Hamlet, William Shakespeare

 

Boskarren atala

 

 

LENBIZIKO AGERRALDIA

 

Illerri bat.

 

Sartzen dira bi OBIGILLE aitzur eta abarrekin.

 

LEN. OBIGILLEA: [66] Eliz-lurrean eortziko ote duk, ba, bere burua gaizkatzea [67] beraizik billatzen dikana?

BIG. OBIGILLEA: Baietz dioat. Egiok, beraz, obia, berealakoan. Auzi-yaunak gertaria aztertu ta eliz-lurra ematea erabaki dik.

LEN. OBIGILLEA: Nola litekek ori, bere burua begiratzearren ito egin ez ba'duk?

BIG. OBIGILLEA: Orrela erabaki ditek, ba.

LEN. OBIGILLEA: «Se offendendo» [68] izan edo duk; ezin litekek bestela. Emen baitzegok arloa: nik ala nai ta, nere burua ito ba'dezakat, egintza bat duk ori ta edozein egintzak ba-zetik iru atal: egin, ekin eta betegin; «argal» [69], ala nai ta, bere burua ito zian.

BIG. OBIGILLEA: Baiñan, adi zak, aitzurlari maisu...

LEN. OBIGILLEA: Utzaidak. Ementxe zegok ura; ongi. Ementxe daukak gizona; ongi. Gizona ur ontara yoan eta ito egin ba'deik, nai ta nai ez, yoan egiten duk; oar orri. Baiñan, baldin urak arganatu ta ito ba'dezak ez dik ark bere burua itotzen: «argal», beraren eriotzaren errudun ez dukanak, ez dik beraren bizitza laburtzen.

BIG. OBIGILLEA: Baiña, lege dikagu ori?

LEN. OBIGILLEA: Bai, ba! Auzi-yaunaren legea.

BIG. OBIGILLEA: Nai dek egia esan dizakadan? Aundiki alaba ez ba'litzak, ez ziokaten eliz-lurrik emango.

LEN. OBIGILLEA: Berriz esan ere! Ta tamala duk gero, aundi-maundiek beste kristauek baiño eskubide geiago izatea mundu ontan beren burua irato naiz urkatzeko. Ots, nere aitzurra. Ez zegok baratzaiñak, aitzurlariak eta obigilleak baiño zaldun antziñakoagorik; Adan'en bizibidean ari baitituk.

BIG. OBIGILLEA: Adan zaldun ote ukan?

LEN. OBIGILLEA: Lenbiziko iskilluduna dikagu ura.

BIG. OBIGILLEA: Zer diok? Ez zeukan bat ere.

LEN. OBIGILLEA: Ara! Fedegabe ote aut? Nola ulertzen dituk Liburu Santuak? Liburu Santuek, Adan aitzurrean ari ukala ziokate. Aitzurra ez al duk iskillo? [70] Orain beste galde bat; baldin erantzuten ez ba'didak, aitortu ezak...

BIG. OBIGILLEA: Atozea!

LEN. OBIGILLEA: Nor duk ormagiñak, istinkariak edo zugarotzak baiño sendoago eraikiten dikana?

BIG. OBIGILLEA: Urkabe-gillea; tramankulu oriek beren milla maizter baiño geiago bizi ditukalako.

LEN. OBIGILLEA: Eder zait ire kasketa, alafede. Urkabeak ongi ziaztik, baiña, nola ziaztik ongi? Gaizki ziaztikenentzat ziaztik ongi. I gainki oa, urkabea eliza baiño sendoago eraikia zegokala esatean; argal ergo, urkabea ongi yoango zitzakikan. Ea, berriz ere.

BIG. OBIGILLEA: «Nor duk ormagiñak istinkariak edo zugarotzak baiño sendoago eraikiten dikana?»

LEN. OBIGILLEA: Bai, esaidak eta uztarpetik irtengo aiz.

BIG. OBIGILLEA: Apoa! oraintze esango diat.

LEN. OBIGILLEA: Ots!

BIG. OBIGILLEA: Arraiopola, ez zekiat zer esan.

 

(HAMLET eta ORATI sartzen dira urrutira)

 

LEN. OBIGILLEA: Ez ausi ire burua geiago orretzaz, ire asto gibelkariak ez baitik urratsa aldatuko, makilladak gora-bera. Galde ori berriz egiten ba'ditek, esan: «Obigillea, ark eraiki etxeek Auzi egunerarte iraungo baititek». Ots, oa Yaughan'enera ta ekardak txopin bat atariko. (BIG. OBIGILLEA irtetzen da).

LEN. OBIGILLEA (aitzurrean ari dala kantatzen du):

                    Gazterik, maiteketan nenbillala,

                    ori eztiena zala nun uste

                    astia iltzeko, arekin, ezer onik

                    oi! iñoiz ez ba'zetorkidan ere.

HAMLET: Ez ote da bere lanaz oartzen, obia egiten dularik kantuz ari dan gizon ori?

ORATI: Oiturak egin du langintzari ezazola.

HAMLET: Izan ere, orrela da: gutxien lan dagin eskuak ukitze leunena du.

LEN. OBIGILLEA (abesten du):

                    Baiña zartzaroak, urrats-isil,

                    bere atzaparretan atzitu nau,

                    lur-barrenean sar-erazirik

                    lurrez eratua izan nintzan au.

 

(Kozko bat ateratzen du)

 

HAMLET: Kozko orrek ba-zeukan mingaiña ta abes zegiken beiñola. Lurrera egozten du zital orrek, lenbiziko eriotza egin zun Kain'en ormaza bai'litzan? Eta asto orrek orain eskuetan darabillan ori, ba'liteke izatea Yainkoari berari iruzur egiteko asmoa zun yauntxo azpikari batena; ez ote?

ORATI: Ba-liteke, yauna.

HAMLET: Edo-ta: «Egun on, yaun maitea!» «Nola zaude, nere yaun maitea?» esaten ba-zekin yauregiko batena. Onako au, Urlia'yauna zan, onenean, Sandia yaunaren zaldia goraipatzen ari zana, eskeiñi zezaion. Ez ote liteke?

ORATI: Baiki, yauna.

HAMLET: Bai, orain! Eta orain Ar yaunaren menpeko da, matelezur gabe ta obigillearen aitzurrak kozkoa astinduta. Iraulpen ederra, ura ikusteko antze naikoa ba'genu! Ain errez aziak al ziran ezur oriek, bolaka yolasteko baizik ez baitira gauza? Nereok min ematen didate ori gogoratze utsaz.

LEN. OBIGILLEA (abesten du):

                    Pikotx bat eta artzur bat,

                    izara bat, il-yantzi,

                    oi! ta obi bat lurrean

                    dagozkio arrotz oni.

 

(Beste burezur bat ateratzen du)

 

HAMLET: Orra or beste bat. Ez al dukegu ori legegizon baten burezurra? Nun dira orain bere kako-makoak, bereizkeriak, zearkeriak, igesbideak eta atzipeak? Kiskil zakar orrek aitzurraz kasketan yotzen du ta ez al dio auzia ipinten kalteak dirala-ta? Uf! Au bere aldian lur-erosle aundi bat edo zan, bere baitura, zor-ageri, itun, berme bikoitz, zekuru ta guzti. Bere itunen ituna ta bere artzekoen artzea, bere garondo mea, loi mez beterik eukitzea ote da? [71] Bere berme guziek, naiz ta bikoitzak izan, bermatuko al dizkiote bere erosetak, bi ageriren luzea ta zabala baiño geixeago? Bere lurren yabetza ageri utsak ere, nekez kokatuko lirake kutxa ontan eta yabegaiak berak ere ez duke geiagorik, e?

ORATI: Izpi bat geiago ere ez, yauna.

HAMLET: Larrutxa ez al da ari-larruz egiten?

ORATI: Baiki, yauna, bai ta txal-larruz ere.

HAMLET: Ari ta txal aundiak dituzu, ba, artan beren ustekaria yartzen dutenak. Mintzatuko natzaio lagun orri (Obigilleari) Norena duk illobi ori, adiskide?

LEN. OBIGILLEA: Nerea, yauna (abesten du):

                    Oi, ta obi bat lurrean

                    dagokio arrotz oni

HAMLET: Irea dukala uste diat, bai, aren barruan [72], ago-ta.

LEN. OBIGILLEA: Zu lekorean zaude ta ez da zurea, beraz. Ni, nerau, ez natza artan, ta, ala ere, nere dut.

HAMLET: Gezurra diok, artan agola ta illobi ori irea dukala esateaz; illentzakoa da, ez bizientzakoa; gezurra diok beraz.

LEN. OBIGILLEA: Gezur bizia da ta ba'doake laster nigandik zugana.

HAMLET: Zein gizonentzat aitzurtzen dek zulo ori?

LEN. OBIGILLEA: Gizonentzat ez, yauna.

HAMLET: Zein emakumentzat, ba?

LEN. OBIGILLEA: Batentzat ere ez, yauna.

HAMLET: Nor eortziko ditek artan, ba?

LEN. OBIGILLEA: Emakumezko zan bat, yauna, baiña goian bego, il da-ta.

HAMLET (Orati'ri): Zirt-zartekoa dugu kiskil au! Iztegia eskuan mintzatu bear diogu, bestela zapalduko gaitu zimardika batez. Ala Yainkoa, Orati, iru urte dira oartzen ari naizela; gure gizaldia ainbeste zorrozten da ta baserritarraren oin-muturrak yauregikoaren zuzpelak larrutzen ditu; orpoz-orpo baitarrakio (Obigilleari) Noizdanik aiz obigille?

LEN. OBIGILLEA: Urteko egun guzien artean, gure azkeneko errege Hamlet'ek Fortinbras garaitu zun egun artan asi nintzan bizibideon.

HAMLET: Noiz izan ukan ori?

LEN. OBIGILLEA: Ez al dakizu? Ez dago ba, ori ez dakin larrekorik. Burutik egiña dala ta England'era bidaldu duten Hamlet gaztea yaio zan eguna bera zan.

HAMLET: Bai? Eta zergatik bidaldu zikaten England'era?

LEN. OBIGILLEA: Eroa zalako, ba. An itzuliko da bere senera ta ezezkoan ez dute orregatik an deuseren ardurarik artuko.

HAMLET: Zergatik?

LEN. OBIGILLEA: Ez dute atemango; an guziak baitituzu ura bezain eroak.

HAMLET: Eta nola erotu ukan?

LEN. OBIGILLEA: Oi-ez bezelako gisatan diotenez.

HAMLET: Oi-ez bezelako gisatan?

LEN. OBIGILLEA: Alafede, sentzuna galduta.

HAMLET: Baiña zer ukala bide? [73]

LEN. OBIGILLEA: Bide? Emen, Danemark'en. Izan ere, zar eta gazte, ogei ta amar urtetan nauzu emen ogibide ontan.

HAMLET: Zenbat aldi datzakek lurpean gizona usteltzeke?

LEN. OBIGILLEA: Egia esateko, il baiño len usteldua ez ba'dago —gaur egunean baitatozkigu obiratzea ere doi-doi burutzen duten gorpu zornetsu asko— zortzi edo bederatzi urtetsu iraun ditzake; larrugin batek bederatzi urte iraungo dizkizu.

HAMLET: Zergatik berak, besteak baiño geiago?

LEN. OBIGILLEA: Bere larruak yauna, bere langintzaz ain ondua dago ta urari luzaroan geldi-erazten diolako; ta ura, zure gorputzil putasemearen ondatzaille ikaragarria duzu. Emen daukazu kozko bat. Kozko au ogei ta iru urtez egon da lurpean.

HAMLET: Norena ukan?

LEN. OBIGILLEA: Putaseme kaiku batena; norena zala uste duzu?

HAMLET: Nola yakin nezakek?

LEN. OBIGILLEA: Izurria berari! Ero galutsa! Bonbil bat Rhin-ardo yaurti zidan bein buru gaiñera. Kozko au, yauna, Yorik, erregeren narritariarena izana duzu.

HAMLET: Au?

LEN. OBIGILLEA: Auxe.

HAMLET: Utzizaidak ikusten. (Kozkoa artuta) A ene, Yorik gaixoa! Ezaguna nun, Orati; itz-gozo betiereko ta irudimen arrigarriko laguna zan. Amaika bider erarran niñun sorbaldan, eta orain, gogoratzeak ikaratzen nau! ura ikustez goragale naiz. Emendik zintzilika zeuden, amaika aldiz musu eman diedan ezpain aiek. Nun dira orain ire izkirimiriak, ire yauzkak, ire leloak eta maikide guziak irrikarkar batean ipintzen zizkikaten ire poz-zartada aiek? Bat ere ez, erorren aieruari irri egiteko? Zer ari aiz ao zabalik? Oa orain nire andrearen apaingelara ta esaiok itxura ontaraxe etorri bearra dala, naiz ta bere aurpegiari azbete azal-apain eman; par eragiok ortaz. Esaidazu, arren, gauza bat, Orati.

ORATI: Zein, ene yauna?

HAMLET: Uste al duzu Alexander'ek lurpean itxura au zunik?

ORATI: Auxe.

HAMLET: Eta onela kiratsa al zerion? Pu! [74] (Koskoa botatzen du).

ORATI: Onelaxe, yauna.

HAMLET: Orra zertara bearra geran, Orati! Zergatik irudimena ez litzaioke yarraitu Alexander'en errauts urenari, kupel baten aoa estaltzen ura arkitu arte?

ORATI: Orrela gogoratzea, zeatzegi gogoratzea izango litzake.

HAMLET: Ez, enefede, pixkarik ere ez. Aski dugu neurri onez ta egiantzez ari yarraitzea, ara yotzeko. Onelaxe: Alexander il zan; Alexander lurpetu zuten; Alexander auts biurtu zan; autsa lurra da; lurraz buztiña egiten dugu ta, zergatik, biurtu zan buztin artaz ez liteke estaldu garagardo kupel bat?

                    Il ta buztin egin zan Kaisar gorengoak,

                    aizeari estaltzen dio orain zulo bat.

                    Oi, mundua dardaraz euki zun buztiña

                    ormak negu aizetik zaitzeko izatea!

          Baiñan, ixo! ixo! alde dagigun; errege dator'ta... (Sartzen dira lerro-lerro APAIZAK eta abar; OPELE'ren gorpua ta onen atzetik, LAERTE ta AOKIA; ERREGE, ERREGIÑA ta auen yarraigoak).

          Erregiña, yarraigokoak; nori darraizkio? Ta elizkera orren urriz? Onek esan nai du, darraizkion illak bere bizitza esku etsiz ondatu dula; ta mail gorenekoa zan. Kukutu ta kirika gauden apur bat (Baztartzen da ORATI'rekin).

LAERTE: Zein elizkizun geiago?

HAMLET (Orati'ri): Laerte da ori, yatorri oneko gaztea. Gomazu.

LAERTE: Ez al dago beste elizkizunik?

LEN. APAIZA: Bere illetak, sori zaigun zabaltasun guziaz egiñak dira; bere eriotza ezbaikoa izan zan, eta goiko aginduak araua azpiratu ez ba'lu, eliz lurretik at yarria izango zan Ebaztegunerarte. Otoitz errukiorren orde, zabor, arri ta legarrak yaurtiko ziran aren gaiñera. Alaz ere, neskatx buruntza eman zaio: aren obia lorez yosita dago ta yoale otsakin azken aterpera eramana da.

LAERTE: Ez al ba da, geiago egin bear!

LEN. APAIZA: Geiagorik ez. Elizkariak narriotuko genituke, ari requiem bat abestuko ba'genio, Yaunarengan ildakoen gogoai bezela.

LAERTE: Lurrean eratzazute ta aren aragi eder ta aratzetik sortu ditezela sagubelarrak! Apaiz zakar ori, nire arreba au, aingeru bat izango da zeruan, zu suleizean arramaka ariko zeralarik, nik dasaizut.

HAMLET: Ene, Opele, ederra!

ERREGIÑA (gorpuaren gaiñera loreak edatuz): Loreak loreari; agur! Nere Hamlet'en emaztea izango intzalakoan netxionan; ire ezkontoea lorez apaindu uste niñan, neska goxo ori, ta ez ire illobia.

LAERTE: Oi! Elkaitz bat amarretan irukoiztua erori deiñela, egipen gaiztoz ire adimen argitsua kendu ziñanaren buru madarikatuaren gaiñera! (Obigilleai) Ez bota lurrik oraiño, berriz ere, besarkatu bear dut eta. (Obi barrura yauzten da) Metatu orain zuen autsa il eta bizi gañean, zelai au Pelion [75] edo Olimpo urdiñaren tontor oztiña baiño goratuagoko mendi bat egin arte.

HAMLET (aurreratuz): Nor da, bere oiñazea orren txirriporroki darakusan ori? Bere atsekabezko izkuntzek izar orronai agindu ta, txundioak artutako entzuleak antzo, geldi erazten ditun ori? Emen duzute Hamlet danetarra. (Obi-barrura yauzten da).

LAERTE: Txerrenak eramango al du zure gogoa! (Hamlet'i lepotik eltzen dio).

HAMLET: Ire otoitza ez duk on. Ken itzak, arren, ire atzamarrak nere lepotik; ez aserrekor, ez odolgaitza ez ba'nauk ere, ba-dikat nere baitan ire sentzuna beldur izan bear dukan alako galbidetsu zerbait. Alde eragik esku ori!

ERREGE: Banandu itzazute!

ERREGIÑA: Hamlet, Hamlet!

GUZIAK: Yaunak?

ORATI: Nare zaitez, nere yaun maitea. (Yarraigoko batzuek bananduta, illobitik irtetzen dira).

HAMLET: Ots! burrukatuko naiz arekin, auzi onengatik nere betazalok geiago igitu ez ditezan arte.

ERREGIÑA: Zein auzi, ene semea?

HAMLET: Maite nun Opele; berrogei milla nebak ere, bere maitasun guziaz, ezin lezakete ainbatu neronen au. Zer egingo ukek argatik?

ERREGE: Oi! ero dago, Laerte!

ERREGIÑA: Arren eta arren, utzazute!

HAMLET: Tximista gorria! Erakuskidak zer egin nai dekan. Negar egin? burrukatu? barutu? ire burua urratu? ozpiñik edan edo muskertzar bat yan? beste ainbeste egingo dut nik. Zinkuriñatzera al ator? Opele'ren illobira yauzteaz niri aup egitera? Lurpetu adi bizirik arekin eta orixe egingo dikat nik ere, eta mendiez mintzatu aizan ezkero, irauli ditzaketela gure gaiñean goldelurrak milloika, gure kon-[76] mendia garatxo bat iduri utzi dezakan arte! Ta deadarretan lelatzen ba'aiz. ik aiña ots egingo dikat!

ERREGIÑA: Zorakeri utsa da au. Bere oldarrak onela eragingo du alditxo batez. Bereala, usoa bere urreantzeko bikiak sortu zazkionean bezain otzana, isillik geldituko da. [77]

HAMLET: Entzun, zalduna. Zer dala ta orrela ari zera nirekin? Beti maite izan zaitut. Baiñan ez zaio axolik; naiz ta Erkule'k berak al duna egin, katuak mau egingo du ta zakurrak bere aldia izango.

 

(Irtetzen da).

 

ERREGE: Arren, ene Orati maitea, lagun zakizkio. (ORATI irtetzen da) (LAERTE'ri) Sendo ezazu zure eroapena lengo gabeko gure izketaz. Goazan gure arloa laxterkatzera. Gerturde maitea, zain ezazu zure semea. Illobi onek oroigallu bizidun bat daukake. Laster dakuskegu narealdia. Anartean, ari gaitezan egonarriz. (Ba-doaz).

 

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Gasteluko gizategi bat.

 

HAMLET eta ORATI sartzen dira.

 

HAMLET: Aski da orretzaz; bestea dakuskegu orain. Oroitzen al zera gora-bera guziez.

ORATI: Oroitu, ene yauna?

HAMLET: Nire biotzean, ene adiskidea, loa galerazten zidan alako burruka ba-zan eta, matxinatuak bilboetan [78] baiño mindurikago nengon. Ausarki, ta donetsia bedi orrengatik ausardia-yakin bear dugu ba, on zaigula batzutan gure arinkeria, gure asmo elduenek uts dagitenean —eta onetxek irakatsi bear digu yainko bat ba-dagola gure eginaiak zuzentzen dituna, alik zakarkien guk atontzen ba'ditugu ere... [79].

ORATI: Egi utsa da ori.

HAMLET: Nere ontzigelatik irten eta, nere zagonaz estaldua, illuntan aztamuka ba-noa aiengana. Nere gogoa egin nun; aien bidari zorroa atzeman eta nire gelaratu nintzan, azkenik. Beldurraren begirune guziak alde batera utzi ta aien idazki nagusiko zildaia apurtzeraiñoko kemena artu nun. Antxe arkitzen dut, Orati, errege-zitalkeri au: Danemark'aren, baita England-erriaren osasunari ere dagozkien askotariko izpideez ondutako agindu agiri bat, eta, neri buruz, aiek amalau zaku ta mamuak! irakurri baikoz, epe artu gabe, aizkora zorrotzeko gelditzeke ere, lepo egin bear zidaten.

ORATI: Ba liteke ori?

HAMLET: Emen duzu idazkia; irakurrazu astiroki. Entzun nai al duzu ordea, nola ari izan nintzan?

ORATI: Bai, arren.

HAMLET: Onela burua zitalkeriz saretaratua ikusiki —itzaurrea antolatu baiño len antzerkiyaia asirik—, eseri nintzan, agindu berri bat asmatu ta aratz-arazki idatzi egin nun. Aldi batean, nik, gure aundi-maundiek bezela; arazki idaztea zarkeritzat artu ta antze ori aztutzeko alegiñak egin nitun; garai artan ordea, berebiziko laguntza egin zidan. Nai al duzu yakin idatzi nunaren mamiña?

ORATI: Bai, nagusi maitea.

HAMLET: Erregeren eskabide estu bat: England-erria aren zergaduru zintzoa dalako, bioen maitasarrea, palmondoa iduri, garatu bear dalako, bakea beti garizko buruntza eraman eta aien adiskidetasunaren batz korapilloa izan bear dalako, ta onelako «lako» edo «lakio» askorekin, idazki ura ikusi ta irakurri ala, eztabaida aundi naiz txiki geiago gabe, eramaleak il erazi zitzala, aiei aitortzeko astirik ere ez emanda.

ORATI: Nola zildaikatu zenun?

HAMLET: Ontan ere izan nun Yainkoa aldeko. Ba-neukan sakelan aitaren erestuna, Danemark'eko zildaiaren eredua. Idazkia, bestearen antzera, tolestu, izenpetu, zildaikatu ta aren lekuratu egin nun, aur-ordea ezagun ez zalarik. Biaramonean izan zan gure itxas-yazarra ta ba-dakizu gero gertatua.

ORATI: Beraz, Guildenstern eta Rosencrantz beren ondamenera doaz?

HAMLET: Biotz-biotzez artu zuten egiteko au; ez dut aiengatiko garbairik; beren ondamena beren usarteen ondorekoa da. Galbidetsua da txikiarentzat bi aitziko indartsuren ezpata ankerren artean sartzea.

ORATI: Au erregea!

HAMLET: Ez al duzu uste orain dagokidala —bera baita aita il, ama galdu, yauralkiaren eta nere itxaroen artean sartu, ta orrelako azpikeriz nere biziaren billa amua bota zuna— ez al da zuzenbide utsa, beso onen bidez berari bereak ematea? Ta ez ote da ogena, gure endaren minbizi orri gaiztakeri berriak egiten uztea?

ORATI: Laxter yakin eraziko diote England'tik egitekoaren ondorea.

HAMLET: Laster izango da. Bitartea, ordea, nere dut eta gizon baten bizia yesusean ba-doa. Biotzez garbai naiz, ordea, Orati maitea, Laerte'ri egin nion geikeriaz, nere auziaren irudian arenaren antza baitakust, nai dut arekin adiskidetu; baiñan, egia esateko, aren lorraren abarrotsak sumindu niñun neurriz gora.

ORATI: Isilik! Nor ote dator?

 

(OSRIC sartzen da).

 

OSRIC: Guziz ongi etorria, yaun ori, Danemark'era itzultzean. [80].

HAMLET: Nire esker apalenak zuri. (ORATI'ri berezian) Ezagutzen al duzu mari-burduntzi au?

ORATI: Ez, nagusi maitea.

HAMLET: Yainkoaren ederra daukazu, beraz, ogena baita ura ezagutzea. Lur asko ta aberaskarriak dauzka. Abere bat abere-yauna baldin ba'da, erregearen maiean daukake bere aska. Belatxinga bat da, baiña dasaizudanez, zimaur-yabe aundia.

OSRIC: Yaun maitagarri ori, astirik baldin ba'zenu, gauza bat yakin eraziko nizuke, Errege yaunaketz.

HAMLET: Gogo-gogotik artuko dut, zalduna. Erabilli zure ginbailla bear danez. Bururakoa da.

OSRIC: Anitz esker, yaun ori, bero aundi bat ari da.

HAMLET: Ez orixe, siñetsidazu, otz-otz dago; aizea iparraldetikoa dugu.

OSRIC: Izan ere, yauna, otz samar da.

HAMLET: Ala ere, bero-bero ta sargori dagola iruditzen zait, ala nere zozkoa...

OSRIC: Saperoa, nere yaun ori, oso sapa dago, esan genezake... ez dakit nola esan. Baiña, nere Yaun ori, erregeak agindu dit adiraz dezaizudala ixpixo aundi bat egin dula zure alde; ona emen aria...

HAMLET: Arren, oroi zaitez... (Ginbailla yanzteko daskaiolarik).

OSRIC: Ez, nere yaun maitea; aisekiago nago onela egitan. Laerte gaztea etorri berria dugu. Zaldun oso bat, nere ustez, tasun bikaiñenez yoria, guziz lagunkoia ta iduri ederrekoa. Egiazki, artzaz bear danez mintzatzeko, gizalegearen erakuslea ta egutegia da, artan aurkituko baituzu zaldun batek nai ditzaken gain guzien bilduma.

HAMLET: Zure zeintzeak, yauna, ez dio kalte egiten noski. Ba-dakit, ala ere, aren ongien billabidea egiteak oroimenaren zenbakiztia zoraraziko lukela, au girabiraka ta ontzi arin aren atzean gelditurik. Baiña, gorapenaren egian, irispide aundiko gogotzat daukat eta aren barreneko tasunak, bakanak eta bikaiñak. Artzaz, bear bezela mintzatzeko, bere idekoa bere ispillua da, ta aren antza artu nai izango luken edozein, aren itzala ta ez-besterik.

OSRIC: Egi-agiazki mintzatzen zera artzaz, nere yauna.

HAMLET: Baiña, egokitasuna? Zertako estaltzen dugu zaldun ori gure arnas zakar baiño zakarragoaz?

OSRIC: Yauna?

ORATI: Ez ote genezake elkar ulertu beste mintzoera batez? Zuk ba-dagikezu noski.

HAMLET: Zer dala ta aipatzen didazu zaldun ori?

OSRIC: Laerte?

ORATI: Bere sakela utsik dago onezkero: Bere urrezko itzak oro aitu dira.

HAMLET: Berbera, yauna.

OSRIC: Badakit ez-yakiña ez zerana...

HAMLET: Ai ba-ziña; ala ere, egia esan, ez lidake orrek on aundirik egingo. Beraz?...

OSRIC: Ez zera ez-yakiña Laerte'ren bikaintasunari buruz...

HAMLET: Ez dut ori aitortzeko bekokirik, arekin bikaintasunez nire burua berdintzeko beldurrez; gizon bat ongi ezagutzea, norbera ezagutzea da ta.

OSRIC: Esan nai dut, yauna, aren iskilluari buruz; damaioten ospearen arrauz, ba, antze ontan ez dauka berdiñik.

HAMLET: Zein iskillu da arena?

OSRIC: Ezpata ta sastakaia.

HAMLET: Bi iskillu ditugu orrek; baiña tira.

OSRIC: Erregek, yauna, sei zaldi marrokotar yokatu ditu arekin; auen aurka, diotenez, Laerte'k ipiñi ditu sei ezpata ta auzi prantzitar, dagozkien txikerrekin; itoltzak, ugalak eta abar. Uztarretako iru, guziz gogarakoak dira, ziñez, ta ezpatasagarrai oso egokiak; uztar bikain bikaiñak eta agoxuriz asmatuak.

HAMLET: Zeri diotsazu uztarrak?

ORATI (berezian HAMLET'i): Ba-nekin, amaitu baño len, ertzeko oarretara yo bearko zenula.

OSRIC: Uztarrak, yauna ugalak dira.

HAMLET: Izena obeki lioakioke gauzari, baldin suaga bat ba'generama gerritik zintzilika; anartean, ugalak eritzi ditzagun. Baiñan goazan arira; sei zaldi marrokotar, sei ezpata prantzitar beren txikerrak eta agoxuriz asmatutako iru ugalen aurka; auxe da ixpixo prantzitarra danetarraren aurrean. Eta zertarako ipintzen da, diozunez, guzi au?

OSRIC: Errege, yauna, ixpixoa egin du, zu ta Laerte'ren arteko amabi oldarralditan ark, iru ukaldiz gora, zuri gainditu ezetz; Laerte'k ixpixoinatu du, ama bitan bederatzi baietz, eta bereala egingo litzake ekiñaldia, baldin zuk ba-zenerantzu.

HAMLET: Eta ezetz baldin ba'darantzut?

OSRIC: Esan nai dut, yauna, zure aurkezpena ekiñaldian.

HAMLET: Emen, etxarian egurastuko naiz; Erregek ba'letsa, auxe da neretzat ekin-ordua; ekar ditzatela ezpatak, baldin zaldunak nai ba'du, ta Errege artan ba'dago, ixpixoa irabazi-eraziko diot al ba'dut; ezezkoan neregain alkea ta ukaldiak.

OSRIC: Orrela emango dut zure berri?

HAMLET: Orrelako esan-naiaz; zure aldetiko itz apain guziaz.

OSRIC: Artu nere menpetasuna zure ardura pean.

HAMLET: Beti zurea, beti zurea (OSRIC ilkitzen da). On du bere ardura artzeko eskatzea; ez baitago ori beregainduko luken mingaiñik.

ORATI: Arrautz-kuskua buruan daroalarik, lasterrari eman dion egabera bat da.

HAMLET: Edoski baiño len, ugatzari agurka ari zan. Txitaldi bereko beste askok bezela —ta orrelakoengatik, lelotzen da, dakustanez, gizaldi goiarin au— eguneko mintzoera ta gizarteko azalkeriak besterik ez ditu beretu; iritzi aldakor eta iñarrosienen oldarrari utziak dabiltzan bits-pillak iduri; aztarrenatzello aiei putz egin ala, agur bunbulloak.

 

(ZALDUN bat sartzen da)

 

ZALDUN: Yauna, Erregek bialdu zizun geznari Osric gaztea ta onek, itzuli ta etxarian aren zai zaudela esan dio. Bidaltzen nau, ba, Laerte'kin ekiñaldia egiteko asmoetan ba'dirauzu ala epe luzeago artu nai ba'duzu yakiteko.

HAMLET: Nire asmoetan nago; Erregeren naierara nauzu. Laerte gerturik ba'dago, ni ere bai; oraintxe, ala noiznai orain bezain ezertako ba'nago.

ZALDUN: Errege, Erregiña ta guziak eltzen dira.

HAMLET: Ordu onean.

ZALDUN: Ekiñaldia asi baiño len, Laerte'ri txera ona dagiozula nai du erregiñak.

HAMLET: Aolku ona ematen dit.

ORATI: Ixpixoa galdu egingo duzu, nagusi.

HAMLET: Ez dut uste. Frantzi'ra yoan zanetik, tai gabe ari izan naiz. Irabaziko dut aldeaz. Ezin irudi zenezake, ordea, emen biotz aldean, artzen dudan miña, baiñan ez da axolik.

ORATI: Ortara ezkero, yauna...

HAMLET: Ergelkeri utsa da; baiñan emakume bat, bear-bada kezkaraziko luken alako biozkada bat da.

ORATI: Zure gogoak zerbait usna ba'deza, men egiozu. Erisko zaudela ta ez etor tzeko esango diet.

HAMLET: Ez orrelakorik. Ez ditut aztiantzak ezertan artzen; txolarre bat ere ez da erortzen Yainkoak nai ez dularik. Au ba'da nere ordua, ez dago etortzeko; etortzeko ez ba'da, auxe da; ta au ez ba'da, etorriko da ala ere; gertu egotean datza guzia. Utzi bearko dunaren yabe iñor ez ba'da, zer doakio goiz naiz berandu uztea? Dana dala.

 

(ERREGEA, ERREGIÑA, LAERTE, OSRIC eta yarraigoa sartzen dira, gerrenak eta eskuzorroak dakarzkitela; mai bat eta ardo-pitxerrak).

 

ERREGE: Zatoz, Hamlet, zatoz eta ar ezazu esku au nigandik. (LAERTE'ren eskua HAMLET'enean ipintzen du ERREGEk).

HAMLET: Indazu, yauna, zure barkamena: Iraindu zaitut baiñan asketsi nazazu, zaldun-legez. Entzuleok badakite, ta zerrorek entzun bide duzu, zein larri nagon zorakeri gorriz. Zure izaera, izen on eta biotzondoak mindu al izan ditun nire egiñak oro, zorakeriak zirala aitortzen dut emen. Hamlet'ek iraindu ote zun Laerte? Ez Hanilet'ek iñoiz ez. Hamlet'ek, beretik eta berbera ez dalarik, Laerte iraintzen ba'du, ez da Hamlet ari dana; Hamlet'ek gaiztesten du ori. Nor ari da, ba? Aren erotasuna; eta ori orrela ba'da, Hamlet irainduetakoa da, bere erotasuna Hamlet gaisoaren etsai izanik. Yauna, batzar onen aurrean edozein asmo gaiztoren nire ukatze au entzunda, zuritu nazazu zure gogo zindo-zindoan, etxe gaiñean gezia irauzi ta neronen anaia sakaildu ba'nu bezela.

LAERTE: Nere biotza naikotzen da, bere bultzak gertari ontan, apenera zirikatu bear ba'niñu ere. Nere izen onari dagokiona, ordea, berezian uzten dut eta ez dut nai ongoak egiterik, ebazle zar eta itzalgarrienengandik bakearen aldeko iritzi zuzena iritxi dezadan arte, nere izen orban gabe geldi dedin. Anartean, eskeintzen didazun adiskidetasuna ontzat artu ta ez diot uts egingo.

HAMLET: Gogotik artzen dut eta anai arteko ixpixo ontan zintzoki yokatu nai dut. Emazkiguzu ezpatak, ots!

LAERTE: Ots! bat neretzat.

HAMLET: Yo-muga izango natzaizu, Laerte. Nere ez yakiteak dizdiraziko du zure antzea, gau illun-illunean izarrak iduri.

LAERTE: Parre dagizu nere bizkar, yauna.

HAMLET: Ez orixe, ala Yainkoa.

ERREGE: Izkiezu ezpatak, Osric gaztea. Ixpixoa ba al dazaguzu, Hamlet semea?

HAMLET: Guziz ongi, yauna; aulenaren alde yokatu duzu.

ERREGE: Ez dut beldurrik. Biok ikusita zauzkat; bera obea ba'da ere, damaizun aldeaz naikoa dugu.

ERREGE: Aztunegia da au. Ia beste bat.

HAMLET: Au ongi zait. Ezpata auek luze batekoak al dira?

OSRIC: Bai, nere yaun ori. (Ekiñaldirako gertatzen dira).

ERREGE: Yarri itzazute edontziak mai orren gaiñean. Hamlet'ek lenbiziko edo bigarren ukaldia eman ba'deza edo irugarren oldarraldian ainbestez-ainbeste biur ba'deza, su egin ditzatela arresi guziek beren kañoiak. Erregeak edango du Hamlet'en arnas oberako, ta lau errege yarraikiek Danemark'eko burestunean eraman dutena baiño txirlarri yoriago bat botako du edontzian. Izkidazute edontziak, eta arratzak turutari, turutak urrutiko suagaliari, suagak zerurari, zeruak lurrari iragarri dezaiola: «Oraintxe edaten du erregeak Hamlet'en osasunerako». Ots asi zaitezte; ta zuek, ebazleok, begi zoli izan.

HAMLET: Ots.

LAERTE: Ots, yauna. (Ezpataketan ari dira).

HAMLET: Bat.

LAERTE: Ez.

HAMLET: Erabaki.

OSRIC: Ukaldi bat, ukaldi oso ageri bat.

LAERTE: Ongi; berriz.

ERREGE: Gel; ekardazute edaria. Hamlet zure duzu txirlarri au. Zuri eskein! (Turutotsa ta suagadak urrutian) Emaiozute edontzia.

HAMLET: Oldarraldi au amaitu nai dut len; utzazute or une batez. Ots! (Ari dira). Beste ukaldi bat, zer diozu?

LAERTE: Ikutua, ikutua, aitortzen dut.

ERREGE: Gure semeak irabaziko du.

ERREGIÑA: Lodi dago ta arnas-urri. Zatoz, Hamlet, torizu nere esku-zapia ta legor ezazu betartea. Erregiñak zure zorionerako edaten du, Hamlet.

HAMLET: Andrea...

ERREGE: Ez edan, Gerturde!

ERREGIÑA: Edango dut, yauna, azketsidazu, arren.

ERREGE (berezian): Edontzi zitaldua! beranduegi da.

HAMLET: Ez naiz ausartzen oraindik, andrea; bereala edango dut.

ERREGIÑA: Zatoz aurpegia legor dezaizudan.

LAERTE (berezian erregeari): Oraingoan yoko dut, yauna.

ERREGE: Ez dut uste.

LAERTE (berekiko): Eta ala ere, barneak ximiko egiten dit.

HAMLET: Goazan irugarrenera, Laerte. Yolas utsean ari zera. Arren, ekin zure indar guziaz. Umegorri batetzat artzen ote nauzun beldur naiz.

LAERTE: Ori diozu? Ots, ba. (Ezpataketan ari dira).

OSRIC: Utsa, bat-ez-baten aldetik.

LAERTE: Ar zak ori. (Laerte'k zauritzen du Hamlet: gero, indarka ari dirala, izkilluak trukatu ta, Hamlet'ek Laerte zauritzen du).

ERREGE: Banandu itzazute; sumindurik daude.

HAMLET: Ez, goazan berriz (Erregiña erortzen da).

OSRIC: Begiratu erregiña, gel!

ORATI: Odoletan daude biak. Zer da ori, nagusi?

OSRIC: Zer da ori Laerte?

LAERTE: Ara, neronen lakioetan atzituta ollagor bat antzo, Osric, neronen belzkeriak iltzen nau zuzenbidez.

HAMLET: Zer du erregiñak?

ERREGE: Alditxartu da odola ixurtzen ikusi ta.

ERREGIÑA: Ez, ez edaria, edaria... Oi, ene Hamlet maitea, edaria, edaria! Zitalkaturik nago. (Iltzen da).

HAMLET: Oi doillorkeria ! Eup! itxi ateak. Salkeria! billatu.

LAERTE: Ementxe duzu, Hamlet; zureak egin du, Hamlet; ez dago lurrean gaizkatu zaitzaken osagarririk. Ez duzu ordu erdi bateko bizirik. Eskuan daukazu izkillu etoia, muturdun eta zitalkatua. Azpikeri zikiña nere kalte biurtu da. Emen nauzu iñoiz ez yeikitzeko berriz. Zure ama edendurik dago. Ezin dut geiago. Errege, errege, da erruduna.

HAMLET: Ezpata-muturra edendua ere! Ea, ba edena, egin zure lana. (Erregea sakailtzen du).

GUZIAK: Salkeria, salkeria!

ERREGE: Oi alde zakizkidate oraindik adizkideok. Zauriturik bakarrik nago.

HAMLET: (Ezpaiñetan edontzia ipintzen diola) Tori, i, sendi-nasle, eriotzegille, Danemarkar madarikatu ori. Ustu ezak edontzi au. Ez al zegok ire txirlarria emen? Arraikio ene amari. (Erregea iltzen da).

LAERTE: Berea artu du. Beraxek atondu du edena. Azketsi dezaiogun elkarri, Hamlet zindoa. Ez bitez nire eriotza ta nire aitarena zure gain, ez ta zurea nire gain ere! (Iltzen da).

HAMLET: Yainkoak azketsi zaitala! Ba-narraikio, nireak egin du, Orati. Erregiña zorigabea, agur! Zerok, larrialdi ontan zurbil eta dardarka ari zeratenok, agerraldi ontako ikusle mintzul eta entzuleok, astirik ba'nu —Eriotza, ertzain anker onek atzitzea ez baitu gerokotzen— ene, esan nezaizueke... baiña ala biz. Orati, illa naiz ni; zu bizi zera; azal ezazu nere ibilpidea ta zuritu nazazu ez dakitenen begietan.

ORATI: Ez uste ori. Geiago nauzu antziñako erromarra danetarra baizik. Ba-dago oraindik edari apur bat.

HAMLET: Gizon ba'zera, emaidazu edontzia; utzazu, ala Yainkoa! eukiko dut. Ene Orati maitea, gauzak orrela ez ezagunak gelditu ezkero, ori izen laidotua nere ondoren biziko dana! Zure biotzean iñoiz artu ba'niñuzun, zaude aldi batekoz zorionetik urrun eta atsartu oiñazez gizarte gogor ontan nere egiñak yaulkitzeko. (Guda eresia urrun, danbadak bertago) Zer guda-ots da ori?

OSRIC: Poloni'tik garaile datorran Fortinbras gazteak guda-agur au egiten die England'eko ordezkariai.

HAMLET: Oi, iltzen naiz, Orati. Eden indartsuak nire gogoa azpiratzen du osoro. Ezin bizi naiteke England'etiko berriak entzuteko. Alabaiñan, Fortinbras errege autatuko dutela iragartzen dut; ba'du bere alde nire aots illurren au. Esaiozu ori, bultzatu nauten gertari aundi ta txikiekin. Gainerakoa isilla da (Iltzen da).

ORATI: Biotz zindo bat zartatzen da orain. Gau on, nagusi maitea. Aingeruen egaltotsek lo eragin dezaizutela! (Guda eresia urbil) Zergatik datoz onaraiño arratzok?

 

(FORTINBRAS eta ORDEZKARI englandarrak sartzen dira arratz, ikurrin eta laguntzarekin).

 

FORTINBRAS: Nun dago ikuskari ori?

ORATI: Zer nai duzu ikusi? Dordorik naiz arridurarik baldin ba'da, ez billatu geiago.

FORTINBRAS: Gorpu meta onek sarraskia aldarrikatzen du. Balbe arro ori, zer orrits atontzen duzu zure arpe betikoan, onen ankerki, zartada batez, onenbeste buruzagi lur-yotzeko?

LEN. ORDEZK: Ikuskari au izugarria da, ta beranduegi dakarzkigu England'etiko berriak. Aginduak bete ta Rosencrantz eta Guildenstern il dirala entzun bearko zuten belarriak sorgor daude. Nork emango dizkigu eskerrak?

ORATI: Ez bere aoak, zuei esker egiteko bizirik ba'lu ere. Ez baitzun iñoiz aien eriotzerako agindurik eman. Baiña kinka beltz ontan, zu, Poloni'ko gudatik, eta zuek, England'etik eldu zeraten ezkero, agindu ezazute gorpuok il-mai baten gaiñean yartzeko agirian, eta utzaidazute oraiño ez dakin gizadiari, gauza auek nola gertatu diran desaiodan. Entzungo dituzute egipen lizun, odoltsu ta izaera-kalteak; ustegabeko ebazkuntzak; itsumustuko gizailtzak, maltzurkeriak eta indarrak eragiñiko eriotzak, eta, amaitzat, beren egilleen buruen gain eroritako asmo utsegiñak; guzi au yaulki dezaket, ziñez.

FORTINBRAS: Entzun dezagun, len-bai-len, eta dei dagiegun aundikiai batzarrera. Nik neronez, miñez artzen dut nere zoria. Ba-ditut antziñako eskubideak yaurerri oni buruz, ta, abagune au dala bide, ezagunareziko ditut.

ORATI: Orretzaz ere mintzatu bearko dut, berekin beste asko daramaken aots baten izenean. Ari gaitezan, ordea, astirik galdu gabe, gogoak nasturik oraindik diralarik, okerrez naiz azpikeriz, zorigaitz geiago gerta ez daitezan.

FORTINBRAS: Lau buruzagik daramatela Hamlet il-maira gudari-gisa. Yauralkira-ezkero, errege aundi bat izango baitzan. Gudarien eresiek eta guda illetaek itz dagitela, goraki, aren eriotzagatik. Eramazkizute illotzak. Onako ikuskari au, gudatokiari dagokio, ez leku oni. Zoazte! Agindu gudariari su egiteko.

 

(Il-eresia. Irtetzen dira gorpuak daramazkitela. Gero suaga-danbadak entzuten dira).

 

AMAIA

 

 

 

66. Obigilleen arteko eleka au gizon eta gizarteari buruzko eztenkada barnekorra dugu.

67. «Gaiztokiratzea» esan bearrean, «gaizkatzea» dio.

68. «Se offendendo». Emen ere, obigille zapartingarri orrek «se defendendo» (bere buruaren alde) esan nai du, baiñan okerretara irtetzen zaio esakuntza.

69. Obigilleak «ergo» (beraz) esan ordean, «argal» dio.

70. Emen ba-dago euskerara biurtu eziña dan itz-yoko bat. Ingeleraz «arms» bi gauza esan nai ditu; iskilloak eta besoak.

71. Itz-yoko batzu ditugu emen euskaratzeko oso zaillak.

72. Ba-dugu, berriz ere, beste ingelerazko itz-yoko bat: «lie» etzan eta gezur esan adirazteko balio du ta.

73. Beste itz-yoko: Ingelarazko «ground» itzak bide, zio esan nai du, baita lur edo lurgain ere.

74. Alexander Aundia, Plutark'ek dionez —ta ixtori-gaietan Plutark du Shakespeare'k bere iturri nagusietako bat— gizon eder-ederra zan eta bere yantziak atsontzen zitun usai gozoa egozten zun soin guzitik. Aren gorpuak ederrik eta ustel-zantzurik gabe iraun omen zun, eortzi gabe egon zan egun batzutan.

75. Pelion mendi gora bat da Tesali'n. Ipuin zarrak dionez, erraldoiek yainkoekin burrukan ari ziralarik, mendi ori Osa deritzan beste baten gaiñean ipiñi zuten zerura eltzeko asmotan.

76. Ikus lengo oarra.

77. Erregiñak emen ere aldezten du Hamlet burutik egiten dala siñestarazi nairik.

78. Bilboes. Ona emen Shakespeare euskal-itz bat erabiltzen. Bilbo'ak ontzietan erabillitako oinbillurrak ziran. Bilbo'ko burniz egiñak ziran eta ortatik izena. Ba-darabil Shakespeare'k Bilbo itza ere beste leku baten («The Merry Wives of Windsor». Act. I, Scene II. V, 167 eta antzerki beronen Act. III, Scene V, verse 115) Leku auetan ordea, «bilbo» ezpata da; Bilbo'n egiñiko ezpata guziz aintzakotu bat.

79. Hamlet'ek bere buruaren aurka dagin gogartea dugu au.

80. Ondorengo zatia (Osric'ekikoa) idazkera barregarri ta arroputzez egiña, urbiltzen dan amai ikaragarriaren aitzi-aitzikoa da. Shakespeare maisu aundia dugu onelakoetan.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 

 

Hamlet, William Shakespeare
Antzez-lagunak / Lenbiziko atala / Bigarren atala / Irugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Itzaurrea / Antzerkiaren aria / Iztegia

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus