Hamlet, William Shakespeare

 

Bigarren atala

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

POLONI'ren etxeko gizategi bat.

 

POLONI ta ERREINAL sartzen dira.

 

POLONI: Emazkiokezu diru au ta idazki auek, Erreinal.

ERREINAL: Bai, yauna.

POLONI: Gurbil-gurbilki ariko ziñake, Erreinal on ori, ura ikusi baiño len aren ibilbidearen berri artuko ba'zenu.

ERREINAL: Orrelakoxe asmoa nun, yauna.

POLONI: Ongi esana, alajaiña!; guziz ongi esana. Adizu, adiskide: aztondatu aurrenik zein ta zein danemarkar dauden Paris'en; nortzu diran, nola ta non bizi diran, zelako bizibideak, nolako lagunak eta zeinbateko igorpenak dituten. Itzulinguru ta zear-itaun auen bidez, nire semea ba-dazagutela yakiñik, zerorren galdekuntzaz baiño askoz geiago aurreratuko zera. Egizu aurpegiz ezaguna duzulako irudia, esanaz, esate baterako: «Bai, ezagunak ditut aren aita ta adiskide batzu, bai ta ura ere pixkat». Oartu al zera, Erreinal?

ERREINAL: Bai, yauna, oso ongi.

POLONI: «Bai ta ura ere pixkat» ; «ez ongi, ordea», esan dezakezu. «Baiña alako uste dudan ura baldin ba'da, txoriburu aundia da ta ontara edo artara oso emana»; ta emen egotziozu gogoak ematen dezaizun bezainbat gezur; ez ordea, gerendu lezaken doillorkeririk. Begira gero orri ta gazte buru-yabeek oi dituten zorakeri, txoriburukeri ta utsetatik ez igaro.

ERREINAL: Yokoa bezela, yauna?

POLONI: Bai edo edaria, ezpataketa, biraok, liskarrak, ematxarrak; onaiño luza zaitekez.

ERREINAL: Orrek laidotu lezake, yauna.

POLONI: Ez, alafede, zure salakuntza gozatzen ba'dakizu. Ez ezarri ari beste muetako utsik, lizunkerira emana dala edo orrelakorik. Ez dut ori esan nai. Erakutzizu, ordea, aren utsak arteziz, buruyabetasunaren geikeriak, gogo sutsu baten oiñaztargi ta zartadak, odol ezigaitz baten oldarrak baiño irudi ez ditezan.

ERREINAL: Baiña, nire yaun ona...

POLONI: Zertako dan guzi ori?

ERREINAL: Bai, yauna, yakin nai nuke.

POLONI: Auxe duzu, bada, nire asmoa, malmuzkeri uts-gabekoa, nik uste: nire semeari orban oriek egotziz, erabiltzeak loituxetako gauza bat bai'litzan —gomazu— aztertu nai duzun zure mintzaidea, gaztea aitatutako okerkerien ogendun dala etsita ba'dago, zurekin bat etorriko da esanaz: «Nire yauna» edo orrelako zerbait; edo «Adiskide», edo ta «Zalduna», lagunaren eta erriaren mintzoera edo izengoitia nolakoa dan.

ERREINAL: Ederki, yauna.

POLONI: Eta ordun, adiskide, ori ba'dagi..., ori ba'dagi... zer esateko nengon ni? Aladonea? zerbait esateko nengon... non gelditu naiz?

ERREINAL: «Nerekin bat etorriko dala» esanaz: «Ene adiskide» edo «Zalduna edo orrelako zerbait».

MARKEL: «Zurekin bat etorriko dala» bai, orixe. Ba-datorke zurekin bat ontan: «Zaldun ori ezaguna dut; atzo edo lengo batean, onelako edo orrelako aldian, onekin edo arekin ikusi nun eta, diozunez, yokoan ari zan; antxe idoro nun zurrutetan beste aldean pilotan eztabaidaka; edo, bearbada: «alako etxean, videlicet, urdangetxe batean edo, sartzen ikusi nun. Ikusazu, bada, gezurraren garrangaz egiaren amurraia atzitzen duzu. Onelaxe guk, lagun zentzudun eta oartun geranok, inguruka ta saieska oldartuz zuzenbidera yotzen dugu. Orobat zuk, aire aolku ta irakaspen zurren bidez, nire semearenera yoko duzu. Nire esanaz yabetu al zera?

ERREINAL: Yabetu egin naiz, yauna.

POLONI: Zoaz, bada, Yainkoarekin, eta ongi ibilli.

ERREINAL: Nire yaun ona.

POLONI: Aren yaierak azterkatzen ari zaitez.

ERREINAL: Orixe egingo dut, yauna.

POLONI: Ta bere gogora yosta dedilla.

ERREINAL: Bai, yauna.

POLONI: Agur (ERREINAL irtetzen da).

 

OPELE sartzen da.

 

POLONI: Zer da ori, Opele? Zer berri?

OPELE: Ene, yauna, nik dudan izua!

POLONI: Zer dala ta? Mintza, arren.

OPELE: Yauna, nere gelan yosten ari nintzala, Hamlet yauna aurkeztu zitzaidan burutsik, soiñekoa lazatuta, galtzerdiak zikin, lokai gabe ta orkatilla gaiñera eroriak, oinbillurrak'iduri; zurbil, bere alkandora bezela, bere belaunak elkar yoka ta aurpegian alako oiñazezko aierua zeukala, gorriak iragartzeko sulezetik igesia bai'litzan.

POLONI: Zure maitasunarren burutik egiña?

OPELE: Ez dakit, yauna; baiñan orren beldur naiz.

POLONI: Zer esan zizun?

OPELE: Eskumuturretik eldu niñun, gogor estutuz; alde egin zun gero, bere besoaren luzeran eta, beste eskua bekoki gaiñean onela yarrita, nere aurpegia aztertu zun adi-adi, irudi egin nai bai'luken. Luzaro egon zan orrela. Gero, nere besoa legunki astindurik, eta onela irutan buruari goitik bera eragiñaz, bere izate guzia zatikatu ta bere biziaren amaira iritxia zala zirudin; alako asperen barna ta mingarria egin zun. Berealaxe, utzi egin niñun eta, bizarra lepoan, ateruntz yoan zan, begien laguntza gabe, ta azken uneraiño aiek neregan tinka zitularik.

POLONI: Zatoz nirekin. Errege ikusi bear dut. Maitasunezko zorakeria da au, beraren indarraz bere burua ezerezturik, zentzugabeko ekintzetara naimena daroana, gu nekerazten gaitutenetako edozein griñak baiño geiago. Damu naiz. Itz gogorren bat esan al dizu oraiñago?

OPELE: Ez, yauna. Agindu zenidanez, ordea, aren idazkiak itzuli ta neregana urreratzea eragotzi egin diot.

POLONI: Orretxek zororazi du. Garbai naiz ardura ta zentzu geiagoz ura oartu ez izana. Zu galtzeko asmotan baizik ez zebillala ta beldur izan nintzan. Baiña madarikatuak nire susmoak! Ala Yainkoa, gazteai zentzugabe izatea bezain berezko zaigu gure adiñekoai, gure iritzietan lerrotik aragotzea. Goazan erregegana. Yakin bear du guzia. Maitasun au estaltzeak naigabe geiago ekarri baititzake, bere agertzeak gorroto baiño.

 

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko areto bat.

 

Turutotsa, ERREGEA, ERREGIÑA, ROSENCRANTZ, GUILDENSTERN eta laguntza.

 

ERREGE: Ongi etorriak, Rosencrantz eta Guildenstern maiteok! Zuek ikusteko genun gogo biziaz gaiñera, zuen laguntzaren bearrean ba-gaude ere: orregatik eratorri zaituzagu eriosuar. Ba-duzute noski, Hamlet'en aldatzearen berri. Onela diotsat, ez barrenean, ez azalez, ez dalako zanaren antzekorik. Ezin iduri dezaket zer ote liteken, bere aitaren eriotza ez ba'da, orrela burutik eragin duna. Eskatzen dizuet, arren, bioi, txiki-txikitatik arekin azi ta zuen gaztetasun eta atsegiñetan orren aldekoak zatzazkioten eskero, emen gure yarraigoan egoteko aldi batekoz. Lagundu ezazute, atsegiñetara zirikatu ta, garaiak eskeiñiko dizkizuen zantzuak oro bilduz, atsekabetzen dun isil-gaitzaren berri eman dezaigukezute; ura agertu ezkero, senda dezakegun.

ERREGIÑA: Zaldun onak, bera asko mintzatu da zuetzaz, ta etsita nago ez daudela ludian bi gizon maiteago ditunik. Zuen gizabide ta gogo ona agertuta, gurekin aldi bat igaro nai ba'duzute gure itxaroa bizkortu ta zuzpertzeko, zuen gizakerak, errege baten biotzari dagokion eskarrona artuko du.

ROSENCRANTZ: Zuek, errege-erregiña oriek, gure yaun eta yabeak zerate ta zuen nai itzalgarriak agindutzat dauzkagu; ez dago arren bearrik.

GUILDENSTERN: Gertu gaude biok men egitera, ta emen gauzkazute, oso ta bizi, zuen oiñetan agindu dezaguzutenerako.

ERREGE: Eskerrik asko, Rosencrantz eta Guildenstern zintzo ori.

ERREGIÑA: Eskerrik asko, Guildenstern eta Rosencrantz zintzo ori. Nere geiegi aldatutako semea ikusazute, arren, laster. Zoazte, zuetako batzu, ta bidatu zaldun auek Hamlet dagon lekura.

GUILDENSTERN: Yainkoak naiko al du gure lagungoa ta ardurak atsegin eta on dakizkiola.

ERREGIÑA: Bai; ala biz!

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irtetzen dira yarraigoaren lagun batzukin).

 

POLONI sartzen da.

 

POLONI: Nire yaun ona, geznariak poz-pozik itzuliak dira Noruai'tik.

ERREGE: Beti izan zera berri zorionekoen aita.

POLONI: Benetan, yauna? Egitzat euki; nire bakaldun on orrek, nire morroi-lan guziak, nire gogoa bezela, Yainkoari ta nire errege maiteari eskeintzen dizkiedala, ta, nire bururnuin onek, oi bezain eskierki, azpikeri baten aztarnak artzen aztu ez ba'du, Hamlet'en zorotasunaren egizko erroa atzeman dudala uste dut.

ERREGE: Oi, esaidazu; entzun-miñez nago.

POLONI: Aditu, arren, lenago, geznariei; nire berriak, orrits aundi orren maiazken izango dituzu.

ERREGE: Emaiezu zerorrek ongi etorria ta sarrerazi itzazu. (POLONI irtetzen da). Zure semearen nasduraren iturburua idoro dula ziraustan, ene Gerturde maitea.

ERREGIÑA: Bere aitaren eriotza ta gure ezkontza lasterra besterik ez dagola uste dut.

ERREGE: Ongi da, iztertuko dugu.

 

(POLONI sartzen da berriz, VOLTIMAN eta KORNELLI'rekin)

 

          Ongi etorriak, nire adiskide onak! Esaidazu, Voltiman, zer berri gure anai [18] Noruai'ko erregeagandik?

VOLTIMAN: Agur eta opa atsegiñenak biurtzen dizkizu biotzez. Aurrenik, bere lobaren iskillutza, poloniarren aurkako gerkuntzat zeukana, baiñan, obeki begiratuta, egitan Zure kalte zala oartu zana, geldi erazteko agintza eman zun. Orregatik, bere eria, bere adiña ta eziña dirala ta egindako geikeriak suminduta, Fortinbras giltzapean sartzeko agindu du. Onek, bereala malguturik, erregearen akarra artu ta Zure kaltezko iskillu-ekintzak iñoiz ere ez ditula asmatuko zin egin du bere osabaren aurrean. Ori dala ta bakaldun zarrak, pozez beterik, iru milla koroa urteroko zergatzat eman dizkio ta bildu zitun gudariak, poloniarren aitzi erabilteko eskubidea. Orobat, ementxe zeatz azaltzen dan eskaria (idazki bat damaio) egiten dizu: egikizun ortarako damaiozula, arren, zure yaurerrian barna igarotze zabala, ortxe idatzitako berme ta segurantzazko baldintzen pean.

ERREGE: Ongi deritzagu. Mugonez irakurri ta, arloa gogoan irauli ezkero, erantzungo dugu. Anartean, ar itzazute eskerrak, orren ederki bururatu duzuten lanagatik. Zoazte atseden egitera. Gau ontan maikide izango zaituzt oturuntzean. Ongi itzuliak.

 

(VOLTIMAN eta KORNELLI irtetzen dira).

 

POLONI: Ongi burutua dugu azi-orrazi au. Nire nagusia ta nire andre ori: erregetza zer izan bear litzaken, menpetasuna zer dan, zergatik eguna egun, gaua gau ta aldia aldi dan ta yardutzea, gaua, eguna ta aldia galtzea besterik ez litzake izango. Beraz, laburtasuna adimenaren atsa dan ezkero, ta bere atzbegi ta ateko apaiñak gogaikarriak dirala, labur izango naiz. Zuen seme zintzoa ero dago: ero esan bear dana; izan ere, egizko erotasuna xedatzeko, zer besterik da, norbera ero egotea baizik? Baiñan, utzi dezagun ori.

ERREGIÑA: Mami geiago ta itzeder gutxiago.

POLONI: Ez naiz ari itzederretan, andrea; zin dagizut. Ero dagola egia da; egia da tamala dala, ta tamala da egia izatea; irudi uts bat dugu au, baiñan agur ari, ez baitut itzederrik erabilli nai. Ar dezagun, ba, ero dagola ta orain billatu bear dugu, ondo onen ondapea edo, obe esateko, uts onen ondapea, utsdun ondo au, ondape batetik baitator. Orrela, ba, gaiñerakoa gaiñeratuko dut [19]; gomazute. Nik badut alaba bat —eta ba-dut nirea daiño— bere menpetasun bearra beteta, adizute, au eman didana, Oartu ta ausnartu orain:

 

(Irakurtzen du)

 

          «Nire gogoaren kutun zerutarrari, Opele eder-edertuari». Esakera txar bat da au, esakera zakar bat. «Edertua» esakera zakar bat da, baiñan adizute:

 

(Irakurtzen du)

 

          «Bere kolko bikain elurrezkoan»... auek eta abar.

ERREGIÑA: Hamlet'engandik artu al zun ori?

POLONI: Itxaron apur batez, andre on ori; irakurriko dut zinki.

 

(Irakurtzen du)

 

                    «Zalantzatu izarren suaz

                    ta eguzkian argiaz;

                    zalantzatu egiaz beraz;         

                    ez nere maitasunaz».

          «Ene Opele maitea! gutxitarako nauzu izneurtuetan; nire intziriak ainbatzeko artezirik ez dut; maite-matite zaitut, ordea. Oi, bai, maitena; siñetsidazu. Agur! Zurea betiko, biotzeko kutuna, tramankulu au nire dukedan artean. Hamlet»

          Nire alaba esangiñak erakutsi dit au, niri agertuz, gaiñeraaren maiteketak, aldi, leku, ta erazko zeatz guziekin.

ERREGE: Nola artu du berak, ordea, aren maitasuna?

POLONI: Nortzat naukazu?

ERREGE: Gizon zintzo ta zindotzat.

POLONI: Egiztatu nai nizuke ori. Zer uste izango zenuten, ordea nitzaz, maitasun gartsu ori aurreratuz zioala ikusi ta-ikusi nun bezela, esan bear dizuet, nire alabak orretzaz itz egin zidan baiño len, zer uste izango zenun nitzaz, Yauna, edo zer uste izango zun nire erregiña maiteak, idazkola naiz oroikidazti bat iduri, nire biotzaren begiak itxi ta, ez yakin, ez entzun eta ez ikusi egin baldin ba'nu orrelako maiteketan? Ez, zuzen-zuzen arira yoan eta, nire neskatillari orrela esan nion: «Hamlet yauna, erregeseme bat da ta ez dagokizu; ezin izan liteke ori». Ta berealaxe, aren agertuak ukatzeko, mezuak ez onartzeko ta oparirik ez artzeko agindu nion zorrozki. Berak, nire aolkuen zitua yaso ta, bete du esana ta Hamlet'ek, bere burua ezetsia ikusirik —labur esateko— beltzurara yo zun, gero gogorik ezera, andik logabera, ontatik makaltasunera, geroago, buruarinkerira, ta gainbera au artuta, orain burutik eragiten dun eta guziok negar dagigun zorotasunera.

ERREGE: Ori dala uste al duzu?

ERREGIÑA: Izan liteke, noski.

POLONI: Iñoiz gertatu al da —yakin nai nuke—, «Ori orrelaxe da» nik argi ta garbi esan eta gero bestela agitzea?

ERREGE: Bein ere ez, nik dakidala.

POLONI: Onako au bestelakoa ba'da, au ontatik berezi ezazute (burua ta soiña beatzaz erakutsiz). Gertakariak lagun ba'ditut, agerreraziko dut egia, nonnai ezkutatzen dala, lurraren pean ba'da ere.

ERREGE: Nola auteman genezake areago?

POLONI: Ba-dakizute, emen sollairuon egurastutzen orduak ematen ditula, batzutan.

ERREGIÑA: Orrela egiten du, egin ere.

POLONI: Garai ortan, ba, alaba arenganako dut; zu ta biok ordun, kurtxoiñen ostean yarri ta elkar-arkitzeari kirika gagozkio. Maite ez ba'du ta adimena galdu dulako karia au ez ba'da, edozein yaurlaritza lanbide utzi ta yoan nadin landetxe batera uztar beiak zaintzera.

ERREGE: Saiatuko dugu ori.

ERREGIÑA: Begirazute, ordea. gizagaisoa zein goibelik datorran irakurtzen.

POLONI: Alde egizute, arren, alde egizute biok. Oraintxe alboratuko natzaio. (ERREGEA ta ERREGIÑA irtetzen dira laguntzarekin)

 

(Sartzen da HAMLET irakurtzen ari dala).

 

          O, barka nazazu; nola zaude, yaun ori?

HAMLET: Ongi, Yaungoikoari eskerrak.

POLONI: Ba nazaguzu, yauna?

HAMLET: Oso ongi. Arraindun [20] bat zera.

POLONI: Ni ez, yauna.

HAMLET: Izango al zera, bada, ain eskugarbia!

POLONI: Eskugarbi, yauna!

HAMLET: Bai, yauna. Eskugarbi izatea, gaur, gizartea dabillan eraz amar milla artean autatutako gizon bat izatea da.

POLONI: Ori oso egia da.

HAMLET: Eguzkiak, bada, zakur il batengan arrak sorerazten ba'ditu, aragi ustelari musu damaion yainko bat izanik... Alaba bat al duzu?

POLONI: Ba-dut, yauna.

HAMLET: Ez ezaiozu utzi, bada, eguzkitan egurasten. Sortzea goi eskerra da; ez, ordea, zure alabak sortu lezaken eraz. Begira gero ori, adiskide.

POLONI: Zer esan nai duzu orrekin? (Berezian) Beti nere alabaren leloa! Asieran, ordea, ez niñun ezagun. Arrainduna nintzala esan zun. Ero yokatua dago! Ta, egia esateko, ni ere gaztetan, maitasunagatik gorriak ikusi ta, orrelatsu ibilli nintzan. Mintzatuko natzaio, berriz ere. Zer ari zera irakurtzen, yauna?

HAMLET: Itzak, itzak, itzak...

POLONI: Zeri buruz, yauna?

HAMLET: Nortzuen artean?

POLONI: Irakurten duzuna, zeri buruzkoa dan, esan nai dut, yauna.

HAMLET: Iraiñak, yauna. Idazle mardaillari onek baitio, zarrek bizarra urdiñarrea daukatela, beren betarteak zimurrez yosirik daudela, beren begiek anbar lodia ta aranondo gerlia dariotela ta senean uts aundia, bai ta ere ipurmamietan lazokeria ditutela. Guzi au, nire yauna, nik begi itsutan ziñesten ba'dut ere, ez deritzat egoki itz auen bidez esatea. Zerori, bada, yauna, ni bezain zarra izango ziñake, karramarroen antzera atzeruntz ibilli ba'zeintekez.

POLONI (berezian): Nai ta guzi au erokeria izan, ba-dago, alabaiñan erabide artan. Etorri nai duzu aize-ezkutura?

HAMLET: Nire illobira?

POLONI: Egon ere, aize ezkutuan dago ori. (Berekiko) Bai arirakoak dirala bere yardetsiak batzutan! Erotasunak maiz asmatzen ditun bulko zorionekoak, zentzunak eta gogamenak ain ala-bearrez argitara ezin emango litzatekenak. Utziko dut orain eta ura ta nire alaba elkar-arkitzeko bideak atonduko ditut bereala. (HAMLET'i) Nire yaun itzalgarri ori, apalik artzen dut zuregandik alde egiteko baia.

HAMLET: Ezin dezakezu, yauna, niregandik artu, nik gogotikago eman nezaken gauzarik... nire bizia ez ba'da, nire bizia ez ba'da, nire bizia ez ba'da.

POLONI: Ongi izan, yauna.

HAMLET: Auek agure kaiku gogaikarriok!

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira)

 

POLONI: Hamlet yaunaren billa zabiltzate? Ortxe duzute.

ROSENCRANTZ (POLONI'ri): Yainkoak lagun dagizula, yauna.

 

(POLONI irtetzen da).

 

GUILDENSTERN: Nire nagusi itzalgarri ori!

ROSENCRANTZ: Ene yaun maitea!

HAMLET: Nire adiskide on, bikaiñak! Zer modu, Guildenstern? Kaxo, Rosencrantz! Nola zaudete biok, mutil yatorrak?

ROSENCRANTZ: Lurreko seme nolanaikoak bezela.

GUILDENSTERN: Zoriontsuak zoriontsuegiak ez baikera. Zoriaren buruko gaillurrean ez gaude.

HAMLET: Ez ta aren oski-azpietan ere?

ROSENCRANTZ: Ezta ere, yauna.

HAMLET: Ortara ezkero, aren gerri aldean bizi zerate, ots, aren kutunkerien erdokian.

GUILDENSTERN: Aren kutunak gera, beraz.

HAMLET: Zoriaren toki ezkutuenak? Oi, egia da ori; urdanga bat da. Zer berri?

GUILDENSTERN: Bat ere ez, yauna; gizartea zintzotuz doiala baizik.

HAMLET: Ebazteguna urbil dugu, orrela ezkero. Berri ori, ordea, ez da egia. Utzidazute zeatzago zuei galde egiten; zer egin diozute Zoriari, ene adiskide onak, ark espetxe ontara zuek bidaltzeko?

GUILDENSTERN: Espetxera, yauna?

HAMLET: Danemark espetxe bat da.

ROSENCRANTZ: Lubilla ere izango da, geroztik.

HAMLET: Bai ta espetxe eder bat gero; gela, leotz eta ziega asko dituzute bertan eta Danemark txarrenetariko bat da.

ROSENCRANTZ: Ez dugu orrelako usterik, yauna.

HAMLET: Ez da, beraz, zuentzako izango. Ez baitago ezer onik ez txarrik gogamenak alako egiten ez ba'du. Niretzat espetxe bat da.

ROSENCRANTZ: Zure aundinaiak orrela iruditzen du, ordun. Estuegia da zure gogorako.

HAMLET: Ene Yainkoak! Intzaur kusku batean ertsirik egon ninteke ta leku bazter-gabeko bakalduntzat eukiko nuke nere burua, amets txarrok ez ba'nitu.

GUILDENSTERN: Amets oriek ez dituzu, noski, aundinaia baizik; aundinaiaren gaia bera, amets baten itzala besterik ez baita.

HAMLET: Ametsa bera ez da itzal bat baizik.

ROSENCRANTZ: Baiki; ta aundinaia, itzal baten itzala baizik ez dala uste dut; ain aizezko ta utsezko dugu ura.

HAMLET: Gure eskaleak gorputzak dira, beraz, eta gure bakaldunak eta gizaguren arroputzak eskaleen itzalak. Yoango gera yauregira? Nire burua, egia esan, ez dago gogoketan aritzeko.

ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN: Zure agindu pean gauzkazu.

HAMLET: Ez orrelakorik. Ez zaituzt nire gaiñerako otseiñakin bat egin nai; oso gaizki ari dira gero nire morroitzan, egia garbi esateko. Baiñan, emen lagun artean, zertara etorri zerate Elsinor'a?

ROSENCRANTZ: Zu ikustera, yauna, ez beste edozertara.

HAMLET: Beartsua naiz, eskerretan ere urri; esker dagizuet, ordea, adiskide maiteok; nere eskerrek lauziriko bat balio ez ba'dute ere. Ez al dizuete agindu etortzeko? Zerorren oldez ta eragitez etorriak zerate? Ots, ots, zabal zaitezte nerekin. Tira, tira, itz egizute.

GUILDENSTERN: Zer esango dizugu, yauna?

HAMLET: Edozein gauza, baiñan arira datorrana. Zuek deituak izan zerate ta ba-duzute begietan, zuen erabeak estaltzeko antze naikoa ez dun aitor alako bat. Ba-dakit errege ta erregiña onak agindu dizuetela etortzeko.

ROSENCRANTZ: Zertarako, yauna?

HAMLET: Zerok azaldu bear didazute ori. Baiña gure laguntasunaren izenean, adiñaren kidetasunagatik, gure etengabeko adiskidetasunaren eginbearragatik, eta legegizon trebeago batek goratu dezazueken edozer ere maiteagogatik, zabal eta egitiak zakizkidatela daskaizuet, arren: deituak izan zerate ala ez?

ROSENCRANTZ (berezian GUILDENSTERN'i): Zer diozu zuk?

HAMLET (berekiko): O, ez zaituzt begitik kenduko! Maite ba'nauzute, ez egidazute ezer ere estali.

GUILDENSTERN: Yauna, eratorri gaituzte.

HAMLET: Nik esango dizuet zergatik. Onela, nire esanaz zuen aitorrai aurrea artuta, errege ta erregiñarekiko zuen ixilpekoak ez da luma batez bipilduko. Oraiñagotik —zergatik ez dan ez dakidala—, poza osoro galdu ta nire oiturazko ariketak utzi ditut. Eta nire aldartea ain goibela da ta egintza arrigarri au, lurra konkor elkor bat iruditzen zait. Trozel eder-eder ori, eguratsa, gure gaiñean zintzilika dakusazuten ortze disdiratsu ori, urrezko txindarrez yositako goi eder ori, lurrun-pil zikin eta izurritsu bat baizik ez zait iruditzen. Gizona bai dala lan betegiña! Bai aundia gogamenez! Egimenetan bai amaigabe! Bere tankera ta igikunetan bai argi ta arrigarria! Bere egipenetan bai aingeru-antzeko! Adimenez bai Yainko iduriko! Lubillaren edertasuna! Izakien eredua! Ori ta guzi ere, zer da niretzat auts pil ori? Ez nau gizonak gorazazten, ez, eta emakumeak ere, naiz ta zuen irriparreaz, zuek baietz adirazi.

ROSENCRANTZ: Ez nun orrelakorik gogoan, yauna.

HAMLET: Zergatik barre egin duzu, ba, «ez nau gizonak gozarazten» esan dudanean?

ROSENCRANTZ: Gizonarengandik atsegiñik artzen ez ba'duzu, antzezlariai garizuma-txera egingo diezula gogoratu ta. Bidean yarrugi ditugu ta onuntz ba-datoz, beren lanak zuri eskeintzeko.

HAMLET: Errege iduria dagiña, ongi etorria izango da; bere erregetzak artuko du nire zerga. Zaldun ibilkariak bere ezpata ta babeskiña erabilliko ditu; maitalea ez da alperrik adiakatuko; agolarriak narerik bukatuko du bere egikizuna; yostariak par eragingo die birika karkaberak [21] ditutenai ta andereak zabalki agertuko digu bere gogamena ala neurtitzak motz egingo du orregatik. Zein antzezlaritsu dira oriek?

ROSENCRANTZ: Beti ain gogolko izaten zitzazkizun aiek berak; iriko trajikoak.

HAMLET: Zer dala ta alderrai dabiltz? Obe izango litzakie, bai beren izen onerako, baita beren onurako ere, leku batean egotez egotea.

ROSENCRANTZ: Uste dut oraitsuko berrizteak galerazten diela.

HAMLET: Irian egon nintzanean bezain goragarriak al dira? Ain billatuak?

ROSENCRANTZ: Ez, egiten, ez.

HAMLET: Zer dala ta? Ondatu al dira?

ROSENCRANTZ: Ez, yauna, alegiñean ari dira, oi bezela. Ba-dago, ordea, aur kabialdi bat [22], arrautz-kuskutik irten berria, ezin geiagoraiño oiu egin eta orrengatik izugarritzko txaloak artzen dituna. Sapa aundia dute orain, eta antzoki zarrak —orrela dasaiete— ainbeste gaiziritzen ditute ezpatadun lagun asko ate-lumaen beldurrez, ozta-ozta ausartzen dira aietara yoaten.

HAMLET: Aurrak dira, beraz? Eta nork elikatzen? Nola ordaintzen? Ez ote dute beren bizibidea mintzaldatzeaz batera galduko? Ta gero, antzezlari noiznaikoak egiten ba'dira —ta noski baiño noskiago da ori eskuartez obetzen ez ba'dira— ez al dute esango beren idazlariek gaitz egin dietela beraien etorkizunaren kalte aiei ots eragin ta?

ROSENCRANTZ: Egiteko asko eman dute, noski alde bietatik. Eta erriak ez du ogentzat artzen aiei liskarrera zirikatzea. Aldiko batean, ez zan dirurik ateratzen antzerki batetik, olerkaria ta antzezlaria elkarri mutur-yoka ari ez ba'ziran.

HAMLET: Ba liteke ori?

GUILDENSTERN: Ene! buru ausi asko izan dira, izan ere.

HAMLET: Ta mutikoak gaiñetik irtetzen al dira?

ROSENCRANTZ: Baiki, yauna, baita Erkule'n gaiñetik ere, aren makiltzarra ta guzi [23].

HAMLET: Ez da arritzeko; nire osaba baita Danemark'eko errege ta iseka zegiotenek, nire aita bizi zala, ogei, berrogei, berrogeitamar ta eun dukat ere, ba-damazkite aren antzezkiño baten orde. Yainkoaren odola! ba-dago ontan izatezkoa baiñoago dan zertxobait, yakintzak argitu al ba'leza.

 

(Turutotsak barrenan).

 

GUILDENSTERN: Ba-ditugu emen antzezlariak.

HAMLET: Zaldunok, ongi etorriak Elsinor'a. Ots, ekartzitute bosteko oriek. Adeia ta gizabidea abegiaren lagunak dira. Ari nadin onela zuekin, antzezlariekiko nire gizakera (zabalki agertuko dudana, esan dizuedanez), zuekikoa baiño aundiagoa irudi ez dedin. Ongi etorriak, ba. Nire osaba-aita ta nire izeba-ama ordea, oker daude.

GUILDENSTERN: Zertan, ene yaun maitea?

HAMLET: Ni ez nago ero, ipar-ipar-sarkaldekoaz baizik; ego aizea danean, ba-dakit aztorea ta mirotza zein zein dan.

 

(POLONI sartzen da berriz).

 

POLONI: Zorionak, zaldunak.

HAMLET: Adizu, Guildenstern; bai ta zuk ere; belarri bakoitzari entzule bat. Or dakusazuten aur aundikote ori ez da oraindik pizoialetatik atera.

ROSENCRANTZ: Aietara itzuli edo da; agurea birritan aurra baita, esaten danez.

HAMLET: Antzezlariez mintzatzera datorkidala iragartzen dizuet. Gomazute. Egia diozu, adiskide, astelen goizean izan zan, izan ere.

POLONI: Yauna, ba-ditut zuretzako berriak.

HAMLET: Yauna, ba-ditut zuretzako berriak «Erroski Roma'n antzezlari zanean...

POLONI: Antzez1ariak elduak dira, yauna.

HAMLET: Atx, atx!

POLONI: Alafede!...

HAMLET: «Antzezlari bakoitza iritxi zan, bere astoaren gaiñean...»

POLONI: Eguzkiaren azpian ez duzu antzezlari oberik: ikarazko, parrezko ixtori ta artzain antzerkietan: artzain-par-antzerki, ixtoriartzain-antzerki, ta par-ikara-ixtori-artzain antzerkietan. Agerraldi ataldueziña naiz poema mugagabea. Aientzat Seneka ez da sakonegi ez Plaut ariñegia. Naiz idatziaren arabera, naiz gertu gabe esateko, berdin gabeko dituzu.

HAMLET: «O, Jepte [24], Israel'go ebazle, ori altxorra zeneukana!»

POLONI: Zer altxor zeukan, yauna?

HAMLET:

                    «Maite-maite zun alaba

                    eder bat, besterik ez».

POLONI (berekiko): Beti nire alabarekin!

HAMLET: Ez al naiz artez, Jepte zarra?

POLONI: Jepte baldin ba'deristazu, yauna, izan ere, ba-dut maite-maite dudan alaba bat.

HAMLET: Ez, ori ez darraio.

POLONI: Zer darraio, ba, yauna?

HAMLET:

                    «Zoritxarrean, ordea,

                    Yainkoak ala nai ta...»

          Ta gero ba-dakizu:

                    «Bildur izateko izan,

                    eta ala gertatu zan...»

          Eresi yainkotiar onen lenbiziko ahapaldiak zerbait geiago irakatsiko dizu. Baiña orra or nire laburtzailleak; begira.

 

(Lau-bost ANTZEZLARI sartzen dira)

 

          Ongi etorriak, maisuak. Ongi etorriak, guziak. I ongi ikusteaz poztutzen nauk. Ongi etorriak, adiskide onak!

          O, nire lagun zar! Aurpegia liztatu zaik bizarrez ikusi indukadanetik. Bizarretara igoko ote atzait Danemark'en? Agur ene andereño ta yabe ori! Aladonea! azkenalditik oskizola baten goibez zerutik urbillago zaude. Yainkoak detsala zure aotsa [25] ez dabillan urre-diru bat antzo, estunaren barneraiño ez zartatzea. Maisuak, ongi etorriak, guziak. Ots, goazan arira, ikusten dan edozertara egaz dagiten Frantzi'ko aztoredunak iduri [26] betor, berberean, esaldi bat; tira, zuen antzearen erakuski bat emaiguzute; ots, zati leratsu bat.

LENBIZIKO ANTZEZLARIA: Zein zati nai duzu, yauna?

HAMLET: Bein batez, entzun nian esaten, iñoiz ez edo, izatekotan ere, bein baizik ez antzeztutako bat; antzerkia, ba oroitzen naukanez, ez ukan oztearen gogoko izan, ez ukan lagunabarraren aorakoa; ba-ukan, ordea, —nire iritziz ta orrelako gaietan nire gaiñeko besteen aburuz— antzerki bikaiña, bere agerraldietan ongi eratua, ta neurriz bezain antzez idatzia. Oroitzen nauk norbaitek esan ziala ez zegokala neurtitzetan gaia ontzeko bear ukan gatza, ezta esakuntzan ere, egillea irudiduntzat salatzeko ezer; baiñan ezautzen zian, era egokiz idatzia zegokala, sendoa bezain apaindua ta askozaz politagoa dizdaritsua baiño. Ba-zegok artan, atsegin-atsegin dikadan zati bat; Enea'k Dido'ri zegiokan yaulkia; ta, batez ere, Priam'en eriotzeazko idazkunea. Gogoan bizi ba'daukak, asi adi neurtitz ontatik: ia, ia...

                    «Pir uzua, Hirkani'ko piztia antzo...» [27]

                    Ez, ez da orrela, Pir'ez asten duk bai...

                    «Pir uzuak, gau antzerko bere iskillu illunekin

                    bere asmoa bezain beltzak ziruditenak etzin

                    zanean arako zaldi gaizkiñaren barnean. [28]

                    bere irudi ikagarri ta illuntsua, oraingoan,

                    are beltzago darakus, guzia zikindua

                    taburutik oiñetara gorri-gorri eginda,

                    aita, ama, seme ta alabaen odolaz margoturik;

                    beren yaunaren eriotz ankerrari gaiztorik

                    argi dagion karrika irazekien sutzar

                    gorriak gogortutako odola. Eta, su ta gar,

                    odolguriz loitu eta begiak ikatz-gori,

                    Pir gaizkiñak Priam zarra billatzen laster dagi».

          Orain ik.

POLONI: Ala Yainkoa, yauna, ongi esana, oguzkera on eta adirazkera bikaiñez.

LENBIZIKO ANTZEZLARIA:

                    «Bereala idorotzen du gerkarrak aulik yotzen,

                    besoari ezpata zarrak uko diola egiten,

                    erori ta bertan datza, ezigaitza agintzari.

                    Pir, liskar ez-berdiñean, oldartzen zaio Priam-i.

                    Amurruak itsuturik, arbel dago, baiña,

                    bere ezpataren burunba eta aize-bolada utsaz,

                    agure erbala da erortzen. Ilion gorrak ordun,

                    kaskada orrek bere biotz erdian uki bai'lun,

                    aien oiñarri gaiñean arresi ta sapaiak

                    malgutu ta erroizten ditu dunbotsez, belarriak

                    Pir'i menpetzen dizkiola; begira, ba, Priam'en

                    buru zurian gaiñean, anker erortzeko urren

                    zegon bere ezpata, aizean iltzatua dirudi.

                    Orrela, tirano baten itxuradun, asmoari

                    ta egiñari ez-axola, Pir gelditzen da igige.

                    Baiña, sarri ikusten danez, ekaitz aurrean, bare

                    isilla zeruan dago, odei lodiak geldi,

                    ipar aizea mintzulik, bean lurra illa irudi;

                    ta batbatetan, ostotsak eztanda dagi ortzean

                    aizea urratuz; orrela, geldune orren ondoan,

                    esnaturiko asper-naiak, berriz Pir du eragiten,

                    ta, beti irauteko landu-Mart'en burni-yantziaren

                    gaiñean, iñoiz ez ziran erori gogorrago

                    tartaren mailluak, orain Pir-en ezpata baiño

                    Priam'en gaiñean. Ut, ut! zu, Zoria, zirrilda!

                    Zuek, yainkoak, batzarre nagusian bildu ta

                    ken ezaiozute almena, zatitu aren gurpil

                    uztai eta erro gusiak eta gurpegia amil

                    zazute bera suleze barneraiño»...

POLONI: Luzeegia da ori.

HAMLET: Bizargiñenera doake zure bizarrekin. Yarraitu arren, narritak edo izkirimiri lizunak bear ditu onek; bestela loak artzen du. Yarrai, gatozan Hekube'gana.

LENBIZIKO ANTZEZLARIA:

                    «Baiña, ondikotz! erregiña zabarrik estalia...»

HAMLET: «Erregiña zabarrik estalia?»

POLONI: Ongi dago ori; «Erregiña zabarrik estalia», ongi dago.

LENBIZIKO ANTZEZLARIA:

                    «An ikusi lukeanak, oiñutsik, lasterketan,

                    itsutzen zun negar-uraz garrekin gudaketan,

                    len buruntzaz esturiko burua zapi batez

                    yantzia ta, soiñeko orde, erditzearen erditzez

                    zimeldu-alboen ingurun burusi bat daroala,

                    ikara ta iskanbillaren erdian atzitua;

                    auxe ikusi lukeanak, zitalkatu-mingaiñez.

                    Zoria'ren almen aurka, asiko zan iraiñez

                    Yainkoek berek, ordea, ikusi ba'lute ordun,

                    senarraren soin-atalak zeatuz Pir-k artzen zun

                    poz gaiztoa zekusala, egin zun alarao-otsak,

                    (lur-gauzai ez ba'dirade osoro ez-axolak)

                    Yainkoak bigundu eta zeruko begi gartsuai

                    negar eragingo zien»...

POLONI: Ikusazute nola aldatu dan margoz! Eta ba-du begietan negarra... Aski da, arren.

HAMLET: Ongi da. Gero esango didazu gaiñerakoa. Nire adiskide ona, zure gain antzezlariai ostatu ona ematea. Entzuten nauzu? Ongi artu itzazu, aldiaren laburgoa ta ixtori gutxitua dira-ta. Obe zenuke illartiz txar bat eriotzaz ostean, aien esan maltzurrak bizi zeraiño baizik [29].

POLONI: Merezi duten bezelaxe ariko naiz aiekin, yauna.

HAMLET: Arren, gizona, askozaz obeki; edozein gizoni merezi duna ba'damaiozu, nork igesi astiñaldi batetik? Ar itzazu, zerorren zintasun eta nausitasunaren arauz; aiek gaiezago ta zure eskuzabaltasuna sarigarriago agiriko da. Eramazkizu.

POLONI: Zatozte, yaunak.

HAMLET: Zarraizkiote, adiskideak; biar dukegu antzerkiyaia. (Irtetzen da POLONI antzezlari guziakin, lenbizikoaz landa) Entzun, lagun zarra, antzeztu al zenezake «Gonzago'ren eriotzea?»

LENBIZIKO ANTZEZLARIA: Bai, yauna.

HAMLET: Antzeztu egingo dugu biar gabean. Nik idatzi ta antzerkian artetuko nuken amabi amaseitsu neurtitzeko itzaldi bat, ikasi zenezake, bear ba'litz, ezta?

LENBIZIKO ANTZEZLARIA: Bai, nere ugazaba.

HAMLET: Ederki. Zoaz zaldun orrekin eta ez egiozu irri, gero. (LENBIZIKO ANTZEZLARIA irtetzen da). Nire adiskide onak, uzten zaituzt gaberarte; ongi etorriak Elsinor'a.

ROSENCRANTZ: Nere yaun ona!

HAMLET: Bai, zoazte Yainkoarekin! (ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irtetzen dira). Ba-nago bakarrik. Ene, bai gaizo errukaria naizala! Ez al da ikaragarria gero, antzezlari orrek, irudi utsez baizik, ametsezko griñaz, bere gogoari beraren oldearen arabera orrela indar egin al izatea, alik eta aurpegia zurbildu, begiak negarrez bete, betartea bestetu, mintzoa moteldu ta bere izate osoa azalez bere gogomenarekin bat etorri erazteraiño? Ta guzia utsagatik! Hekube'gatik! Zer da Hekube beretzat edo bera Hekube'ntzat, onen elkaitzak negar egiteko? Zer egingo luke berak, nik ditudan griña-bultzagaiak ba'litu? Urpetu egingo luke antzokia negarrez, alarao izugarriz oztearen belarriak urratuz; burutik eraingo luke obenduna ta errugabea ikaratuko, ez-yakiña nasi ta gure ikusmena ta entzumena berak arritu egingo lituke. Ni, ordea, zital, zain-il, koloko au, Astokillo bat iduri, neronen auziari ez-axola, emen nago zer esan ez dakidala. Ez ta azpikeri gaizkin batek ogasuna ta bizia kendu zizkion errege baten alde ere. Koldar bat ote naiz? Nork dollorra deitu, burua erditik ausi, bizarrak idoki ta aiek aurpegira aizatu, sudurretik eldu ta gezurra eztarrian barna birikietaraiñoxe egotzi egingo dit? Nork? Ene, ala Yainkoa, yasan bear dut guzi ori, zapaldiaren mingotsa artzen ez dun beazunik gabeko uso-gibela baita nirea, izan ere; osterantzean, aspaldian gizenduko nitun zeruko miru guziak yopu orren gibelerraiez. Doillor, odolkoi ta likits ori! Doillor, anker, etoi, lizun, biotz-igar ori! Oi, asperkunde! Baiñan, ni naiz astotzarra! Auxe dut gogorrena: nik, illerazitako aita maite baten seme onek, ura apentzeko zeru ta lurrak axatutako onek biotza itzen bidez lasaitu bear, emagaldu bat iduri, ta aiñenka illearro naiz sukal-morroi bat antzo! Au lotsa! pu! Ots, ene burumuiña! Entzunik nago gizaki errudunek, antzerkiyai bat zekustelarik, ikusgaiaren irudi utsak eraginda, ber-bertan, beren gaizkiak ageri egin ditutela. Gaizkiak, mingaiñik ez ba'du ere, bide arrigarrienez itz dagike ta. Antzeztu eraziko diet antzezlari oriei, nire osabaren aurrean, nire aitaren eriotzearen idekotsu zerbait. Aren betartea oartu ta muiñetaraiño aztertu egingo dut ura; ikaratuxe egiten ba'da, ba-dakit nire eginbidea. Ikusi dudan iratxoa, tuxuria izan liteke (tuxuria oldezko tankeraz agertu daiteke-ta) bai ta, bearbada, nire aultasun eta beltzuraz baliatu ta, onelako aldartetan oso indartsua baitugu, iruzur egiten dit inpernura nadin. Ziñesbide eragintsuagoak bear ditut. Antzerkia, erregearen barnea atzemango dudan sarea da.

 

 

 

18. «Anai». Erregeek elkarri ematen diete izen ori.

19. Ba-daukagu emen, berriz, Shakespeare itz-yokotan; izan ere, ba-da zale.

20. «Fish-monger» arrainduna esan nai du, baiñan, itzaizunez (metafóricamente) estalgille adiratzen du.

21. «Birika karkarberak». Antziñan, barrearen tokia birikaetan zegola uste zuten. «Tickle o'the sere» dio Shakespeare'k. «Sere» suizkilloaren ziur-morroilloa zan. «Tickle o'the sere», morroilloa arin eduki ta tiroa errez botatzen dun suizkilloa esan nai du, beraz.

22. «Aur kabialdi bat» («...an evrie of children»). Bere aurkakoak ziran antzezlari-taldeak ukitzen ditu emen Shakespeare'k Erregearen Kapera'ko mutikoak ari ziran aietan.

23. London'eko «Globe Theatre» (Shakespeare bera ari zan antzokia) ukitzen du oraingoan. Sorbaldan lubilla zeraman Erkule bat zeukan aitziñean antzoki onek.

24. Jepte'k (Ikus Idazteuna, Ebazleen liburua, XI ta XII) bere alaba il zun Yainkoari egindako eskeintza bat zala ta.

25. «...zure aotsa... ez zartatzea». Emakume irudia egiten zun mutil gazte bat da «andereño ori», orduko oiturari yarrai. Gizaroratzean aotsa dagin aldaketa ukitzen du Hamlet'ek. Urrezko diruek ba zuten estun edo uztai bat; onen barruan bakaldunaren irudia zegon. Uztai-barruraiño zartatutako edozein diru, artu-emanetik baztertua zan.

26. «Prantzi'ko aztoreduna iduri». Englandarrek prantzitarrak gutxiesten zituten arruntekotzat zeukaten eizatan ari ziralako.

27. Zati au, bere aldian noizbaitekoa ba-zan eraz idatzi zun Shakespeare'k beren-beregi. Orretxegatik, gure lenbiziko olerkari Detxepare zanak geien erabilli zun neurtizkeraz egin dut nire euskeratzea (orain asko erabiltzen ba'da ere)

28. «Arako zaldi gaizkiñaren barnean». Troya artzeko gerkarrek egin zuten zurezko zaldi aundia.

29. Idaztune au (baita antzerki ontako besteren bat ere), Lord Burleigh'en aurkako iñarrosaldi bat da. Burleigh, Elisabete erregiñaren yaurlaritza-buru zan eta bide-antzezlariak (actores ambulantes) sarkiltzat artu ta zigortu egiten zitun lege bat eman zun.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 

 

Hamlet, William Shakespeare
Antzez-lagunak / Lenbiziko atala / Bigarren atala / Irugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Itzaurrea / Antzerkiaren aria / Iztegia

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus