Hamlet, William Shakespeare

 

Itzaurrea

 

Esku-artean duzu, irakurle, Shakespeare'ren «Hamlet» ospetsua euskeraz.

          William Shakespeare (Stratford-on-Avon, 1564-1616) England-erriko olerkari bikaiñena da, bai ta lurralde ta aro guzietako onenetako bat ere. Frank Harris'ek egiazki esan dunez: «Geste iñongo idazlek baiño antze-lan eredu geiago sortu zitun eta bere ditu mundu-ele-eder guziko esakuntza obeak». «Milla gogodun gogoa» eritzi zaio ta zuzenbidez eritzi ere, egi-egiaz ta indar arrigarriz, giza-griña ta biotzondoak oro irudi egin ditulako: bai alai, bai illun; naiz otzan, naiz uzu; naiz barnekor ta naiz yostari; orain leratsu, orain irudimen zoragarriari emana, beti agertzen zaigu aundi, asmanenaren yaun eta jabe; orretxegatik dugu betikoa.

          Shakespeare, olerkari orren aundia ba'da, «Hamlet» dugu bere antzelan nagusia. Ezaguna duzute aren gaia: erabaki ta egin-ezaren artean betiko burruka. Aita zanaren iratxoak bere eriotzegillea ta emaztearen (Hamlet'en amaren) errua agertu ta apena eskatzen dio ta, ba-dugu Hamlet'en gogo zabarra bere lankizun ikaragarriaren aurrean:

 

                    «The time is out of joint. O cursed spite,

                    That ever Y was born to set it rigth!»

 

                    (Gizartea naspildurik dago. Oi, nire zorigaitza,

                    ura zuzentzeko yaioa naiz ta!)

 

          Eziña eskatu diote, Goethe'k zionez; ez berez eziña dana, beretzat eziña baizik. Eta ba-dabil jirabiran, aurrera ta atzera, beti gogoratuz ta bere asmoaz aztuxerik gogoratzearen gogoratzeaz.

          Shakespeare'k ez zun Hamlet'en ipuia asmatu. Antziñako «saga» eskandinabitar bat dugu ori, ta Saxo Grammaticus zeritzan XII'garten mendeko idazleak, ba-dakar bere idaztietan. Geroago, F. de Belleforest'ek Paris'en 1582'garren urtean bildu zun ipui ori bere «Histoires Tragiques»en. Auxe izan zan, nonbait, Shakespeare'n iturri aldekoena. Baiña gure olerkaria beti agertzen da irazale. Saxo ta Belleforest'en ipui zar ortaz, eguzkiaren azpian ezautzen dan antzerki sakonena ta ederrena atera zun bere antze goitarrak.

          Jhon Masefield'ek dionez: «Zail zaigu "Hamlet"en olertia goraipatzea. Antzerki guzitsua, sarritako aipamenak dirala bide, Itun Bernia bezain etxekoena dugu. Antzerkiaren edertasun aundi, zugur ta arrigarria, England'eko gogoaren zati bat da betiko». Izan ere, ori da England errian; beste erritakoek, ordea, ba-dugu beste arlo bat ari buruz: biurpenarena.

          Ba-zion Victor Hugo zarrak: «Shakespeare est un de poëtes que se défendent le plus contre le traducteur», «...il resiste par le style; il resiste par la langue. Il resiste par le sens métaphysique; il resiste par le sens historique; il resiste par le sens legendaire».

          Ta «Hamlet»'i gagozkiola, ona emen Astrana Marin, aren biurtzaille españarrak esana: «Mucho cabría notar sobre las dificultades y oscuridades del texto. A los dos siglos de interpretación y exégesis en que se han examinado todas las fuentes, todas las alusiones, todas las reconditeces gramaticales, todos los problemas de dicción y estilo, queda aún no poco por esclarecer, incluso la génesis misma de la obra y hasta su autenticidad integral».

          Ta André Gide: «Ce premier acte m'avait fourbu; j'y avais consacré plus d'efforts qu'aux cinq actes d'«Antoine et Cléopâtre». On n'imagine pas texte plus alambiqué, plus retorts et plein d'ambiguités, de traquenards et de chausse-trapes. Toute autre pièce de Shakespeare («Troïlus?» peut-être, excepté) paraît eau de roche à côté».

          Ba-ditugu, beraz, irakurle, iru eragozpen euskeratze ontan: lenengoa, Shakespeare'na berarena; bigarrena, gure euskera, onelako lanetara gutxi oitua; irugarrena, nire gutxitasuna.

          Iru eragozpen aundi orien aurka, ordea, beti izan ditut bi bultzagai indartsu: maite maite dut Shakespeare, Euskera areago. Maitasun bi auek lanean yarri ta burutzeko adorea eman didate. Dakuskezun ona aiei zor diet. Utsak, berriz,... maite aundia izan dudala ta barkagarri nauzute.

          Shakespeare'ri alik zintzoenik yarraitzea izan dut lenbiziko xedea; bulkoetan bakarrik ez, itzetan ere; itzez-itz al izan dudan aldi oro. Au, ordea, eziña da askotan, euskera ta ingeleraren izakera oso bestelakoak baitira ta, bestalde, olerkari bat zeaztasun osoz biurtzeak illuntasuna dakarrelako, sarritan. Orregatik, zintzotasuna ta zeaztasunaren aldean, argitasuna izan dut beti elburu, olerkariaren opaz ta euskeraren onerako.

          Zuk dasakezu, irakurle euskalduna, zintzotasun ori argitasunaz einkatzea lortu dudanez.

 

Montevideo. Lotazilla. 3/1951.

«Euskera'ren Eguna».

 

 

© Bingen Ametzaga

 

 

Hamlet, William Shakespeare
Antzez-lagunak / Lenbiziko atala / Bigarren atala / Irugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Itzaurrea / Antzerkiaren aria / Iztegia

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus