Hamlet, William Shakespeare

 

Antzerkiaren aria

 

I atala

Elsinore'ko errege-gazteluko begirariek, Hamlet Danemark'eko erregegaiari, onen aita zanaren antz-antzeko mamu bat arresietan agertu dalako berria ematen diote. Au dala-ta, Hamlet'ek mamua arkitu ta, zer zala ta bere aita il zan, argandik yakitea erabakitzen du: baititu susmoak aren eriotzari buruz. Urrengo gabean, Iratxoa ikusi ta arekin izketan, egia ezautzen du: Kauldi, errege zanaren anaia ta orain erregiña alargunarehin ezkonduak, errege edendu zun, au lotan zegolarik, yauralkia ta emaztea bereganatzeko. Iratxoa, Hamlet'i asperkundera aizatu ta itzaltzen da. Hamlet'ek zin eragiten die bere lagunai gertatuaz itz ez dagiten.

 

II atala

Ikasitako berriak eta bururatu bear dun lankizun ikaragarria dirala bide, Hamlet'ek burua nastuxe ta eroarena egiten du bere asmoak obeki estaltzeko. Eskutitz eragabe ta leratsuak idazten dizkio Opele bere maiteari (Poloni, yauregiko nagusiaren alaba). Garai ortan, antzezlari talde bat iristen da gaztelura ta, Hamlet'en aginduz, alako antzerki (komeri) bat antolatzen dute Errege, Erregiña, ta yauregikoen aurrean emateko.

 

III atala

Antzerki orrek, Venezi'ko duke baten eriotza du gai. Eriotze onen gora-berak, Danemark'eko erregearen eriotzaren oso idurikoak dira. Komeria antzeztutzen duteño, Hamlet bere osabaren aurpegiari ta igikunai begira-begira dago. Erregea, bere oben estaliaren erredurak bultzatua bai'litzan, irtetzen da eriosuar, antzerkizura geldi-araziz. Hammlet'ek ez du arrezkero ezmezean yartzen Iratxoak esanaren egia, ta zin egin dun apena bururatzeko gertu egiten da.

          Erregiña, bestaldez, antzerkiaren esanaiaz oso kezkaturik, dei egiten dio Hamlet'i oni akar egiteko. Hamlet'ek, ordea, akarra akar ordain ematen dio ta bere ama lotsaturik eta biotz-zimikoz yosita uzten du. Bitartean, Hamlet'ek, elkar-izketa kuzkuzka zegon Poloni iltzen du, erregea dalakoan.

 

IV atala

Guzi ori dala-ta, Erregeak Hamlet erbestetzea erabaki ta England-errira bialtzen du. Bi ikaskide (Rosencrantz eta Guildenstern) ditu bidaide ta auek daramaten erregearen agirien arauz, Hamlet il bear dute England'en; baiñan, ura il ordean, aren ikaskideak iltzen dira, alabearrez. Anartean, Opele, bere aitaren eriotzak, Laerte bere anaiaren urrutiratzeak eta Hamlet'en erbestetzeak yota, burutik yoaten da. Kantuz ta lore-sortak egiten ari dalarik, lats baten ertzera yoan eta ito egiten da. Etorri berria dan Laerte gazieuk, erria matxinatu ta ba-doa yauregira. Erregeak, ordea, emarazten du ta, azkenik, bien artean, Hamlet'en eriotza asmatzen dute.

 

V atala

Hamlet'ek Danemark'a itzultzen dala. Opele'ren eortzeta topatzen du. Atsegabeaz beretik irtenda, illobira yauzi ta Laerte'rekin burrukan ari da. Lagunek banantzen ditute. Erregeak, ordea, gerturik dauka dagoneko, bere malmuzkeria: Hamlet eta Laerte'ren arteko ezpata-yokoaldi bat. Laerte'ren ezpata mutur-zorrotza ta edendua da. Erregeak, gaiñera, edari edentsu bat atondu du Hamlet'entzat, bada-ezpadan. Ezpataketa asi ta bereala, Erregiñak Hamlet'en osasunerako edan nai ta edontzi edendutik artzen du. Laerte'k Hamlet zauritzen du ta biak sumindurik, gogorrean ari dirala, ezpatak trukatu ta Hamlet'ek, aldiz, Laerte, beronen ezpata edenduaz sakailtzen du. Erregiña iltzen da ta Laerte erortzen ere. Il baiño len, ordea, bere asmo beltza aitortu ta barkamena eskatzen dio Hamlet'i, Erregearen errua agertuz. Hamlet'ek, ordun, zuzentzen du ezpata edendua Erregeagana au il araziz. Hamlet iltzen da.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 

 

Hamlet, William Shakespeare
Antzez-lagunak / Lenbiziko atala / Bigarren atala / Irugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Itzaurrea / Antzerkiaren aria / Iztegia

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus