Hamlet, William Shakespeare

 

Irugarren atala

 

 

LENBIZIKO AGERRALDIA

 

Gazteluko gizategi bat.

 

ERREGE, ERREGIÑA, POLONI, OPELE, ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira.

 

ERREGE: Ta ez al dezaiokezute erasan, zear-galdez, erokeri asaldari ta galbidetsuz bere biziaren bakea orren gogorki urratzen dun buru-naspil ori nondikoa dan?

ROSENCRANTZ: Burua naspildurik dula aitortzen du, bai; ori zergatik dan, ordea, ez du esan nai, iñondik-iñora.

GUILDENSTERN: Ez dugu ere aurkitu aztatu-erraz. Zorakeri maltzurraz, berriz, iges egiten digu aren egizko egoeraz aitorpen bat-edo-bat atera nai diogunean.

ERREGIÑA: Ongi atotsi al ziñuzan?

ROSENCRANTZ: Gizalege osoz.

GUILDENSTERN: Baiña bere gogoari indar aundia eginda.

ROSENCRANTZ: Galde egiteko zur; gure itaunai erantzuteko, ordea, eziñago zabala.

ERREGIÑA: Alegindu al zerate yolasen batera ura eramateko?

ROSENCRANTZ: Nere andrea: ain zuzen ere, antzezlari talde bat yarrugi genun bidean; aien berri eman diogu ta ori entzuteaz alako poza artu du. Yauregion daude ta ba-dute, iñola ere, aren aurrean gau ontan antzeztutzeko agindua.

POLONI: Egi utsa duzute ori. Ta antzerkia entzun eta ikustera, zeroi, nere Errege ta Erregiña oriei, deitzeko eskatu dit.

ERREGE: Gogo onez. Eta poz aundia artzen dut ura orrelakoetara etziña ikusita. Zirika ezaiozute areago, adiskide onak, eta orrelako atsegiñetara eragiozute.

ROSENCRANTZ: Orixe egingo dugu, yauna.

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irtetzen dira)

 

ERREGE: Zoaz zu ere, Gerturde maite ori. Hamlet onara eratorriko baitugu, Opele'kin aurkitu dedin ustegabean bezela. Onen aita ta biok, barrandari zintzoak, atustan yarri ta, ez gakusaztela ikusiz, aien aurkitzeaz iritzi zabala artu ta Hamlet'en yardueratik atera dezakegu aren gaitza maitetasunetikoa danez.

ERREGIÑA: Men egingo dizut. Zuri buruz, Opele, opa dizut. Hamlet'en gainberaren yatorria zure edertasun zoragarria izatea. Orrela, bada, zure eragite onez, ura oiturazko bidera itzuliko dala itxaron dezaket, bioen izen onerako.

OPELE: Orixe nai nuke, nere andrea. (ERREGIÑA irtetzen da).

POLONI: Ibilkatu zaitez emendik, Opele. Yauna, nai ba'duzu, yarri gaitezan emen. (OPELE-ri) Irakurrazu idazti ontan; ariketa ori zure bakartasunerako aitzaki dukezu. Gai ontan maiz gera laidogarri —oso yakiña da au—, elizkoi-iduriz ta auRpegi Yainkozalez, ba, txerrena bera zuritu egiten dugu.

ERREGE (berezian): Ene, egia da ori, izan ere! Ori zartada gogorra itz oriek nire barneari damaiotena! Arteziz edertutako emagaldu baten betartea ez da nardagarriago bere azal-apaiñen azpian, nire egiña nire itz pinpiriñen pean baiño. Au zama aztuna!

POLONI: Ba-dantzut datorrala. Alde dagigun, yauna.

 

(ERREGE ta POLONI irtetzen dira).

(HAMLET sartzen da).

 

HAMLET: Izan ala ez izan: or dago arloa. Gogoarentzat zer dugu aundiago: zori iraintsuaren zartada ta geziak yasatea ala gaitz itsaso baten aurka iskilluak artu ta, gogor egiñaz, aiei buru ematea? Il; lo egin; ez geiagorik. Eta biotz-miña ta aragiaren yarauntsia diran amaika yatorrizko gaitzak, amets batez garbitzen ditugula esatea; ori xede naigarria! Il, lo egin; lo egin... amets egin agian. Or, ortxe da, ba, korapilloa! Nork dakizki, ba, aragizko lotura ontatik azkatu ta, eriotz-lo artan etorri datzaizkiguken ametsak? Orretxek geldi-erazten gaitu; gogoratze orrek damaio bizi ain luzea zorigaitzari. Bestela, nork yasango lituke aldiaren zigorradak eta mukerkeriak, zapatzaillearen bidegabea, arroaren iraiña, maitasun gutxietsiaren ziñak eta miñak, zuzenbidearen gerokeriak, agintedunen geiegikeriak eta gizon gaiak ezaiañagandik egonarriz artzen ditun arbuioak, nork bere atsedena ezten uts batez erdetsi dezakelarik? Nork leramake, onenbeste zamaz bizi neketsu baten azpian adiaka ta izerditan ari izatea, bidaztirik imultzen ez dan eriotz osteko errialde ez-ezagun aren beldur ez ba'giña? Beldur orrek naimena nastu ta, obetzat daukagu ditugun gaitzak yasatea ez dazaguzkigun beste batzutara oldartzea baiño. Orrela gogamenak koldarrak izan erazten gaitu gu guziok; orrela asmoaren sorzezko margoa, gogoetaren dirdir motelaz mazkaltzen da ta orregatik gora aundiko ta bear-bearrenetako egikizunek beren bidea okertu ta egiñen izena galdu egiten dute... Baiñan, isil! Opele ederra!... Maitagarria, oroi zaitez nire obenez zure otoitzetan.

OPELE: Nola ibilli zera aspaldi ontan, ene yauna?

HAMLET: Ongi, ongi, ongi; anitz esker.

OPELE: Ba-ditut, yauna, zuregandiko oroigalluren batzu, aspalditik biurtu nai dizkizudanak; ar itzazu orain arren.

HAMLET: Ez, nik ez; nik ez dizut iñoiz ezertxo ere eman.

OPELE: Eman egin dizkidazu, ene yauna, ba-dakizu baietz; bai ta aiekin ere, askoz ederragoak zegizten arnas goxozko mintzoak: aien usai ona galduta, ar itzazu berriz. Gogo zindoarentzat emaitz yoriena ziztrin biurtzen baita, emaillea biotz-beltz agertzen zaionean. Emen dituzu, yauna.

HAMLET: Ja, ja! Garbia al zera?

OPELE: Yauna!

HAMLET: Ederra al zera?

OPELE: Zer esan nai duzu, yauna?

HAMLET: Garbia ta ederra ba'zera, zure garbitasunak ez lukela zure ederrasunarekin erkidegorik izan bearko.

OPELE: Yauna, edertasunak garbitasunarekikoa baiño artu-eman oberik eduki lezake?

HAMLET: Baita ta! Edertasunaren alizateak garbitasuna estalgille biurtuko baitu, garbitasunaren indarrak edertasuna bere idekotsu egingo dun baiño len; antziñan adikaitza zan au, oraiñaldian, ordea, yakiña da. Aldiko batean, maite ziñudan, Opele.

OPELE: Izan ere, ori ziñestarazi zenidan, yauna.

HAMLET: Obe zenuke ziñetsi ez ba'zenit. Ezin baitugu gure zubil zarrean garbitasuna txertatu, aren kutsurik guregan gelditzen ez dalarik; nik ez ziñudan maite.

OPELE: Ainbat aundiagoa izan da nire galena.

HAMLET: Zoaz monja-etxe batera; zertako izango ziñake ogendi-sortzaille bat? Ez nauzu nerau txarrenetarikoa ta, alaz ere, obe nuke amak bizira ekarri ez ba'niñu; alako ogenak eman nezazkioke nire buruari. Oso arro, aundinai ta asperbera naiz, buru gaiñean ogenik geiago ditudala, aiek sortzeko bulko, eratan yartzeko irudimen eta bururatzeko aldirik baiño. Zertako gera ni bezelako lagunak, zeru ta lurraren artean narrazka? Zital beteak gaituzu guziok; ez entzindu gutako batetik ere. Zoaz, zoaz monja-etxe batera! Nun duzu aita?

OPELE: Etxean, yauna.

HAMLET: Ateari giltza damaiotela, bere etxean baizik zozoarena egin ez dezan.

OPELE: Ai ene, Yainko errukiorra, lagun zakizkio!

HAMLET: Ezkondu egiten ba'zera, mingarri au damaizuket saritzat: naiz ta izotza bezain garbi ta elurra bezain garbi ta elurra bezain kutsugabea izan, ez dagiokezu iges iraiñari. Zoaz monja-etxe batera, zoaz, agur. Ezkondu egin bear ba'duzu, ordea, ezkon zaitez tentel batekin; gizon oartunek baitakite oso ongi nola kokotzen dituzuten. Zoaz monja-etxe batera, ta arin gero! Agur.

OPELE: Ene zeruko yaun orrek, senera itzul-erazi ezazu!

HAMLET: Entzunik nago ere zuen azal-apaiñez. Yainkoak aurpegi bat eman eta zuek besterik egin. Taka-taka zaloika, zizoka ta edonein Yainko-semez gaitzesaka ari zerate, zuen lizunkeria bakundasuntzat ematen duzutela. Ots, ots, ase naiz orretzaz; orretxek zororazi nau. Esaten ere dizut, amaitu dira ezkontzak; dagoneko ezkonduak, bat ez, beste guziak [30], biziko dira; andarakoak, beren artan geldituko dira. Ots, monja-etxera.

 

(HAMLET irtetzen da).

 

OPELE: Ene! ori adimen argia lur yoa! Yauregikoaren begia, ikastunaren mintzoa, gudariaren ezpata; lurralde eder onen itxaroa ta lorea; yazkeraren ispillua, pinpiriñen eredua, oarle guziek oartua, ondatua, arras ondatua! Ta nik, aren agintza goxoen eztia murtxatu nun andre zorigabe ta beeratuen onek, adimen argi ta goren ura, moteldutako yoale eztitsu bat iduri, latz eta gozakaitz ikusi bear; orrilloan zeuden irudi ta arpegi idegabeko aiek, zorotasunak zimelduta orain ikusi. Ai ene ta ni!, ikusiak ikusirik, dakusdan au ikustea!

 

(ERREGE ta POLONI sartzen dira berriz)

 

ERREGE: Maitasuna! Ez, bere aldarteak ez du bide ortara yotzen. Ez ta bere mintzaerak ere, nastu samar izan arren, ez zun erotasunaren antzekorik. Ba-du gogoan zerbait, bere beltzura biztutzen ari dana, ta arrautz-kuska austean, gaitzurreren bat sortuko ote dan beldur naiz; ori aitzintzeko, bat-bateko erabaki au artu dut [31]: irten dedilla, berealaxe. Englanderriruntz gure zerga atzeratua eskatzeko. Itsaso ta lurralde berriek beren gauza bereziekin, idokiko dute, agian, aren biotzean ain zailki zustraitu ta burumuiñaz beti yoka, beretik ateratzen dun ori. Zer deritzazu?

POLONI: Ongi dagola; aren gaitzaren yatorria ta astapena maitasun gutxietsi batetikoak dirala uste ba'dut ere. Zu, Opele, ez diguzu yaulki bear Hamlet nagusi yaunak esana; guzia entzun dugu. Yauna, ari zaitez on zaizun eraz. Egokitzat ba'daukazu, ordea, antzerkiyai ostean, aren ama erregiñak, bakarrean deitu ta, aren axanpa ageri egiteko eska dezaiola. Zabalki itz dagiola; ta ni, zure baimenaz aien izketa guziaren entzuterrean yarriko naiz. Amak aitor-erazten ez ba'dio, igorrazu England-errira edo egokien deritzazun lekura.

ERREGE: Orrela egingo da. Aundikien erasuna ez da zaitu gabe utzi bear. (Irtetzen dira).

 

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko gizategi bat.

 

(HAMLET eta zenbait ANTZEZLARI sartzen dira)

 

HAMLET: Esaizu, arren, idaztune au, nik oguzi dudanez, mingain zailuz. Itz goraz ba'dagizu, ordea, gure antzezlarietako askok dagiten eraz, obe nuke neurtitzak erriko atabalariak esatea. Aizea eskuaz orrela geiegi zerratzetik begira ere. Guzian ari zaitez neurriz, zure griñaren uroldean, ekaitzen eta, esan nezake, txarranbelean bertan ere, zuretu ta erakutsi bear baituzu ura gozotu lezaken alako erabidea. Ene, gogoan min ematen dit, illeordedun gizatzar bateri entzuteak bere biotza zarratatzen ari dala, ura zatar ta zirpil utsa egiteraiño, geienetan antzerki ulerkaitzak eta zarata baizik aintzat artzen ez ditun yende xearen belarriak pitzatuz. Gogotik astindu eraziko nituke orrelakoak. Termagant [32] irudia eragitearren. Erode [33] baiño erodetarrago izatea da ori. Itzuri artatik, arren.

LENBIZIKO ANTZEZLARIA: Itz damaizut, yauna.

HAMLET: Ez zaitez ere erabetiegi izan. Zerorren zentzutasuna eduki bear duzu otsemaille. Egikera itzari begokio, ta itza egikerari; berezko neurrietatik ez aragotzeko ardura bizia ipintzen duzularik. Orrelako edozein geiegikerik alde egiten baitu antzertitik. Onen xedea, ba, bai atsarrean, bai ta orai aldian ere, izan zan eta ba-da, biziari ispillu bat eskaintzea; onari beraren azpegia, keriari beraren irudia, ta, adin eta gizaldi bakoitzari bere larrantza ta bereizgarria erakustea. Geikeriak edo argalkeriak ez-yakiñai par eragiten ba'die ere, naigabetu bearko ditu zurrak, eta auen iritzia, naiz bat bakarrarena izan, besteez beteriko antzokia baiño geiagokotzat artu bear duzu. Ene?, ikusita nago anzezlariak eta oso txalotuak gero, ez kistar ez ziñesgabe ez ta gizon itxurarik ez mintzorik ere ez zeukatenak; ain buru arro ta ainbesteko oiuz ari ziran. Sasi-irazaille batek gizon egiñak eta ez ongi egiñak zirala uste dut; ain nardagarriki idurikatzen zuten gizatasuna.

LENBIZIKO ANTZEZLARIA: Uste dut gure artean zertxobait zuzendu dugula ori.

HAMLET: Oi, osotara zuten. ezazute. Ta yostariek ez dazatela esan idatzia besterik; aietako batzu, ba, asten dira parrez, zenbait ikusle ergeleri par eragiteko, nai ta kinka artantxe antzerkiaren bear-bearrenetako gertariren bat gogotan artu bearra ba'da ere. Zakarra da ori, ta orrela ari dan zapartingarriak aundinai negargarria darakus. Zoazte gertutzera.

 

(ANTZEZLARIAK irtetzen dira).

(POLONI, ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira).

 

          Zer berri, yauna? Etorriko al da errege ikusgarriko antzerki au entzutera?

POLONI: Bai ta erregiña ere, ta berberean.

HAMLET: Ezaiezu, ba, antzezlariai laster ibiltzeko. (POLONI irtetzen da). Nai al duzute biok lagundu laster dagiten?

ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN: Bai, yauna, ta gogotik.

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irtetzen dira)

 

HAMLET: Eup, Orati!

 

(ORATI sartzen da).

 

ORATI: Emen naukazu nagusi maitea, zure agindupean.

HAMLET: Orati, izan ere, egundaiño ar-emanak izan ditudan gizonetan osoena zera.

ORATI: Nire nagusi maitea...

HAMLET: Ez, ez uste gero zurikatzen zaitudanik. Zer onura iguriki dezaket zure burua elikatu ta yanzteko zure gogo ona beste etorkirik ez daukazun orrengandik? Zertako koipeztu txiroa? Ez; mingain eztidarioa arrandi zentzumotzari milika ari dedilla ta belaun malguak kako ditezela zurikeriari irabazkiña darraikiokenean. Entzuten al nauzu? Nire gogo maiteak aukeratzeko bere esku izan eta gizonen artean nor nor zan yakin zunetik, bere autatzeak beretzakotu ziñun. Beti izan baitzera, guzia yasan eta miñik ez duna bezelakoa: zoriaren eskuerakutsiak eta zartakoak beti-bateko aurpegiz artu ditun gizona. Zoriaren beatz-artean, aren naieraz soiñua yotzen dun txilibituaren antzekoak [34] ez izateko biotza ta zentzuna ain ongi einkatuak dauzkatenen zoriona! Emaidazu bere griñaen yopu ez dan gizon bat eta eramango dut nire biotzaren erdian, bai, nire biotzaren biotzean, zu eramaten zaitudan bezelaxe. Baiñan, aski ta geiegi onetzaz. Gau ontan antzerkiyaia izango da erregeren aurrean; agerraldi bat, nire aitaren eriotzaz yaulki dizkizudan goraberaen irudikotsua da. Orrako gertari ori antzeztutzen danean, oartu, arren, nire osaba zure gogoaren zorroztasun guziaz: alako esakunean bere gaizki estalia agiri ez ba'da, ikusi genuna inpernuko iratxo bat da ta nire gogoetak Vulcan'en sutegia bezain beltzak. Begira-begira zagozkio. Nik, berriz, aren aurpegian tinkatuko ditut begiok. Gero zure ta nire oarpenak bat yoko ditugu aren itxuraz erabakitzeko.

ORATI: Ongi dago, yauna. Antzerkiak dirauño ezer ostutzen ba'dit, nire oartzetik iges eginda, nire gain lapurreta.

HAMLET: Ba-datoz onara. Eroarena egin bear dut. Zoaz yarleku billa. (Danemarkar guda soiñua. Turuta otsa. ERREGE, ERREGIÑA, POLONI, OPELE, ROSENCRANTZ, GUILBENSTERN ta yarraigoaren beste yaun batzu sartzen dira, zuzidun zaintzailleek lagunduta).

ERREGE: Nola dugu gure illoba Hamlet?

HAMLET: Ederki, alafede; aizez elikatua nauzu, kamaleoia bezela; itxaropenez guritzen naiz. Zuk ezin ditzakezu gizenerazi iskiñak orrela.

ERREGE: Ez dagokit erantzun ori, Hamlet. Itz oriek ez dira nireak.

HAMLET: Ez ta nireak ere dagoneko [35]. (POLONI'ri) Antzeztutzen ari izan ziñan aspaldian Ikastetxe Nagusian, ez da?

POLONI: Izan ere, yauna; ta antzezlari ona omen nintzan.

HAMLET: Ta noren antza egin zenun?

POLONI: Yuli Kaisar'ena. Kapitoli'an il niñuten. Bruto'k il-erazi niñun [36].

HAMLET: Brutokeria izan zan zekor orren kopetatua an illeraztea. Gerturik al daude antzezlariak?

ROSENCRANTZ: Bai, yauna; zure baimenaren zai dituzu.

ERREGIÑA: Zatoz onara, Hamlet maitea; eseri zaitez nere ondoan.

HAMLET: Ez, ama maitea; ba-dago emen burnibizi erakarkorrago bat.

POLONI (Erregeari): Oi, oi, nabaitu al duzu ori?

HAMLET: Nire andrea, etzan al naiteke zure altzoan?

OPELE: Ez, nire yaun ori.

HAMLET: Esan nai dut; nire burua zure altzoan etzatea.

OPELE: Bai, yauna.

HAMLET (OPELE'ren oiñetan etzaten da): Oieskeriren bat esan nai nula uste al duzu?

OPELE: Ez dut ezer ere uste, yauna.

HAMLET: Asmo ederra, neska baten aztalen artean etzatea.

OPELE: Zer diozu, yauna?

HAMLET: Ezer ez.

OPELE: Alai zaude, yauna.

HAMLET: Nor, ni?

OPELE: Bai, yauna.

HAMLET: Ene Yainkoa! zure yostari berezia. Zer dagiket alai egon baizik? Or duzu, bada, nire ama orren parresamurra, ta ez dira bi ordu aita il dala.

OPELE: Ez, yauna; bitan bi illabete dira.

HAMLET: Orren luze? Yantzi bedi, bada, beltzez txerrena, nik pitotxa-larruzko soiñeko bat nai dut. Ene Yainkoa? Bi illabete il zala ta oraindik ez aztua! Itxaron diteke, beraz, gizon aundi baten oroitzapena, ura baiño urte erdi bat zarragotzea. Baiñan, Ama Zerukoa! elizaren batzu eraiki bearko ditu; bestela iñor ez da artaz oroituko ta aren illartitza, zurezko zaldiñoarena izango da: «Ene bada, ene bada, zurezko zaldiñoa il ta aztua» [37].

 

Zaamiola-soiñua. Antzerki mintzula asten da.

Errege bat eta Erregiña bat sartzen dira maite-erakutsi aundiz. Alkar besarkatzen dute. Erregiñak belaunikatu ta maitasun aitorra dagio. Erregeak ura yaso ta aren kolkoan burua makurtzen du; gero, lore-oge baten gaiñean datza. Erregiñak, ura lokartua ikusita, uzten du. Lagun bat agertzen da bereala; erregeari buruntza kendu, oni musu eman, erregearen belarrian edena isuri ta alde egiten du. Erregiña itzultzen da; Erregea illik aurkituta, oiñazezko eskuketan ari da. Edentzailleak bizpairu antzez-lagun mintzulekin, berriz sartu ta Erregiñaren tamalkide dalakoa egiten du. Gorputzilla ateratzen dute. Edentzailleak limurtzen du erregiña eskaingaiez, ark alditxo batez, gogor egin eta zapuzten bide du, geroenean, ordea, aren maitasuna onartzen du. (Irtetzen dira).

 

OPELE: Zer esan nai du orrek, yauna?

HAMLET: Saldukeri zatar bat, arraiopola; gaiztakeri bat.

OPELE: Aurkezpen onek antzerkiaren atzalgaia dauka, nonbait.

 

ITZAURREA sartzen da.

 

HAMLET: Lagun onen aotik dakikegu; antzezlariek ezin ostendu dezakete isilpekorik; guzia esan bearra dute.

OPELE: Eta adiraziko al digu ikuskari orren esanaia?

HAMLET: Bai ta erakutsi nai diozun beste edozeiñena ere: zu erakusten ez lotsatu ta ura esanaia zuri adirazten ez da lotsatuko ere.

OPELE: Bai gaiztoa zerala, bai gaiztoa! antzerkia adituko dut.

ITZAURREA [38]:

                    Apalik daskazuegu

                    antzerkia aditzeko;

                    ta aren eta gure utsak

                    onginaiz barkatzeko.

HAMLET: Itzaurre dugu au ala eraztun-idazkuna?

OPELE: Izan ere, laburra izan da.

HAMLET: Emakumezko maitasuna bezelakoa.

 

Antzezlari bi sartzen dira: ERREGE ta ERREGIÑA.

 

ANTZEZLARI ERREGE:

                    «Ogei ta amar biderretan [39], Apol'en [40] gurdi ariñak

                    inguratu ditu lurra ta Neptun'en [41] gatz-uiñak,

                    ta ogei ta amar amabiko illargik, amabitan

                    ogei ta amar aldiz, diote ludiari argi eman,

                    Maiteak gure biotzak, lotura deunaz, batu

                    ta guve eskuak Ezkontzak zitunetik elkartu».

ANTZEZLARI ERREGIÑA:

                    «Beste orrenbeste illargiak ta eguzkiak zenbatzen

                    utziko al digute gure maitasuna il baiño len.

                    Baiñan, ai! oraiñogotik kezkaz nauzu orren mindun

                    barizakust, zure antziñeho pozetik orren urrun.

                    Baiña hezka au gora-bera, ez duzu nastu bear,

                    maitasuna ta beldurra beti baitoaz elkar

                    emakumen biotzean. Nire maitetasuna

                    badazaguzu; beldurra dut ura ainbatekoa;

                    maitasuna aundia, zalantz txikienak beldurtzen;

                    beldurra aunditzen danean, maitasuna nausitzen».

ANTZEZLARI ERREGE:

                    «Ene maitea, utzi bear zaitut, eta arin gero;

                    bizi-indarrek uko egiten didate; zu biziko

                    zera lur eder onetan goratu, maitatua,

                    eta badukezu, noski beste senar samur bat...»

ANTZEZLARI ERREGIÑA:

                    «Isil, arren! Orrelako maitasuna neregan

                    saldukeri utsa litzake; beste senar batengan

                    gaiztesia izan nadilla! Bigarrenaz ezkondu

                    dagianak lenengoa illerazi bide du».

HAMLET (berekiko): Ar zak ori, ar zak ori!

ANTZEZLARI ERREGIÑA:

                    «Irabazi-naia dugu beti ta ez maitasuna

                    ezkontzara bigarrenez eramaten gaituna,

                    Birritan il-erazten dut nere senarra zana

                    bigarrena baldin artzen da'dut nere eztoera».

ANTZEZLARI ERREGE:

                    «Diozun bezela oldozten duzula dut ziñesten;

                    sarri, ordea, gure asmoak ditugu bazter uzten.

                    Oroimenaren yopua baizik ez dugu asmoa,

                    yaiotzez azkarra, baiñan, iraupen urrikoa;

                    igali gordiña iduri, zugatzari itxekita

                    dago orarn, berez, ordea, ondu orduko erorko da.

                    Gerok geron buruai zor zaiena ordaintzea

                    aztu dezagula, guziz ezinbestekoa da:

                    gogo beroturik arten dugun erabakia

                    laster utzi egiten dugu, gogoa gozatu ta.

                    Pozaren naiz oinazaren indarrak berak aien

                    egiñak aiekin baten ditu ezereztatutzen:

                    Poza zaratatsuago ta miña alatsugoa;

                    aize batez miña poztu, poza mindu egiten da.

                    Ludia ez da betikoa ta ez da arritzekoa

                    maitea zoriarekin batean aldatzea,

                    erabakizun baitago, maitasunak zoria

                    ala zoriak maitea yaurtzen dalako auzia.

                    Aundikia beratu ta bereak dira itzurtzen,

                    landerra goratuzkero etsaiak aiskidetzen;

                    aren bearrik ez dunak beti aiskide bat duke,

                    ta ezaldian azterkatzen dunak irudi-aiskide bat,

                    berealako batean, bere etsai biurtzen du;

                    maitasuna ainbesteraiño baita zorian yopu.

                    Labur: geron naiak eta geron alabearrak

                    ain elkarren aurka doaz ta gure eginkizunak

                    beti ustel irtetzen dira. Gure bulkoen yabe

                    gera, izan ere, baiña aien burutzea ez da gure:

                    orla, berriz ezkonduko ez zerala uste duzu,

                    baiña, ni il-baikoz uste ori nerekin ilgo zaizu».

ANTZEZLARI ERREGIÑA:

                    «Uka bezat lurrak yana ta zeruak argia!

                    uko bezadate egunak ta gauak atsedena!

                    nere entzite ta itxaroa itzul bitez etsira!

                    eremuko biziari bekaiztu nakiola!

                    Pozaren aurpegi ederra zurbil erazten duten

                    elkaitzek nere amesteak ezereztu ditzaten!

                    Orain ta beti dordoak al nau yazarkatuko

                    alargunduzkero ezkontzen baldin ba'naiz berriro!»

HAMLET: Ta orain itza yango ba'lu?

ANTZEZLARI ERREGE:

                    Zin betea duzu egin. Utzi nazazu, maite,

                    une batez. Gogo-iltzen naiz ta goxatu nai nuke

                    nere gogaitza loaldiz.

ANTZEZLARI ERREGIÑA:

                    Loak bare zaitzala

                    ta iñoiz bioen artera ezdatorrala elkaitza!

HAMLET: Zer uste duzu antzerkiaz, andrea?

ERREGIÑA: Emazteak geiegi agintzen du, nik uste.

HAMLET: O, baiñan bere itza beteko du.

ERREGE: Ongi yabetu al zera atzalgaiaz? Ez dago artan minkor danik? [42]

HAMLET: Ez, ez, narrita utsa da guzia; edena narritan; mingarririk ez.

ERREGE: Nola du izena antzerkiak?

HAMLET: «Satartea». Zer dala ta ori? Itzaizunez. Antzerki au Viena'n egiñiko eriotze baten irudia duzu. Dukea, Gonzago deritza ta aren emaztea Batiste. Oraintxe dakuskezu. Egiñen zakarra da, baiña, gogoak garbi ditugun zuri ta bioi, zer dioakigu? Zamariak ba-daki zamukak nun zauritzen dun; gure gerruntzak osorik daude. (LUKIAN sartzen da). Baiña emen duzu Lukian, erregearen illoba.

OPELE: Erakusle guzizkoa zaitugu, yauna. [43]

HAMLET: Zu ta zure maitearen arteko adirazle izan ninteke, zuen iñozokeriak ikusi al ba'nitza.

OPELE: Bai zorrotza zerala, yauna, bai zorrotza!

HAMLET: Aspera batez kamostu zenezake nere sorbatza.

OPELE: Geroago ta txarrago.

HAMLET: Orrelaxe ari zerate zuen senarrakin. Ots, eriotzaille! izurritsu! Txerren-kiñu oriek utzi ta asi adi. Ea: «Belea karrankaz ari da, apen-eske».

LUKIAN:

                    «Asmoa beltz, eskua gai, ira prest, ordua alde,

                    abagunea gaizkide ta lekukorik gabe;

                    Gau erdian bildutako belartzarren naskia,

                    [44] Hekate'ren gaiztespenaz irutan kutsutua,

                    zure indar eriozkorrek, berealako batean,

                    bizia dezaiotela kendu, osasun batean».

                    (Lotan dagon Erregeren belarrian edena isurtzen du).

HAMLET: Aren baratzean zitaltzen du, ari buruntza kentzearren. Gonzago deritza. Ixtori egizkoa da ta bana-banako italieraz idatzia. Oraintxe dakuskezu nola eriotzegilleak Gonzago'ren emaztearen maitasuna bereganatzen dun. [45]

OPELE: Erregea yeiki egiten da.

HAMLET: Zer, ba, gezur-suaren beldur?

ERREGIÑA: Zer duzu, yauna?

POLONI: Geldi-erazi antzezketa!

ERREGE: Argia ekardazute. Atera gaitezan!

GUZIAK: Argiak, argiak, argiak!

 

(HAMLET eta ORATI ez, guziak irtetzen dira)

 

HAMLET:

                    Adiaka, bioa orein zauritua,

                    ta orkatz kaltegabea yauzkan bedi yarrai;

                    Batzu lotan daudeño, beste batzu ernai:

                    ta orrela doa beti aurrera mundua.

          Ez al duzu uste, onekin, luma baso betekin eta Proventza-ko arrosa birekin nire oski idekietan-etorkizunean zoriak gaizki artzen ba'nau antzezlari talde batean leku lortu nezakela?

ORATI: Lain erditan. [46]

HAMLET: Lain osotan, nik uste.

                    Ongi baitakizu, Damon maite,

                    austurik dakusazun yaurgoa,

                    Yove'k berak yaurri zun ta aren orde

                    orain dugu erregetzat... indiollar bat.

ORATI: Amaikidea ezarri zenezakean.

HAMLET: Ene Orati maitea, milla libera ipiñiko nituke iratxoaren itzaren alde. Oartu al ziñan?

ORATI: Oso ongi, yauna.

HAMLET: Zitalkatzeaz ari izatean?

ORATI: Guziz ongi nabaitu nun.

HAMLET: A, a! Ots soiñu apur bat! ia, txilibituak!

                    Komediak ez ba'du errege atsegintzen;

                    zerbait egingo nuke, dula naigabetzen.

          Ia, soiñiua!

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira berriz).

 

GUILDENSTERN: Nere yaun, itz bat esan dezaizuket?

HAMLET: Bai ta ixtori oso bat ere.

GUILDENSTERN: Yauna, erregea...

HAMLET: Zer berri, ari buruz?

GUILDENSTERN: Bere gelaratu da, ezongialdi aundiaz.

HAMLET: Edaria dala ta?

GUILDENSTERN: Ez, yauna, beazunaz.

HAMLET: Zuurkiago ari izango ziñan, aren atxeterrari berri eman ba'zenio. Nik aren erintze neregain artu ba'dezat, geiagotuko zaio beazuna, noski.

GUILDENSTERN: Yauna, bilbatu itzazu eraz itzak eta ez irten aritik orren murrizki.

HAMLET: Otzanik nauzu, yauna, mintzo zaitez.

GUILDENSTERN: Erregiñak, zure amak, gogo-atsekabe gorrian, zugana nigorra.

HAMLET: Ongi etorria.

GUILDENSTERN: Ez, nere yauna, adei ori ez duzu legezko. Erantzun erazko bat eman nai ba'didazu, zure amaren agindua beteko dut; bestela ba-noa, zure barkamenaz.

HAMLET: Ezin dut, yauna.

GUILDENSTERN: Zer, nere nagusi?

HAMLET: Erantzun erazko bat zuri eman. Nire adimena eri dago; nire erantzuna, ordea, dana dala, zure agindu pean dago, edo obeki esateko nire amarenaren pean. Aski da. Gatozan arira; nire ama, diozu...

ROSENCRANTZ: Ara, ba; zure yokabideak ikaraz ta arriduraz bete du.

HAMLET: Ori seme arrigarria bere ama orrela txundi-erazi dezakena? Baiña, zer atzeko du amaren arridura onek? Ots, mintza.

ROSENCRANTZ: Oera zaitezan baiño len, zurekin mintzatzea nai du bere gelan.

HAMLET: Men egingo diogu, naiz ta nire ama amar bidertan izan. Beste geznarik?

ROSENCRANTZ: Yauna, aspaldian maite niñuzun.

HAMLET: Bai ta oraindik ere; esku ogendi auengatik.

ROSENCRANTZ: Ene yaun maitea, nondikoa duzu naspil ori? Zure gogoa morroillo pean sartzen duzu, noski, zure lorrak adiskedeari agertu nai ezik.

HAMLET: Baztertuxe naiz, yauna.

ROSENCRANTZ: Nola liteke ori, erregearen beraren autarkia ba'duzu Danemark'eko yauralkian bere oiñorde izateko?

HAMLET: Bai, adiskide, baiña «belarra azten daiño»... [47] Zar xamarra da esakuna.

 

(Sartzen dira ANTZEZLARI batzu txilibitukin)

 

          O, txilibituak? emaidazute bat. Eta orain, zurekikoa bukatzeko; zer dala ta zabilzkidate, kukuka, aizaldea niri artuz, sareratu nai ba'niñuzuten bezela?

GUILDENSTERN: O, nere nagusi maitea, nere leia ausarregia ba'da, nere maitasarrea moldakaitza da ere.

HAMLET: Ez dut ori ongi ulertzen. Nai duzu txilibitu au yo?

GUILDENSTERN: Ez dakit, yauna.

HAMLET: Eskatzen dizut.

GUILDENSTERN: Siñetsi ezadazu; ez dakit.

HAMLET: Arren, yauna.

GUILDENSTERN: Nola eskukatu ere ez dakit, yauna.

HAMLET: Gezur esatea bezain erraza da; ukitu zulo auek beatzez, emaiozu aize aoaz eta soiñurik ederrenaz mintzatuko zaizu. Begira, auek gilzak dituzu.

GUILDENSTERN: Bai bañan, ez dakit aietatik otseztirik ateratzen, ez dut artezi ori.

HAMLET: Ikus, ba, nolako ezgauzatzat artzen nauzuten! yo nai nauzute; nire giltzak ba-dazaguzutelakoa dagizute; nire izkutuaren mamia idokitzeko asmotan zagozkidate; nire ereskitzaren ots berenetik goreneraiño durunda dagidala gogo duzute; ta ostaillu txiki ontan otseztia ugari ta mintzura bikaiña duzutela, ezin itz eragin dezaiokezute. Ala Yainkoa! txilibitu bat baiño errazago yotzeko naizala uste al duzute? Nai duzuten ostaillu-aren izena emaidazute, marroskatu nazakezute; ez duzute, ordea, niregandik soiñurik aterako.

 

(POLONI sartzen da)

 

          Yainkoak onetsi zaitzala, yauna.

POLONI: Yauna, Erregiñak nai luke zurekin mintzatu berberean.

HAMLET: Kamelu baten antzekotsu odei ura al dukusazu?

POLONI: Alajaiña, kamelu baten irudikoa da, izan ere.

HAMLET: Erbiñude bat dirudi, nik uste.

POLONI: Bai erbiñude baten gibela dauka.

HAMLET: Edo bale batena?

POLONI: Bale batena, egin-egiñean ere.

HAMLET: Ba-noa, ortara ezkero, berealaxe amagana. Zoraraziko naute, bai, ta ezin geiagoraiño. Ba-noa bereala.

POLONI: Orrela esango diot.

HAMLET: «Bereala» esan erraza da. Utz nazazute, adiskideok.


(HAMLET ez, guziak irtetzen dira)


          Auxe da gau-sorginkerietarako ordu aukerakoa. Illobiek arrausi dagite ta sulezeak berak bere arnas izurritsua darauntsa lurraren gaiñean. Orain odol beroa edan eta egunaren argia ikaratzeraiñoko lan gorriak egin nitzake. Geldi! Ama ikusiko dut. Ene biotza, ez galdu zure izaera! Nero'ren gogoa ez da iñoiz bular sendo ontan kokatuko. Gogorra izan nadin, ez, ordea, biotz-igarra. Ezpata, mintzoetan duket ez eskuan. Nire mingaiña ta gogoa izan bitez ontan azalutsak: itzez iraintzen ba'dut ere, ez ditzadan egitez iñoiz ere aiek azkendu! (Ateratzen da).

 

 

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko gela bat

 

ERREGE, ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira

 

ERREGE: Gaitzi zait eta ez gaudeke ere kalterik gabe aren erotasunari bide zabala emanda. Gertu zaitezte, beraz. Zuen agiriak geroko gabe nik idatzi-erazi ta. England-errira doake zuekin. Gure yaurerri barnean ezin ditzakegu yasan aren eroldiek, txitean-pitean, yartzen gaituten galtzoriak.

GUILDENSTERN: Gertuko ditugu biderakoak. Beldur bidezko ta zuzena da, Erregegandik bizia ta, yanaria artzen dituten ainbeste ta ainbeste gizaki gaitzetik begiratzen dituna.

ROSENCRANTZ: Nornai bere bizia bere gogoaren indar eta kemen guziaz begiratzera beartuta ba'dago, askoz areago aren bizitzatik ainbesterenak doazan ura. Erregea ez da iñoiz bakarrik iltzen; ubil bat iduri, ordea, baranoan dun gauza berekin darama. Mendi goienaren gaiñean tinkatutako txirringa aundi bat da; aren erro aundiai amar milla gauza txikiago datxizkie. Ura erortzen danean eraskin koxkor guzi oriek, yarraigo xume bat antzo, bere porrokaldi zaratatsuan daramatzi berekin. Erregek aspera bat baldin ba'dagi, erri osoa zinkuriñaka ari da.

ERREGE: Istalgaratu zaitezte, arren, bidaldi laster ontarako. Azkatuegi dabillan gaitzurre orri oinbillurrak ipiñi nai dizkiogu ta.

ROSENCRANTZ: Laster egingo dugu.

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irtetzen dira)

POLONI sartzen da

 

POLONI: Yauna, ba-doa bere amaren gelaruntz. Kurtxoiñen ostean ezkutatuko naiz elkarrizketa entzuteko. Akar gorria egingo dio erregiñak; itz ematen dizut. Baiña, zuk esan bezela ta oso oartuki esan gero, on izango da aren amaz gaiñera, amak izatez aldeko dira ta, beste entzule batek izketa aditzea Ongi izan, ene bakalduna. Otera zaitezan baiño len, zu ikusi ta dakidana dasaizuket.

ERREGE: Anitz esker, nere adiskide maitea.

 

(POLONI irtetzen da)

 

          Ene, nire gaizkia usteldurik dago zeruraiño kiratsa dariola! Birao antziñekoa du bere gaiñean; anai-iltzaillearena. Ezin dagiket otoi, naiz ta nire otoi-min au naimena bezain zorrotza izan. Ogena, naia baiño indartsuago dut. Eta, bi arlori lotutako gizon bat iduri, ezmezean nabil, nondik asi ez yakin eta biak aztantzen ditudala. Esku madarikatu au, ordea, anai-odolez anpatu ba'litz ere, zeru errukitsuan ez ote dago ura elurra bezain garbia uzteko naikoa ur? Zertarako da errukia ogenaren betarteari aurre egiteko baizik? Eta, zer dugu otoitza, ez erortzeko oartu ta eroritakoan barkatzeko indar bikoitza baizik? yaso ditzagun, begiak zerura; nire errua egiña da. Baiña, nolako otoizkera on izango al zait inka ontan? «Azketsidazu nire eriotze iguingarria?» Ez, ezin diteke ori, oraindik baitaukat il-eraztera bultzatu niñun gauza; nire buruntza, neronen irritsa ta nire erregiña. Erruaren irabaziaz gozatzen dana, barkagarri al diteke? Gizarte ontako ibilbide usteletan, gaizki-egillearen esku urreztatuak legea okertu dezake ta maiz ikusten da irabazkin gaiztoak berak zuzenbidea bustitzen. An goian, ordea, ez da orrelakorik. An kakomakoak ez dira gauza; egipena dan bezelaxe agiri da ta gerok geron erruen aurrean, aiek zabalki aitortzera beartuta gaude. Zer egiteko, ba? Nora yo? Garbaiak zer al dezaken aztarrenatu? Zer ote du ezinkizun? Ala ere, zer al dezake garbaitu ezin gaitezkenean? Ai ene ta ni! Ai, ene biotz au eriotza bezelako beltza! Ai, bizkaz atzitutako gogoa; azkatzeko alegintzenago ta lotzenago zera! El, zeruko aingeruak! Malgu zaitezte, belaun zurrunok eta zu, galtzairuzko aridun biotz ori, bigun zaitez yaio berri baten zaiñen antzera. Guzia ongi diteke.

 

(Baztertu ta belaunikatzen da)

HAMLET sartzen da.

 

HAMLET: Orain egin nezake, otoi egiten ari dala, ta oraintxe egingo dut. Orrela, ordea, zerura doa ta ori al da nire apena?... Ausnartu bear dut. Doillor bat nire aita iltzen du; ta orren ordaiñez, nik, aren seme bakar onek, doillor ori zeruratu egiten dut. Saria ta emendioa da ori, ez apena. Berak, nire aita gizentsu, ogiz asea [48], aren ogen guzien lorealdian eta orrilloan zegolarik atzeman zun. Eta batek ba-daki zorrak nola garbitu zitun. Bere zorigaitza, agi danez, aundia da. Eta gogoa garbitzen eta eriotzerako gertu ta mugonean dagonean ura il eta aseko ote dut nire asper-miña? Ez, geldi, ene ezpata, ta beste une izugarriago bat auta ezazu: moskorraz lotan, naiz aserre gorritan, naiz bere oeko atseginkeri loietan; yokatzen, biraoka edo zeruratze itxarorik ezin izan dezaken alako egipen batetan. Lurrera ezazu ordun aren orpoak zerua ostiko yotzen dutela ta aren gogoa amiltzen dan sulezea bezain beltz eta gaiztetsia izan bedi. Ama nire begira dago... Osakai onek ez du zure egun ertunak luzatu baizik egingo.

 

(Irtetzen da)

 

ERREGE (yeikiaz): Nire itzak goruntz, nire gogamenak, ordea, bean. Gogamen gabeko itzak ez dira iñoiz zeruratzen. (Irtetzen da).

 

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Erregiñaren gela.

 

ERREGIÑA ta POLONI sartzen dira.

 

POLONI: Oraintxe datorke. Itz egiozu gogorki. Esaiozu, aren biurkeriak ausartuegiak izan dirala yasan al izateko ta zu bakarrik zaitula bitarteko sortu dun aserre bizian. Ni ementxe ezkutatuko naiz. Argi ta garbi itz egiozu, arren.

HAMLET (barrenean): Ama, ama, ama!

ERREGIÑA: Itz ematen dizut. Ez izan beldur neregatik. Alde egizu. Ba-dantzut datorrala.

 

(POLONI estalki baten ostean kukutzen da)

(HAMLET sartzen da)

 

HAMLET: Ea, ama, zer da, bada?

ERREGIÑA: Zure aita asko gaitzitu duzu, Hamlet.

HAMLET: Nire aita asko gaitzitu duzu, ama.

ERREGIÑA: Ots, ots, mingain zentzugabez erantzuten ari zera.

HAMLET: Ea ea mingain ausartaz galdeka ari zera.

ERREGIÑA: Ago, zer da ori, Hamlet?

HAMLET: Zer dago, ba?

ERREGIÑA: Nor naizela aztu al duzu?

HAMLET: Ez, gurutz deunarren, ez orrelakorik! Erregiña zera, zure senarraren anaiaren emaztea, ta-onela ai ez ba'litz! ama zaitut.

ERREGIÑA: Ongi dago; itz dagikezuten norbaitzu bidalduko dizkizut.

HAMLET: Ots, ots, eseri zaitez. Ez duzu zirkin ez alde egingo, zure gogoaren barrenena dakuskezun ispillu baten aurrean yarriko zaitudan arte.

ERREGIÑA: Zer egin gogo duzu? Il nai ote nauzu? Oi, el, el!

POLONI (errezel ostean): Zer da, ba? Oi, el, el!

HAMLET (ezpata atera ta): Zer da ori? Sagu bat? Illa, dukata bat illa baietz! (Errezel zear ezpatakada bat eginda).

POLONI (barrenan): Ene, il naute!

ERREGIÑA: Ai, ene, zer egin duzu?

HAMLET: Nik dakita? Erregea al da?

ERREGIÑA: Ene, au egipen zoro ta odoltsua!

HAMLET: Egipen odoltsua! Errege bat il eta anaiarekin ezkontzea bezelatsuko gaiztoa, ama.

ERREGIÑA: Errege bat il!

HAMLET: Bai, andrea; ori duzu nire itza. (Kurtxoiña yaso ta POLONI'ren gorputzilla ager-erazten du). Zu, errukari, ausartua, ergela, sarkoia, agur! Goragoko norbaitetzat artu ziñudan. Yasan zure alabearra. Leiatsuegia izatea galbidetsu xamarra da; badakusazu. Atertu eskuak bigurtzetik. Geldi. Eseri zaitez ta utzi ezadazu biotza bigur dezaizudan. Orixe egingo baitut, barrendu daiteken gaiz egiña ba'da; aztura madarikatuak edozein biozkadari gogor egiteraiño altzairaztu ez ba'du.

ERREGIÑA: Zer egin ote dut, nire aurka orren mintzo latzez zure mingaiña askatzen ausartu zaitezan?

HAMLET: Lotsaren margo ederra laiñotzen dun egipen bat; garbitasuna azaluskeriaz nastutzen duna; maitasun garbiaren bekoki aratzari aren larrosa arrapatzen diona, bertan minbizi laidotsu bat utzirik; ezkontzazko ezkeintzak yokalari baten ziñak bezain gezurrezkoak egiten dituna; oi, itunpenaren soiñetik gogoa bera idoki ta, yaurespide gozoa itz soiñu uts biurtzen dun egipen bat. Zeruaren aurpegia gorritu egiten da, bai, ta lugai lodi au ere. Ebazteguna urbilduko bai'litzan, larriak yota dago egite ori gogoraturik.

ERREGIÑA: Ai ene, zein egite da ori, orro ta ostots orren aundiz iragartzen dana?

HAMLET: So egiozu antzezki oni ta orain beste oni; anai biren margo-irudiak. Ikusazu nolako edertasuna betarte ontan; Hiperion'en kizkarrak, Yove be raren bekokia, begiak Mart'en antzekotsuak zemaitu ta agintzeko; zeruari mun dagion mendi erpiñean kokatu berri dan Merkuri geznadunaren lerdentasuna; ludiari giza-eredu bat eskeintzeko yainko bakoitzak bere galga ipiñi nai izan bide zun antz-batza. Ezkon-laguna zenun-ori. Begira orain urrengoari: ortxe duzu senarra; bere anai lerdena legortzen dun galburu txerkeztu bat iduri. Begiak al dituzu? Muru eder ontan bazkatzetik atertu al ziñan, zingira ontan zure burua gizentzearren? A, begiak al dituzu? Ez esan ori maitasuna danik, zure adiñean odola bere sukarra otzandu ta gogamenaren esaneko ta menpeko egiten baita. Ta zein gogamen yetxiko al litzake onengandik beste onengana? Sentzumena ziur duzu, bestela biozkadarik ez; sentzumen ori motelik dago, ordea, ziur ere, erotasunak berak ere ez bai legike uts ori, ezta sentzuna ere ez zitzaion iñoiz erokeriari menpetu, orrelako artea oartzeko dan adikuntza ez gordetzeraiño. Zein deabruk iruzur egin zizun, ba, sormotzo-yoko ontan? Begiak ikumen gabe, ikumenak ikusmen gabe, belarriak esku naiz begi gabe, usaimen utsak edo oarmen osasuntsu baten zati xumeenak ez zezaketen orrenbesteraiño uts egingo. Lotsa ori! nun da zure gorritura? Gaiztoki asaldari ori, baldin etxandre baten ezurretan orrela matxiñatu al ba'zaiteke-z, utzazu, gaztetasun gartsuan, garbitasuna, argizaia bezela, beraren sutan urtu dedilla. Ez aldarrikatu laidoa, irrits eragikorrak oldar artzen dunean, izotza bera ere, orren biziki suztatu ta adimenak biotza lizuntzen dun ezkero.

ERREGIÑA: Ene Hamlet! ez mintza geiago. Begiak gogo barrenera itzulerazten dizkidazu ta antxe, iñoiz ezin ezabatu ditekezan orban beltz eta barnak ikusten ditut.

HAMLET: Eta guzi ori, oe satsu bateko izerdi kirastunean bizitzeko, lizunkerira emana, urdandegi likits batean goxokeritan eta maiteketan...

ERREGIÑA: Ene! ez mintza geiago. Itz oriek, sastakaiak antzo, sartzen dira nere belarrietan barna. Ez geiago, Hamlet maitea!

HAMLET: Eriotzegille ta doillor bat. Zure lenbiziko senarraren eunena balio ez dun yopu bat; sasi errege bat; apaletik buruntza ederra ostu ta sakeleratu zun erregetza ta agintzaren zizku-lapur bat!

ERREGIÑA: Ez geiagorik!

HAMLET: Adabaki ta ipinki errege bat!

 

(IRATXOA sartzen da)

 

HAMLET: Zeruko zaintzalleok, gaizka nazazute ta zeron egapean geriza emaidazute! Zer nai duzu irudi agurgarri ori?

ERREGIÑA: Ene, burutik yoana da!

HAMLET: Zure seme nagi oni akar egiteko al zatoz, aldiari ta griñari alperrik eman eta zure agindu beldurgarriaren betetzeaz aztutzen naizelako? Oi, mintzo zaitez!

IRATXOA: Ez aztu. Agertu au ez da zure erabalki kamustuxea zorroztutzeko baizik. Baiña, gomazu: ama ikarak artua duzu. Bere gogoaz ari dan burrukan arteratu zaitez; gorputza aulago ta irudimena eragiñago. Itz egiozu, Hamlet.

HAMLET: Nola zaude, andrea?

ERREGIÑA: Ene, nola zaude zu, utsartera begiratu ta aize ikutueziñarekin izketan ari zeran ori? Begietan bizi-indarrak dituzu basaki kirika; ta el-oiuak iratzarritako gudariak antzo, zure ille etziñak bizkortu ta laztu egiten dira. Ene biotzeko semea, garaztatu neurri otzaz, zure aserrearen sugarra. Zer begiratzen duzu?

HAMLET: Ura, ura! Ikusazu zein zurbil begiak tinkatzen dizkigun! Aren iduri ta auzia elkartuak, arriak berak bigunduko litukete. Ez niri begiratu, arpegiera errukarri orrek nire asmo latzak emarazi ez ditzan. Ordun, ba, nire eginkizunak bere egiazko margoa galduko luke; odola isuri bearrean, negarra.

ERREGIÑA: Nori diotsazu ori?

HAMLET: Ez al dakusazu ezer an?

ERREGIÑA: Ezer ere ez; ta ala ere, ba-dakust dana.

HAMLET: Ta ez al zenun ezer ere entzun?

ERREGIÑA: Ez, gure itzak baizik.

HAMLET: Baiña, begiratu antxe; ikusazu nola labaintzen dan! Aita bizirik bezela yantzia! Ikusazu orain bereon atetik ilkitzen.

 

(IRATXOA irtetzen da)

 

ERREGIÑA: Zure burumuiñaren asmaketa utsa duzu ori; ameskeria oso trebea orrelakokeriak sortarazten.

HAMLET: Ameskeria! Nire tintiña zurea bezain neurri onez ta soiñu osasuntsuz dabil. Ez, ez dira txorakeriak esan ditudanak. Aztarrenatu nazazu ta guzia itzez-itz berriztuko dizut; ameskeria yauzika irtengo litzake ortatik. Arren eta arren, ama, ez isuri zure gogoan gantzurrin legunkari au: nire erotasuna dala itz egiten ari dana, ta ez zure gaizkia. Orrekin ez zenuke min-bizia estaldu baizik egingo, aratustel kirastunak, barrengoa zulapetuz, guzia itzalka zornetzen duño. Aitor ezaiozu Yainkoari; igarotakoaz garbai zaitez, etortzekotik begira, ta ez bota zimaurra belartzarrera indarragotu dedin. Azketsidazu nire garbitasun au; aldi auetako gorputzalakeri zakarroan, ordea, garbitasunak berak keriari barkapena eskatu ta oiñetan aozpeztu bear zaio ere ari on egiteko baimena daskaiolarik.

ERREGIÑA: Oi Hamlet, biotza erdibitu didazu.

HAMLET: Yaurtazu, ba, aren zati txarrena, ta bizi zaitez garbiago beste erdiarekin. Gau on. Ez itzuli, ordea, nire osabaren oera. Antz-emazu, beiñik-bein, alako ekanduna, ez ba'duzu ere. Oitura, edozein biotzondo irentsi egiten dun marnu ori, geienetan txerrena, aingeru dugu, alaz ere, egipen eder ta onak bururatzeko yanzki edo soiñeko ipinterraz bat ematen digun aldetik. Eliku zaitez gaurkoz, eta urrengo elikutzea errazago dukezu; ondorengoa areago. Oiturak, aldatu ere baititzake izatezko aierrak ta gaizkiña eskuratzeko edo ura yaurtitzeko arrigarizko indarra du. Gau on, berriz ere, ta Yainkoaren onespena gogoz nai dezazunean, ni natorkizuke zurearen eske. Yaun oni buruz, (POLONI erakutsiz) garbai naiz, baiñan Yainkoak nai izan du, ni arekin ta ura nirekin atarratzeko, ni bere zigorra ta biurkaria izatea. Leku egokian yarri ta aren eriotzari buru emango diot, bear bezela. Gau on, bada, berriz ere. Ona izateko, ankerra izan bearra dut. Gaizki asi naiz ta gaizkiago yarraituko. Itz bat geiago, andrea.

ERREGIÑA: Zer egin bear dut?

HAMLET: Esan dizkizudanetakorik ezertxo ere ez, alegia. Utzi errege gizenduak berriz oera zaitzala; lizunki masailletan zimiko ta «ene urtzapala» deitu dagizula; ta utzi ezaiozu bi musu likitsez edo eztarrian aren beatz rnadarikatuez kilikatuta, aitorrazi dezaizula ni ez naizala eroa, naizalakoa egiten dudala baizik. On izango litzake yakitun ipiñi dezazula. Nork, bada, erregiña eder, erabidetsu ta gurbil bat ez ba'da, estali lezaioke orrelako zador ederra, txantxiku, saguzar, katu-iren orri? Nor litzake ortarako lain? Ez, zentzuna ta adikuntza gorabera, saskia etxegaiñean zabaldu ta utzi itzazu txoriak egaz egiten eta gero, arako tximu ura bezela, saskian sar zaitez beste ainbeste egiteko asmoz, ta zerorren lepatxokoa auts ezazu lur yotzean. [49]

ERREGIÑA: Etsi-etsita zaudeke; itzak atsez ta atsa biziz egiñak ba'dira, esan didazuna iñori yaulkitzeko ez bizirik ez ta atsik ere ez dut.

HAMLET: England-errira bear dut; ba al dakizu?

ERREGIÑA: Ai ene, aiztua nun; orrelaxe erabaki da.

HAMLET: Ba-daude idazki zildaikatuak eta, miztodun sugeri aiñako entzitea diedan nire bi ikas-lagunek, badaramazkite aginduak. Nire bidea ekortu ta saizulora eraman bear naute. Ari ditezela! Yostagarri izango baita, zulapetzaillea beraren sutautsaz erauztea; ta gaizki ariko naiz, aien zulapearen azpian neurraga bete ondolan egin eta illargiraiño egaz-eragiten ez ba'ditut. O! zoragarria da gero lerro berean bi malmuzkeri elkar yotzen ikustea. Gizon onek zorroak gertu-eraziko dizkit. Narreztuko dut gorpuzkiña alboko gelaraiño. Gau on, ama. Izan ere, kaiku berritsu, txirriporro bat zan aolkari au, oso geldi, oso isil eta oso benazko dago. Ots, adiskide, atzen eman bear diogu zureari. Gau on, ama.

 

(Irtetzen dira nor bere aldetik; HAMLET POLONI'ren gorputzilla narrazean daramala).

 

 

 

30. «Bat ez, beste guziak». Erregearentzako zear-esana.

31. «...bat-bateko erabaki au artu dut». Erregea beti dugu Hamlet'en alderantzia: eragikor eta zirt-edo-zartekoa.

32. Termagant. Izen au zemaioten zaldun-irakurgaietan (libros de caballerías) mairutarren Yainkoari. Lagun izugarriaren irudia egiten zun antziñako antze-idaztietan.

33. Erdi Aroko misterioetan Erode dugu tirano anker ta uzuaren eredua.

34. Bere buruaz oldozten ari da Hamlet itz oriek esatean. Ba-daki gizaeredu ortatik oso urrun dagola bera.

35. England'erriko esakun batek dionez, gizon baten itzak ez dira bereak mingatu ditun ezkero.

36. Yuli Kaisar Senatuan il zuten. Shakespeare'k Kapitoli dio, itz-yokoa obeki egiteko, nunbait.

37. «Zurezko zaldia» («Hobby-horse») zaldi-gizon bat zan. (Gure Zuberoko «Zamaltzaiña'ren antzekoa») Puritanoek debekatu zuten dantza ori.

38. «Itzaurrea». Itzaurrea (prólogoa) esaten dun antzezlaria.

39. «Ogei ta amar biderretan» Badatorkigu, berriz ere Shakespeare noizbaiteko neurtizkeraz. Lengoa bezalaxe euskeratu dut.

40. Apol edo Poib; eguzkia.

41. Neptun. Itsasoaren Yainkoa.

42. Erregearen galde ontatik ezautzen dugu antzerki mutuaz ez dala oartu; Erregiña ta Poloni'rekin elekan edo.

43. Erakuslea. («Chorus» dio Shakespeare'k); ez zan ordun talde bat griegoen artean bezela; antzeztutzekoa aurkezten edo erakusten zun antzezlari bat baizik.

44. Hekate. Sulezeetako Andre Goikoa.

45. 1538'garren urtean. Urban Dukea, Gonzaga batekin ezkondua, il zan, Luigi Gonzaga dalako batek edendua. Gertari ontatik dator, nunbait, antzerki ori.

46. Shakespeare'k idazten zun aldian antzezlariek ez zeukaten sari yakiñik. Beren antzearen eta irabaziaren arauz yasotzen zuten dirua.

47. «Belarra azten daiño, zaldia gosez il», dio Englanderriko atsotitzak.

48. «Ogiz asea». Idazteun'etik artutako esakuntza (Ezekiel, XVI, 49)

49. Ez dakigu zein alegi dan ori. Tximuak tellatuan txori saski bat idekirik, aiek egaz egiten dakusaz ta, bere antzearen-oldeak eramana, berak beste ainbeste egitea nai du; saskian sartu ta arekin yauzirik, bere lepoa austen du.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 

 

Hamlet, William Shakespeare
Antzez-lagunak / Lenbiziko atala / Bigarren atala / Irugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Itzaurrea / Antzerkiaren aria / Iztegia

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus