GAME OVER
B-612 asteroidearen bila abiatu behar nuen nik ere
baina hemen jarraitzen dut oraindik.
Korrika joan izan naiz larrialdi irteeretara
zartatu egin zaizkit euspen-hormak
galdu egin ditut erabilera orriak
baina hemen jarraitzen dut oraindik.
Txatarraz bete zaizkit birikak
harren ordez balak aurkitu ditut sagarretan
bihotzen ordez haize-errotak
arnasa artifiziala behar dut nik ere.
Barra kode batekin irakurri naute
anforak hautsi zaizkit eskuetan
huts egin dit atrezzoak eta zaunka isiltasunak
eta hemen jarraitzen dut oraindik.
Ihes egiten saiatu naizenetan
nire musker eta tximeletek
atzetik segitu didate temati.
Animalia galduaren metafora naiz ni ere.
Horrelakoa da jokoa:
ez dago jarraitzea beste aukerarik.
© Leire Bilbao