarren!

                    ai ene ta ni, au lotsa!

                    —Abagune euki ezkero, mutillek

                    oro egiten dute berbera.

                    —Egipen doillorra da, alafede!

                    neskak erantzun zun— oean ni

                    eratzan baiño len, ezkontzeko

                    itza eman baitzenidan benazki.

          Ordun mutillak:

                    —Ta orixe egingo nun, ala Yainkoa

                    oera ez ba'zintzakit etorri.

ERREGE: Noizdanik dago orrela?

OPELE: Guzia ongi yoango dalakoan nago. Egonarria izan bear dugu. Negar egin bear dut, ordea, an, lur otzean ipiñiko dutela gogoratuta. Nere nebak yakingo du, ta onela zuen aolku onagatik esker dagizuet. Ots, nere gurdia! Gau on, andreok gau on, andre maiteok; gau on, gau on. (Ilkitzen da).

ERREGE: Zarraizkiozute urbildik; ongi zain ezazute, arren. (ORATI irtetzen da). Oi, oiñaze barnekor batetiko edena dugu au, bere aitaren eriotzetik datorkio guzia. Ene Gerturde, Gerturde, dordoak datozenean, ez datoz bakoizka, barrandari antzo, taldeka baizik. Aurrenik, bere aita illerazia, gero zure seme yoana, beraren zuzenbidezko atzerraldiaren egillea; erria zalapartan eta Poloni onaren eriotzaz esan-mesaka. Asiberri bezela ari izan naiz ura itzalgaizka eortzi erazi ta. Opele gaisoa beretik irtena, bere sen argia galdua, ta ori gabe irudi edo abere utsak besterik ez gera. Buruenik, eta oriek oro bezainbatekoa dana, aren neba Frantzi'tik isilpean etorria dugu, bere arriduraz elikatu, odeiez inguratua, ta bere aitaren eriotzari buruzko esames izurritsuez bere belarriak kutsutzeko iskiñak ba-dauzkana; ta ontan itz egin bearrak, gairik ezean, ez du, belarriz-belarri, gu salatzeko kezkarik izango. Oi, ene Gerturde maitea, guzi onek, metralla zartada bat iduri, batean amaika eriotz ematen dizkit.

 

(Iskanbilla barruan)

 

ERREGIÑA: Ene, zer abarrots da ori?

ERREGE: Non dira nire Suizetarrak? Atea zain dezatela!

 

(Beste zaldun bat sartzen da)

 

          Zer duzute or?

ZALDUNA: Zure burua yaregizu, yauna, Itsasoak, bere ertzak gainditzen ditularik, ez du ondartza iresten oldar geiagoz, zure gudariak iges eragiten ditun matxiñada baten buru dan Laerte gazteak baiño. Lagunabarrek yauntzat artzen dute, ta gizartea yaio berria bai'litzan, edozein yabetzaren sendesle ta eusle diran aintziñatea ta oitura aztu ta ez yakin egiñaz, oiu dagite: «Autu dezagun gerok! Laerte dukegu errege!» Txapelek, eskuek eta mingaiñek aldarrikatzen dute odeietaraiño: «Laerte dukegu errege! Gora Laerte!»

ERREGIÑA: Bai pozik zaunka dagitela okerreko lorratzean! Galduan zabiltzate, Danetar zakur txarrok!

 

(Abarrotsa barruan)

 

ERREGE: Ateak autsi ditute.

 

(LAERTE sartzen da iskilludun eta danetarrak berekin)

 

LAERTE: Nun dago errege ori? Zaudete lekorean, yaunak.

DANETARRAK: Ez! sar gaitezan.

LAERTE: Utzi nazazute, arren.

DANETARRAK: Ongi bada, ongi bada.

 

(Ate ostera baztertzen dira)

 

LAERTE: Anitz esker. Zaindu atea. Errege zital ori, emaidazu nire aita!

ERREGIÑA: Nare zaitez, Laerte maitea.

LAERTE: Odol tanta bat narerik baldin ba'nu, berak nire burua sasikumetzat agertu, nire aitari adarduna deitu, ta nire ama donearen bekoki garbi ta aratzean urdangaren xakia irarri egingo luke.

ERREGE: Laerte, zer dala ta biurritza onen larri au? Utzazu, Gerturde. Ez izan bildur neri buruz. Ba-da Yainko bat, esi baten antzera, erregeak babesten dituna; salkeriak bere egingaia erdikusi baizik ez dagike; ezin du, ordea, ura bururatu. Esaidazu, Laerte, zergatik zaude orren sumindurik? Utzazu, Gerturde. Mintza, gizona.

LAERTE: Nun da nire aita?

ERREGE: Il da.

ERREGIÑA: Ez, ordea, aren eskuz.

ERREGE: Utziozu nai ainbat galdetzen.

LAERTE: Nola il zan? Berriketa gutxi yo neri. Deabruari menpetasuna ta zin-esanak! Sulezera zuzentasuna ta errukia! Aup dagiot inpernuari! Ez dit axolarik bizi onek ez ta besteak ere, datorrena datorrela. Nire aitaren eriotza osoro apendu nai dut bakarrik.

ERREGE: Ta nork eragotzi dezaizuke?

LAERTE: Nire naimenak, ez gizadi osoak. Eta nire eginbideai buruz, ba-dakiket aiek erabiltzen gutxirekin urrrutira yoateko.

ERREGE: Laerte zintzoa, zure aita maitearen eriotzazko egia zeatz yakin nai ba'duzu, idatzita ote dago zure asperkundean, bai adiskidea, bai etsaia, naiz irabazlea naiz galtzaillea, erabat ondatzea?

LAERTE: Aren etsaiak besterik ez.

ERREGE: Ezagun nai al dituzu, beraz?

LAERTE: Aren egizko adiskideai besoak zabalduko dizkiet onelaxe: ta bere bizia ematen dun utxorigorri [57] ona iduri, nire odolaz elikatuko ditut.

ERREGE: Seme on eta zaldun zintzoa legez ari zera oraingoan. Zure aitaren eriotzarekiko errugabe naizela ta argatik lor aundia dudala, egun argia begietan bezain zuzenik barrenduko zaizu gogoan.

DANETARRAK (barruan): Utziozute sartzen.

LAERTE: Zer duzute or? Zer zarata da ori?

 

(OPELE sartzen da berriz)

 

          Legor ezadazu burumuiña, sukar orrek! Iraungi ezazute ene begioen argia, malko zazpitan gaziok! Ala Yainkoa! zure erotasuna larrutik ordainduko da aztakin-orratza gure aldera makurtu arte. Oi, orrilla-lore, neskato kutun, arreba maitetsu, Opele ezti ori! Ene Yainkoa, neskatil samur baten adimena, agure baten bizitza bezain auskorra izan al diteke? Izaerak, maitasun gaietan bikain izanik, beraren emaitza ederren bat igortzen du maite dunarengana.

OPELE (kantuz):

                    Ilkutxan eraman zuten

                    aurpegia agirian.

                    Laralai, laralai, lalai,

                    laralai, laralai, lai;

                    ta aren illobi gaiñean

                    negar asko isuri zan.

          Agur, nere usakumea.

LAERTE: Zure senean egon eta aspertzera eragingo ba'niñuzu, ez niñuzuke orrenbesteraiño igi-eraziko.

OPELE (kantuz):

                    Abestu bean, bean,

                    dei egiozute bean.

          Ba; datorrela arira lelo ori. Etxezain zitalak ostu zun bere yabearen alaba.

LAERTE: Ezerez ori, itzaldi bat baiño geiago da.

OPELE: Emen duzu izkaroa gomutarako. Arren, oroi zaitez, maitea. Ta emen dituzu xagu-belarriak, gogamenetarako.

LAERTE: Ikasgai bat erotasunean; gogomenak eta oroiak elkar-artuak.

OPELE: Emen dituzu ezamillo ta laufrakak [58]. Emen bortusaia zuretzat, baita neretzat ere; esker-belarra deitu dezaioguke igandeetan. Oi, zuk, ordea, zure bortusaia [59] bestelaz eraman bear duzu. Or duzu idibegi [60] bat. Gogotik nemazkizuke zenbait sagubelar [61], baiña guziak zimeldu zitzaizkidan nere aita il zanean. Azken ona egin omen zun. (Abestuz):

                    Nere Robin zintzoa

                    nere poz guzia data.

LAERTE: Gogarteak eta larriak, oiñazeak eta inpernua bera, eztiz eta edertasunez yanzten ditu.

OPELE (abestuz):

                    Ta ez da berriz itzuliko?

                    ta ez da itzuliko ostera?

                    Ez, ez illik datzalako;

                    zure illobira zoaz,

                    ura ez da itzuliko ta.


                    Bizarra zun elurra antzo,

                    ta sapiñezko illea,

                    yoana da, yoana da alperrik

                    ari gera adiaka.


                    Aren gogoaz Yainkoa

                    errukitu dedilla!

          ta gogo kistar guziez. Orrelaxe daskaiot Yainkoari. Bera zuekin bego. (Ilkitzen da).

LAERTE: Ba dakusazu au, ene Yainkoa?

ERREGE: Laerte, utzi nazazu zure garbaikide izaten; bestela eskubide bat ukatuko zenidake. Zoaz berealaxe ta auta itzazu zure adiskide gurbillenen artean nai dituzunak eta aiek, bioi entzun eta erabakiko dute. Zuzen naiz zearka, erruden arkitzen ba'naute, nire yaurerria, nire buruntza, nire bizia ta ditudanak oro damazkizuket, zuzenbidezko ordaintzat. Bestela, egonarri apur bat izan ezazu, arren, eta biok zure gogoarekin batera oni bear zaion ordaintza emateko ariko gera.

LAERTE: Ala biz. Bere ilkerak, bere eortzeta isillak, gorpu gaiñean ez gudakiñik, ez ezpatarik, ez ikurdirik ez zeukala, elizkari nagusi ta erazko aokirik gabe, zerutik lurrera karraxika ari zait gertatua zorrozki aztertu dezadan.

ERREGE: Onela egin bear duzu. Ta iraiña non, aizkora araxe erori bedi. Zatoz nirekin, arren. (Ilkitzen dira).

 

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko beste egoitza bat.

 

ORATI ta MORROI bat sartzen dira.

 

ORATI: Nortzu ote dira nirekin mintzatu nai duten oriek?

MORROI: Itsas-gizonak, yauna. Zuretzako idazkiak ditutela diote.

ORATI: Sar ditezela. (MORROIA ilkitzen da) Ez dakit zein lurraldetik artu dezakedan berririk, Hamlet yaunagandik izan ezik.

 

ITSAS-GIZONAK sartzen dira.

 

LENBIZIKO ITSASGIZONA: Yainkoak lagun dagizula, yauna.

ORATI: Baita zuri ere.

BIGARREN ITSASGIZONA: Egingo du, yauna, bere naia ori ba'da. Ona emen zuretzako eskutitz bat; Englanderrirako zan mezudunarena duzu, zure izena Orati ba'da, esan didatenez.

ORATI (irakurtzen): «Orati, au irakurri baikoz, erregeagana itzazu lagun oriek; arentzako idazkiak ditute ta. Itsasoko bigarren eguna gabe, gudarako oso ongi orniturik itsas-lapur bat asi zitzaigun yarraika. Aizoialez motelegi giñala ikusiki, ezin bestez biotza artu genun, eta ontzien elkar yotzean etsaienera nintzan. Une berean, gure ontzitik azkatu ziran ni bakarrik aien atxillo gelditu nintzalarik. Biotz oneko ebasleak izan dira niretzat, zegitena ongi ba-zekiten ere, ordain ona eman bear baitiet. Erregeren eskura itzazu bialtzen dizkiodan idazkiak eta zatoz nigana, eriotzari iges ba'zenegio bezain ariñik. Mintzul utziko zaituten itzak egingo dizkizut belarrira; ta alaz ere, ariñegiak izango dira gaiaren garrantzirako. Lagun on auek ekarriko zaitute naizan lekura. Rosencrantz eta Guildenstern, England'erako bidean yarraitzen dira; ba-dut asko zuri yaulkitzeko aiei buruz. Agur Zurea dakizuna. Hamlet».

          Goazan, nik bidatuko zaituzt, idazki oriek eskura ditzazuten eta alik lasterren ibilli, eman zizkizutenagana naroazuten. (Irtetzen dira).

 

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko beste gela bat.

 

ERREGE ta LAERTE sartzen dira

 

ERREGE: Orain zure barneak nire zuribidea onartu ta zure biotzak adiskidetzat artu bear niau. Aditu baituzu, belarri zoliz, zure aita zintzoa il zuna, nire biziaren billa zebillela.

LAERTE: Ba-dirudi orrela. Baiñan, esaidazu, zergatik ez zenun zuzenbidea egin, egipen orren larri ta gaizkiñari buruz, zure segurantzak, zure gurbiltasunak, gauza guziak, artara sendoro bultzatu bear ziñutenez?

ERREGE: Bi gauza berezigatik, zuretzat aulegiak, bearbada, niretzat, ordea, oso sendoak diranak. Erregiña, aren ama, ura begiratzeko baizik ez da bizi, ta nerekiko, —naiz dala nere indarra, naiz nere zorigaitza— erregiña nere bizi ta gogoari ain elkarturik dago ta, izarra bere bidean baizik ezin dabilken bezela, ni ere ezin nenbilke ura gabe. Agiriko ebazkuntzara ez yotzeko dudan beste zioa, erriak arenganako dun maitasun aundia da. Aren utsak oro bere maitasarrez urtatu ta, egurra arri biurtzen dun iturri ura [62] iduri, aren oinbillurrak donetuko bailituke. Orrela, nere geziak, aize ain gogorrerako etenkorregiak, yomugara bearrean, nire arranbelara itzuliko lirake.

LAERTE: Nik, ordea, aita zindoa galdu ta, —zanari gorespenak ba'dagokie—, aren betegintzarrez gizaldi guzi ontan garaia zeraman arreba bikain bat etsiak arturik daukat. Baiña nere asperraldia etorriko da.

ERREGE: Ez galdu loa orrengatik. Ez uste gaitzurreak nere bizarrari dardar eragiten dionean ori yolastzat artzeraiñoko gai belaxkazkoa naizanik. Laster dakikezu geiago. Zure aita maite nun, bai ta nere burua maite dut ere ta onek, nik uste, adiraziko dizu...

 

(GEZNARI bat sartzen da)

 

          Zer duzu? Zer da berri?

GEZNARI: Hamlet'engandiko idazkiak, yauna. Au zerorrentzat; au erregiñarentzat.

ERREGE: Hamlet'engandikoak! Nork ekarri ditu?

GEZNARI: Itsasgizon batzuek, yauna, diotenez. Nik ez ditut ikusi. Kauldi'k eman dizkit, ekarri zitunarengandik artu ta.

ERREGE: Entzun bear duzu, Laerte. Yoan zaitekez: (GEZNARIA ilkitzen da) (Irakurtzen) «Yaun goi ta altsu ori; yakizu larrugorri zure yaurerriratu nautela. Biar zure errege-begien aurrean agertzeko baia daskaizuket eta ordun, artarako zure onespena arturik, nire bat-bateko itzulpen bakanaren goraberak azalduko dizkizut. HAMLET».

          Zer esan nai du onek? Beste gaiñerako guziak ere itzuli ote dira? Ala gezurren bat da ta ez dago orrelakorik?

LAERTE: Idazkera al dazaguzu?

ERREGE: Hamlet'ena da. «Larrugorri». Ta emen idazkipe ontan «Bakarrik» dio. Azaldu al dezaidazuke au?

LAERTE: Zurriburri utsa naiz, yauna. Baiña datorrela. Nere biotz aunatua zuzpertzen da, bizi naizelako usteaz, ari sudurrera emateko: «Auxe egin dek».

ERREGE: Ori orrela ba'da, Laerte, —baiña nola ote liteke ori? Nola bestela? Nai duzu nik zu zuzentzea?

LAERTE: Baiki, yauna, baldin onezkoak egitera beartzen ez ba'nauzu.

ERREGE: Onezkoak zure buruarekin. Baldin bere bidea galdu ta ari ekiteko gogorik gabe orain itzuli ba'da, dagoneko buruan ondurik daukadan sare batera yoan eraziko dut eta artan erori bearra da. Aren eriotza dala karia, ez da aopaldi-otsik nabarituko ta aren amak berak ukatuko du maltzurkeria, ura ustegabetzat arturik.

LAERTE: Zure agindu pean nauzu, yauna, ta are gogotikago, ni egilletzat artuko ba'niñuzu.

ERREGE: Arira dator ori. Zure yoanalditik asko mintzatu da zutzaz, ta ori Hamlet'en aurrean nagusi omen zeran trebetasun bat dala ta ez dala. Zure tasun guziek elkartatuta ez zuten arengan ernarazi, nere iritziz azken maillekoa dan orrek aiña bekaitz.

LAERTE: Zein antze da ori, yauna?

ERREGE: Gaztetasunaren kapel-begizta uts bat; bearrezkoa, ordea. Gazteai yanzten dituten apain zirtzil eta ariñak ez baitagozkie txarkiago, osasun eta benetasuna damazkieten larruak eta soingañekoak adin andikoai baiño. Orain bi illabete dirala, Normandi'ko zaldun bat izan zan emen. Ongi ezagunak ditut nik prantzitarrak aien aurka gudan ibilli ta. Zaldizko trebeak dira. Arako zaldun ura, ordea, arrigarria zan ontan; zaltokian tinkatu ta ikustekoak eragiten zizkion zaldiari, abere azkarrarekin bat egin eta aren izakide zala iruditzeraiño. Itzul-murgilka ta alakuetan, amestu nezaken guzia, zegiñaren azpitik gelditzen zan; ainbesteraiño gaindiatu zun nere gogamena.

LAERTE: Ta normanditarra al zan?

ERREGE: Normanditarra.

LAERTE: Lamond zan ori, lepoa egin nezake.

ERREGE: Berbera.

LAERTE: Ongi ezaguna dut. Izan ere, bere erri guziko pitxi ta edergaillua da.

ERREGE: Zutzaz mintzatu zan, eta ezpataketaren artezi ta ekintzan, gerrenaz bereziki, duzun trebetasun osoa ainbeste goraipatu ta esan ere zun, ikusgarri bat izango litzakela, zuri aurka egiteko iñor ba'dago. Bere erriko ezpataketariek, berak zin zegin, ez zeukaten oldarrik, ez zainbiderik, ez begirik zure aurka ari ziranean. Zaldunaren esanak ainbesteraiño edendu zun bekaitzez Hamlet eta ez zan zure itzulze lasterra opatzez eta eskatzez aspatzen, zurekin ezpatan aritzeko. Ontatik bidea artuz...

LAERTE: Zein bide, yauna?

ERREGE: Laerte, maite al zenun aita ala oiñaze baten irudi utsa zera, aurpegi biotz gabeko bat?

LAERTE: Zer dala ta galde ori?

ERREGE: Ez dut uste, iñola ere, aita maite ez zenunik, alabaiña, maitasuna aldiaz sortzen dala ba-dakit, eta aldiak arragoaldietan aren sua ta txinparta eztitzen ditula ba-dakust ere. Maitasunaren garrean berean, ura itzaliko dun muku edo geldo mota bat bizi da. Ezer ez da betirauneko ontasunean dagonik, ontasuna, bada, larregi geituz, beraren, gainditzeaz ilten da. Egin nai genukena, nai dugun une artantxe egin bearko genuke, «nai» orrek aldatu ta aurkitzen ditun mingain, esku ta gorabera bezainbeste urritze ta luzapen artzen ditulako, ta orden «bear» ori, arintzeaz min ematen dun asperen ondagin [63] bat bezelakoa da. Baiña, zauriaren min-miñean uki dezagun. Hamlet itzuli da. Zer egingo zenuke aitaren semetzat zure burua erakusteko egipenetan ez itzetan?

LAERTE: Elizan ari lepoa moztu.

ERREGE: Iñongo lekuk, deunenak ere, ez luke egiz, eriotzegillea gerizpetu bearko. Apenak ez du rnugarik eduki bear. Baiña, Laerte, maitea, nere esana egizu; zure gelan sartuta zaude. Hamlet'ek eldu ta, zure itzultzearen berri izango du. Nik bidaliko diot zure trebetasuna goraipatu ta prantzitarrak eman zizun aipua berrituko duna; azkenik, biok aurrez-aurre yarri ta bata ta bestearen alde ixpixoa egingo dugu. Entzinkor, guziz zindo ta malmuzkeririk gabekoa izanik, ez ditu berak ezpatak aztertuko, ta orrela, errazki edo amurru pizka batekin, izkillu zorrotz bat auta dezakezu ta, yokada trebe batez, zure aitaren eriotza ordain-eraziko diozu.

LAERTE: Orrelaxe egingo dut eta ortarako nere ezpata zitalkatuko ere, sasi-osalari bati erosi nion gantzurrin batez. Ontan bustitu aiztoak odola atera ezkero, iñongo txaplatak, bikaiñenak ere, naiz ta illargi azpian indarra duten belar guziez atondua izan, ezin gaizka dezake eriotzetik aren arramazka uts bat artu duna; alakoxe eriozkoa da. Kutsatuko dut nere ezpatamuturra eden artaz, ura arramazkatze utsaz il dezan.

ERREGE: Ausnar dezagun au geldiroago. Aztatu ditzagun gure asmorako egoki diran muga ta bideak. Ark uts ba'legi, ta, gure antzegabez, gure egikizuna agertuko ba'litz, obe genuke ari ekin ez izana. Asmo onek, beraz, beste bat eduki bear du ordaintzat, artarako litzakena lenbizikoak uts egin ezkero. Geldi! Dakusagun. Ixpixo aundi bat egingo dugu bioen esku-egokitasuna dala ta ez dala. Banago ortan! Eragitearekin bero ta egarri izango zeratenean —ta ortarako zure erasoak gogorrenik egiten alegindu bear duzu—, edatera eskatuko dunekoxe, edontzi bat gertu izango diot eta artatik zurrupatzeaz beste gabe, alabearrez zure ezpatakada iratsuari iges ba'dagio ere, gure asmoa beteko da. Baiñan, ixo! Zer zurrumurru da ori? (ERREGIÑA sartzen da). Zer da, bada, erregiña maitea?

ERREGIÑA: Elkaitz bat beti dabil beste baten orpoz-orpo, ain ondozka datoz. Zure arreba ito da, Laerte.

LAERTE: Ito! Oi, nun?

ERREGIÑA: Lats baten ertzean makurturik, ba-dago sarats [64] bat bere orri zuriskak leiarrezko uiñetan irudikatzen dituna. Aratu zan Opele, irribelarrezko, asunezko, burupillezko ta gure artzain lasaiek izen zakar batez ezagunak, baiña gure neska garbiek il-beatzak [65] deitutako lore luze, gorri orietzazko txortaz apaindua. Adarretan gora zioala, aietan bere basalorezko buruntza eskegiteko, kima saltzaille bat zarratatu ta, bere larre-apaiñekin batera, lats negartian erori zan. Bere yanzkiek, baranoan zabaldu ta, nayade bat iduri, ur gaiñean eduki zuten oldar batez. Anartean antziñeko eresi atalak abesten ari zan, beraren zorigaitza ez dazaguna bezela edo uretan bizitzeko yaioa dan izaki baten antzera. Ori, ordea, ezin luzatu; yantziek beren edariaz aztun egin eta zorigaiztokoa narreztu zuten aren soiñu gozoetatik eriotz loitsu batera.

LAERTE: Ai ene! Itoa da, beraz?

ERREGIÑA: Itoa, itoa.

LAERTE: Ez negarrik; naikoa ur duzu-ta, Opele gaiso ori. Oitura dugu au alaz ere; izaerak bere legeari men dagio, naiz ta lotsak nai duna esan. Negar au atertu dedinean, ez da nigan emakume zantzurik geldituko. Agur, yauna. Ba-ditut suzko itzak, laster gartuko lirakenak, aulkeri onek itzaliko ez ba'litu: (Irtetzen da).

ERREGE: Garraizkion, Gerturde. Lanak izan ditut aren sumiña gozatzeko! Ezbear onek berriz aixatuko ote dun beldur naiz. Garraizkion, bada. (Irtetzen dira).

 

 

 

50. Erregiñak gezur dio bere semea zuritzeko. Ba-dakigu Hamlet'ek ez dula egin orrelako damu-negarrik.

51. Poloni'ren gorpuaz mintzo da Hamlet.

52. Adigaitzak ditugu itz oriek. Hamlet bere buruarekin mintzo da; ortik datorkigu illuntasuna.

53. «Yan-gaietan arra dugu nagusi bakarra» («Your is your only emperor for diet») Ba-dugu emen euskerara biurtzeko eziña zaigun itz-yoko bat. Sbekespeare'k, Worms'eko dieta espetsua ukitzen du. Batzar ortan (1521' garren urtean) eta Karla V'gana (emperor) maipuru zala, Luter agertu zan bere targoa zuritzeko.

54. «Beste lekura». Sulezea.

55. England-erriko ipuin zar batek dionez, okin baten alabak ogia ukatu zion Yesu'ri ta onek ontza biurtu zun aren txarkeria galentzeko.

56. «Balendin Gurena», (Otsaillaren 14'gna.) neska-mutillek elkarri maitasuna agertzeko eguna da. Antziñeko oitura zan ori lurralde askotan eta oraindik bizi da England-errian.

57. Utxorigorri. Antziñeko ziñestea zan utsorigorriak (pelikanoak) bularra mokoaz urratu ta bere kumeak beraren odolaz elikatzen ditula.

58. Ezamillo (hinojo) ta laufrakak (aguileñas). Ezkontza-saldukeriaren irudia.

59. Bortusaia (boskoitz: ruda), garbaia adirazten du.

60. Idibegi (margarita); aizunkeri ta gezurraren irudia.

61. Sagubelarrak zintzotasuna adirazten du.

62. «Egurra arri biurtzen dun iturri ura». Latsun edo kareiturburuak ikutzen ditu. Zura uretan bustitzean, kararri egiten dala uste izanik.

63. «Asperen ondagin». Shakespeare'ren aldian, asperenek biotzari odola kendu ta bizia laburtu egiten dutelako ustea zuten.

64. Saratsa, zorigaiztoko maitaleen zugatza da.

65. «Il-beatzak». Ontatik eta len ikusi ditugun Opele'ren zenbait esakuntzatik, onen zorakerian maitasun-griña (manía erótica) ba-dagola ikusi diteke.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 

 

Hamlet, William Shakespeare
Antzez-lagunak / Lenbiziko atala / Bigarren atala / Irugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Itzaurrea / Antzerkiaren aria / Iztegia

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus